Juan Ignazio Zulaika

Etiketa: EITB

Abel Barriola: pedagogo

Egokitu izandu zait esatari lanetan aritzea telebistan, zuzeneko emankizunean, gonbidatu gisa. Eta ez da batere samurra. Kaskoak kaskezurrean dituzula eta mikrofonoa aurrean, arraroa egiten da. Gainetik, suposatzen da asko dakizula, horregatik deitu dizute, aditu bat zarelako. Beraz, ezin hutsik egin. Batek daki zenbat entzule dituzun telebistaren aurrean. Presioa sentitzen da. Ondorioz, presaka hitz egiten duzu eta gehiegi, beharbada. Behin, lanak bukatuta, etxerako bidean: “Hau esan banu, edo beste hura”. Sentsazio gaziarekin bukatzen duzu. Ez, ez da erraza esatari lanetan aritzea gonbidatu gisa. 

EITBk baztertu egin ditu Errasti eta Tolosa eskuzko pilota emanaldietatik. Bi pilotari ohirekin ordezkatu ditu: Idoatek eta Barriolak hartu dituzte euren lanpostuak, Lehena, Idoate, Josetxo Lizarzarekin aritzen da. Barriolak, Euzkitzerekin osatzen du bikotea. 

Euzkitzek eta Barriolak osatzen duten bikotea jarraitzeko aukera izan dut igande batzuetan, eta iruditzen zait aldaketak asko irabazi duela. Haize berria sartu dela telebistaz eskaintzen dituzten eskuzko pilota partidetan. Binakako neurketetan tanto luzeak izaten dira, badute, beraz, denbora sobera solasean aritzeko. Aproposa esatarientzat. Gauza bat da, ikuslearen tokian, gozatzea pilotarien jokoarekin, ikuskizunarekin. Bestea da disfrutatzea esatariek esaten dutenarekin. Euzkitzek eta Barriolak osagarri dira eta bikote apartekoa egiten dute.

Irudiaz ere aldaketak izan dira. Janzkerak etxetik ekarritakoak izan beharrean, EITBk emandako uniformeak dira, NBAko amerikar esatarien estiloan. Aldaketa aproposa iruditzen zait. Fashionezko jakak edo lepo luzeko jertseak alboratu eta irudi korporatiboa erakutsiz, lankideak direla erakusten dute, eta ez pilotalekuan egokitutako bi lagun. Baina estetika alde batera utziz, mamiaz ere asko irabazi du Barriolaren ekarpenarekin. Saio batetik bestera hobera egin du plazagizona dela erakutsiz. Pilotari handia izan da leitzarra kantxetan, profesional bikaina. Horrek, ez du esan nahi, ordea, esatari bezala ona izango denik. Esperientzia, jakinduria, ez dira nahikoak. Komunikatzaile trebea izan behar. Euzkitzen gonbidatua izatea aukera ezin hobea da luzitzeko. Baina, aldi berean, zure onena eman behar duzu. Aurrelari onenekin jokatzea tokatzen zaizunean bezala. Erraztu egiten dute lana. Hala ere, atzelariak lan karga handia hartzen du bere gain, aurrelariak tantoa bukatu dezan. Goi mailako bikotea osatzen dute Euzkitzek eta Barriolak.

Aspaldidanik ezagutzen ditugu Euzkitzen dohainak mikrofonoarekin. Mintzo ederrekoa, mendiko iturritik ateratzen den hitz jarioa da berea. Freskagarria. Edozeini egarria asetzeko modukoa. Jokoaren deskribapena, ikusten ari garena, azaltzen digu azpeitiarrak, tarteka areago joanez, urteek ematen duten baliabideaz. Ez da derrigorrezkoa pilotari profesionala izan beharra aditu bilakatzeko. Halere, kantxa zapaldu izana, ogibidez, beste abantaila puntu bat ematen du. Barru-barrutik ezagutu dituzun esperientziek plus bat ematen dute esatari lanetan tokatzen denean. Ez azalpen teknikoak ematerako unean soilik, baita buru barruko sentsazioez aritzerakoan. Konfiantzaz jokatzea zer den, edota zeharo konfiantzarik gabe, miserablea sentitzeraino Egun beltz baten ondoren, partida erraz galdu ostean, sekulako errridikulua eginez. Aldageletatik irten inor ikusi nahi ez duzula, automobilaren bila zoazela, beldur topo egiteko ezagunen batekin. Kirolari profesionala izatea, askotan, sufrimenduaren sinonimoa da. 

Barriolak kontatzen dizkigunak ikusten ez direnak dira, ezkutuko faktoreak, begi-bistatik haratago daudenak. Pedagogia egiten du esatari nafarrak. Eskertzeko da. Partida onak, ikuskizunak, pizten du zaletasuna. Baina pilotari egokiak ez badaude kantxan alferrikakoak dira esatarien ahaleginak. Ikusleak zapping egiten bukatuko duelako. Joko ona bada kantxan, esataria luzitzeko aukera ematen du. Barriola luzitu egiten da. Ezagutzen ditu pilotariak, duela gutxi arte eurekin jokatzen zuelako. Ezagunak ditu kantxa ezberdinak. Materiala, hots, pilota motak: biziak, motelak, azpitik ibiltzen direnak, gastatzen direnak. Kokatzeaz maiz egiten du aipamen, pilotaria konfiantzaz dagoenean edo faltan. Lekuko pribilegiatu bat da Barriola. 

Steven Pinker, psikologo amerikarrak esaten du bere liburu batean, idazle askok idazten dutela irakurleek beraiek bezainbeste ez dakitela konturatu gabe. Jakinduriaren sindromea edo, antzerako zerbait aipatzen du Pinkerrek. Ez da Euzkitze eta Barriolarekin gertatzen dena. Behin eta berriz azaltzen dute gertatu dena zergatik gertatu den, ikuslearen jakin-mina asetuz eta jakinduria aberastuz. Pedagogoak dira biak.  Barriolaren kasuak gogora ekartzen dit kirol idazle batzuekin gertatzen zaidana. Nahiz, nire kasuan, azaleko kirol jarraitzaile izan, kronikak onak direnean, gozatu egiten dut. Halako zerbait sentitzen dut txirrindularitzarekin. Xabier Usabiaga tartean denean, orduak emango nituzke bere azalpenak entzuten. Bai Usabiaga, baita Barriola, biak kirolari profesionalak izanak dira. Mikrofonoa aurrean dutela pedagogo bilakatu direnak.

Ur Handitan

Donostian 2018ko martxoak 7

Kaixo Jon. Aste-bukaera hontan hastear da esku-pilotako bi-bitako ligaxka. Ikusmin handia sortu da, sarrera gehienak salduta omen, bai larunbatekoa, Iruñean jokatzen duten Ezkurdia-Zabaleta; Elezkano II.a-Rezusta. Baita igandean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Altuna III. eta Martija; Olaizola II.a eta Imazen aurka. Hor, (Estatu Batuetan ) esaten den moduan: sold out.  Sarrera guztiak agortuko dira. A! Ezagutu nituen nik halakoak, Miamin, Bridgeporten

Atanotarrek haserre samar hartu zuten Migel Gallastegiri egindako omenaldirako gonbidatuak izan ez zirelako. Biharamunean, Diario Vasco egunkarian, Gallastegiren gertukoek barkamen eske atera ziren. Despiste bat izan zela, alegia, besterik ez.

Ez dizut esan. 100 urte betetzen zuela esku-pilotako patriarkak, Gallastegik, eta ekitaldi bat antolatu zuten. Nik, prentsan, egun berean jakin nuen burutzekoa zela. Pilotari asko, pilotazale, kazetari, jendez gainezka ikusi zen EITBn eman zuten notizietan. Badakit zuk streaming bidez jarraitzen dituzula hemengo berriak. Bart berriz, Ur Handitan programan —EITBn ere bai. Gallastegiri eskaini zioten saio osoa. Beste omenaldi bat. Kariñoz egindakoa, ur handitan sartu gabe, ur axaletan ibili zirela iruditzen zait. Agian, aukera on bat galdu zen saio sakonago bat egiteko; pertsonaiak ematen zuen jokoa.

Ez zela helburua XX. mendearen esku-pilotaren azterketa egitea Gallastegi bitarteko hartuta… Esku-pilotak izan duen ahots kritikoena azken hamarkadetan, hanka puntetan, oharkabean joan zen singladura osoan. Gorpuzkera handiegia Gallastegirena txalupa mugitzen hasteko, uretan blai bukatzeko arriskuaz.

Arrazoi duzu. Atzokoa festa bat zen, birthday cake, tarta bat egin zuten gure patriarka omentzeko. Kariño handiz egindakoa.

Denak ezin kabitu eta hutsuneak sumatu nituen, Amatiñorena adibidez, eibartarra Migel bezala. La pelota según Gallastegi liburua atera zuena. Edota Eibarren bizi den Jose Agustin Larrañaga markiñarra, azken honek liburu batean bildut ditu Gallastegik jokatutako partidu guztiak. Atanilloren lekukotasuna baita ere….

Urpekari lanetan ur handitan aritu beharrean, ur axalean arraunean aritu ziren hainbat unetan.  Badakit erantzuna, Jon. Horretarako dokumental bat burutu behar, sakontzeko, ur handitan nabigatzeko eta erakusteko, besteak beste, Euskal Herrietan esku-pilotaren garrantzia XX. mendean…

Irrifarrez sumatzen zaitut… Ezagutzen nauzu, Jon. (Don`t rock the boat?). Bai, arrazoi duzu.

Ez luke inor asebeteko gainera. Begira zer gartatu zen Jai Alai Blues dokumentalarekin, orokorrean harrera oso ona izan arren, barruan, gremioan, kritika latzenak. Ezin asmatu, beraz.

Halakoetan, niri, erlea-9. zenbakian irakurri nuena etortzen zait gogora. Bernardo Atxagak hizketaldi bat izan zuen Amaya Hernandorenarekin. Teodoro Hernandorena zenaren alabarekin. Zu, pilotari oso gaztea zara eta ez zenuen entzungo Hernandorena anaiei buruz. Zizurkilen (Gipuzkoa) jaioak, zesta-puntan ikasi eta  Habanan, Shanghai eta hainbat tokitan jokatzen aritu zirenak. Ba, Teodoro, anaia zuten, bera ere pilotan ibilitakoa naiz dentista ikasi, ogibide bilakatuz.

Atxagak aktibista bezala deskribatzen du Hernandorena, kulturan eta politikan. Pilotazale amorratua, errebote modalitatearena sustatzailea; bertsozale ere bai. Ba, bere kabuz, bakar bakarrik, bere dirua jarriz, Kataluniara joan zen eta teknikari hoberenak ekarri zituen pelikula bat egiteko: Euzkadi. 1933.an egin zena. Gerraostean galduko zena, ez da kopiarik agertu inon.

Amayak, Atxagari: “Leku askotan eman zen, eta aita pozik. Pilota, estropadak eta horrelakoak filmatu zituen. Hartu-emana zuen Aita Donostiarekin eta hari enkargatu zion musika. Eta harremanetan egon zen Jorge Oteizarekin ere. Jorge Oteizak, Irunen bizi zenean, esaten zidan: “La película de tu padre es purra-purra, pi-pi-pi-pi-pi… esanez bezala oso ñoñoa zela. Ulertzen?”

Amaya Hernandorenak azaltzen dio Atxagari ñoño izatearen arrazoia. “Oteizak hori esaten zuen nire aitak andre zahar baserritar bat oilategian filmatu zuelako…

Horra hor: purra-purra-purra, pi-pi-pi-pi”… Ñoñoa alegia.

Astelenean segituko dugu. Ni neu  ere, irrikaz nago Altuna II. eta Olaizola II.aren arteko borroka ikusteko.

© 2020 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer