Azoka atarian

Azoka atarian (BERRIAko Kultura saila, 17:05)

Durangoko Azoka iristearekin bat, dantzan jarri ohi da euskal komunitatearen (zati batena, behinik behin) barne gogoa. Bada abendu hasierako zubia ezinbestean liburu eta diskoen usainera arrimatuz igaro ohi duenik, arrazoiak oso desberdinak izanik ere. Izango da kultur sorkuntzaren uzta berria jateko irrikaz joango denik, izango da komunitate edo tribu bateko kide izateko beharrak hara eramango duenik, izango da azokaren aitzakian egun pasa eder (mendi buelta, azokatik osteratxoa, poteoa, bazkaria, parranda edo dena delakoa) igarotzeko plana egiten duenik, izango da besterik gabe han lur hartu duen despistaturik ere…

Eta han izango da BERRIAko kultura saila ere, bihartik asteartera bitartean, gertatzen denaren, ez denaren, eta daitekeenaren berri emateko asmoz. Eta zertan jarri beharko ditugu begi-belarriak? Egun bakoitzak ere erakutsiko digu berea, erakutsiko digu bidea, egitarau ofizialeko jarduerak (http://www.durangokoazoka.com/agenda) eta Ahotsenearenak ere (http://www.ahotsenea.net)jarraituko ditugu. Arreta berezia ipiniko diogu kultura katalanari ere, aurtengo gonbidatua dela baliatuz.

Baina, garaian garaiko beste gai batzuri ere heldu beharko diegu, galderak eta kezkak planteatu beharko ditugu, ertzak arakatu eta puntak zorroztu. Esaterako, krisi urteak euskal literaturaren eta musikaren sorkuntzan eraginik izan duen eta nolakoa izan duen arakatzen saiatu beharko dugu. Aro digitalean eta euskarazko lehen liburu elektronikoak iritsi berritan direlarik, eragile bakoitzak zein apostu egingo duen ikertzen saiatu beharko dugu… Irakurlearen edota entzulearen iritziak ere jasoko ditugu, eta urtero legez liburu eta disko salduenen zerrendak eta hari buruzko komentario eta gogoetek ere harrapatuko gaituzte.

Ez gara langintza horretan bakarrik ariko kazetariok. Kevin Herediak egunero zutabea idatziko du, eta Hedoi Etxarte eta Alain Urrutiak zutabe grafikoa egingo dute, argitaratu berri duten Ihes ederra nobela grafikoaren sokari tiraka.

Entzulearen eskubideei buruz (III)

Xabi Erkizia (A cappella atalean gaur argitaratutako artikulua)

Berriki irakurri ahal izan dut iritzien babilonia modukoa den blogosferan euskal entzule baten kexa. Egia erran gutxitan irakurri ahal izaten da entzuleren baten ahotik halako kexa larri eta kritika zorrotzik, eta soilik horregatik bada ere merezi du hemen aipatzea. Kexa orok, iritzi den heinean, beti ematen baitio kexaren arrazoiari garrantzia, eta kasu honetan entzumenaren inguruko kezka azaleratzen du. Nonbait, kontzertuekin du arazoa entzule honek, eta bidenabar blogean erantzunak utzi dituzten bertze hainbertzek. Kontzertuen funtzionaltasun eza (soilik musika entzuteko balio omen dute gaurko kontzertuek), entzuleak egoera estatiko (eserita) eta kontrolatu (isilik) batean egon beharrak, kontzertuaren jatorri aristokratiko eta elitistak… azken finean kontzertuaren kontzeptua bera eta horrek sortzen duen musikari-entzule erlazioaz kexu da gure entzule zorrotza. Eta seguru asko, kontzertu aunitzeri erreparatzen badiogu, arrazoirik ez zaio falta. Baina xuxena izateko, entzule gisa nolabaiteko eskubideak ditugula onartzeak, horien defentsa sutsua egiteko aukera emateaz gain, zenbait erantzukizun hartzea dakar. Gure entzulearen kasuan maizegi kontzertuak entzuten e-g-o-t-e-n garela oroitarazten digu, eta hori gauza guztien gainetik aspergarria dela, aspergarria, pasiboa eta arriskutsua. Eta pobrea behar du gero entzuten egotearen aldean entzuten a-r-i-t-z-e-a ere badagoela ahazten duen entzuleak.

Entzutearen ariketa soilik egotera mugatzea errazkerian erortzea litzateke, egote hori, irakurtzen egotea, ikusten egotea edo ekintza fisiko nabarmenik eskatzen ez duen ariketa (alegia, ariketa intelektuala) erraz molda eta manipulatu daitekeen aditza baita. Errazegi akaso. Ari ordea, ia dena ari dezakegula dirudi, inork bertzelakorik ukatzen ez digun bitartean. Baina zoritxarrez badirudi entzuterakoan (nork erabaki ote zuen liburu bat irakurtzea edo film bat ikustea ariketarekin lotuagoa dagoela musika entzutea baino?), aunitzetan aritzea ahantzi egiten dugula, are gehiago musikaren kasuan (hitza edo solasa errazago aritzen baikara entzuten). Beharbada inork ez digulako erakutsi behar bezala entzuten aritzen, akaso oraindik ikusi ezin dugun horri baliorik ematea zaila egiten zaigulako, baina harrigarria da zein erraz kondenatzen dugun entzutearen ariketa pasibotasunera, pasiboki kontsumitzera, eta ondorioz, noski, aspertzera. Hori baita, hain xuxen, kontsumismoak bizirauteko erabiltzen duen mekanismoa: zentzuak tiroz jo (musika arma bikaina da horretarako), salgaiak kontsumituarazi, gero aspertu eta bertze zer edo zer kontsumitzera bidali. Alegia, entzule pobre gehiago sortu. Argi dago beraz galdera: entzule txarrak ba ote du kexatzeko eskubiderik?