Veleia eta komunikazioa

Alberto Barandiaran

Eliseo Gil eta Idoia Filloy prentsaurrean agertu dira gaur Gasteizen, Veleiakoak eztanda egin eta urtebetera. Gil gripearekin zegoen, eta aurpegia nekatuta zeukan. Biek ondoan zituzten Juan Martin Elexpuru eta Koenraad Van den Driessche geologoa. Azken biak buru belarri ari dira aspaldian Veleiako indusketako arduradun ohien defentsan hitzaldiak ematen, artikuluak prestatzen, interneteko foroetan orduak sartzen.

Filloyk eta Gilek berretsi dute aspaldian esandakoa: ez dutela inolako frogarik pentsatzeko Iru

Binilo balada (I)

Jon Eskisabel

Disko aurkezpenek aspaldi utzi zioten garai batean izan zirena izateari. Gurean behintzat. Disko baten plazaratzea ospakizun bat izaten zen, txikia baina ospakizun, non musikariak, zaleak, kazetariak eta lagunak biltzen ziren azalpenak eta (batzuetan) zuzenean kantu batzuk entzun, patxadaz solastu eta pintxo batzuk jateko. Esan Ozenkik Irungo Bertso Hop disko dendan egiten zituen aurkezpen jendetsuak ditut gogoan: Xabier Montoia eta Anestesia egun berean, Negu Gorriak, Anari, Dut…

Hamar urte baino gehiago pasa dira eta gaur egun diskoak leku aseptiko eta hotzetan aurkezten dira -liburutegietan, normalean-, lagun gutxi joaten da, kazetariak are gutxiago, eta ez da mokadurik izaten ahora eramateko. Formalismoz egiten dira aurkezpenak, hurrengo egunean hedabideetan agertzeko, batere zaindu gabe. Pereza ematen du joateak. Tarteka salbuespenak gertatzen dira, zorionez.

Anarik bere lan berria aurkeztu du gaur Donostian, Le Bukowski taberna elegantean. Bertan eman zuen Zebra diskoaren birako azken kontzertua, eta bertan eman dio hasiera Irla izan-en ibilbideari. Eskertzen da ohikotik ateratzeko gogoa. Jende dezente elkartu gara, kazetari, argazkilari, musikari eta lagunen artean. Diskoko kantuak entzun ditugu bolumen altuan, pintxoak jan ditugu, zerbeza edan, ezagunekin hitz egin… Aurkezpen xumea izan da, eta egia esan, ez du kontatzeko askorik eman, Anariren azalpenak kenduta, baina horiek ez ditut hona ekarriko, bihar paperean irakurri ahal izango baituzue Mikel Lizarralde lankideak egindako elkarrizketa.

Beraz… diskoaz hitz egin beharko dut. Harriak lehen singlea entzun nuenean, Anariren ibilbidea laburbiltzen zuen kantua zela iruditu zitzaidan, eta azken egunetan hainbat aldiz entzun ostean gauza bera pentsatzen dut diskoari buruz. Anariren aurreko hiru diskoetako gauzak ditu -lehenengoaren geldotasuna eta kantu luzeetarako joera, bigarrenaren biolontxelo eta hammond moldaketak, hirugarrenaren elektrizitatea; hitzetan, ugariak dira hasieratik beste kantu batzuekiko erreferentziak (“Ez nuke nahi berriro erori”, dio Zure ertza-n-), baina osotasuna diferentea da. Kantu zoragarriak ditu, berehalako zirrara sortzen duten horietakoak (Zure ertza, Harriak bera, Distantzia (oso Steve Wynn zalea, nire iritziz) edo, nire gustukoena une honetan, Isla), baina beste batzuek (Icerberga, Bidea eta denbora, Zuhaitzena) beste tenpo bat dute, pazientzia eskatzen dute, digestio luzeagoko kantuak dira.

Aurreko diskoetan batetik bestera zegoen aldaketa handia ez du topatuko entzuleak Irla izan-en, ez da harrituko ere, baina horrek ez du zertan negatiboa izan. Ni asetu nau diskoak.

Gogoan dut Egunkaria itxi zutenean Anarik esandako hau, gutxi gorabehera: “Guk (Kultura munduko jendea) Egunkaria nola irakurtzen genuen bezain inportantea zen Egunkariak nola irakurtzen gintuen”. Anariren disko bakoitzarekin zaleok irakurrita sentitzen garela uste dut.

Oraingoz CDa bakarrik argitaratu da, formatu bereziko digipack eder batean, baina Durangon biniloan ere eskuratu ahal izango da.

Lehen harria

Gorka Erostarbe

Udazkenean erabat barneratzeko balio izan dit niri. Udazkena, besteak beste, musikaren ikasturte berria da niretzat. Musikaz beste lasaitasun eta barne gogo batez gozatzeko aukera. Berriro udazken imaginario horretan barneratzeko balio izan dit Harriak kantuak. Anarik jarri du disko berria izango duenaren lehen harria. Bere myspace orrian edota Bidehuts-en webgunean entzun daiteke jada plazaratezar den Irla izan diskoko lehen singlea. Eta kultur blog hau eraikitzen hasteko ere harri egokia iruditu zait. Anariren musika unibertsoa bete betean agertzen duen abestia da, zenbait unetan Habiak diskoaren oihartzuna dakarrena, beste zenbaitetan Zebra-tik hurbilago dagoena. Kantua modu geldo eta leunean hasten da, pixkana-pixkana intentsitatea eta abiada hartzeko. Nola musikan, hala letretan piezak garapen ederra du, -azpimarratzekoa da Joaquin Pascualen (Surfin’ Bichos) teklatuak ematen dion atmosfera- eta amaiera zoragarria da indarrez eta emozioz. Harri kontuekin harritzekoa. Letraren amaiera baino ez da hau: “…amets zaharrak ereiten ditugu gorputz berri eta emankorretan, nor garen ahaztu arte opaltzen besteen hankarteetan, besarka nazazu gogor iztarrekin hegan ez ateratzeko, zure barruraino sartu nahi dut benetan nor zaren ikusteko, beldur bat oparituko dizut nola hazten den ulertzeko, zenbat zu behar duen arnasteko, zenbat ni bizitzeko”. Beste behin bihotz-harria xehe-xehe egin digu Anarik, eta beso ileak harri bihurtu.