Juan Ignazio Zulaika

Kategoria: Kezkak eta gogoetak

Noiz arte?

Olatua metafora bezala erabili da zesta-puntak bizi duen ustezko pizkundea dela eta, batik bat Gernikan Neguko Serieek izan duten arrakasta ikusi eta gero.
Oihartzun handia izan du aipaturiko txapelketak, baita Euskal Herritik kanpo. Urrutira jo gabe, duela pare bat aste Madriletik deitu zidan medio digital batean lana egiten duen kazetari batek, zerbait idatzi nahi zuela zesta-puntaren loraldiaz. 
Hiru bat egun beranduago, beste kazetari batek hots egin zidan. Madriletik hark ere. Podcasting bat osatzen ari zela. Donostiar iruzurgile baten gainean, Miamin (Florida) berebizikoak egin zituena 80ko hamakadan. Ea zer-nolako giroa bizi  genuen jai-alai munduan, eta bide batez morroi haren berri izan ote genuen.
Ez kazetariak soilik, baita zinemagileak ere. Tampatik (Florida) etorri ziren bi lagun Euskal Herrira, jai-alai munduari buruzko dokumental bat egiten ari direla eta. Prest ote nengoen elkarrizketa baterako.
Sarean surfeatzen ari nintzela topo egin dut Paula Morton kazetariaren lan batekin, duela hiru urte argitaratutako liburu batekin. “The cultural history of jai-alai”. 
Apirilaren 7an egitarau bat izango da Interneten izena duena “Sports Diplomacy”. Kirolak duen garrantziaz herri arteko diplomazian. Zoomen bitartez jarraitu ahal izango da aurretik apuntatuz gero. Mundu mailako adituek parte hartuko dute gaia jorratzeko. Niri ere gonbidapena egin didate bost bat minutuz azaltzeko jai-alairen garrantziaz joan deneko 150 urteetan. Jai-alai marka bezala, pilotariok —4.000tik gora— utzitako arrastoaz lau kontinentetan. Bada zerbait.
Amorrazioa ematen dit pertsona horiek kanpotik etorri behar izateak gurea den patrimonio kulturalaz jabetzeko. Zergatik ote da geuk, euskaldunok, nigandik hasita, hain garrantzi gutxi ematea gure kultur altxorrari. Motz samarrak geralako?
Francisco Turrillas kazetari donostiarrak esaten zuen moduan, Guillermo Amutxastegi handiaren biografiaren ¡…Neuk! liburuaren prologoan, (…) “euskalduna, salbuespenak salbuespen, fanfarroi ospea izan arren, motz samarra da eta lotsatia. Agian, beste garai bateko pilotariek, oraingoak bezala, ez zuten sekula kontsideratu euren bizitza meritu eta apartekotasun handikoa. Ez zuten ahoa ireki, pentsatzen zuten ez zeukatela zer esanik”.
Ez dabil urruti egiatik Turrillas jauna. Nik behintzat zeharo bat egiten dut esaldiarekin. Kanpotik etorri behar du japoniar edo estatubatuar batek galdezka geure singulartasunari buruz: tesina, liburu edo dokumental bat osatzeko. 
Noiz arte? 

Jalgi Hadi Kantxara!

Pilotariek mikroa daramate paparrean. Pilotaren hotsa eta pilotarien ahotsak nahasten direlarik. Ba al da gauza ederragorik kantxa batean?
ETB1en bitartez gure pantailetara iristen zaizkigun irudi ikusgarriei gehitzen badizkiegu pilotarien hotsak, euskaraz, bizi-bizi, aginduak eta animoak emanez, ba al da gauza ederragorik?

Txalotzekoa da egin duten hautu teknikoa, Pilotaren Etxetik.

Gernikako Jai-Alai pilotaleku ederrean gertatzen ari da, Neguko Winter Series txapelketa barruan.

Tamalez, ez da beti horrela izan. Eujenio Agirretxe frantziskotar idazleak kontatzen digu, “Baserriko leihotik: aldi hartako kezkak eta gogoetak, 1965-1975″ liburu gogoangarrian, bestelakoa zela egoera duela 48 urte. Merezi du irakurketa.

(Eskerrak eman nahi dizkiot Pruden Gartziari liburu honen gomendioa egiteagatik)

“Oraindik orain, pilotaleku batean sartu berria naiz. Ameriketatik etorritako adiskide bati lagundu behar niola, eta han ginen biok zesta puntako pilota saio ederraz ikusteko gogoz.

Hainbeste pilotaleku bada gure artean. Herriak, bere lanketa gogorraren ondoren eta artean, ondo mereziak dauzka zenbait atsedenaldi, jolas eta atsegin. Eta hor biltzen zaigu erruz, era bateko eta besteko norgehiagokak ikustearren, hango eta hemengo plaza eta lekuetan.

[…] Horietako bat ikusi dut oraintsu. Euskaldun jendez bete zen sasoiz eta jendea pozik zegoen igande arratsalde hartan. Nire inguru guztian ez nuen euskara besterik entzuten.
Ekin zioten beren lanari pilotariek. Han jardun ziren kementsu eta jator. Noizean behinka elkarri hots batzuk botatzen zizkioten: “voy”, “atrás” etabar. Ez nien hots bat ere euskaraz entzun.

Nigandik bertan, pilotari profesional batzuk bazeunden jokoa ikusten. Izen ospetsuko gizonak omen ziren han zeuden haiek. Haien hizketa ere erdarazkoa zela konturatu nintzen.

Eta diru-jokatzaile edo artekariak ere ez ziren oso gutxi, pilotaleku guztia istiluz betetzeko. Gizon bulloso haien deiadarrak ez ziren makalak. Gaur ez dago inon halako deiadarrik egiten duen sermolari edo bertsolaririk. Baziren haien artean halako baserritar itxura zeukaten diru-jokalariak ere. Beren diru-kontu eta joko-hots guzti-guztiak, ordea, erdarara zabaldu zituzten.

[…] Sortuberriak diren hainbeste festa-leku eta dantza-toki horietan, zenbat leku egiten ote zaio gure hizkuntza zaharran?
Nik ez dakit toki horietako berri askorik. Baina halako batean, sartu naiz Euskal Herriaren bihotzean dagoen pilotalekuan. Jendea erruz eta mardul ikusten dut hantxe. Aulkietan euskara da nagusi. Baina hango pilotari, diru-jokalari eta harreman guztiak osoki erdaldun aurkitu ditut.

Eta, bestaldetik berriz, inork horrelako jardunetan dabiltzanei euskaraz mintzatzea debekatu dienik ez dut sekula entzun. Zergatik baztertzen ote dute, bada, euskara?”.
Eujenio Agirretxe, 1973ko uztaila.

Jai-alai: alai eta itxaropentsu

Zesta-puntaren zaleontzat, negu beltzean murgilduta ageri zaigu atzerrian zuen presentzia bukatutzat eman ostean. Izan ere, Daniako (Florida) pilotalekua itxi ondoren —iazko azaroaren 28an— lehen aldia da historian Euskal Herritik kanpo ez dagoela zabalik frontoi profesional bakar bat.
Hala ere, kontuan hartu beharrekoak dira Mixel Labeguerieren kanta baten hitzak: “gauak goiz-alba duela ondoko, lagun, orroit hadi”.

Gernika Jai-Alai Professional enpresako kideek abagunea ezin egokiagoa ikusi dute zesta-punta gure artean indartzeko; non, eta Euskadin. EITBren eskutik joanda.

Astelehenero, urtarrilaren 29an hasita, martxoaren 20 arte, ETB1ek gaueko hamar eta erdietan tarte zabala eskainiko dio hastear den txapelketari, sei bikotez osatutako lehiari.

Albistea nire belarrietara iritsi bezain pronto, lehendabiziko burutazioa hauxe: zerrendan ageri diren pilotari hautatuetatik, nik bakarren bat kenduko nuke eta besteren bat sartu. Esate baterako, Erik Mendizabal mutrikuarra. Azken urteetan Danian jaun eta jabe izandako aurrelaria. Nire ustez, gaur egun aurrelari onena ez bada, ez dela urrun ibiliko.
Manu Ladutxe, lapurtarra, atzelari onena Danian; Imanol Lopezi aurre egingo liokeena. Edota Johan Sorozabal lapurtar gaztea… ez dira emandako zerrendan ageri.
Ni ez naiz, ordea, Roberto Lekue hautatzailea. Izango ditu berak arrazoibideak hartutako erabakiak hartzeko. Batek daki zer diren antolakuntzaren mugak. Beti horrela izan ohi da.

Garrantzitsua zer da, ordea?

Gailurra aspaldian agurtu eta gero maldan behera etorri den joko moldeari aukera ematen zaiola berpizteko. EITBren eskutik erakusleihoan ipiniz, iaz erremontearekin, “ERREMONTARI” saioekin egin zuten bezala.

Jota eta ahul zaudenean hauspoa jasotzea eskertzekoa da. EITBk, kirol zuzendari Joseba Urkiolaren hitzetan, adierazi berri du gogotsu ekin diotela proiektu berriari. Ilusioz gainezka omen aurrrera egiteko.
Esan zuen, baita ere, ez EITBk, ez Jaurlaritzak, ez dizkiotela babak eltzetik aterako zesta-puntari. Denen arteko lana beharrezkoa izango dela sendo atera nahi bada ataka honetatik.

Niri ere, albiste ezin hobea iruditzen zait EITBk kamera guztiak Gernikako pilotalekuan jartzea. Bi hilabetean, jokatuko den txapelketa fokuen azpian ipiniz.
Buru-bihotzak asmo ederrez beteta sumatzen ditut inguruan.
Niri, ordea —jotako aharia naizenez—, jakin-minaz gain, burutazioak sortzen dizkit abian jarri den egitasmoak.

Kirol txiki bat, argala eta indar gutxikoa indartzeak auzolana eskatzen du, eta lidergoa. Gernikako enpresaren eta EITBren arteko elkarlana arbola baten adar bakar bat besterik ez da. Azpiegitura osoa sendotu beharra eskatzen du berpizkundeak, negarbideetatik aldentzeko.
Eskolak babestu; afizionatu eta profesionalen arteko hesiak deuseztatuz; belaunaldi berriei bideak irekiz, goreneko txapelketetan parte hartzeko aukerak emanez… kanporaketen bidez. Tresnak, zestak merkeagoak izan daitezen. Jokoa, teknikoki garbiagoa izan dadila, eta abar.
(Kosmetika hutsa eta marketin kanpaina soila ez dadila bihurtu hastear den txapelketa).
“Erremontari” saioekin gertatu zen bezala?

Ez da erronka samurra hartu dutena. Euskadi hautatu izana zesta-puntaren berpizkundearen gotorleku, eta azoka bilakatzea. Are gehiago, kontuan harturik zesta-puntaren izena (jai-alai marka) eta izana, habitat naturala, atzerrian izan dela.
Bidaia oparoa opa diot “Jai Alai: Azken Hegaldia” eta “Jai Alai Winter Series” deituriko proiektuari.
Publiko zabalagoarengana eta kontsumitzaile berriengana iristeko (gazteengana, ahal bada) balioko ahal du!
Hegaldia ez dadila amaitu martxoan eta, aurrerantzean ere, eskala berriak izan ditzala!
Bidaia on!

© 2022 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer