Etxe eder bat alokatu genuen Tampan, Florida, Amerikako Estatu Batuetan, 76ko denboraldian, MacDill aireportu militarretik gertu. Chapin kalean zegoen etxea, Dale Mabry etorbidearen ondoan, pilotalekutik minutu gutxira. Kale lasaia, cul de sac zenez, trafikorik gabekoa, bizilagunena izan ezik. Zorte handia izan genuen etxe hura bost hilabeterako alokatu izana; izan ere, denbora laburregia alde batetik, bestaldetik, gazteak eta parrandazaleak ginenez, bekozkoz begiratzen ziguten alokatzaile gehienek; beraz,  loteria tokatu zitzaigula esan liteke.

Denboraldi hartan Joxeramon Lujanbio min hartuta zegoenez, Euskal Herrian geratu zen, ebakuntza egin behar ziotelako-edo. Sebastian Arruabarrena, Joakin Alkorta eta hirurok bizitzen jarri ginen elkarrekin. Lehendabiziko egunsentian damutu ginen etxe hura alokatu izana, ordu gutxi loak hartu gintuela, zarata ikaragarri bat, leherketa modukoa, sentitu genuen gure buruen gainean. Hegazkin istripuren bat edo, lehenengo burutazioa.

MacDill militar basetik goizero ateratzen ziren eskuadrilla desberdinak ariketak egitera, Phantom hegazkinak, gure etxeko teilatutik metro gutxira pasatzen ziren Mexikoko Golkoan barrena desagertu aurretik.      “Konponduta gaituk”, esan zuen Astigarragako Sebastianek.

“Luzitu gaituk aurten”, gehitu zuen Joakin mutrikuarrak.

Handik hiru egunera, MacDilleko, Estatu Batuetako eta NATOko bonbardatzaile guztiak gure etxeko teilatu gainetik pasatuko baziren, gu ez ginen jabetuko. Hogei urteko morroi axolagabeak ginen, legezaharreko pilotarien bizimodua eramanez, ordu txikietan oheratuz.

Akordatzen naiz, gure etxearen aurrean bizi baitzen. Cadillac beltza gidatzen zuen, traste zahar bat. Auskalo zein urtetakoa, Almorzak, Zaldiak, zeukana bezalakoa, baina askozaz zaharragoa. Telebistan serie bateko protagonistak, Cannon detektibeak, zeukan igualtsua.

Tipoa itsusia zen, aurpegia pikorrez beteta, bizar urdina apaindu gabekoa, betaurreko beltz lodi . Hasiera batean beldurra ematen zuen, Ogroa ezizena jarri genion. 60 urtetik gora izango zuen; agure zahar bat guretzat, oso zaharra.

Berak, begi onez ikusten gintuen, gustukoa zuen nonbait halako auzoak izatea, gazteak, zaratatsuak. Party bat antolatzen genuenean, etxe ataritik begira geratzen zen, ume baten legez izozki batera gonbidapenaren zain edo. Denboraldi hartan erosi nuen Honda 750 motozikleta, lau zilindrokoa. Inoiz motor bat gidatu gabekoa, ari nintzen goiz batean eginhalak egiten motorra mendean hartzeko. Hurbildu zitzaidan Ogroa esanez, nahiko gaztelera txukunean:

“Usted, tener más valor que El Cordobés”

Barrezka hasi ginen biok.

Trago bat  hartzera gonbidatu nuen.

“Vodka bat tonika bikoitzaz eta lima pittin batekin jartzen badidak, eskertuko nikek”…

“Limarik ez daukat”, esan nion.

“Entzun, gazte, gauean hire ohean lo lasai egin nahi baduk, hobe duk lima lortu. Aitzakiarik gabe, adiskide, ez baduk izan nahi arnasketa arazorik.

Ikaratu nintzen, eskerrak une horrretan azaldu zela Sebastian ohetik jaiki berria. Ogroa algaraka hasi zen.

I was jus kidding with your roommate”, (Hire lagunarekin txantxetan ari ninduan), esan zion Sebastiani gure bizilagunak.

Begi klisk batean hiruzpalau vodka hartu zituen segidan. Gazteleraz batzutan, ingelesez besteetan, Los Angelestik Tampara etorri berria zela alabari bisita egitera, eta, bide batez, Txolar Gorriaren… bila, hori da nik ulertu niona behinik behin, nire ingeles maila kaskarra baitzen. Idazlea omen, baina nik frakasatu eta zurrutero itxura harekin ez nuen pentsatu idazle profesionala zenik; ospetsua, seguruena ez. Dena dela, garai hartan Nobel saridun bat gure etxean azaldu izan balitz, guk ez genion jaramonik egingo. Guk beste asmo batzuekin bizi ginen.

Sekulako mozkorrak harrapatuz gain, bazen zerbait berezia Ogroarekin, noiznahi jende ezberdina, emakumeak batik bat, bisitatzen zutela. Tarteka berebiziko haserreak erakutsiz, bisitariak popatik hartzera bidaliz.

Eguerdi batez, ate joka norbait gure etxeko atarian. Sebastianek ireki zuen atea. Bi morroi, mafioso itxurakoak, kapela eta gabardinaz jantzita; halako janzkerak deigarri ziren Floridan. Handienak, armairu bat bezain zabala, galdezka, errusiar-edo abizeneko batengatik.

-Hemen gauza onik ez ziok”, esan zidan Sebasek.

Bost bat minutu geroago, gure etxe aurrean ziren. Eztabaidan hasi ziren bi gorila eta Ogroa. Halako batean, Ogroak, egundoko ukabilkada eman zion estomagoan armairua zirudien kankailuari. Denbora galdu gabe 45 kalibreko errebolberra jarri zion kopetan beste gorilari. Korrika atera ziren biak, Pontiac Lemans batean sartu eta gurpilei txinpartak atereaz, ihesari eman zioten, Ogroak oihu egiten zien bitartean:

“¡Ask the dust”…!

Guk, leihotik begira, ez genuen tutik ulertzen zer gertatzen ari zen.

Urte hartan erosi nuen Honda motozikleta eta igande goizetan Clearwaterko hondartzara joaten ginen Sebastian eta biok. Itzulerakoan Ogroa gonbidatzen genuen trago batzuk hartzera, gu noiz etorriko zain egoten baitzen. Zurruta eta zaldi lasterketak gustatzen zitzaizkion —beti zeraman soinean zaldi lasterketarako programaren bat—, eta emakumeak ere gustatzen zitzaizkion, jakina. Ez zen harritzekoa Dale Mabry etorbidetik pasatzen ginenean, Lamas Club aparkalekuan Ogroaren Cadillac-a ikustea, zurruta egitera eta emakumeen bila joaten baitzen. Jai-alai-a Tijuanatik ezagutzen zuen, ez zuen gustukoa frontoia baina, nahiago izaten zituen zaldi karrerak. Bere editoreak bidalitako txeke bat jaso bezain pronto Sarasotako hipodromora joaten zen apustuak egitera.

Denboraldi hartan Gillermoren bisita izan genuen. Gillermo zen zesta-puntak emandako pilotari handienetakoa, baita golfo handiena ere, beharbada. Ogroa eta Gillermo elkar ezagutu zirenean, berehala sortu zen bien artean kimika berezia, betidanik ezagunak izan balira bezala. Gillermok artean 66 urte zituen, hortxe-hortxe ibiliko zen Ogroa baita ere. Zaharrak guretzat, oso zaharrak.

Artean, gu ez ginen konturatzen Gillermoren garrantziaz, zenbaterainoko figura izandakoa zen jai-alai munduan. Gillermo Amutxastegi, Ondarroan jaioa 1910ean, hamabi urterekin Madrilen debuta egin, handik urtebetera Cienfuegos (Kuba) jokatu zuen. Hamabost urterekin Miamin zen jokatzen Hialeah pilotalekuan, Floridan eraikitako lehendabiziko frontoian; 1924an jaso baitzuten, hain justu. Gillermo oso gazte egin zen figura, atzelari onena. Kantxa barruan onena bazen, kantxatik at ere, fenomeno apartekoa izan zen, ausarta, bizimoduari zukua ateratzen zekiena. Hamabost urte zituela, Miamiko Byskaine pilotalekua hurakan batek suntsituta utzi ondoren, Gillermok ihes egin zuen New Yorkera joateko, Jack Smith gaizkilearekin gangsterraren ofizioa ikastera.

Amerikako Estatu Batuek eman badute Bukowski bezalako idazle lotsagabe, politikoki ez-zuzena, beste hainbeste esan dezaket Guillermori buruz, ausarta zen, lotsagabea, galtzailea, bere burua amildegira eramateko prest zegoen hura! Gillermo bat etortzen da Pio Barojaren irudikapenetik sortutako pertsonaiekin… Gillermoren bizitza, —Neuk! liburuan Pako Turrillas kazetari donostiarrak kontatua— abenturetako nobela sailean koka genezake. Hain da indartsua, hain sinestezina.

Gure harremana Guillermorekin guztiz arrunta izan zen, beste lankide batekin izango genuena. Bera ere, guretako bat sentitzen zen, erlojua geratuta baleuka bezala. Izan ere, pilotariok badugu zerbait amankomunean, garai ezberdinetakoak izan arren, solasaldi berdinak ditugu, harrokeria puntu berbera, festarako bera.

Gillermo eta Ogroa lagunak bilakatu ziren. Biak bakarrik gelditzen zirenean, ez dakit zertaz berba egiten zuten. Afaldu ostean, ordu txikitan banan-banan erretiratzen ginenean, han gelditzen ziren bi beteranoak, zurrutan, solasaldian, egunsentira arte. Beste galaxia batekoak ziren.

Tampako denboraldia bukatu eta batzuk Ocalara jokatzea joan ziren. Nik, urte hartan, Euskal Herrirako bidea hartu nuen, itsasoz, New Yorketik Cherbourg-era (Frantzia), Queen Elizabeth II trasatlantikoan, Sebastian, Etxeba eta Azkaraterekin batera, Hegoalde eta Iparraldeko frontoietan jokatzera.

Ogroa, Charles Bukowski, ez nuen gehiago ikusi. Ahaztuta nengoen berataz liburu bateko kontrazalean duela hilabete gutxi identifikatu nuen arte. Zeinek esango zidan, artean, Ogroa kultuko idazlea zenik, dirty realism-aren aitapontea. Zeinek esango zidan niri halakorik,1976ko denboraldian, Tampako Chapin kalean, hogei urte nituenean eta nire burutazioak beste leku batzuetan zeudenean.