Binilo balada (IV)

Jon Eskisabel

Ruper Ordorikak ostegunean Donostian eman zuen kontzertuaren kronika argitaratu nuen atzoko egunkarian, baina hemen ere azaldu nahi dut labur-labur emanaldiak utzitako aho zapore goxoa.

Lehen aldia zen taldekide berriekin ikusten nuela Ruper, eta eman zidaten inpresioa ezin hobea izan zen. Badira zenbait urte Ruperren kontzertuak gero eta hobeak iruditzen zaizkidala, azkenak aurrekoa gainditzen duela, eta honekin gauza bera gertatu zait. Hasier Oleaga bateria jotzaile aparta da (aurten bertan Joe Henryrekin ikusitako Jay Bellerose ekarri zidan gogora hainbat unetan), Arkaitz Miner gitarristak birtuosismoari uko egiten dio, eta Lutxo Neirak (ez nuen orain arte ezagutzen), han atzean jarrita, sendotasuna ezartzen du. Eskularrua azalera nola, hala moldatzen dira hirurak Ordorikaren kantuen gaur egungo sonoritatera.

Haizea Garizumakoa lan berria izan zen emanaldiaren ardatza. Nago ez duela merezi duen oihartzunik izan orain arte diskoak, ez bada izenburua ematen dion kantuan aipatzen duen “Jainkoari eskerrak…” esaldiagatik, baina ez luke oharkabean pasa behar. Nire iritziz, Ordorikak aspaldian grabatu duen kantu bildumarik sakonena eta sendoena da, ibilbide luzeko diskoa, musikengatik eta, batez ere, hitzengatik. Ruperrek dio ez dela bere beste lan batzuk baino pertsonalagoa disko hau, baina ez dakit… Kasualitatea da kantu guztien hitzak berak egin dituen lehen aldia izatea?

Gozatu nuen Zorioneko moilan, Zure etxera noa, Argia, Errekazola… entzuten. Eta zaharragoak ere: Nor da?, Herdoilarena, Zaindu maite duzun hori, Berandu dabiltza

Antzoki Zaharretik ateratzean, denok prest ginen gau hotzari aurre egiteko.

Leave a Comment.