Kontrakantxatik

Juan Ignazio Zulaika

Category: Ezagutzen nauzu, Jon (page 2 of 2)

Bi urnietar eta bi azkoitiar elkarren kontra

Donostia, 2018ko martxoak 15. Kaixo Jon. Joan den igandean esku-pilota partida telebistaz ikusten arin nintzela, halako batean, ume denborako pilotari bat etorri zitzaidan gogora. Arroyo zuen abizena, Panaderito de Oyón bezala oso ezaguna. Nik Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan ikusi nuen jokatzen. Ikusi egin behar sinesteko! Nolako abiadura ematen zion pilotari, atxiki eginez! Harrika botatzen zuela zirudien. Berebiziko trebetasuna zuen horretarako. Bularraren pare edo gorago harrapatzen bazuen pilota, misil bat balitz bezala jaurtitzen zituen bote-boleak. Bestela, behetik jo behar zuenean, ez zuen pilota mugitzen, ustelak  ziren Panaderitoren pilotakadak.

Aurkariek —Oreja III.a etortzen zait gogora—  txapa-gainean, behetik jokatzen zioten, atxikiaren beldur-kalteak saihesteko.

Taktikak, izan ere, zuk hain ondo dakizun bezala, garrantzi handia du pilota jokoan, eskuz, palaz edo xisteraz. Goi mailan batik bat, aurrelariei pilota ez bazaizue kentzen, sekulako mina egiten dezue. Eskuz bada, zer esanik, ez. Barrura goxo-goxo uzten dutela, edo ezker-gantxoz zabalera. Altuna III.ari edo Olaizola II.ari ez bazaie pilota kentzen, larrutik ordaintzen da. Usotarako postuetan bezala egoten dira, eskopetak prest, dinbi-danba, bata besteari tiroa botatzeko. Goi samar etortzen bazaie, ordea, orduan komediak. Bi azkoitiarri gertatu zitzaien moduan.

Ezagutzen nauzu, Jon. Zalea naiz istorio zaharrak irakurtzen eta horretarako non hobetoago Auspoa bilduman baino. Bada liburu bat: Gerrateko ibillerak, Iñaki Alkainen ahotik, Antonio Zavalak jaso eta argitara eraman zuena. Pazientzia pixka bat hartzen baduzu esango dizut altxor bat dela liburu hau. Espainiako Gerra zibilean kokatuta dago. Iñaki Alkain urnietarra Eusko Gudarostearen gudaria zen, Bizkaia aldean eman zuen denbora gehiena, faxisten aurka borrokan.

Atal batean pilota partida baten berri ematen du. Bi urnietar, bi azkoitiarren kontra. Taktikaren garrantzia nabarmen geratzen da, ez goi mailan, baita lagun arteko neurketa batean ere. Horrexen arabera egin liteke partida galdu edo irabazi.

“Egun batez, Bermeotik Orduñara joan behar izan genuen, zerbaiten zalantzarengatik. Bitartean, batailoia komentu huts batean gelditu zen. Bi gau egin eta hurrengo egunean, Garagorrik eta biok Azkoitiko Urzelai eta bere herritar Soduperi jokatu genien pilotan eskuz, han zegoen pilota-lekuan.

Sodupek aurretik jokatzen zuen, eta Urzelaik atzetik. Bi azkoitiar eta bi urnietar elkarren kontra, beraz, laurok ere pilotan aspaldian ibili gabeak.

Hasi gara jo eta ke. Azkoitiarrak, urnietarrak pilotan ezer jokatzen ez zutela uste zuten, eta gero izan ziren istiluak.

Denbora pasatzearren hasi ginen. Eta, eguraldi hotz samarra baitzen, berotzearren ere ba, elkartasun ederrean. Bai ederki asko berotu ere, alajainetan. Alde egin zuten laister asko atzapar eta gorputzeko otzak.

Lehendabizitik, erraz samar aurreratu ziren azkoitiarrak. Sodupek berez bolea zuelako eta gorputzez luzea zelako, niri pilota asko harrapatzen zizkidan. Eta, Garagorrik zuen jenio gizatxar harekin, niretzat ziren errieta guztiak, boleatik Sodupek tanto egiten zionean.

Honela, gero eta amorru gehiagorekin ari ginen, bainan beti gu lau edo bost tanto atzetik; eta azkoitiarrak irripar guri eginez, amorruan gehiago jartzearren.

Bainan, halako batez, Garagorriri hor etorri zaio buruzbide bat, eta honela dit: “Hi, Zarpa, hik atze hortatik zertarako altzatzen duk horrenbeste? Arrapatzen deken guztia jo ezak txapa gainera, eta ikusiko duk horren bolea nora joango den. Egin ezak hori eta laister izkutuko dituk hauen irrifar txoro horiek.

Garagorrik arrazoi guztiak izan zituen. Berak esan bezala hasi naiz, eta, hemezortzi eta hamabi gaudela, uste gabean, hor berdindu ditugu hogeiean, hogei eta bira. Orduan bai alde egin zutela irrifar haiek.

Berak partida berritu egin nahi eta guk ez, han ziren eztabaidak eta komeriak. Nolabait, behintzat Garagorri poliki hartu eta berriz hamabi tantora jokatu genuen, bake-bakean, eta hamabi eta zazpi guk irabazi.

Joan den igandean dirua Altuna III.a eta Martijaren alde atera zen, faborito garbiak katedrarentzat. Orduñan azkoitiarrak ziren faboritoak. “Azkoitiarrak, azkoitiar zirelako, gure aldean pilotan askozaz ere hobeak zirela uste zuten. Nik hori banekien hasterako ere. Baina nire lagun Garagorri, haien irrifar hura ikusirik, sutu egin zen; eta sutu egin zenean, orduan bururatu zitzaion joko berria”, kontatu zuen Alkainek.

Olaizola II.a eta Imaz sutu, ez dakit sutu ote ziren. Garagorrik egin zuen bezala, bai asmatu zutela joko berri bat, partida aurrera ateratzeko. Alkainen esanetan: “uste ez den lekutik ateratzen dela erbia”. Galdetu bestela Olaizola II.a bezalako ehiztari amorratu bati.

Raketisten ausardia

Donostia, 2018ko martxoak 11. Kaixo Jon. Altuna III.a-Martija; Olaizola II.a-Imaz, partidua hasi aurretik, lerro batzuk bidaltzen dizkizut. Joan den astean omenaldia egin zieten emakume pilotari izandakoei: Raketista Kolektiboari. Gure etxetik gertu, Galarreta Jai-alai frontoiaren ondoan, Orona enpresak duen ausardiaz asmatutako eraikin barruan. Ezagutzen nauzu, Jon, nire erara kontatuko dizut.

Aita-semea patata ateratzen aritu dira. Sukaldeko mahai gainean, periodikoa: Diario de Navarra. Semeak bistazko bat eman edio eta begiak iltzatuta geratu zaizkio iragarki batean: “Bartzelonako Colon pilotalekuan palistak behar dira”.

Joan da semea Bartzelonara; handik hiru hilabetera koadroko palista onena bilakatu da. Datozen hogei urteetan pala modalitateak eman duen pilotari onenetakoa: Manolo Iturri.

Kontxi zuen izena, arten hogei urte bete berriak. Kuadrillako lagun baten anaia Madrilen ari da zesta-puntaz jokatzen, oporretan ailegatu berria da herrira. Raketistak behar direla aipatzen du etxean. Arrakasta itzela edukitzen ari direla eta enpresariak, Ildefonso Anabitarte donostiarra, mandatu bat eman dio. Ea neskaren bat konbentzitzen duen, esan dio. Ez Kontxik, ez Solek, ez dute inoiz eskuz jokatu, are gutxiago xisteraz. Kirola zer den ere, herrian ez da ezagutzen. Bata besteari animoak emanda lortu dute raketa bana. Egokiak dira, laster hartu diote tankera. Entsaio batzuk eginda abiatu dira Madrilera. Urtebete geraogo, Kontxik Mexikorako kontratua lortu du; Sole Habanara doa.

Sasoi berean, gure aita zenaren arreba bat, Maria Angeles, Parisera joan da neskame. Bost urte emango du bertan. Zarautzera itzuliko da eta ezkondu egingo da, arropa denda jarriko du, frantziar turistei frantsesez mintzatuko da.

Ama zenaren aldetik, zortzi anai-arreben artetik, hiruk Argentinara joan dira, bizimodu hobe baten bila. Ez dut uste aukerarik izan zuten raketa hartu eta ofizioa ikasten hasteko. Asteasu, Villabona, Iruran askok izan zuten aukera baliatuz.

XX. mendearen lehenengo zatia, Euskal Herria leku pobrea da, naiz industrializazioa indarrean jarri. Emigrazioa da irtenbide bat aurrera egiteko. Gizonezkoak bati bat, maiorazkoa dela eta, Amerikan itxaropenak jarriak. Emakumeak ere harantz doazte, senargaiaren ildotik edo bestela baita ere.

Zer nolako gizartea ote zen Euskal Herrikoa sasoi hartan. Zer giroa herri txikietan, lan eskasia, nazional-katolizismoaren hatzaparrak, etorkizun latza gehienetan, emakumeentzat batik bat. Etxekoandre edoneskame Donostian edo Bilbon; Parisera agian, izeba Maria Angeles bezala. Orbean edo Alfan lanean, edo tailer batean taladrinaz nazka-nazka eginda, baserriko lanaz gain.

Ausartak izan ziren izeba Koro eta Margari, baita Dorita ere. Argentinarako bidean, Monte Unbe transatlantikoan, Doritak Ignazio mungiarra ezagutuko du, Buenos Airesera (Argentina)ailegatzen direnean ezkondu egiten dira. Ausarta izeba Maria Angeles…

Solek amari esan dio Madrilera doala. Aita sutan jarri da. Ezta pentsatu ere!… Pilotariak golfo batzuk dira, emakumezaleak, irabazten duten guztia xahutu, joan ziren bezala itzultzen dira asko, sosarik gabe. Beste batzuk berriz, hortik zehar gelditzen dira… Begira Alkain, joan huen Filipinetara eta inork ez du haren berri. Eta Aristondo?… Mexikotik bidali zutena: articulo 33, vagos y maleantes legea aplikatuz…

Azkenean, aitak amore eman du; Sole Madrilera joan da.

Ausartak izan ziren emakume haiek. Kirola apenas ezagutzen zen garaian, praktikanteak gizaseme gutxi batzuen esku. Zer dela eta, ofizioa ikasi dute, gona motzetan, raketa eskuan, jende aurrean, apustuak gau giroan… Duela ia ehun urte hasi ziren etxetik alde egiten, ofizio berri batean itxaropenak jarriz. Madrilera lehendabizi; Bartzelona, Tenerife, Sevilla, Mexiko, Habana, Miamira…

Bitxia izan da raketaren historia. Ez Euskal Herrian, ez inon, ez zen existitzen. Propio sortutakoa orain dela ehun bat urte. Ildefonso Anabitarte pilotari ohiari okurritu zitzaion, seguruenik tenisean oinarriturik. 60 bat urte iraundu zuen raketa modalitatek, 1980an Bartzelonan jokatu zen azken partidua. Geroztik, ez du arrastorik utzi. Joko-moldeak ez du jarraipenik izan, ezta amateurretan, azken boladan testimonialki ez bada. Sortu bezala itzali zen 60 urte iraundu zuen loreak.

Tarteka izan dira omenaldiak, erakusketak, dokumental bat ere eginda, martxoaren 15an Errenterian erakutsiko dena. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Carmen Adarraga saria eman dio Raketisten Kolektiboari. Merezita.

Ur Handitan

Donostian 2018ko martxoak 7

Kaixo Jon. Aste-bukaera hontan hastear da esku-pilotako bi-bitako ligaxka. Ikusmin handia sortu da, sarrera gehienak salduta omen, bai larunbatekoa, Iruñean jokatzen duten Ezkurdia-Zabaleta; Elezkano II.a-Rezusta. Baita igandean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Altuna III. eta Martija; Olaizola II.a eta Imazen aurka. Hor, (Estatu Batuetan ) esaten den moduan: sold out.  Sarrera guztiak agortuko dira. A! Ezagutu nituen nik halakoak, Miamin, Bridgeporten

Atanotarrek haserre samar hartu zuten Migel Gallastegiri egindako omenaldirako gonbidatuak izan ez zirelako. Biharamunean, Diario Vasco egunkarian, Gallastegiren gertukoek barkamen eske atera ziren. Despiste bat izan zela, alegia, besterik ez.

Ez dizut esan. 100 urte betetzen zuela esku-pilotako patriarkak, Gallastegik, eta ekitaldi bat antolatu zuten. Nik, prentsan, egun berean jakin nuen burutzekoa zela. Pilotari asko, pilotazale, kazetari, jendez gainezka ikusi zen EITBn eman zuten notizietan. Badakit zuk streaming bidez jarraitzen dituzula hemengo berriak. Bart berriz, Ur Handitan programan —EITBn ere bai. Gallastegiri eskaini zioten saio osoa. Beste omenaldi bat. Kariñoz egindakoa, ur handitan sartu gabe, ur axaletan ibili zirela iruditzen zait. Agian, aukera on bat galdu zen saio sakonago bat egiteko; pertsonaiak ematen zuen jokoa.

Ez zela helburua XX. mendearen esku-pilotaren azterketa egitea Gallastegi bitarteko hartuta… Esku-pilotak izan duen ahots kritikoena azken hamarkadetan, hanka puntetan, oharkabean joan zen singladura osoan. Gorpuzkera handiegia Gallastegirena txalupa mugitzen hasteko, uretan blai bukatzeko arriskuaz.

Arrazoi duzu. Atzokoa festa bat zen, birthday cake, tarta bat egin zuten gure patriarka omentzeko. Kariño handiz egindakoa.

Denak ezin kabitu eta hutsuneak sumatu nituen, Amatiñorena adibidez, eibartarra Migel bezala. La pelota según Gallastegi liburua atera zuena. Edota Eibarren bizi den Jose Agustin Larrañaga markiñarra, azken honek liburu batean bildut ditu Gallastegik jokatutako partidu guztiak. Atanilloren lekukotasuna baita ere….

Urpekari lanetan ur handitan aritu beharrean, ur axalean arraunean aritu ziren hainbat unetan.  Badakit erantzuna, Jon. Horretarako dokumental bat burutu behar, sakontzeko, ur handitan nabigatzeko eta erakusteko, besteak beste, Euskal Herrietan esku-pilotaren garrantzia XX. mendean…

Irrifarrez sumatzen zaitut… Ezagutzen nauzu, Jon. (Don`t rock the boat?). Bai, arrazoi duzu.

Ez luke inor asebeteko gainera. Begira zer gartatu zen Jai Alai Blues dokumentalarekin, orokorrean harrera oso ona izan arren, barruan, gremioan, kritika latzenak. Ezin asmatu, beraz.

Halakoetan, niri, erlea-9. zenbakian irakurri nuena etortzen zait gogora. Bernardo Atxagak hizketaldi bat izan zuen Amaya Hernandorenarekin. Teodoro Hernandorena zenaren alabarekin. Zu, pilotari oso gaztea zara eta ez zenuen entzungo Hernandorena anaiei buruz. Zizurkilen (Gipuzkoa) jaioak, zesta-puntan ikasi eta  Habanan, Shanghai eta hainbat tokitan jokatzen aritu zirenak. Ba, Teodoro, anaia zuten, bera ere pilotan ibilitakoa naiz dentista ikasi, ogibide bilakatuz.

Atxagak aktibista bezala deskribatzen du Hernandorena, kulturan eta politikan. Pilotazale amorratua, errebote modalitatearena sustatzailea; bertsozale ere bai. Ba, bere kabuz, bakar bakarrik, bere dirua jarriz, Kataluniara joan zen eta teknikari hoberenak ekarri zituen pelikula bat egiteko: Euzkadi. 1933.an egin zena. Gerraostean galduko zena, ez da kopiarik agertu inon.

Amayak, Atxagari: “Leku askotan eman zen, eta aita pozik. Pilota, estropadak eta horrelakoak filmatu zituen. Hartu-emana zuen Aita Donostiarekin eta hari enkargatu zion musika. Eta harremanetan egon zen Jorge Oteizarekin ere. Jorge Oteizak, Irunen bizi zenean, esaten zidan: “La película de tu padre es purra-purra, pi-pi-pi-pi-pi… esanez bezala oso ñoñoa zela. Ulertzen?”

Amaya Hernandorenak azaltzen dio Atxagari ñoño izatearen arrazoia. “Oteizak hori esaten zuen nire aitak andre zahar baserritar bat oilategian filmatu zuelako…

Horra hor: purra-purra-purra, pi-pi-pi-pi”… Ñoñoa alegia.

Astelenean segituko dugu. Ni neu  ere, irrikaz nago Altuna II. eta Olaizola II.aren arteko borroka ikusteko.

Newer posts

© 2018 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer