Entzulearen eskubideei buruz (6)

Xabi Erkizia (A cappella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

“Musikak erail zuen gaztea”, hala aurkeztu zuten zenbait egunkari ingelesek, baina komunikabide nagusiek hain gustuko duten sentsazionalismo errazetik urrun, kasu honek errealitatetik gehiago du fikziotik baino.

Joan zen irailaren erdialdean, Tom Reid 19 urteko gazteak Londres hiriburuko klub batean pasatu zuen gaua, lagunartean. Musika ikaragarri ozen omen zegoen. Reidek berak lagunei -eta haiek ondotik komunikabideei- kontatutakoaren arabera, hasieran bizigarria ere gertatu zitzaion gehiegizko bolumenak eragindako dardara, geroago kilikagarria zen hori beldurgarri eta azkenean arriskutsu bihurtu zen arte.

Porrusaldatik antsietatera

Fermin Etxegoien (A cappella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Goazen iraganera, demagun duela berrogeita hamar urteko egun arrunt bat; eszenak jartzen gaitu sukalde batean, eta mahaira eserita, adibidez, nire gurasoak daude, jada gizon-emakume aski helduak. Laster dantzan hasiko dira sukalde apaingabean, kamerak irrati aparatua enfokatu baitu. Porrusalda, pasodoble, twist? Modu sarkorrean begiratzen diote elkarri, biak batera hasi dira zutitzen, janzkeren azpian euren gorputz puztuak antzematen ditut.

Revolutionary Road filmean horrelako zerbait ikusten da eszena batean, baina gero kitzikagarria da rockabilly arin horren gainean nola lurreratzen den beste musika geldo eta zeharo desberdin bat entzutea, landscape sonoro bat, Cage edota, atzerago eginda, Charles Ives-en suite-ak gogorarazten dituena, nahiz egilea Thomas Newman egungo konpositorea izan (berea da American Beauty filmaren soinu banda ere), nor eta Randy famatuaren lehengusua. Hiru notatxo besterik ez, serialismo hotza… Hala ere, zein ongi onartzen dudan Deus ex Machina sonoro hau, zinez ematen baitu mekanika jainkotiar batek sortua, eta ez Thomas Newman izeneko norbaitek, esan bezala porrusaldaren gainean entzuten ari naizen musika instrumentala; gurasoak elkarri begira dantzan hasi dira sukalde apaingabean, euren gorputz mugimenduek adierazten didate pasodoblearen erritmo biziak daramatzala… baina niganaino ailegatzen den doinu kosmikoa, ordea, ez zaie toki zein garai jakinei lotzen.

Eta bururatzen zait ea hurrengoan bai horrelakorik lortzen den euskaraz filmatuko den ondorengo filmarekin (oraindik ere, euskal motiboak erabiltzen dira nagusiki; nolabait desitxuraturik, baina modu errekurrentean), entzun baitut Eneko Olasagasti Juanjo Olasagarrek idatziriko Ezinezko maletak eleberriarekin film bat prestatzen ari dela, eta Juanjoren autofikzioak bai merezi luke Newmanena bezalako Deus ez Machina sonoro bat, Ezinezko Maletak ongi kokaturik daudelako oraingo Antsietatearen Aroan.

(Egia aitortuta, ezin nituen gurasoak imajinatu -nahi ere ez- Richard Yates-en pertsonaia suntsituak legez. Akaso twist dantzariak izatera ailegatu baziren ere, duela berrogeita hamar urte).

Nobela literarioak

Iban Zaldua (Hirudia zutabean atzo argitaratutako artikuluaren bertsio luzea)

Nik ez dut uste, Iratxe Retolazak aurreko batean zioen bezala, literaturaz eta liburuez horren gutxi hitz egiten denik: kontua da oso jende gutxiri axola zaiola. Mikel Ayerbek zioen, Volgako Batelariak inoizkari elektronikoko erantzun batean,

Banderak

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Pasa den hilean Idoia Zabaleta eta Antonio Tagliarini dantzariek ikuskizun berezia eskaini zuten Bilboko Fundicion aretoan. Royal dance of Antonio & Idoia izenburupean, himno nazionalek eta banderek eragiten dituzten igoera efektua eta amodioarena parekatu nahi izan zuten bi dantzarien mugimenduen bidez.

Musika eta banderak sinbolo indartsuak dira, guztiok ikusi ditugu, kirol probetan batez ere, garaipenak ematen duen harrotasun keinua herrialde bateko bandera erakutsi eta himno nazionala jotzen denean.

Hain zuzen, harro izatearen esanahia bikoitza da euskaraz behintzat. Harro egon zaitezke zerbaitez, baina harrotzen garenean arrazoiaren muga pasa dugula esan nahi dugu. Euforiari buruz hitz egin zuen Idoia Zabaletak dantzaren buruzko azalpenak eman zituenean.

Dantza bitartean Idoia eta Antonio banderak astintzen ari zirela, Asier Mendizabalen Bigger than a cult, smaller than a mass (one, two backdrops) 2006ko artelana gogoratu nuen. Jositako banderez eta egunkari zatiz osatutako bi oihalen atzean ikuskizunak, kasu honetan rockarenak, eta politikak izan ditzaketen antzekotasunak aztertu zituen Mendizabalek. Sinboloek bultzatzen dituzten jarrerak dantzarako eta, orokorrean, arterako iturri onak izan daitezke, arteak gizartean hain zabalduta dauden eta normaltzat hartzen ditugun jarrerak zalantzan jartzeko aukera ematen digulako. Adibidez, artikulu hau idatzi baino zerbait lehenago Bilboko udaletxearen aurrean dagoen bandera handia ikusi dut, eta Idoia Zabaletaren dantza gogoratu dut. Aldi berean, Madrilgo Colon plazan PPk eskegi zuen Espainiako bandera erraldoia gogorarazi dit.

Badirudi sinbolo horiek indarra galtzen hasi direnean hiperbalorizatu behar ditugula. Espainiak bere baitan dituen nazioen burujabetza maila eskakizunei erantzuteko sinboloen premiazko balio erantsia eman nahi diola dirudi: bandera erraldoia, himno nazionalari hitza jartzea, banderak udaletxe guztietan jarri behar izatea…

Horrek guztiak euforia edo gorakada sentsazioa indartzeko besterik ez luke balio, arrazoiaren gainetik emozioei eragiteko zerbait izango litzateke, rock kontzertuetan, futbolean, mezetan edo amodioan gertatzen den bezala. Testuingurutik aterata, Idoia Zabaletaren dantzan gertatzen den bezala, barregarri bihurtzen dira. Hala ere, gure izaeratik hain hur dauden sentipenak dira!

Gure Beyonce?

Jon Eskisabel (10:59)

Grammy sariei komunikabideok eman diegun oihartzunaren harira, Gotzon Barandiaranek artikulu hau publikatu zuen atzo beste asteroko zutabean.

Nik Grammy sariei buruz dudan iritzia alde batera utzita, uste dut Berria-k leku egokia eman ziola albisteari (behekalde bat, hiru zutabetara, argazkitxo batekin).

Baina zure iritzia interesatzen zaigu. Zure ustez, arrazoi du Barandiaranek euskal komunikabideoi egiten digun kritika horretan?

Museoak vs. artistak?

Irune Berro

Bizkaiko Foru Aldundiak hautatutako zenbait enpresa eta adituk eginiko bideragarritasun azterlanek Urdaibaiko Guggenheim museoaren egingarritasuna erakutsi dutela esan zuen Josune Ariztondok Batzar Nagusietan horiek aurkezteko eginiko agerraldian. Noski, nola ez dute bada ordaintzaileak hobetsitako egitasmoaren alde egingo. Aldundiak txosten horien balioa auzitan jarriko ez duela jakina da, besterik da egitasmo horren ustezko indarguneei eutsi beharrean ahulguneak onartzeari eta horiei gaina nola hartu aztertzeari uko egitea. Eztabaidarako tarterik ez zabaltzea. Sektoreari iritzia ez eskatzea.

Beste arlo batean pentsaezina litzatekeena praktika arrunt bihurtu dute kulturan. Esate baterako, onartezina litzateke Espalazio bidezko neutroi iturri baten egitasmoa abiaraztea komunitate zientifikoaren bultzada eta babesik gabe. Bada, zer du desberdina artearen esparruak? Sektore horretan ere profesionalak daude, adituak. Urdaibaiko museoaren kontzeptua definitzeko iazko maiatza eta ekaina artean eginiko hiru bileratan, Aldundiak eta Guggenheimek izendatutako 31