Kontrakantxatik

Juan Ignazio Zulaika

Tag: Iñaki Elorza

Aizkolariak, pilotariak eta apaizak

Donostia, 2018ko apirilak 10.

Kirola lantegi krudela dela honezkero ikasi duzu, Jon. Lehenago edo geroago —lesioak alde batera utzita, kirolari baten minbizia baitira— gazi-gozoak agertzen dira kirolariaren ibilbidean. Horra hor, beharbada, kirolak epikatik duen handitasuna.

Karga handiko igandea izan zen atzokoa kirolari dagokionez: aizkolariak goizetik Tolosan (Gipuzkoa); pilotariak arratsaldez Bilbon (Bizkaia); eta golflariak gauean Augustan (Georgia); zu bizi zaren Floridatik gertu samar.

Denetara iristeko nahikoa lanak. Jainkoa izan behar horretarako, edo  Euskadi Irratiko Iñaki Elortza Txapas kazetaria. Gainerako hezur-haragizkook, irrati edo telebistaren ondoan izan behar gazi-gozoen berri izateko.

Aise irabazi zion 20 urte dituen Iker Vicente aizkolariak Arria V.ari. Ez dakit apustu honen berri izan duzun. 6.000 euro bana jarri zuten. Hiru hilabete prestatzen. Arria V.ak 40 urte ditu. Ezagutuko duzu seguruenik, EITBn agertzen da mendiko lasterketetan, atleta hutsa da azpeitiarra. Ordubete inguruan jo eta ke enborrak jardun eta  bukatu zuten euren lana, 2.000 zaleren aurrean, 40 euro bana ordaindu zutenak. 80.000 euroko poltsa bilduko zuten. Diru partitzea egingo zuten.

Bi apaizen arteko berriketa etorri zait burura, demaren emaitzaren ostean. Batek, Arria V.ak, dio. “Elizan bota den dirutik, billeteak jaso ohi ditut lehenbizi. Txanponak Jaunari uzten dizkiot”.

Beste apaizak, Vicentek, horrela erantzuten dio: “Ba, nik ez. Nik kolekta guztia goraka botatzen dut eta Jaunari esaten: Hartu behar duzuna. Eta lurrera erortzen dena jasotzen dut niretzat”.

Lehendabiziko apustua omen zuen Vicentek, eta gustatu zaiola irakurri diot gaurko egunkari batean. Ez da harritzekoa. Kirolaren alde gozoa dastatu zuen Otsagabiko (Nafarroa) gazteak.

Badakit, Jon, ikusi zenuela eskuz jokatu zuten Binakako finala. Partidua eskasa benetan. Sakanatik haizeak ekarritako erauntsiak birrindu egin zituen arerioen defentsak. Aitortu behar dizut nire pronostikoak txiki-txiki eginda geratu zirela. Elezkano II.a eta Rezustarengan konfiantza izugarria baineukan. Ez horrenbeste Ezkurdia eta Zabaletarekin. Nire kontsolamendua da Jokin Etxanizek, Aspeko guruak, aurreko egunetan egindako adierazpenetan, ez zuela ere espero halako deskalabrurik.

Txapelketan zehar Rezustaren bilakaera ikusita —maldan behera gero eta okerrago jardun baitu— ekarri dit gogora nik Tampako (Florida) pilotalekuan; Miamikoen kontra jokatu nuen torneo bat. Hasi, ikaragarri ondo hasi ginen. Bost partidatara play-offa, bikote onenak eskuratzen zuen txapela. Lehenbizikoa ondo irabazi genuen; bigarrena berriz, Miamin, irabazten joan eta gero galdu egin genuen. Hirugarren neurketa etxean, Tampan, jokatu beharrekoa, aise galdu genuen. Bukaeran, hurbiltzen zait sasi-filosofoa zen Txasio II.a eta esaten dit. “Andaluziar zaldi baten irteera izan duzue; bukaera, aldiz, Mantxako asto batena!”

Zaldiez ari naizela, bete ipuin bat etorri zait gogora. Elezkano II.a eta Rezustaren ibilbidea ikusita txapelketan zehar. Hemen ere, apaizak protagonistak.

Zaldia erosi nahi du apaizak (Rezustak). Saltzaileak zaldiaren ohiturak argitzen dizkio: “Jainkoari eskerrak” esatean, arrapaladan, korrika bizian, abiatzen da, eta “Amen” esandakoan seko gelditzen da.

Hala, erosten du zaldi hori apezak (Rezustak). Eta abiatu da. Arrapaladan, (partidu guztiak irabaziz). Bat-batean ordea, (finalerdietan, 17 eta 21 atzetik joan ostean) konturatzen da amildegia daukala aurrean, baina hitzak ahaztu egin zaizkio eta erreguka hasten da. Otoitza amaitzean, esaten du “Amen” eta zaldia gelditu egiten zaio. (21 eta 22 irabaziz sailkatu ziren Elezkano II.a eta Rezusta).

Amildegiaren ertz-ertzean baina bizirik! Sailkatuta. Esker  ona adierazteko unea, azken finean finalera iritsi baitira eta ailegatu da eguna. “Jainkoari eskerrak” ematen dizkio… Ondorena ezagutzen duzu…

Aste ona izan! Jon.

Maria Luisa Orbegozo: 81 urteko botilleroa

Donostia, 2018ko martxoak 26.

Kaixo Jon. Doi-doi baretu zaizkit bihotz taupadak. Gasteizko (Araba) Ogeta pilota-lekuan partida bukatu berria. Tanto baten aldearekin irabazi dute Elezkano II.ak eta Rezustak, markagailuan 18 eta 21 atzetik joan eta gero. Irabazi beharra zuten, galduz gero finaletik kanpo geratzen zirelako. Bukaera emozioz gainezkakoa izan da, asko baitzegoen jokoan. Altuna II.ak eta Martijak irabazi bazuten Olaizola II.a eta Imaz izango ziren finalean. Atera kontuak. Tanto bakar batek zer suposatzen zuen.

Seguru nago Maria Luisak ere nerbioetatik bukatu duela. Altunaren zalea baita. Oro har, gaurko eguna  bete-betea izan da Maria Luisa Orbegozorentzat. Goizean, Eibarko Astelena pilota-lekuan botillero lanetan aritu da; eta arratsaldean, astebururo bezala, telebistaren aurrean pilota partida ikusteko prest, ogitartekoa eta baso-erdi bat ardo aurrean dituela.

Baina zein da delako Maria Luisa hau, galdetzen ariko zara honezkero. Bada, esango dizut. 81 urte ditu eta esan liteke bere bizi guztia pilotarekin lotuta eman duela, Azpeitiko Elosiaga auzoan jaiotako emakume honek.

Aitona eskuzko pilotaria zuen. Senarra, Iñazio, ospe handiko Txikuri eskuzko pilotaria. Bi semeak, Aitor eta Jagoba, pilotariak baita ere. Lehena, erremontean aritutakoa, profesionaletan. Bigarrena, Jagoba, palaz lehendabizi, zesta-puntaz gero, Bartzelonan eta Hartforden (USA) aritutakoa. Azken hau, Jon, ezagutzen duzu, nire laguna baita. Koinatuak, Iñazioren anaiak, puntistak izandako Pedro eta Santi, Mexikon bizi direnak. Bai, honezkero jabetu zara nortaz ari naizen: Txikuritar pilotarien sagaz oparoaz: eskuz, palaz, erremonte eta zesta-puntaz jokatu duten pilotariez.

Maria Luisa Orbegozok 33 urte eman zituen Donostiako Anoeta auzoan zegoen trinketean, kantxero lanetan. Jagoba bertan jaio omen zen, geneak pilotariarenak bazituen, inguruak lagunduko zioten. Pilota burukoaren azpian gordeta lo egiten omen zuen Jagobak. Bi umeak eskolan zirela, Maria Luisa squashen jokatzen aritzen zen…

Kontu ugari esan zizkion lehengo batean Maria Luisak Iñaki Elorza kazetariari, Euskadi Irratiko Katedra saioan. Bitxi da, Jon. Maria Luisa bizi guztia pilotarekin harremanetan, eta zer dela eta, orain dela gutxi bere iloba Oihana Orbegozok, Emakumeen Master Cupen eskuz jokatzen ari denak, botillero lanak egiteko eskatu zion. Maria Luisa, lehenengo harrituta, lotsatuta gero. Semeek animatu zuten. Jagobak esan omen zion: “aitak zenak ikusiko bazintu”… Ameriketatik ere animatu omen zion koinata batek. “Har ezazu orujo kopatxo bat kantxara irten aurretik”… Izan ere, garai bateko kontuak dira, botilleroek pattar kopatxo bat izaten zutela aldamenean, behar izanez gero.

Gasteizko gaurko partidan ez dira botilleroak izan, pilotariak enpresa berekoak zirelako. Bestela Elezkanok beharko zuen pattar pixka bat kantxara atera aurretik. Amaieran egindako adierazpenetan aitortu duenez, zeharo lotuta atera da.

Maria Luisak pilota maite du. Baita jarraitu ere. Larunbatero eta igandero, baso-erdi bat eta ogitartekoa aurrean, eroso jartzen da telebistaren aurrean. Irujoren zale sutsua da Maria Luisa. Tantua galdu arren eta berebizikoak esan ostean, berriro ekiten zion jokoari Irujok; amorrazioz. Horixe gustatzen zitzaion Maria Luisari.

Horixe aholkatzen dio Maria Luisak Oihanari ilobari. Ez etortzeko behera. Tantua galdu arren, amorrazioz berrekiteko jokoari; Irujok egiten zuen bezala.

Promoziozko finala jokatu du gaur Oihana Orbegozok Alaitz Badiolarekin, Eibarko Astelena pilota-lekuan. Tanto gutxi batzuk ikusteko aukera izan dut. Harmailak gainezka, sekulako giroa. Iruditu zait Maria Luisaren irudia ikustea kontrakantxan, kolore biziak soinean.

22 eta 20 galdu dute 81 urteko botilleroaren neskek. Gutxiena da. Pilotak irabazi du, emakumearen pilotak. Hamaika ikusteko jaioak gara eta Maria Luisaren senideek gauza bera pentsatuko zuten. Mexikon eta Euskal Herrian. Txikuritarren saga luzea eta oparoa baita.

Aste on!

© 2019 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer