Giltzarrapoak

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean gaur argitaratutako artikulua)

Sevillan ikusi nituen lehendabizi, baina toki askotan topatu daitezkeela esan zidaten. Zubi batetik pasatzean bi aldeko barandak giltzarrapo txikiz beteta zeudela konturatu nintzen. Ez omen zen ekintza artistikoa, bikote gazteek maitasunaren lekuko moduan lotzen dituzten ikurrak omen dira. Tristea iruditu zitzaidan gazteek maitasuna giltzarrapoan harrapatutako zerbaiten moduan irudikatzea, norberaren askatasunaren garapen moduan ikusi beharrean. Baina beste garai batean bizi garenaren seinaletzat hartu beharko dugu.

Zuhaitz baten enborrean bihotza maitaleen bi izenen artean marraztea ez zen oso originala, baina giltzarrapoa erostea baino bat-batekoagoa iruditzen zait. Gainera, enborrean lagatako aztarnak denborak aldatzen ditu maitasuna bera bezalaxe, giltzarrapoak, aldiz, maitasunaren preso izatearen irudia ekartzen du gure buruetara. Ez dakit ohitura non hasi zen, baina Italian aspalditik erabiltzen omen da.

Azken urtetan zapatilak kaleko alanbretan edo zuhaitzetan lotzea bezalako jokaera sasi-artistikoak ikustera ohitu gara. Ez dakigu zergatik egiten diren, baina gazteen jarrera bateratuen adibideak dira. Globalizazioa deitu diote, baina moda kontuak direla esango nuke nik.

Jarrera estetikoak moden bidez ordezkatzea, kontsumo gizarteak lortu duen zerbait dela iruditzen zait. Gazteen sormen askatasuna, telebistan, bideo jokoetan eta batez ere, publizitatean ikusten diren jarreren bidez ordezkatu dira azken 20 urtetan. Talde bakoitzak itxura berezi bat aukeratzen du, ideologiarik gabeko itxurakeriatan sakontzeko. Gainera tokiko berezitasunak nazioarteko moda orokorren barruan desagertu dira.

Hala ere, gazteen ohiturak gizarteak dituen jarreren isla besterik ez dira, nahiz eta gehiago igarri eta ikusi. Giltzarrapoenak, zapatilenak bezalaxe, gizartean dagoen autonomia eskasari buruz hitz egiten digu. Norbaitek zerbait egiten du, eta beste guztiok atzetik jarraitzen diogu, geure buruari gustatzen zaigun galdetu gabe, eta besteek egiten badute guk zergatik ez galdetuta. Besteek egiten dutena kopiatzea, berdina izateko, badaezpada ere, gutxiago ez izateko eta zerbaitetarako izango delakoan, gizakiak duen joera normala da.

Arteak azken hori zalantzan jartzeko balio du, modak eta publizitateak sortzen dituen irudi, jarrera eta ohitura guztien artean bereizteko. Dena berdina ez dela jakinarazteko alegia.

Entzulearen eskubideei buruz (5)

Xabier Erkizia (A cappella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Historiak agintari ero eta gehiegikerizale modura aurkeztu digun Neron enperadore erromatarrak antzerki edo musika emanaldiren bat antzeztu behar zuenean ehunka soldadu eramaten omen zituen berekin, bere gustura irri edo txalo egin zezaten. Horrela arrakasta ziurra zuen beti, eta porroterako lekurik ez. Agian erromatarraren praktiketan inspirazioa topatuz, XVIII. mendean Frantzian sortu zen La Claque instituzioak eta claqueur txalogilearen ofizioak urrunago eraman zuten erositako entzuleriaren ideia, ikuskizunetan txalo egiteko lana berezko arte bihurtuz.

La Claqueren funtzionamendua orkestrarenaren nahiko antzekoa izan ohi zen. Txalogileen zuzendariak orkestra zuzendariarekin, konpositorearekin, operako arduradunarekin edo, azken finean, kontratatzen zuenarekin interpretatu beharreko obra zehatz-mehatz aztertzen zuen, momentu bakoitzean entzuleriaren aldetik erreakzio jakin bat edo bertzea lortu ahal izateko. Nagusiki ikusleriaren txaloak bilatzen bazituzten ere, negarrak, sorpresa adierazpenak edo bertzelako erreakzioak ere sorrarazteko abilezia zuten txalogileek.

Emanaldia hasi aitzinetik claqueur-ak aretoko leku estrategikoetan kokatzen ziren, eta ikuskizuna hasterakoan zuzendariaren aginduak jarraitzen zituzten. Denborarekin horrenbertzekoa bihurtu zen haien boterea ezen, dokumentatutako kasu batzuen arabera, La Claquek berak kontratatu ezean, operak zapuzteko mehatxuak egiten baitzituzten.

Zorionez, gaur egun ez dugu ezagutzen txalogile profesionalik. Antzekotasunak bilatzen hasita, telebistako ikuskizunetan ikusleei nola jokatu agintzen dieten errejidoreak topatuko ditugu, ikusleen nolabaiteko orkestra zuzendariak -kameraren gibelean ezkutaturik, hori bai-. Eta badirudi guk ere gure etxeko sofan egon arren arazo handirik gabe onartzen dugula zuzendaritza hori eta pantailako irribarre eta poztasunak gure egiten ditugula.

Berdin gertatzen ote da musikarekin? Zergatik ez ote dago claqueur-ik kontzertuetan? Benetan entzule ikasiagoak garelako edo akaso denak bihurtu garelako soldatapeko txalo jotzaile? Zorionez oraindik badaude, zenbait kontzertutan, egoera zalantzagarriak, txalo errazaren balio susmagarria zalantzan jartzen dutenak eta entzule eta musikarien arteko erlazioak ere kili-kolo jar ditzaketenak. Azken finean, musikariak nahiz entzuleak gizatiarrago erakusten dizkigutenak. Hain da erraza txalo egitea…

Sortzaileak sinbolo

Iratxe Retolaza (Hirudia zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Euskarriak ez du berez literatura testuaren erabilera halakoa izatera mugatzen. Euskarriak ez du berez literatura testuaren edukia mugatzen. Jakina, euskarriaren arabera adierazpideak moldatu beharko dira irudikatu edo adierazi nahi den hori esateko, baina euskarri digitalean literatura testuak hedatzeak ez du zertan ekarri idazle mediatikoen ugaltzeak. Nire iritziz, literatura testu horien inguruko ikuspegi merkantilistak bultzarazi ditu jarrera mediatiko zenbait, eta ez aro digitalaren zabaltzeak. Ziur asko jada nagusituriko ikuspegi horrek hartuko du indarra aro digitalean, baina euskarri digitalak ere beste bide zenbait zabaltzeko aukera ekarri du. Aukera eta bide berri horien adibide, Galizia aldean sortu duten Estaleiro Editora proiektua (www.estaleiroeditora.org), Mexiko aldeko La Tortiller

Hamar metro

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean larunbatean argitaratutako artikulua)

Hamar metro dira Miren Azkaratek zuzendutako Kultura Sailetik Blanca Urgellek zuzentzen duenera dagoen tartea. 10 metro dira aurreko Jaurlaritzatik gaur egungo Eusko Jaurlaritzara dagoen distantzia.

Aurreko legegintzaldian Praileaitz kobazuloak behar zuen babes neurriaren eztabaidan, oposizio guztiari Miren Azkarateren sailak erabakitako 50 metroko perimetroa gutxiegi iruditu zitzaion. Tartean gaur egun gobernuan dauden Isabel Zelaaren eta Antonio Riveraren zentzuzko argudioak entzun behar izan genituen.

Orain Antonio Rivera Kultura Saileko goi arduradun denean, oraindik urtebete ez duten hitzak jan eta Praileaitzen babes perimetroan aldaketak proposatu ditu, 50 metroko babesetik 60 metrora. Izugarrizko aldaketa kobazuloa ondo babesteko.

Aldaketan oinarritutako gobernua izango zela iragarri bazitzaigun ere, garbi dago aldea hamar metrokoa izango dela; azken finean, gobernuan dagoen alderdiak, nahiz eta sozialista hitza erabili, ez du eredu ekonomiko ezberdinik, aurrekoarekin alderatzen badugu behintzat, eta agintean dagoen tokietan garbi laga du interes pribatuen alde egingo duela, interes publikoaren kaltean, eta zalantza argitzeko erabakirik garbiena aste honetan lehendakariak aurkeztu duen aholkulari ekonomikoen taldea da.

Baina aurreko legegintzaldian Praileaitzen inguruko eztabaidak argi laga zuen kobazuloak babes neurria behar zuela, balio arkeologiko izugarria zuelako. Horren adibide da gizarteko hainbat taldek gaiaren inguruan erakutsitako adostasuna eta gaur egungo sailburuordeak Miren Azkarateri Legebiltzarreko eztabaidan botatako hitzetan jaso zena:

Kapitalismoari tiro egin

Jon Eskisabel (21:31)

Ez bat, ez bi, ez hiru, lau dokumental ikusi ditut aste honetan, bai mamian bai moldean guztiz ezberdinak elkarren artean.

K Jaunak egindako gomendioari jarraikiz, Anvil! The Story of Anvil jaitsi nuen Internetetik. Anvil! heavy metal taldearen ibilbidea azaldu baino gehiago, musika bere loria eta miseria guztiekin ulertzeko eta bizitzeko modu baten erretratu zintzoa da pelikula. Horregatik, taldea ez ezagutzeaz gain -antza, 80ko hamarkada arrakasta handia izan zuen, baina gero ahanzturan galdu zen- heavy metal zaleok ez garenontzat ere entra

Pre-punk (I)

Fermin Etxegoien (A cappella zutabean gaur argitaratutako artikulua)

Esaten da pasiego-pasiegoak (etxolarik etxola etengabeko transumantzian oraindik bizi diren apur horiek) urtean behin baino ez direla euren baso-larreetatik irteten, hain zuzen urtean behin Torrelavegan izaten den Abeltzaintza Merkatu Nazionalean lehian jartzeko euren behiak, eta gu geu duela gutxi izan ginen bertan, zertan eta Jethro Tull taldea zuzenean ikusten; Ian Anderson kantariak jada ez dauka ilerik, baina flauta jotzean flamenkoarena eginez altxatzen du zangoa, oraindik ere.

Jethro Tull taldea, munduko talderik txarrena, zioten modernoek, erdi-barrezka, laurogeiko hamarkada hasieran, eta norbera moderno izaki ezkutatu egin behar Jethro Tull taldea bidaide izan zuela nerabezaro hasieran, urte gutxi lehenago punk-ak eragindako eztandak bestelako estetika batzuk ekarri zituelako laurogeiko hamarkadara, eta Jethro Tull artean ere gustatzea iraganean bizitzea bezalakoa izango zen (Living In The Past, 1970).

Baina flipatu nuen, duela hiru urte, Torrelavegako Abeltzaintza Merkatu Nazionalean. Imajina ezazue kiroldegi-ukuilu erraldoi bat; areto nagusira sartzean, behiak lotzeko gailuak ikusten dituzu ezker-eskuin, edota behiei jaten emateko aska ilara amaiezina. Postu guztiak hutsik ziren, noski, ez behi ez abeltzain… halere bertan inoiz izaniko pasiego-pasiegoen presentzia (Songs From The Wood, 1977) sentitzen nuen, Jethro Tull ikusi behar genuen areto nagusirako bidean.

Udazkeneko igande arratsalde iluna Torrelavegan, pieza guztiak bat datoz. Gainera taldeak eskainiko dizkigun hasierako bost edo sei kantuak 1970 baino lehenago grabatu ziren, hau sorpresa ederra. Orduko estilo bikainaren adierazgarri den Sweet Dreams, adibidez, hau ere berriki Youtube-n aurkitu dudana, 1969an Alemaniako telebista batean Jethro Tull zuzenean agertu zen filmazio batetik.

Kale-antzerkia egiten duen koadrila bat ematen dute Anderson and company-k… Nerabe nintzela, gure herriko kaleetara agertu ziren Karraka (C

Gaztemaniak

Jon Eskisabel (22:47)

“Adibide bat jartzearren eta uler dezazun, ez ditugu umeak kalean utziko kontzertu batzuk antolatzeagatik, ezta?”, bota zidan Gipuzkoako Diputazioko Gizarte Politikako Departamenduko bozeramaileak, Gaztemaniak! egitaraua murrizteko hartu duten erabakia azaltzeko. Harritu ninduen argudioaren maila eskasak, baina ez nion garrantzia handirik eman, boteprontoan ahora etorritako okurrentzia zelakoan. Artikuluan ez aipatzea erabaki nuen, hortaz. Baina Jose Ignacio Insaustik (Gaztemaniak egitarauaz arduratzen den saileko zuzendariak) Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa argigarrian adibide bera jartzen zuela entzun nuenean, zur eta lur geratu nintzen. Nola egin daiteke tranpa modu horretan? Insaustiren hitzetatik garbi geratu zaidana da Diputazioko Gizarte Departamenduak ez duela Gaztemaniak!-i eusteko inolako intentziorik -departamenduko bozeramaileak Berria-ri adierazitakoaren aurka-, eta ostiraleko egunkarian argitaratutako titularra (“Gaztemaniak ez da desagertuko“) jartzerakoan baikorregi jokatu nuela.
Bitartean, Gaztemaniak salba dezagun manifestuaren aldeko atxikimendu kanpainak aurrera segitzen du. Eta epe laburrean ekimen berriak sor litezke.

Erabili eta bota

Ismael Manterola Ispizua (Begia zutabean gaur argitaratutako artikulua)

Moda eta kontsumo ohiturak kulturara aspaldi iritsi ziren. Beraz, ezer berririk ez dut esango gaur egun kultur produkzioa eta hedapena gehiago ulertzen dela erabili eta botatzeko gai moduan, hausnarketa eta zentzuen zabalpena, heziketa edo gizakia aberasteko zerbaiten moduan baino.

Hala ere, berri xamarra da modaren dinamika azpiegituren alorrera iristea. Urdaibaiko Guggenheim delakoarekin horren gaineko hausnarketa egin dugu lankide batek eta biok bulegoan. Lankideak Euskal Herrian artea modu apalagoan eta esperimentalagoan ikusteko aukera eza aipatu zidan Artelekuri buruz hitz egiten ari ginen bitartean. Artea baldintza duinetan, baina artelanak sakralizatu gabe ikusteko aukera gutxi egon da gure artean Artelekutik kanpo. Museo handiek eta dotoreek edozein artelan, iraultzaileena ere, ukitu ezina bihurtzen duten momentuan, artearekin harreman zuzenagoa izateko espazioren bat eskertuko litzateke.

Horren ordez, azpiegitura handien eta garestien aldeko apustua egin dugu bi elkarte autonomo itxuraz aberatsetan, eta lehen aipatutako Zararen antzeko azpiegituretan sartu gara. Hau da, tartean-tartean hiriek zerbait handia behar dutela dirudi; bizi irauteko edo negozioak hobeto egiteko, esango nuke nik. Donostiak orain dela urte batzuk Moneoren kuboen alde egin zuen Kursaaleko azpiegitura kulturala osatzeko. Horrek hiriaren erakargarritasuna modernizatuko lukeela esan ziguten, eta sinistu egin genuen. Era berean, Bilbo munduko hirien mapan kokatzeko, Guggenheim museoa eraiki zuten, eta, behin berriz esaten ari zaigun moduan, arrakasta izan zuen.

Baina badirudi horrelako ahaleginek 20 urteko iraupen epea dutela eta HMn erositako arropak bezala denboraldi bakar baterako balio dutela. Gero bota eta batez ere, berria erosi. Horren itxura gero eta handiago hartzen ari naiz Urdaibaiko Guggenheim delakoa edo Donostiako Tabakalera zentroa aipatzen direnean. Baina desberdintasun nagusia prezioan dago, bi proiektu horiek ez baitira Zarako arropa; Pradan edo Parisko diseinatzaileei erositakoaren antza handiago dute. Beraz, denak aberatsak garen garaietarako oso aproposak diren kultur ekimenen eslogana: erabili eta bota ezazu Guggenheim bat.