Kontrakantxatik

Juan Ignazio Zulaika

Tag: Altuna III.a

Bolo-bolo

Bolo-.bolo dabil igandeko finala, Jon, ezin duzu imajinatu zein neurritaraino! Egunkarietan elkarrizketak egunero, pilotari ohiei, aitonei, entrenatzailei, bataren izebari, bestearen lehengusuari… kalean harrapatzen duten mundu guztiari ia-ia… Gauza bera irratietan, telebistan, baita nor bere eguneroko bizimodu arruntean ere. Ematen du championsaren finala jokatzen dela. Eta hala da neurri handi batean: buruz buruko finala esku-pilotaren championsa da. Bolo-bolo ibiltzea ulertzekoa da, beraz.

Gaur lehenengo orduan etorri zait dendara Josetxo garraiolaria, kaxa batzuk deskargatzera. Oiartzuarra da Josetxo, Imaz, eskuzko pilotaria bezala. Lagunak dira, mendira joaten dira elkarrekin, zakurrekin. Binakako txapelketan behin baino gehiagotan ikusi nuen Josetxo telebistaz harmailetan bi besoak jasota, garrasika, Aimar eta Imaz animatuz.

Etortzen den bakoitzean pilotaz hitz egiten dugu. “Ez dakit”, esan dit Josetxok. “Sakearekin (Olaizola II.ak) asmatzen badu, kontuz!”.  “Bai”, erantzun diot. “Gaur egun banakako partidetan sakeak berebiziko garrantzia hartu du. Jokoaren % 60 da sakea”.

“Hor nonbait”, Josetxok. “Sake harrotu horrek, sekulako mina egiten du”, nik. Orojakilearen papera beteaz, abiada hartu dut. “Irakurri al zenituen lehengoan Atanilloren (Atano X.a) adierazpenak Diario Vascon? Ez zuela ulertzen sake mota hori, harrotutakoa alegia. Horrelako sakea ikusten ditudanean Floridan aurrelariek sakatzen duten estiloa ekartzen dit gogora. Han ere, zestaz jakina, sake bakarrera jokatzen da, pasa eginez gero, falta da. Marrazketa-luma hartuta ekin sakatu behar, beraz. Indar gutxirekin, harrotuz eta ezkerpareta bilatuz. Urtean zehar garatutako sakea da, denek hala sakatzen dute, binaka naiz bakarka”…

“A, bai e! Amerikan ibili zinen”?… aho zabalik Josetxo, ez baitzekien pilotan ibilia naizela.

Handik gutxira Patxi izeneko bezero bizarduna azaldu da dendan. Lenin garaiko itxura hartzen diot, bizarraz aparte, betaurreko borobilak, ile kalparra kizkur-kizkurra, bai, garaiz kanpoko iraultzailearen tankera du Patxik. “Noren alde igandean”? irribarrretsu. Taxuzko azalpenak espero ditu nigandik eta saiatu naiz Patxiren jakin-mina asetzen. “Begira”, esan diot “Orain arte ez dut emaitza bakar bat asmatu, baina hala ere, bustiko naiz. Altuna III.aren alde”!

Patxik ematen didan sentsazioa da partida guztiak ikusten dituela, zuzenean, aurrez grabatuta, ordu txikietan, atariko partidak, estelarrak, denak!… garai bateko marxista-leninista edo auskalo zeinen itxura duenak azterketa zehatza egin dit bi minututan. Aimarren kolpearen abiadura, Altunarena, tutik ulertu ez diodan azalpena eman dit termodinamikaren legeak kontuan hartuta… eskerrak beste bezeroak sartu direla eta alde egin duen.

Tabletarentzat kargatzaile bat behar nuela eta, tarte batean, inguruan dagoen bazar txinatar batera joan naiz. Bertan egoten den txinatarra ezagutzen dut, fotokopiak ateratzera etortzen da. Aurreko astean orri mordo batekin etorri zen. Mugi txartelak behar zituela eta, paperak osatu behar zituela. Xangaitik etorritako gurasoentzat eta beste hiru lehengusurentzat euren emazte eta semeekin. Hura orri mordoa ekarri zidana!

Atea bultzatu ahala, zintzarri salagarria. Tiiirrrrr…! Mostradorean da txinatarra. Senideak ez dira ageri, dendaren atzealdean egongo dira. “Kaixo!”,  agurtu nau. Irribarrea ezpainetan. Zer nahi nuen esateko astirik eman gabe, berak. “Aimal edo Altunalen alde, nola ikasten duzu igandekoa”? Falta zitzaidana! nire artean. Hauek ere pilotazaletu omen dira? Igandean bilduko ote dira denak, gurasoak, lehengusuak, ilobak… ETB ikusten, Euzkitze eta Tolosaren azalpenak entzuten?

Nire baitatik atera nau txinatarrak. “Napala edo giputxalen alde”? irribarre maltzurraz oraingoan. “Nile aita Olaizolalen aldekoa, badakizu aitonen arteko enpatia”… “Bada, esaoizu zure aitari ni gaztearen alde mila euroko apustua egin dudala”! Kar-kar egin du txinatarrak.

Sinets iezadazu, Jon, bolo-bolo dabil igandeko finala. Kalera atera besterik ez dago.

Emazteak, zure amak, Jon, oilasko papar batzuk erostera bidali nau harakinarengana. Erosketak auzoan egiten saiatzen gara, badakizu, komertzio txikia bultzatu behar baita. Estevez anaiak, mutilzaharrak dira laurak. Galtza motzetan etorri ziren Altzara (Donostia) Avilatik, gurasoekin batera. Pazientziaz beteta joan behar duzu, mantso-mantso, slow motion,  egiten baitute lana. “Zer, igandean ikusi beharko dugu finala, ezta”? “Kontxo”! Hauek ere pilotazaleak ote?!

Zaharrena hasi zait azalpenak ematen. “Gure aita zena gaztetan eskuz asko ibilitakoa zen Gaztelako herrietan, festetan eta abar. Sekulako afizioa dago frontoirako”, esan dit.

Halako batean atera naiz nire oilasko paparren paketearekin eta dendara itzuli aurretik, Cerrato senar-emazteak kudeatzen duten Coviran dendan sartu naiz, fruta eta barazkiak erostera. Pedro du izena senarrak. Dendaren atzealdean egoten da, fruta, barazkiak, gazta eta abar zerbitzatzen, baita loteria tiketak ere betidanik,  betiko bezeroei. Diru asko tokatu omen zitzaien duela urte dezente! Zenbaki bera jokatzen jarraitzen dute. Mesfidati hurbildu naiz Pedrorengana. Hasiko ote zait. Igandeko finaleko partidari buruz galdezka. Horixe bakarrik falta zait, txinatarra eta Estevez anaiekin nahikoa izan ez banu bezala…

Ez dit ezer esan. Haserre samar zegoen bezero batek platanoak ukitzen aritu delako, berahala ondatzen omen dira.

Kaixara joan naiz. Marikarmenek: “Egun on”! “Baita zuri ere”. Ordaindu dut eta irteten ari nintzela, Marikarmenek: “Zer, igandean Aimar edo Altunaren alde”?…

Sinets iezadazu, Jon, bolo-bolo dabil igandeko finala.

Aste ona izan, Jon!

Altuna III.a: Pilotarietan pilotari

Kaixo Jon. Ez dakit ikusi duzun “Bertsolari” dokumentala, Asier Altunak zuzendutakoa. Ez baduzu ikusi, bila ezazu interneten eta aurkituko duzu; merezi du. Bada atal bat gogoan itsatsita geratu zitzaidana. Rai izeneko kontalari batek ipuin bat kontatzen die, aurrean zirkuluan, eserita dauden haurrei.

Datorren igandean jokatzen da Bilboko Bizkaia pilotaplazan buruz buruko finala, Olaizola II.a eta Altuna III.aren artekoa. Har eta zur utzi gaitu amezketar gazteak. 22 urte bete berriak eta, jada, txapela irabazteko zorian. Ezagutzen nauzu, Jon. Jokin Altunaren ibilbidea ikusita Rairen ipuinaz akordatu naiz.

Aralar mendikatean galdutako herri txiki batean bizitu izan zen gazte bat eskuzko pilotaria izan nahi zuena. Laguntza eske herri horretan bizi zen maisu zahar batengana joan zen.

“Maisua, pilotari on bat izan nahi nuke. Zer da egin behar dudana”?

Maisuak hala erantzun zion:

“Zoaz mendi hauen inguruan dauden herrietara eta hango pilotari guztiak ikusi itzazu jokatzen. Hitz egin ezazu beraiekin. Zoaz Euskal Herrian dauden herri guztietara. Ikusi jokatzen eta hitz egin pilotari onenekin”.

Eta denborarik galdu gabe, gure gaztea abiatu zen bideetan, ibili eta ibili, luze ibili. Mendiak zeharkatu, mendien ustekabeak, itsasertzean, herria. Herritikan gertu zegoela, haizeak ekarri zizkion herri hartatik lehenengo pilotakada soinuak. Eta herria zeharkatzen zihoanean, harrietan, harri pausoetan, pilotakaden hotsak hormen kontra. Zeharkatu zuen herria eta idiki zen noizbait beste herrietara, pilotaleku berriak eta pilotariak pilotan jokatzen, binaka, launaka, taldeka. Haien abilezia den denak ikasten, ezker-gantxoak, dejadak, sotamanoak, boleak eta besagainak… Ikusten zuen guztia, den denak ikasten…, zazpi urte egin arte.

Eta den denak ikasi zituenean, atzera berriro bere herrira itzuli zen. Eta zuzen-zuzen maisu jakintsuaren etxera joan, eta han aurkitu zuen atarian, magnolia zuhaitzaren azpian, isilik, otoitzean.

Esan zion: “Jada pilotaria naiz”?

Eta maisuak erantzun: “Ez, orain, ikasitako guztiak, ahaztu egin  behar dituzu. Eta bakar bakarrik ahazten dituzunean izango zara pilotarietan pilotari”.

Aste ona izan, Jon!

You are terrible!

2018ko maiatzaren 2a

Kaixo Jon. Altuna III.ari buruz nahi nizun idatzi, edo Elezkano II.aren gainean. Bizkaitarraren (Elezkano II.a) partida Bengoetxearen IV.aren aurka ez nuen ikusi. Bai, ordea, amezketarrarena Urrutikoetxearen kontrakoa. Underdog (faborito ez zirenak) egin dute aurrera, finalerdietara. Iazko lau onenak, aurten zerrendaburuak, kalean gelditu dira. Harrigarria!

Ados nago zurekin, Jon, esan zenidanean abantaila dutela aurretik partiduren bat jokatutakoek. Ematen du errodajea eginda datozela, final laurdenetan hotz-hotzean hasi beharrean baino.

Bada beste ondorio bat, begi-bistakoa. Berdintasuna. Elitean badira zortzi bat pilotari irabazi dezaketenak Buruz buruko esku-pilotako txapela. Inoiz gertatu ote da halakorik?

Sasoi puntua, konfiantza edo batek daki zer arraio pasatzen den burutik, urte batetik bestera gauzak erabat aldatzen dira. Katedrak ondo daki hori. Atzo bertan Donostiako Atano III.a pilotalekuan dirua bi halako atera zen Urrutiren alde. Nik neuk ere, faboritotzat nuen bizkaitarra.

Lanean sartu aurretik kafea hartzen dudan Fannys tabernan, nagusiak galdetu dit Donostiako partiduari buruz. Azaldu diot nire harridura eta aitorpena Altuna III.aren aldekoa. Atzo arte ez nuen uste ahalmenik zuenik txapela irabazteko, koska bat beherago ikusten nuen Altuna III.a.

Ados jarri gara berehala. Amezketarra crack hutsa dela, jeinu bat. Aralar mendikateko basajaunen besoetan, jaio berritan jaso zuela bedeinkazioa, alegia. Ikasi eta landu, bai; baina bada beste zerbait inon ikasten ez dena: talentua.

Luis du izena Fannysko tabernariak. Kirol zale amorratua, tenisa maite du batik bat. Nadal jainkotzat du. Ordu asko ematen ditu lanean eta ordu asko ematen ditu kirol programazioak ikusten aurrean dituen bi telebista pantailetan. Dagoeneko antzematen diot bi txupito hartu dituenean; berritsu.

“Eta atzelariak zer?”, esan dit. “Zergatik ez dute aurrera egiten? Zer gertatu zen Rezustarekin?”… Erantzuna emateko aukera eman gabe, berak. “Gehiago entrenatu behar dute, orduak sartu prestatzen, mentalitatea aldatu”…

Luisek estimazio handia dio bere buruari kirolaz ari denean. Kritikoa da entrenamenduekin, zaharkituta daudela metodologia asko, sistema berriak asmatu behar direla. Berdin zaio futbolaz, tenisaz edo pilotaz ari bada. Nadalek osaba Tonirekin hautsi aurretik abisatzen zidan Luisek, jende berriaz inguratu behar zela Nadal…

Nola azalduko diot nik Luisi atzelari baten zailtasunak buruz buru jokatzerakoan…

Kantxa osoa bete behar duzunean, zure esparrutik, konfort gunetik, mugitu eta frontisa hain gertu daukazula sentitzen den sentsazio arraroa. Ikara. Berdin zait eskuz edo erremintaz. Konbentzituta nago gauza bera sentitzen dutela: bertigoa. Txokoa zaindu beharra, edo zabala. Sakearekin asmatu behar, eta sakatu eta gero, zer? Aurrera egin jokaldia burutzeko? Nola, ordea? “Eta dejada botaz gero, salduta gelditzen banaiz? Atzera jo eta aurrelari demonio horiek sotamanoz dominatzera pasatzen baitira!

Hobe bertan goxo, binaka, atzeko koadroetan bizkarra zaintzen aurrelari bihurri horiei.

Kontatuko dizut, Jon, nire esperientzia buruz burukoan, balio delakoan ulertzeko atzelariaren zailtasunak.

Tampan (Florida) lehendabizi. Kiniela gehienak binakakoak izaten ziren, tarteka singleak, hots, banaka. Programatu zidaten buruz buru jokatzeko programatu ninduten; artean banaka inoiz jokatu gabea nintzena! Lehenengo egunetik azkeneraino, barregarri gertatu nntzen. Epelak entzun  behar izan nituenak! Harmailak lepo, 5.000 lagun batera buila eta iseka… tantoa galdu eta kaiolarako bidea, hura kalbarioa! Behin, nekez ahaztuko dut. Istiluaren artean, abots bat gainetik: “Zulaika, you are terrible!”

Ahots anonimo hura ez zen nire gurasoez akordatu. Ez, etsita nonbait. Amorrazioz desenkusatutako sentimendua leporatu zidan. “Zulaika, you are terrible!” Mingarria egin zitzaidan une hartan. Autoestimua birrindu. Ez nuen balio buruz buru aritzeko. Intendenteari erregutu nion ez jartzeko gehiago singletan, ni bezalako atzelari batentzat soberan zeudela banakako lan haiek.

Istorioa ez da hemen bukatzen. Dakizun bezala, Jon, Floridako eguraldi tropikala utzi eta ipar-ekialdera joan nintzen jokatzera. Bridgeport-era (Connecticut). Jai-alai pilotalekuko intendentea bestelakoa zen. Gogorragoa. Gupidagabea. Okurritu zitzaion atzelariz osatutako buruz buruko kiniela antolatzea. Igandeetan programatu zuen. Ia-ia inoiz banaka aritutakoak sail berean jarri gintuen. Ikusmin handia zegoen, batik bat lankideen artean. Pilotarien palkoa bete egiten zen gu jokatzen ikusteko. Gutaz barrez lehertzeko.

Nire itxaropena zen intendenteak amore emango zuela, aspertuko zela show-arekin. Ustelak erdiak ustel, ordea. Astean zehar ere gu programatzen hasi zen, aurrelariekin nahasita! Egunak joan egunak etorri, barregarri ginen. Ohartu nintzenean intendenteari bost axola zitzaiola, pentsatzen jarri nintzen. Eta zergatik ez ikasi buruz buru jokatzen? Sakea hobetu nuen, baita ere errebotea ere. Zesta-puntaz, Jon, zuk hain ondo egiten duzun bezala, horiek dira arma nagusiak. Ondo sakatu eta erreboteaz, min egin.

Handik aste gutxira ez nintzen aurreko “terrible!” hura. Gozatzen hasi nintzen, autoestimazioa gorantz. Eroso eta singleak jokatzeko desiratzen! Nire ibilbidean zehar lortutako satisfazio handiena ez da izan txapelaren bat edo beste irabaztea. Buruz buru egokitzen ikasi izana baizik.

Hau guztia, ordea, nola azaldu Fanniys tabernako Luisi, kirolaz hainbeste dakienari.

Aste ona izan, Jon!

© 2018 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer