Kontrakantxatik

Juan Ignazio Zulaika

Category: Jai Alai Ameriketan

Mendebaldeko nobelak

Aldageletan gaude. Bridgeport-eko (AEB) Jai-Alai pilotaleku erraldoian. Partida (kiniela) bukatu berria da. Pilotariak irten gara kantxatik, maldizio batzuk entzuten dira, batek kaskoa jaurti du lurrera amorrazioz, buru makur goaz pilotari gehienak. Bestela, isiltasuna. Bakoitza bere armairura doa. Hurrengo kiniela jokatu behar dutenak, kamiseta aldatzera. Ez da nire kasua, bederatzigarren kiniela ez dut jokatzen. Hamargarrena arte itxaron behar dut, beraz. Jaka jantzi dut eta goiko solairura joango naiz. Egongela handi bat dago bertan, telebista ikusteko edo kartetan jolasteko.

Armairu baten kontra erdi etzanda ikusi dut Badiola ondarroarra, zigarro bat esku batean, liburuxka bat bestean. Arraroa egin zait. Pilotari bat liburu bat irakurtzen aldageletan, partiden arteko atseden denboran.

Zer ari den irakurtzen galdetu diot Badiolari, jakin-mina asetzeko. Hitzik esan gabe eskua jaso eta liburuxkaren azala erakutsi dit. “La mascota de la pradera”, titulua. Marcial Lafuente Estefania, egilea.

Ahaztuta neukan Estefania kutuna. Zeharo gainera. Haurtzaroan, debuta egin aurretik (14 urterekin) Estefaniaren mendebaldeko nobelak bata bestearen atzetik irakurtzen nituen. Berdin zitzaidan —100 orriadeko liburuxkak, esku baten tamainakoak—  gehienak berdin samarrak izatea. Planta ederreko bakeroa, ia-ia bi metrokoa, ilehoria, herrixkara iristen zen. Berehala hasiko zen justizia egiten, herriko jauntxoaren aurka eta honen morroiak mendean hartuz, tiroketa eta hildako ugari bidean.

“Cayó cuan largo era”, zenbat eta zenbat halako esaldi gogoangarri!

A! eta bukaeran, arrantxoko jabearen zintzoaren alabarekin ezkonduko zen, herriko sheriffa izendatzen zuen aldi berean. Zoragarria benetan!

Tolosan (Gipuzkoa) eman nuen haurtzaroa. Korreo kalearen bukaeran, Cafe Iruña eta Gorriti tabernatik gertu, bazen liburu-denda txiki bat, Vargas izenekoa. Han aurkitzen nituen Marcial Lafuente Estefaniaren mendebaldeko nobelak. Merkeak izan behar zuten, nahikoa merkeak. Behin irakurri ostean, gainera, trukatzeko aukera ematen zuen dendariak, zerbait ordainduta.

Hura pagotxa! Ni bezalako Estefaniazale batentzat.

Nolako zura halako ezpala. Gure aita zenak ere makina Estefaniaren liburuxkak irakurri omen zuen soldaduska garaian. Eskuz esku pasatzen zituzten koadrila euskaldunen artean. Berari esker izango nuen Estefaniaren berri, pentsatzen dut.

2.600 liburutik gora idatzi zituen Marcial Lafuente Estefaniak, tarteka ezizenak erabiliz. Toledon (Espainia) jaioa 1908an, ingeniari ikasketak burutu zituen. Espainiako Gerra Zibilean jeneral izendatu zuten. Gerraostean, erbesterako bidea hartu ordez, bertan gelditu zen. Presondegian hasi zen idazten. “Orririk ez, ezta lumarik. Lapitzez eta komuneko paperean hasi nintzen idazten”, aitortu zuen handik urte batzuetara, idazle ezaguna egin zenean.

Jardiel Poncela idazlearen aholkua jarraitu zuen. “Idatzi, jendea dibertitzeko. Dirua irabazteko bide bakarra da”.

Baita asmatu ere. Gerra ondorenean, eta geroago ere bai, astean behin argitaratzen zen Estefaniaren mendebaldeko nobela berri bat. Vargasen liburu-dendara ez ezik, urrutiago ere iristen ziren haren lanak. Atzerrian, Latinamerikan eta hainbat tokitara. Texasen (AEB), erietxetan, latindar jatorrizko gaixoei ozenki irakurtzen omen zizkieten Estefaniaren mendebaldeko nobelak.

Badiolari eskatu nion uzteko liburuxka berak bukatu ostean. Ez zen burutazio egokia izan. Hasi nintzen irakurtzen eta 20 bat orri irakurri ostean, bertan behera utzi nuen. Irentsiezina egin zitzaidan. Ezin aurrera jarraitu.

Tolosako Vargas liburu-denda itxi eta taberna ireki zuten bertan, izen bera mantenduz. Badiola ikusten dudan hurrengoan (Bridgeporten bizi da), galdetuko diot ea jarraitzen duen Estefaniaren mendebaldeko nobelak irakurtzen.

  

Zaldiak akatzen ditugu ba

Adinekoa zen gizona. Igerilekutik ezagutzen genuen. Goizero ikusten genuen irteten bere apartamentutik gurditxo batean. Izan ere, guk, bazkaldu aurretik ordubete-edo ematen genuen igerilekuan, bainu bat hartu eta eguzkitan etzanda, karramarroen moduan. Kontu handiz, ordea, Floridan bero sapa egiten du ia-ia urte osoan, eta ez da komenigarri kirolari batentzat eguzkitan egotea. Nerbioa jan egiten dizu, ahuldu arte.

Hura bizimodua! Paradisua existitzen bada, gertutik ezagutu genuen, nahiz eta askotan pentsatu infernu batean bizi ginela, pilotalekuan jasaten genuen presioa medio.

Artean, 1977an, hogeita bat urte nituen. Goizean nahikoa lo egin ondoren, gosaldu, erosketak egin astean bitan, eta hondartzara joaten ginen maiz. Bestela, bainujantzia eta toalla hartu eta, igerilekura. Ondoren etorriko ziren bazkaria, siesta eta frontoira joateko ordua. Pilotalekuko lanak bukatu ostean, gauero, klub batera edo bestera, garagardo batzuk edan eta, neskaren bat egokitzen bazen, orduan bai: what a wonderful world! mundu zoragarria! alegia.

Hasiera batean, agure elbarriak ez zigun kasurik egiten; ezta guk berari ere. Apurka-apurka, ordea, elkar agurtzen hasi ginen, “Hi!”, (kaixo) lehor batekin.

Gurdian eserita, itzalean jartzen zen, bere apartamentuko atarian, uretatik metro gutxira. Behin batean, garagardo bana eskaini zigun. Baita guk onartu ere. Bakarrik bizi zen. Koreako gudan ibilia, zangoak moztu zizkioten. Geroztik, war veteran gisa, pentsio txar bat jasotzen zuen. Marihuana erretzen zuen, sendagileak hala aginduta.

Fucking war!” esaldia maiz aipatzen zuen.

Konfiantza hartzen hasi ginenean marihuana zigarroren bat eskaintzen hasi zitzaidan.

“Kalitate handiko pot duk hau, gobernuaren bitartez lortuta”.

George musika zale amorratua zen. Big band orkestrak zituen gogoko. Glen Miller, Tommy Dorsey edo Benny Goodman. Bi bozgorailu jartzen zituen ate ondoan eta Amerikako Estatu Batuetako big band ospetsuen berri ikasi genuen Georgeri esker.

Dantzari amorratua omen zangoak galdu aurretik. Depresio urteetan, 1920. hamarkadan, langabezian, gorriak ikusi zituen. Urte latz haietan dantza lehiaketak antolatzen ziren. Maratoi antzerako dantzaldiak, orduak eta orduak ematen zituzten pistan, atsedenik hartu gabe, bikote dantzariak lehertzeraino. Zutik gelditzen zen bikoteak eramaten zuen saria. Batean, Georgek, Cathy andregaiarekin, hogei ordu segidan eman zituen dantzan. Leher eginda, oinak arrastaka utzi zuten dantzalekua, bost bikote lehian jarraitzen zuten bitartean.

” Oh, boy, that was insane“, erokeria zela, alegia, esan zidan.

Eguerdi batez, Sebastian eta Joakin bazkaria prestatzera alde egin zutela, biok bakarrik geundela, garagardo botila eskuetan, Benny Goodmanen orkestra jo eta ke, Georgek, aurpegia serio, esan zidan.

“Juan, zerbait kontatu nahi dizut.

Banuen iloba bat, Theresa. Hogei urte zituen. Jai-alai player batekin ateratzen hasi zen. Ez naiz bere izenaz akordatzen, bai abizena. Mandiola. Planta ederreko mutila zen, pilotari ona gainera!”

Ez zen gai izan hizketan jarraitzeko. Malkoak sumatu nituen masailetan behera. Utzi nion bere onera etortzen, arnasa berreskuratu zezan. Georgek, ozta-ozta berrekin zion istorioari.

Abendua omen zen. Tampan (Florida) neguak samurrak izan arren, badira gauak hotz samarrak, ipar-ekialdeko haize leiaren ondorioz.

Demetriok eta Theresak planak egin zituzten drive-in zinema batera joateko. Tampa Jai-Alai pilotalekuaren aldamenean zegoen lur sail handi bat, pantaila erraldoi batekin. Autoak lerroz lerro, ikusleek auto barrutik jarraitzen zuten filma.

Gau seinalatu hartan ohikoa den baino hotz handiagoa egin zuen. Motorra piztuta utzi zuen Demetriok. Buick zaharraren erraietatik ateratzen zen haize beroak auto barrua girotu zezan.

Gozo-gozo biak, apurka-apurka, betiko loak harrapatu zituen. Inoiz ez esnatzeko.

Poliziaren txostenaren arabera, karbono-monoxidoaren eraginez hil ziren Theresa eta Demetrio Mandiola, gaueko hamabiak aldean. Besarkatuta aurkitu zituzten. Filmaren titulua eta dena agertzen zen txostenean: “They shoot the horses. Don´t they”? (“Zaldiak akatzen ditugu ba”)

Demetrio Mandiola Solozabal, aurrelaria. Etxebarriko (Bizkaia) Ubei baserrian jaioa, 1930.eko abenduaren 22an. Palma de Mallorcan jokatu zuen, 1951tik 1954a arte. Baita Zaragozan eta Bartzelonan ere. 1958an Madrilgo Recoletos pilotalekuan ari zen. 1958tik 1960ra, Tampan (Florida).

 “Istripuz” hil zen Tampan, 1960an.

Annie Hall

   

      Duela zenbait urte zeharo maiteminduta egon nintzen Annie Hall izena zuen emakume batez. 1977ko udazkenean gertatu zen, Jimmy Carter zela Amerikako Estatu Batuetako presidentea. Artean, ni hogeita bat urteko pilotaria nintzen, eta Ocala Jai-Alai frontoian jokatzen nuen udako denboraldian.

   Pilotalekua, Ocala izena zeraman. Herriko lur-eremuetan kotatuta zegoen, Orange Lake konderrian, Alachua eta Marionekin muga eginez;  Floridako estatuan, hain justu.     

     Baina nik, Annie Hall ez nuen Ocalan ezagutu, Gainesvillen baizik. Pilotalekua inongo erdibidean galduta zegoen, basoz, arrantxoz, arrantzale etxolaz, eta krokodiloz betetako zingiraz inguratuta. Behartuta geunden oihan hartatik urruntzen, zibilizazioaren bila. Ondorioz, Gainesvillen alokatu genuen apartamentua.

Oso herri lasaia zen iraila bitartean. Bat-batean, irailean, hogeita hamar bat mila ikasle hurbiltzen ziren Gainesvillera, University Of Florida ospetsuan ikastera. Gaines jeneraleren ohorez sortutako herria —seminola tribuen aurka gerra-txikizioak egindako militarra—, campus izugarri bat bilakatzen zen uda amaieran, apartamentuen errenta-sariak, eta  trafikoko isunak, bi halakotuz. Lau urte ziren Vietnamgo gerra bukatua zela, eta bakearen aldeko ikasleen “manifak” eta protesta kantuak memoriaren ganbaran zokoratuta zeuden jada. Gogoko nuen herri hura, bizikletaz egiten ziren ikasleen joan-etorriak, fraternities eta sororities egoitzak, bazter guztietatik etorritako estudianteak, partyak (garagardo-festak) Crossby, Stills and Nashen musika eta belar errearen usain sarkorra;  gure etxekoneko zuzenbide ikasleak ziren Bill eta Toniren apartamentutik batik bat.

Annie Hall Gainesvilleko downtown-en ezagutu nuen, hiriko erdigunean, eraikin zahar bateko areto batean,  Backstage izeneko tabernan. Gauero ikasle andana biltzen zen bertara, modan baitzegoen. Handik gertu, Talese ́s izeneko taberna zegoen, han ezagutu nuen nik zuzeneko jazz musika, garagardo pare bat hartzen nituen bitartean.

  

   Ikusi bezain pronto maitemindu nintzen. Haren irribarre-garbia, begi beltzaranak betaurreko handien atzean ezkutatuta, masail biribil-biribilak. Janzteko estilo elegantea eta, aldi berean, informala. Txalekoa, alkandora zuria eta gorbata, lihozko galtza lasaiak, zuri kolorekoak haiek ere. Klasea zuen emakumea zen Annie Hall, klasea zerion alde guztietatik. Gainera, tankera hartzen nionez  emakume jasoa, kultua, alegia.

   Nire desesperaziorako, denbora guztia gizontxo batekin eztabaidatzen pasatu zuen. Gizontxoa burusoila zen, kristal lodiko betaurrekoak zeramana, pastaz egindako egitura. Alvey deitzen zion gizontxoari. Bere bikotekidea zirudien, niri ulertezina egiten bazitzaidan arren.

  Aukera izanda, ez dakit izango nuen nahikoa adorea harengana hurbiltzeko, bion arteko distantzia gaindiezina iruditzen zitzaidalako; hain goian ikusten bainuen. Zelata egitearekin etsi nuen, haien solasaldia entzunda. Gehien jota, zera egin nezakeen, amestu, egunen batean Annie frontoiko aparkalekuan nire zain egongo zela, ni ezagutzeko asmoz, neska batzuekin gertatzen zitzaigun bezala. Handik, Gainesvillera abiatuko ginen, 441 errepidea hartuta, Backstage tabernara eta han  biok mahai batean eseriko ginen, nik  michelob bat eskura, bloody-mary bat berak. Hitz egingo nion Garcia Lorcari buruz, amerikarrek maite duten poeta baita. Edo, agian, Kerouak, Allan Ginsberg eta  beat belanauldiko morroi batzuen gainean. Ziur inpresionatuko nuela eta konturatuko zela ez nintzela kirolari soil bat, banituela beste burutazio batzuk. Hain kultua iruditzen zitzaidan Annie Hall, zerbait asmatu beharra nuen haren mailan egoteko.

Agian, batek daki… nitaz maitemindu eta popatik hartzera bidaliko zuen Alvie “gizajoa”. Planak egingo genituzke nire oporretan, denboraldia amaitu bezain pronto nuen VW kanperra hartu eta I-75 autobidean zehar, Floridako cayoe-tara joateko.

Key Westeko kaleetan paseatuko ginateke, Sloppy Joe ́s-en zerbeza edango genuke, juke-box-etik sortutako Jimmy Buffet-en “Mother, mother ocean, I hearyou cryentzuten genuen bitartean; eta handik, Ship ́s and Wheels-en otarraina bana jango genuke; ondoren, key-lime pie pastela!

    Bi txartel bost dolarretan erosi, bi mastako belaontzia hartu eta, bi orduz, Kubarantz abiatuko ginateke, berde koloreko uraren gainean beti, izurdeak atzetik genituela. Brankan eseri eta musuka ariko ginen Annie Hall eta biok.

   Ez nuen etsi. Gauero Backstagera joaten jarraitu nuen, Annie han ikusiko nuen esperantzarekin, bloddy-mary bat aurrean zuela, lagun-giroan eserita. Bat-batean, begirada altzatuko zuen eta niri begira, irribarre gozo batekin, eskuarekin imintzio egingo zidan, beraiengana hurbiltzeko adieraziz.

    Ez zen inoiz gertatu, nahiz eta ni gauero bertara joan. Funtzioa bukatu bezain laster, segundo bat galdu gabe, Highway 441 hartzen nuen, Micanopy izeneko lur-eremua atzean utziz. Abaila batean,  denbora gehiago eduki nezakeen, taberna goizeko ordu bietan isten zutelako. Leku estrategikoan jartzen nintzen, barraren erdi-erdian, nire begiak Annieren bila. Ez nuen gehiago ikusi. Zantzu bakarra, Backstageko sarreraren gainean, txartel haundi bat: ANNIE HALL hizki handietan. Beste miresle baten lana ote zen, bururatu zitzaidan. Neonezko errotulu erraldoi hark, bizpahiru aste iraun zuen. Ez nuen amorerik eman bere bila denbora horretan; alferrik ordea.

Ocalako 1977ko denboraldia bukatu zen. Geroztik, ez dut izan Annie Hallen berririk.

Bukowski maite genuen

Etxe eder bat alokatu genuen Tampan, Florida, Amerikako Estatu Batuetan, 76ko denboraldian, MacDill aireportu militarretik gertu. Chapin kalean zegoen etxea, Dale Mabry etorbidearen ondoan, pilotalekutik minutu gutxira. Kale lasaia, cul de sac zenez, trafikorik gabekoa, bizilagunena izan ezik. Zorte handia izan genuen etxe hura bost hilabeterako alokatu izana; izan ere, denbora laburregia alde batetik, bestaldetik, gazteak eta parrandazaleak ginenez, bekozkoz begiratzen ziguten alokatzaile gehienek; beraz,  loteria tokatu zitzaigula esan liteke.

Denboraldi hartan Joxeramon Lujanbio min hartuta zegoenez, Euskal Herrian geratu zen, ebakuntza egin behar ziotelako-edo. Sebastian Arruabarrena, Joakin Alkorta eta hirurok bizitzen jarri ginen elkarrekin. Lehendabiziko egunsentian damutu ginen etxe hura alokatu izana, ordu gutxi loak hartu gintuela, zarata ikaragarri bat, leherketa modukoa, sentitu genuen gure buruen gainean. Hegazkin istripuren bat edo, lehenengo burutazioa.

MacDill militar basetik goizero ateratzen ziren eskuadrilla desberdinak ariketak egitera, Phantom hegazkinak, gure etxeko teilatutik metro gutxira pasatzen ziren Mexikoko Golkoan barrena desagertu aurretik.      “Konponduta gaituk”, esan zuen Astigarragako Sebastianek.

“Luzitu gaituk aurten”, gehitu zuen Joakin mutrikuarrak.

Handik hiru egunera, MacDilleko, Estatu Batuetako eta NATOko bonbardatzaile guztiak gure etxeko teilatu gainetik pasatuko baziren, gu ez ginen jabetuko. Hogei urteko morroi axolagabeak ginen, legezaharreko pilotarien bizimodua eramanez, ordu txikietan oheratuz.

Akordatzen naiz, gure etxearen aurrean bizi baitzen. Cadillac beltza gidatzen zuen, traste zahar bat. Auskalo zein urtetakoa, Almorzak, Zaldiak, zeukana bezalakoa, baina askozaz zaharragoa. Telebistan serie bateko protagonistak, Cannon detektibeak, zeukan igualtsua.

Tipoa itsusia zen, aurpegia pikorrez beteta, bizar urdina apaindu gabekoa, betaurreko beltz lodi . Hasiera batean beldurra ematen zuen, Ogroa ezizena jarri genion. 60 urtetik gora izango zuen; agure zahar bat guretzat, oso zaharra.

Berak, begi onez ikusten gintuen, gustukoa zuen nonbait halako auzoak izatea, gazteak, zaratatsuak. Party bat antolatzen genuenean, etxe ataritik begira geratzen zen, ume baten legez izozki batera gonbidapenaren zain edo. Denboraldi hartan erosi nuen Honda 750 motozikleta, lau zilindrokoa. Inoiz motor bat gidatu gabekoa, ari nintzen goiz batean eginhalak egiten motorra mendean hartzeko. Hurbildu zitzaidan Ogroa esanez, nahiko gaztelera txukunean:

“Usted, tener más valor que El Cordobés”

Barrezka hasi ginen biok.

Trago bat  hartzera gonbidatu nuen.

“Vodka bat tonika bikoitzaz eta lima pittin batekin jartzen badidak, eskertuko nikek”…

“Limarik ez daukat”, esan nion.

“Entzun, gazte, gauean hire ohean lo lasai egin nahi baduk, hobe duk lima lortu. Aitzakiarik gabe, adiskide, ez baduk izan nahi arnasketa arazorik.

Ikaratu nintzen, eskerrak une horrretan azaldu zela Sebastian ohetik jaiki berria. Ogroa algaraka hasi zen.

I was jus kidding with your roommate”, (Hire lagunarekin txantxetan ari ninduan), esan zion Sebastiani gure bizilagunak.

Begi klisk batean hiruzpalau vodka hartu zituen segidan. Gazteleraz batzutan, ingelesez besteetan, Los Angelestik Tampara etorri berria zela alabari bisita egitera, eta, bide batez, Txolar Gorriaren… bila, hori da nik ulertu niona behinik behin, nire ingeles maila kaskarra baitzen. Idazlea omen, baina nik frakasatu eta zurrutero itxura harekin ez nuen pentsatu idazle profesionala zenik; ospetsua, seguruena ez. Dena dela, garai hartan Nobel saridun bat gure etxean azaldu izan balitz, guk ez genion jaramonik egingo. Guk beste asmo batzuekin bizi ginen.

Sekulako mozkorrak harrapatuz gain, bazen zerbait berezia Ogroarekin, noiznahi jende ezberdina, emakumeak batik bat, bisitatzen zutela. Tarteka berebiziko haserreak erakutsiz, bisitariak popatik hartzera bidaliz.

Eguerdi batez, ate joka norbait gure etxeko atarian. Sebastianek ireki zuen atea. Bi morroi, mafioso itxurakoak, kapela eta gabardinaz jantzita; halako janzkerak deigarri ziren Floridan. Handienak, armairu bat bezain zabala, galdezka, errusiar-edo abizeneko batengatik.

-Hemen gauza onik ez ziok”, esan zidan Sebasek.

Bost bat minutu geroago, gure etxe aurrean ziren. Eztabaidan hasi ziren bi gorila eta Ogroa. Halako batean, Ogroak, egundoko ukabilkada eman zion estomagoan armairua zirudien kankailuari. Denbora galdu gabe 45 kalibreko errebolberra jarri zion kopetan beste gorilari. Korrika atera ziren biak, Pontiac Lemans batean sartu eta gurpilei txinpartak atereaz, ihesari eman zioten, Ogroak oihu egiten zien bitartean:

“¡Ask the dust”…!

Guk, leihotik begira, ez genuen tutik ulertzen zer gertatzen ari zen.

Urte hartan erosi nuen Honda motozikleta eta igande goizetan Clearwaterko hondartzara joaten ginen Sebastian eta biok. Itzulerakoan Ogroa gonbidatzen genuen trago batzuk hartzera, gu noiz etorriko zain egoten baitzen. Zurruta eta zaldi lasterketak gustatzen zitzaizkion —beti zeraman soinean zaldi lasterketarako programaren bat—, eta emakumeak ere gustatzen zitzaizkion, jakina. Ez zen harritzekoa Dale Mabry etorbidetik pasatzen ginenean, Lamas Club aparkalekuan Ogroaren Cadillac-a ikustea, zurruta egitera eta emakumeen bila joaten baitzen. Jai-alai-a Tijuanatik ezagutzen zuen, ez zuen gustukoa frontoia baina, nahiago izaten zituen zaldi karrerak. Bere editoreak bidalitako txeke bat jaso bezain pronto Sarasotako hipodromora joaten zen apustuak egitera.

Denboraldi hartan Gillermoren bisita izan genuen. Gillermo zen zesta-puntak emandako pilotari handienetakoa, baita golfo handiena ere, beharbada. Ogroa eta Gillermo elkar ezagutu zirenean, berehala sortu zen bien artean kimika berezia, betidanik ezagunak izan balira bezala. Gillermok artean 66 urte zituen, hortxe-hortxe ibiliko zen Ogroa baita ere. Zaharrak guretzat, oso zaharrak.

Artean, gu ez ginen konturatzen Gillermoren garrantziaz, zenbaterainoko figura izandakoa zen jai-alai munduan. Gillermo Amutxastegi, Ondarroan jaioa 1910ean, hamabi urterekin Madrilen debuta egin, handik urtebetera Cienfuegos (Kuba) jokatu zuen. Hamabost urterekin Miamin zen jokatzen Hialeah pilotalekuan, Floridan eraikitako lehendabiziko frontoian; 1924an jaso baitzuten, hain justu. Gillermo oso gazte egin zen figura, atzelari onena. Kantxa barruan onena bazen, kantxatik at ere, fenomeno apartekoa izan zen, ausarta, bizimoduari zukua ateratzen zekiena. Hamabost urte zituela, Miamiko Byskaine pilotalekua hurakan batek suntsituta utzi ondoren, Gillermok ihes egin zuen New Yorkera joateko, Jack Smith gaizkilearekin gangsterraren ofizioa ikastera.

Amerikako Estatu Batuek eman badute Bukowski bezalako idazle lotsagabe, politikoki ez-zuzena, beste hainbeste esan dezaket Guillermori buruz, ausarta zen, lotsagabea, galtzailea, bere burua amildegira eramateko prest zegoen hura! Gillermo bat etortzen da Pio Barojaren irudikapenetik sortutako pertsonaiekin… Gillermoren bizitza, —Neuk! liburuan Pako Turrillas kazetari donostiarrak kontatua— abenturetako nobela sailean koka genezake. Hain da indartsua, hain sinestezina.

Gure harremana Guillermorekin guztiz arrunta izan zen, beste lankide batekin izango genuena. Bera ere, guretako bat sentitzen zen, erlojua geratuta baleuka bezala. Izan ere, pilotariok badugu zerbait amankomunean, garai ezberdinetakoak izan arren, solasaldi berdinak ditugu, harrokeria puntu berbera, festarako bera.

Gillermo eta Ogroa lagunak bilakatu ziren. Biak bakarrik gelditzen zirenean, ez dakit zertaz berba egiten zuten. Afaldu ostean, ordu txikitan banan-banan erretiratzen ginenean, han gelditzen ziren bi beteranoak, zurrutan, solasaldian, egunsentira arte. Beste galaxia batekoak ziren.

Tampako denboraldia bukatu eta batzuk Ocalara jokatzea joan ziren. Nik, urte hartan, Euskal Herrirako bidea hartu nuen, itsasoz, New Yorketik Cherbourg-era (Frantzia), Queen Elizabeth II trasatlantikoan, Sebastian, Etxeba eta Azkaraterekin batera, Hegoalde eta Iparraldeko frontoietan jokatzera.

Ogroa, Charles Bukowski, ez nuen gehiago ikusi. Ahaztuta nengoen berataz liburu bateko kontrazalean duela hilabete gutxi identifikatu nuen arte. Zeinek esango zidan, artean, Ogroa kultuko idazlea zenik, dirty realism-aren aitapontea. Zeinek esango zidan niri halakorik,1976ko denboraldian, Tampako Chapin kalean, hogei urte nituenean eta nire burutazioak beste leku batzuetan zeudenean.

Paul Newman

(1988ko Maiatzak 5, Bridgeport, Connecticut, Estatu Batuak)

Sei bat aste baziren grebara atera ginela Estatu Batuetako 14 pilotalekuetan. IJAPA sindikatuko ordezkariak, Gabino Ezpeletak, esan zigun Farfield-go (Connecticut) epaitegira joan behar genuela. Hearing edo bista bat burutzekoa zen bertan eta komenigarria zela pilotariok azaltzea. IJAPA Player jartzen zuen kasaka gorriaz eta kolore eta logo bereko biseraz.  Enpresari erakutsi behar genion elkarrekin geundela pilotariok.

Ez zen lehen aldia epaitegira joaten ginela; azkena ere izango ez zena.

Bigarren solairuko areto batean ospatzen zen bista. Ireki nuen atea eta tupust egin nuen pertsona batekin. Altu samarra, oso argala. Begi urdinak begirada berezikoak.

Berehala ezagutu nuen: Paul Newman aktorea. Urduri jartzeko astirik ez nuen izan. Alboratu nintzen excuse me zabuka ahoskatuz; irrimarra eskaini zidan. Don´t worry, erantzun zidan. Kalerako bidea hartu zuen. Ez  dakit nondik, baina, ausardia izan nuen uju egiteko.

Mister Newman, excuse me, can I talk to you for a minute —aurrera jarraitu zuen, entzungor. Halako batean, ordea, jiratu zen eta begira-begira geratu zitzaidan, ondoren niregana hurbilduz.

Sure I do —esanez.

You must be one of these jai-alai players that are striking— jarraitu zuen.

How is everything going?

Ahal genuena egiten ari ginela, enpresariek eskirolekin moldatzen ari zirela, eta orain auzia epaitegietan erabakiko zela, gure nahiaren kontra.

—I read something about that in the paper —irribarra ezpainetan eta begi urdinen distira.

Derrepente, Bridgeport Jai-Alaira eginiko bisitaz hasi zen hizketan, frontoia inauguratu berria artean, tarteka joaten zela. Behin, berebiziko harrera egin ziotela pilotariek aldageletan azaldu zenean.

How is Okamika doing? —galdetu zidan.

O boy! he was such a fabolus player.

Esan nion urteak zirela Okamikak erretiroa hartu zuenetik. Intendentearen kargua hartu zuela. Garai hartako giroaz mintzatu zen, Ondarresen dotoreziaz, Tximelaren ikusgarritasuna horman gora bi pauso emanez… Frontoira mozorrotuta sartzen zela, jendeak bakean utz zezan; izan ere, Wesporten bizi baitzen, hogei minutu pilotalekutik. Hain jatorra ematen zuen Newmanek, nik ere esan nion Daytonako Speedwayen 24 Orduetan Porsche 944 batean korritzen ikusi genuela, gu zirkuituko bihurgune batean geundela eta berak eskua altxatu zuela. Guri  agur egiten zigula pentsatu genuen leheneng, baina berehala konturatu ginen aldamenean zeuden morroi batzuei zuzentzen ari zela.

Urte hartan seigarren egin nuen, Mariok (Andretti) irabazi zuen. Zuen ondoan zeudenak nire Wesportko kuadrillakoak ziren, Barney, Scotty, Sorredore, Alby… astean behin elkartzen garenak billarrean jolasteko.

Epaitegiko korridoreak betetzen hasi ziren, gehienak, nirea bezalako uniforme gorriaz: lankideak. Paul Newmanek esku hauskor bat luzatu zidan bostekoa emanez.

Good luck boys —irribarretsu, nire eskua gogotik estutuz.

Thank so much Mister Newman, I realyy apreciate it.

Biharamunean Bridgeport Herald-en irakurri nuen, Paul Newman Wesporteko epaitegian izan zela, auzi bat zuela bere bazkidearekin batera,  Newman’s Own izeneko saltsa bat sortu zuten entsaladei eransteko, etekin guztiak karitateko ekintzei bideratuz. Desadostasunak medio epaitegian bukatu zuten bi bazkideek.

(Zazpi urte geroago, Paul Newmanek, 70 urterekin, Daytonako 24 Orduak irabazi zuen.  Poz galanta sentitu nuena).

Jatorra, Paul Newman.

© 2018 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer