Egile ezagun askoren liburuak izango dira Durangoko Azokan

Jon Alonso, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Tere Irastortza, Anjel Lertxundi, Xabier Montoia, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandia daude udazken honetan helduen literaturako liburuak kaleratu dituzten edo kaleratuko dituzten idazleen artean, eta Bernardo Atxagak eta Mariasun Landak haur literaturako liburu bana kaleratuko dute.

Aurki kaleratuko dugu Berrian zerrenda komentatua. Hona hemen, oraindik guztiz osatu gabea, udazkeneko liburuen zerrenda:

Eleberriak: Alaine Agirre, X hil da (Elkar); Jon Alonso, Hiri hondakin solidoak (Txalaparta); Jon Arretxe, Estolda-jolasak (Erein); Gotzon Barandiaran, Gidariaren okerra (Susa); Itxaro Borda, Ultimes déchets (Maiatz); Fernando Morillo, Mata-Hari, argiak eta ilunak, Gaumin; Karlos Gorrindo, Ezpainak arrainak bezala (Erein); Jasone Osoro, 12etan bermuta (Elkar); Iñaki Petxarroman, Kearen fiordoa (Elkar); Ramon Saizarbitoria, Lili eta biok (Erein); Bea Salaberri, Baionak ez daki (Susa); Patxi Zubizarreta, Laranja bat zaborretan (Elkar).

Narrazio liburuak: Leire Arano, Betiko atzo? (Ibaizabal); Agustin Arrieta, Irlak (Erein); Askoren artean, Gabriel Aresti ipuin lehiaketa XXX-XXXI (Erein); Harkaitz Cano, Beti oporretan (Susa); Xabier Montoia, Hondamendia (Elkar); Andoni Urzelai, Karanbola toxikoak (Susa); Jose Antonio Gesalaga Zaldubi, Zaldubiren ipuiak, Pasionporloslibros.

Poesia: Jean-Louis Davant, Bidean kantalotsez (Maiatz); Aintzane Galardi, Mendafin usaineko iluntzeak (Erein); Juan Kruz Igerabide, Emeki setiaturik (Erein); Tere Irastortza, Mundua betetzen zenuten (Pamiela); Jose Angel Irigarai, Izendatzearen menturan (Pamiela); Karmele Jaio, Orain hilak ditugu (Elkar); Goizalde Landabaso, Babeserako kopia (Elkar); Xabier Soubelet, Elektroxok (Maiatz).

Komikia: Patxi Huarte Zaldi Eroa, De Rerum natura 6 (Elkar); Gregorio Muro / Fructuoso, Justin Hiriart (Erein).

Saiakera, kazetaritza eta beste: Eduardo Apodaka, Identitatea eta anomalia (Pamiela); Askoren artean, Gazteok Perikorekin hizketan, Txalaparta; Askoren artean, Independentzia helburu, Txalaparta; Askoren artean, Orratzak baino hariak luzeago behar du izan. Legorreta. Oroimen historikoa (Utriusque Vasconiae); Pruden Gartzia, Nafarroako auziaz (Elkar); Eñaut Etxamendi, Euskera Erderak, Erkaketa saioa (Maiatz); Hedoi Etxarte, Wagner auziaz. Wangermée, Clément, Žižek, Badiou (Jakin)Joxemari Iriondo, Arizterrazu mandioko (azken) erromeria (Trikitixa Elkartea); Paulo Iztueta / Jokin Apalategi, Euskal pentsamendu berritzailearen sorrerak. Zabal. Testu hautatuak (Utriusque Vasconiae); Paulo Iztueta, Zabal-en isuria (1973-1976) ezker abertzalea paradigma berrien aurrean (Utriusque Vasconiae); Jurgi Kintana, Azkue. Bilbotar ezezaguna (Erein); Xabier Landabidea Urresti, Euskaldunok eta Telebista XXI. mende hasieran (Eusko Jaurlaritza); Anjel Lertxundi, Zu (Erein); Imanol Murua Uria, Ekarri armak (Elkar); Txomin Peillen, Nina Waita. Arupu baten itzalean (Utriusque Vasconiae); Patziku Perurena, Hilen xarma (Elkar); Fito Rodriguez, Egunero egun ero (Utriusque Vasconiae); Patxi Salaberri, Arabako Toponimia Nagusia (Euskaltzaindia); Jon Sarasua, Bost truke. Lankidetza linguistikoaren bideetako jasokinak (Pamiela); Joseba Sarrionandia, [izenburua zehaztu gabe] (Pamiela); Pablo Sastre, Errekuperatzaileak (Elkar); Mikel Zalbide / Lionel Joly / Nikolas Gardner, Euskararen historia sozaiala lantzeko eredu metodologikoa (Euskaltzaindia).

Bertso liburuak: Askoren artean, Bapatean 2014 (Bertsolzale Elkartea).

Haur eta gazte literatura: Uxue Alberdi / Maite Gurrutxaga, Besarkada (Elkar); Uxue Alberdi, Lur beldur (Denonartean); Uxue Alberdi / Patxi Pelaez, Lur eta Amets. Baiona ttipiko piratak (Elkar); Uxue Alberdi / Patxi Pelaez, Lur eta Amets. Gurarien harria (Elkar); Uxue Alberdi / Patxi Pelaez, Lur eta Amets. Haizeak eraman zuen mapa (Elkar); Uxue Alberdi / Patxi Pelaez, Lur eta Amets. Laurogei amonen altxorra (Elkar); Uxue Alberdi / Patxi Pelaez, Lur eta Amets. Memoriaren ehiza (Elkar); Uxue Alberdi / Julen Tokero, Marimotots bakarrik (Elkar); Uxue Alberdi / Julen Tokero, Pirritx maiteminduta (Elkar); Uxue Alberdi / Julen Tokero, Porrotx lagun artean (Elkar); Uxue Alberdi / Julen Tokero, Pupu eta Lore jeloskor (Elkar); Aitziber Alonso, Nik ere nahiko nuke mango bat (Denonartean); Miren Amuriza / Julen Tokero, Patata, patata! (Elkar); Askoren artean, Lur eta Amets. Euskal Herriaren historia (Elkar); Pello Añorga / Jokin Mitxelena, Olentzero eta Mari Domingi (Elkar); Aitor Arana, Ijitoen altxorra (Ibaizabal); Aitor Arana, Ilargiko zaindariak (Ibaizabal); Leire Arano, Begiak itxita hegan (Ibaizabal); Txabi Arnal, Izarra eta astoa (Ibaizabal); Pako Aristi, Armiarma txiki baten epopeia handia (Erein); Bernardo Atxaga, Xola eta lapurrak (Erein); Arrate Egaña / Amaia Arrazola, Patioan (Elkar); Unai Elorriaga / Belatz, 107 kiwi (Elkar); Unai Elorriaga / Patxi Pelaez, Lur eta Amets. Atzaparra zubian (Elkar); Xabier Etxeberria, Eman Amore (Elkar); Fermin Etxegoien, Urpekariak (Erein); Oihane Fernandez, Nahla (Ibaizabal); Onintze Goitiz, Amaia udalekuetan (Gaumin); Isabel Gonzalez, Gaiztoaren zaldia (Denonartean); Antton Kazabon, Beñaten eskutitzak (Ibaizabal); Antton Kazabon, Makal sendoak (Denonartean); Mariasun Landa, Orein bihurtu zen neska (Erein); Jon Maia / Julen Tokero, Txo (Elkar); Laida Martinez, Zomorroen kluba (Erein); Miren Agur Meabe, Ros (Erein); Xabier Mendiguren Elizegi / Alex Orbe, Hiru sopranoak (Elkar); Xabier Mendiguren Elizegi / Eider Eibar, Puzkertin (Elkar); Fernando Morillo, Kai, txakur bidaiaria (Gaumin); Fernando Morillo, Maddi eta euskal sorginak (Gaumin); Jesus Mari Olaizola Txiliku, Sendagaia (Elkar); Esti Vivanco / Joseba Larratxe Josevisky, Eireren egunerokoa (Elkar); Iñaki Zubeldia, Martetarrak Zarautzen (Ibaizabal).

Itzulpenak: Paul Auster, Neguko egunerokoa (Txalaparta, itz.: Oskar Arana); Ingeborg Bachmann, Munduko Poesia Kaierak. Poema antologia (Susa, itz.: Nagore Tolosa); Eduardo Blanco-Amor, Parranda (Igela, itz.: Ramon Etxezarreta); (Bill Douglass, Bizi ondorengo heriotza. Nevadako kontakizuna (Pamiela, itz.: Antton Garikano); Annie Ernaux, Begira argiei, maitea (Igela, itz.: Xabier Aranburu); David Foster Wallace, Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (Pasazaite, itz.: Danele Sarriugarte); Michel Houellebecq, Sumisioa (Meettok, itz.: Gerardo Markuleta); James Joyce, Ulises (Igela, itz.: Xabier Olarra); Patrick Modiano, Dora Bruder (Igela, itz.: Monika Etxebarria); Eugenio Montale, Munduko Poesia Kaierak. Poema antologia (Susa, itz.: Anjel Lertxundi); Jorge de Sena, Munduko Poesia Kaierak. Poema antologia (Susa, itz.: Rikardo Arregi Diaz de Heredia); Sjón, Argoren ezpala (Pasazaite, itz.: Juan Mari Mendizabal); Laurence Stern, Bidaia sentimentala (Elkar, itz.: Josu Barambones); Sureau, Zurrunbidea (Utriusque Vasconiae, itz.: Maite Berrogain eta Jokin Apalategi); Virginia Woolf, Farorantz (Elkar, itz.: Anton Garikano).

Haur eta gazte literaturako itzulpenak: Fernando M. Cimadevilla, Basilius Hoffmanen mundu sekretua. Amets-lapurra (Sushi Books, itz,: Garbiñe Ugarte Grazianteparaluzeta); Max Ducos, Aingeru galduaren bila (Ikas, itz.: Maritxu Riviere / Ikas); Lyman Frank Baum, Oz-eko azti harrigarria (Denonartean, itz.: Juan Kruz Igerabide); Patrick Modiano, Catherine (Erein, itz.: Juan Luis Zabala); Jules Verne, Kazetari amerikar baten egunkaria 2889an (Denoartean, itz.: Iker Serrano); Helena Vilar Janeiro, Eduaren koadernoa (Sushi Books, itz.: Garbiñe Ugarte Grazianteparaluzeta).

 

 

 

 

Elefante bat pasilloan

Durangoko Azokatik etxera ekarritako oroitzapenetan Bernardo Atxagari zor diodan bat nagusitzen da: elefante bat pasilloan.

Gogoetaren Plazako bere solasaldian, Atxagak esan zuen euskal kultura “gailendu” dela, baduela dagoeneko errealitate sozial sendo eta ukaezin bat, baina oraindik ere badirela “tentsioak”, eta badirela begien bistakoa dena ikusten ez dutenak edo ukatzen dutenak.

Euskal kultura, Atxagaren ikuspuntu horretatik begiratuta, “elefante bat pasilloan” da. Elefante  bat dago pasilloan, eta galdetzen duzu: “Ikusten duzu elefantea pasilloan?” Eta esaten dizute: “Ez”.

Ondo islatzen du horrek Durangoko Azokan murgildu ostean etxera itzultzean sentitzen dena. Irteten zara handik, esku muturrekin ukitu eta laztandu ahal izan duzun elefantearen ondo-ondotik, eta pixka bat urruntzea aski duzu jabetzeko zein ikusezina den zuri hain handia iruditu zaizun elefante hori.

Augusto Monterrosoren dinosauroa gogoan, ipuin hau idatz zitekeen atzo, edo idatz daiteke gaur: “Durangoko Azokako pasilloetatik irten zenean, ez zen elefanterik inondik ere ageri”.

Ni ez naiz hemen egon

“Jende asko gaur Durangon, ezta?”

“Jende asko? Ba… bai, bai… Hala uste dut. Baina, egia esan, gaur ez diot asko erreparatu horri, eta denborarik gehiena azokari eta jendeari bizkarra emanda egon naiz, ordenagailuaren aurrean, teklei ohiko tratu txarra ematen”.

Batzuetan Durangoko Azokara lanera etortzea izaten da Durangoko Azokan ez egoteko modurik seguruena.

Kanonaren harkaitza

Euskaraz idazten du, inoiz ez beste hizkuntza batean; ez euskalkian, batuan baizik; eta abertzaletasunaren ingurukoa da ideologikoki. Horrelatsu definitu zuen euskal idazlearen gaur egungo kanona, ez hitz horiekin zehazki baina bai gutxi gorabehera, Luis Haranburu Altunak atzo, ETB1ean, Xabier Usabiagak gidatutako euskal kulturari eta Durangoko Azokari buruzko debatean. Gero beste hiru ezaugarri gehitu zizkion kanonari Laura Mintegik, eta Luis Haranburu Altunak esker onez hartu zituen: gizonezkoa da; erdigunekoa da, ez periferiakoa; eta ez dago politikoki markatuta.

“Ez dakit kanona, baina Cano bai ondo definitu dutela”, pentsatu nuen neure artean.

Argi dago, ordea, Harkaitz Cano ez dela kanonikoa soilik ezaugarri horiek betetzeagatik, eta nik uste dut (hau eztabaidagarriagoa den arren) kanonikoak direla ezaugarri horiek betetzen dituzten idazle batzuk, idazle asko. Egin liteke azterketa bat, antologiak, sari nagusiak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako bidaietako idazleen zerrendak errepasatuz, eta aztertuz haietako zenbatek huts egiten duten Haranburu Altunak eta Mintegik aipatutako ezaugarrietan, eta zenbat bider bakoitzak. Baina orain ez dut astirik horretarako.

Bien bitartean, aitorturik ere litekeena dela ezaugarri horiek guztiak, bakoitza bere neurrian, lagungarriak izan daitezkeela (eta ez luketela izan behar), nik ez dut hain itxia ikusten euskal literaturaren kanona, ez zait hain harkaitz gotorra iruditzen.

Hasi da festa

Hau baldin bada 49.a, zer izango ote da 50.a? Jendez beteta daude dagoeneko Landakoko barne-kaleak. Gaztetxoak dira nagusi, eta interes gehiago dute diskoetan liburuetan baino. Antolatzaileak urduri, baina gustura ikusten dira, dena ondo hasi delako, edo behintzat espero zen bezala, nahigabeko ezustekorik gabe. “Zein izango dira aurten salduenak?”, galdetu dit lagun batek, hemen topo egitean. Galdera zaila, ondo erantzun nahi bada, edo erraza halamoduz erantzuteko aukera izanez gero. Bigarren aukerari eutsiz, liburuetan behintzat, nik uste dut Toti Martinez de Lezea izango dela nagusi, eta seguru asko gaztelaniazko bertsioan. Hortik aurrera, ez dakit ba… Dolores Redondo akaso? Eta gero bai, gero euskaraz idazten dutenak: Atxaga, Elorriaga, Urretabizkaia, Rozas, Aristi, Sarrionandia, Otamendi… Diskoetan, berriz, seguru nago Ordorikarena hona etorriko diren gehienen zerrendetan izango dela. Dena den, ez dugu datu zehatzik izango, eta denoi ere berdin izango zaigu, hau ez baita lehiaketa bat, azoka bat baizik, eta azokaren inguruan festa bat, bakoitzak bere moduan bizi duena.

Modianoren pasarte hautatu batzuk

Jokin Zaitegi beka eman ezinik geratu zen iaz AED, Kutxa Fundazioak horretarako ematen zion diru-laguntza bertan behera utzi eta gero. Beka horren bidez Nobel saria irabazi zuen idazlearen liburu baten euskarazko itzulpena sustatzen zen. Dena den, Modianoren kasuan, badira bi liburu eskarara itzulita (Udaberri alua, Pello Lizarraldek itzuli eta Igelak 2008an argitaratua; eta Villa Triste, Joseba Urteagak itzuli eta Igelak 2011n argitaratua). Hemen Modianoren hainbat liburutako pasarte hautatuak paratu ditut, euskaraz:

Livret de famille (1977)

“Besoetan neraman alabatxoa. Lo zegoen, bere burua nire sorbaldan atsedenduta, Deusek ez zion loa galarazten. Ez zuen, artean, memoriarik”. (Anjel Lertxundiren itzulpena, 2014-10-10eko Berria-n)

Vestiaire de l’enfance (1989)

“Bizirik irtendako pertsonen iraupenaren gaia da, iraganean galdutakoak egun batean berraurkitzeko itxaropenarena”.

“Urteekin hazten ari zen zama batez arintzeko erbesteratu naiz hona, eta nire liburuetan adierazten saiatzen nintzen erruduntasun batez. Zeren errudun? Bolada luze batean amets bera izan nuen askotan: gau batez, auto bat hondoratzen zen Marne ibaiaren uretan. Nik doi-doi lortua nuen onik irtetea, nirekin zegoen pertsona abandonatuta. Ibaiertzeko pontoi batean geldirik, auto hura poliki-poliki uretan nola murgiltzen zen begiratzen nuen, zirkinik egin gabe. Gaur egun ez dut ametsik egiten”.

Dimanches d’Août (1989)

“Gaua epela zen. Alsazia-Lorenako parkeraino paseatuz joan eta banku batean eseri nintzen, zabuen eta hondarrezko laukiaren atzean. Maite dut leku hau larizio-pinuengatik eta zeruaren aurka hain garbi ebakitzen diren eraikinengatik. Arratsalde batzuetan hona etortzen nintzen Sylviarekin esertzera. Seguru sentitzen ginen beren haur txikiei adi zeuden ama haien guztien artean. Inori ez zitzaion bururatuko gure bila parke hartara etortzerik. Eta jendea, gure inguruan, ez zen gutaz arduratzen. Guk ere, azken batean, izan genitzakeen txirristan behera labaintzen ari ziren haurrak, edo hareazko gazteluak egiten ari zirenak”.

“Uda hartan bero handia izan zen eta ziur ginen han ez gintuela inork aurkituko. Arratsaldean lubeta zeharkatu eta jendetzarik handiena biltzen zuen hondartza zatia bilatzen genuen. Orduan hondartzara jaisten ginen geure bainu oihalen gainean etzateko tarte libre bat aurkitu arte. Inoiz ez gara une haietan bezain zoriontsu izan, “Ambre Solaire” usaineko jendetza tartean galduak. Umeek, gure inguruan, beren hondarrezko gazteluak eraikitzen zituzten eta saltzaile ibiltariak gorputz etzanen gainean pasatzen ziren beren izozkiak eskainiz. Mundu guztia bezalakoak ginen, ezerk ez gintuen besteengandik bereizten, abuztuko igande haietan”.

Chien de printemps, 1993

“Jardin horretan desagertu behar nuen. Bazko asteleheneko jendetzaren artean. Memoria galtzen ari nintzen eta ez nuen jada oso ongi ulertzen frantsesa, nire ondoko emakume haien hitzak onomatopeiak baino ez baitziren nire belarrietan. Azken hogeita hamar urteetan egin nituen ahaleginak lanbide batean jarduteko, nire bizitzari koherentzia emateko, hizkuntza bat ahalik eta hobekien hitz egiteko eta idazteko nire nazionalitateaz erabat ziur egon nendin, tentsio hura guztia desegina zen bat-batean. Kito. Jada ez nintzen deus. Handik gutxira jardinetik aterako nintzen metro geltoki baterantz, eta hortik tren geltoki batera eta gero portu batera. Burdinazko hesiak itxitakoan, niretik nik neraman zira baino ez zen geratuko, bola bat eginik, jarleku baten gainean”. (Pello Lizarralderen itzulpena, Udaberri alua itzulpenean, Igela, 2008)

Dora Bruder (1997)

“Orduko Parisen eta gaurkoaren artean lotura bat ezartzen duen bakarra izateko irudipena daukat, xehetasun txiki hauetaz oroitzen den bakarra. Batzuetan lotura hori mehetu egiten da ia-ia eteteraino; baina zenbait gautan atzoko hiria isla isiletan agertzen zait gaurkoaren atzean”.

“Bat-batean ulertu nuen Okupazioaren garaiko ikusleen begiradek kutsatuta zegoela pelikula hura: klase guztietako ikusleak, gerratik bizirik irten ez zirenak haietako asko. Ezezagunerantz eraman zituzten arrastaka, menia bat baino izan ez zen larunbat gau batez filma ikusi eta gero. Gerra eta kanpoko mehatxua ahaztu egiten ziren emanaldiak irauten zuen bitartean. Elkarren aurka estutzen ziren aretoaren iluntasunean, pantailako irudien olatuari jarraituz, eta orduan ja ezin zen ezer gertatu. Eta begirada haiek guztiek, prozesu kimiko moduko baten bidez, pelikularen mamia bera eraldatua zuten, argia, aktoreen ahotsak. Horixe da Premier rendez-vous filmeko irudi itxuraz garrantzirik gabekoei begira, Dora Bruderrengan pentsatuz, sentitu nuena”.

“Badira betiko oharkabean geratuko diren kasualitate, topateka eta bateratzeak”.

Addenda. Elkarrizketa batetik

“Ez da Okupazio historikoa nire lehen hiru nobeletan deskribatzen dudana, nire jatorrien argi zalantzazkoa da. Dena kordokatzen deneko eta dena behera datorreneko giro hori”.

 

Zintzoak eta gaiztoak

1980eko erdialdea da, eta Nick (Josh Hutcherson) surflari happy kanadiarra Kolonbiako kostaldeko herrixka paradisiako batera helduko da, han janari eta edari salmenta negozio txiki bat dauka-eta Dylan anaiak. Nick gaztea Mariaz (Claudia Traisac) maiteminduko da, eta laster ikusiko du neskaren osaba mitinero bat dela; herri txiroari itxaropena promesten dion gizona populista dela; Pablo Escobar (Benicio del Toro) Medellingo droga kartel boteretsuaren (Kolonbia) buru ahalguztiduna dela.

Pablo Escobar existitu zen; munduko trafikatzailerik ospetsuena izan zen; baina istorioa fikzionatua da. Andrea Di Stefano filmaren egileak (bere estreinako lana da) adierazi du Escobarrez eta garai hartaz ezagutza handia zuen konfiantzazko iturri batek kontatukoen arabera osatu duela fikzioa.

Hasieran nahiko ondo moldatzen da Nick Escobarren rantxoan. Capo-a ongi portatzen da harekin, eta gainera lana ematen dio piszina garbitzaile gisa. Familiakoak ere maitasunez tratatzen ditu narkoak. Pixkanak gauza arraroak ikusten eta entzuten hasiko da, ordea, eta bere maitearen osaba parte onekoa ez dela iritzita, rantxotik alde egitea iradokiko dio Mariari. Hala gertatuko da.

Handik urte batzuetara, jada Escobar politikaria denean (baina ez dio trafikatzailea izateari utzi) , mesede bat eskatuko dio Nicki. Behartuta lagunduko dio surflari ohiak; Escobarrek, baina, edonon ikusten ditu mamuak… Eta horietako bat da Nick. Dylan anaiak, gainera, Kolonbian jarraitzen du…

Suspentsezko trama bat osatu du Di Stefanok, baina pertsonaiak zintzoen eta gaiztoen artean banatu ditu, eta horrek entitatatea kentzen dio azken emaitzari. Del Toro, betiko moduan, maila onean.

 

 

Iñigo Iruinen argibideak ‘Lasa eta Zabala’-ren estreinaldiaren ondoren

Pablo Maloren Lasa eta Zabala-ren estreinaldiaren ondoren, Iñigo Iruin abokatuari filmari buruzko iritzia emateko eskatu genion atzo, politikaren eta kulturaren munduko beste hainbat pertsona ezaguni bezala. Espazio faltaz, oso laburtuta argitaratu ditugu paperean Iruinen hitzak. Hona hemen, hitz horien transkripzio zabalago bat:

Filmaz:

“Egin behar zen pelikula bat da, historiako pasarte garrantzitsu bat, pantailara derrigorrez eraman behar zena. Pelikula gogorra da, baina ondo adierazten du gertatutakoa. Gertaera gogorra izan zen eta krudeltasun hori agertzen da, eta horrez gain oso modu egokian azaltzen du klabeetako bat: Lasa eta Zabalari gertatutakoa estatu terrorismoa dela. Ez zen soilik mertzenarioen terrorismoa. Estatua inplikatuta zegoen. Estatu terrorismoa zer den eta noraino iritsi zen erakusten du filmak”.

Benetan gertatu ez zirenez:

“Batetik, ez da egia bonba-pakete batek nire laguntzailea hil zuenik. Egia da bonba-pakete bat bidali zutela ni hiltzeko asmotan, baina zorionez ez zuen eztanda egin. Guardia zibilek, damututa, paketea neutralizatu zuten destinora heldu aurretik, garai berean bidalitako beste pakete batek postari bat hil eta gero. Hori gainera beste une batean gertatu zen, 1989an, eta ez, filmean bezala, 1995ean.

”Bestetik, nik ez nion zerbitzari bati gogoratzen ez zuen zerbait gogoratzen zuela esateko eskatu. Egia da Costa Vasca hotelean afaldu zutela Rafael Verak, Enrique Rodriguez Galindok eta Julen Elorriagak, eta bitartekari baten bidez bi zerbitzarien lekukotasuna jasotzen saiatu nintzela. Baina hasieratik esan zuten ez zutela deklaraziorik egin nahi. Arriskutsua iruditzen zitzaien, hotelaren jabea eta Vera lagunak zirelako. Nik ez nuen harreman zuzenik izan zerbitzari haiekin. Hortik tiraka gidoiaren egitura dramatikoaren mesedetan asmatu dute gainerako guztia.

”Egia esan, ez dira parte horiek gehien gustatzen zaizkidanak, ez dira gozoki bat niretzako, baina onartzen dut fikzioaren beharrei erantzun dietela hori horrela eginda. Orokorrean txalotu egin behar da Pablo Malok, Unax Ugaldek eta gainerako aktoreek eta talde osoak egindako lana. Gertutik jarraitu dut filmaketa, pasarte batzuk nire bulegotik gertu filmatu direlako, eta badakit aktore batzuei ere oso gogorra egin zaiela pelikulak kontatzen duena”.

 

Askatasun egarri baten atzetik

Bande de filles (Perlak)

Ibaiak itsasoa bezala bilatzen du Mariemek askatasuna, nahi duena egiteko aukera izatea inoren menpeko izan gabe. Badaki bide horretan sortuko zaizkion oztopoei aurre egiteak nahigabe eta arazo asko ekarriko dizkiola, baina prest dago aurrera egiteko. Ez daki, edo ez du adierazten behintzat, zer nahi duen benetan, zein den bere ametsa. Baina argi du zer ez duen nahi, ezingo lukeela jasan bere burua amarenaren gisako bizimodu apal eta menpekora kondenatuta dagoela jakitea.

Mariemeri jarraituz hainbat jende eta giro ezagutuko ditu ikusleak, arrotzak alderdi batzuetatik baina oso gertukoak, ia etxekoak, beste askotatik. Tonu nagusia tristea eta iluna bada ere, badira une alai eta distirantak ere, bandako lau neskak, dena emanda, Rihannaren Diamonds kantatzen eta dantzatzen dutenekoa, adibidez.

Eskertzen zaio Celine Sciamma zuzendariari Paris inguruko banlieu-etako alderdi basatian paseotxo bat egiteko aukera atsegin hau.

 

bande-de-filles-girlhood-22-10-2014-4-g.

Dokumentuaren balioa

Lasa eta Zabala (Sail Ofiziala, lehiatik kanpo)

Estreinatu dute Lasa eta Zabala pelikula, eta esan daiteke Pablo Malo pelikularen zuzendaria onik atera dela. Lanak badauka-eta balioa garai gatazkatsu, biolento eta ilun baten dokumentu gisa; GALek Espainiako Gobernuaren bultzada eta baimenarekin abiarazitako Gerra Zikina ondo esplikatzen duelako; eta kontaketak, sekuentzia jakin batzuek, batez ere, berea inpaktatzen dutelako. Joxean Lasa eta Joxi Zabalak jasan zituzten torturen eszenetan kontuan hartzeko lana egin dute Jon Anza eta Cristian Merchan aktoreek.

Filma osatzeko Lasa eta Zabalaren hilketa eta desagerpenari buruzko sumarioari tira egingo ziola agindu zuen Malok, eta horrek hezurmamitzen du narrazioa. Beraz, Iñigo Iruin abokatuak (Unax Ugaldek jokatu du haren rola) kasua argitzeko ahaleginean frogak biltzen eta epaiketan egindako lanak pisu handia dauka pelikulan. Vaquero, Dorado, Bayo, Galindo eta Migueliz guardia zibilek jokatutako paper beldugarria ere ondo esplikatzen du Malok.

Baionan ETAko errefuxiatuak 80ko hamarkadaren hasieran bizi zuten giroa azaltzen du lanak aurreneko sekuentzietan. Kontaketa kronologikoa egiten du gero, flashback-ak zentzuz erabiliz eta Joanes Urkixok idatzitako gidoiak tensioari uneoro eustea ahalbidetzen du. Bainaren bat jartzekotan, agian pertsonaia gehiagi azaltzen dira, eta horietako ia inoren erretratu psikologikorik egiten ez denez, ez da erraza haiekin erabat enpatizatzea.

Jim Sheridanek eta Ken Loachek Irlandako gatazkaz egin dituzten filmak hartu ditu erreferentzia moduan Malok filma osatzerakoan, baina, beharbada, emaitza zinematografikoa, hain bat arrazoi tarteko, ez da aipatutako zinemagileek egindako lanen mailara heltzen.