Ahotsen etxea

Ahotsen etxea (Irune Berro, 15:58)

Euskal Liburu eta Diskoen Azoka da euskal kulturaren udaberria. Urte osoan ereindako haziak orduan ernaltzen dira. Orduan jartzen dira harremanetan inoiz bainoago sortzaileak eta herritarrak. Edo, saltzaileak eta erosleak, nola begiratzen den.

Harreman komertzial hutsetik harantzago egiteko aspaldiko proposamen hitzezkoa ekintzez gauzatzeko urrats garrantzitsua egin dute gaur goizean Ahotsenearen inguruan bildutako sortzaile eta kultura zaleek. Teilatutik habeetara egin dute. Euskal kulturak dirua ematea bezain garrantzitsua baita interes, ezagutza eta zaletasuna sorraraztea. Barruak betetzea, intelektoak elikatzea, bizitzaren bestelako ikuspegia azaltzea, gozatua hartzea, zer ikasia ematea…

Liburuak, kafearen gisara (Garikoitz Goikoetxea, 13:55)

New Yorketik zuzenean etorri da Durangoko Azokara Jason Epstein. Bidaian eman du gaua, eta nekatuta eman du hitzaldia. 84 urte baditu dagoeneko. Adinak ez du barkatzen. Ordea, ez da lehengo kontu zaharrez hitz egitera etorri. Etorkizunari begira jartzera eta jarraraztera etorri da Durangora. Liburu digitalek ekarriko dituzten eta jada ekarri dituzten aldaketak ikustaraztera.

Ikusi eta hitz egin bakarrik ez, egin ere egin du Epsteinek. ‘Espresso Book Machine’ asmatu du, liburuak behar ahala inprimatzeko gailua. Eskariaren araberako inprimatzea proposatu du Epsteinek, hartara gastuak txikitzeko. Liburu dendara joan, eta nahi duen liburua unean berean eskuratzeko gailua da ‘Espresso Book Machine’. Kafea bezala, unean.

Hartara, liburu digitala eta fisikoa uztartzen ditu makinak. Digitalari bakarrik arriskuak ikusten baitizkio Epsteinek; ezabatzeko erraztasuna, besteak beste. Aukerak ere bai, ordea: irakurle potentzialak areagotzeko bidea, eta hizkuntza gutxiagotuentzat zabaltzeko bide izatea.

Nekatuta eman du hitzaldia, baina zorrotz aritu da. Pena bakarra, Elkartegian hitzaldiak merezi adina jende ez batzea.

Salerosleak (Kevin Heredia, gaur Zokoa izeneko zutabean argitaratutako artikulua)

Badut lagun bat Igeldon, ia egunero joaten dena (barka, zena) Donostiako San Martin azokara, postu batean uzta saltzera. Tamainan saltzen zuen, baina konturatzerako, Udalak erosi zion postua. Azoka eraitsi, porlana ekarri, eta diru-zorro erraldoia eraiki zuten haren ordez. Gauza jakina da: merkatua lege. Bestalde, Irungo eta Hondarribiko azoka txikietan ere makina bat jende ezagutzen dut. Horietako batzuek zerbait oparitzen didate tarteka, dela segapotorako funda bat, dela artilezko tanga bat… oinarrizko gauzak. Erosi izan dizkiet, halaber, sekula jantzi ez ditudan txano peruarrak, sekula edan ez ditudan infusio bereziak. Saldu ere, zer edo zer saldu izan dut inoiz azoketan, oso aspaldi, mukizu potzoloa nintzelarik. Lehengusuren batek