Garaikurrak

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Zorionak Maialen bihotz-bihotzez, baina uste dut berandu iritsi zarela. Berandu Oteizaren eskultura etxean edukitzeko aukera galdu duzulako.

Orain arte bertso txapelketaren irabazleak Oteizaren garaikurra jasotzen zuen, baina eskultura guztiek duten orijinala izateko muga legala gaindituta, ezin da oteiza gehiago banatu bertsolarien txapeldunen artean. Beraz, Maialeni Santxotenak egindako eskultura jasotzea egokitu zaio.

Aitortu behar dut aurreko asteko bertso txapelketaren sari banaketa besterik ez nuela ikusi, baina aukera eman zidan konturatzeko artea banatzen dutela zortzi irabazleen artean eta zein arte mota den euskalgintzak kontsumitzen duena.

Ez dut inor kritikatu nahi, jakinda patrozinatzaileak direla garaikurrak aukeratzen dituztenak, baina pena pixka bat hartu nuen Txillidak egindako kutxako ikurra jaso zuenagatik, ez dut uste suerte handirik izan zuenik gizajoak.

Bestalde, bertso txapelketako bi partaide Arte Ederren fakultatean ibilitakoak izanda, garaikurrak jasotzean zer pentsatu ote zuten etorri zitzaidan burura. Ez dut uste horretan pentsatzeko unea zenik, eta seguru nago ez direla jasotzen dituzten lehenbiziko garaikurrak, baina ezin izan nuen jakin-mina burutik kendu Unaik Gasteizko Ibiltaria izeneko kaleko eskulturaren erreprodukzio txikia esku artean jaso zuenean edo Maialenek, Oteizaren eskulturaren ordez, Santxotenaren eskultura jaso zuenean. Poza ere hartu nuen, Ametsek bigarrenari dagokion Xabier Lakaren eskulturaren kopia etxean izango duela jakinda.

Hori guztia ikusita, galderak bururatu zitzaizkidan: zer egin behar du Maialenek Santxotenaren eskulturarekin? Gorde egingo du? Apalean jarriko du? Ez baita gauza bera egunero gosaltzean Oteizaren eskultura edo Santxotenaren eskultura ikustea!

Erdi brometan idatzitako artikulu honek aurreko asteetan idatzitako Laboaren omenez egindako eskulturaren gaineko artikuluarekin zerikusia duela iruditzen zait. Garai batean bertsolari elkarteak Oteizaren eskultura aukeratu bazuen txapeldunarentzat garaikur izateko, gaur egun ez diola mailari eutsi iruditzen zait. Badakit alor sinboliko hutsari buruz hitz egiten ari naizela eta ez daukala horrenbeste garrantzirik, baina zerbaiten sintoma da.

Maialenek txapela irabaztearekin batera, Euskal Herrian lanean diharduten punta-puntako hainbeste emakumeren artelanen batekin saritzea, aldaketaren seinale indartsuagoa izango litzateke.

Leave a Comment.