Psikodelia pixka bat

Saioa (A cappella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Wikipediak psikodelia hitzaren esanahi hau ematen digu: arimaren adierazpena. Beraz, norberaren psikea proiektatzeko esfortzua egiten den adierazpen oro psikodelikotzat jo dezakegu, zentzu orokorrean.

Baina psikodeliaz hitz egiten denean, normalki, arte psikodelikoari egiten zaio erreferentzia, bere adierazpide desberdinen bitartez egiten dena: batez ere pinturarena edo musikarena.

Arte psikodelikoaren definizio zehatza zera da: esperientzia sinestesikoaren errepresentazioa; hau da, norberaren psikeak bizi dituen aldaketen manifestazioa. Aldaketa horien artean, aipagarriak dira denboraren pertzepzioarena, enpatiarena eta norberaren identitatearenak. Bizipen pertsonal hori kontatzeko moduak bihurtzen du akzio hori akzio psikodeliko.

Psikodeliaren urrezko aroa 60ko hamarkadaren bukaeran eta 70ekoaren hasieran dago; berez, garai hartako gizarteak ezartzen zituen mugak

Bihar izango da berriz 1984

Irati Jimenez (Hirudia zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Algortan geratu naiz amarekin. Bilborako azken metroa hartu dut. Koadernoan idazten nabil, ohi bezala. Idazteko leku ezin aproposagoak dira niretzat trenak eta metroak eta autobusak eta tranbiak. Hiru neska sartu dira Areetako geltokian. Bata da berbaldunagoa, hirurek egiten dute euskaraz. Mingarria da onartzea ze neurritaraino harritzen nauen horrek. Metroa erdi huts, ezin izan diet beraien arteko elkarrizketa entzuteko tentazioari eutsi. Ondoan eserita ditut, kontrakoa ia ezinezkoa da. Egun zehar izandako atxilotuei buruz hitz egiten dabiltza. Berbalduna harrituta dago.

-Abokatuak dira.

-Nortzuk?

-Atxilotu dituztenak. Batzuk abokatuak dira. Abokatuak!

Esaldi hori errepikatzen du

Ezintasuna

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean larunbatean argitaratutako artikulua)

Aurreko astean nire lankide eta artista den Erramun Landa arrazoi jakinik gabe atxilotuta eta inkomunikatuta zegoen bitartean, nik Fallen Fruit izeneko proiektu artistikoari buruz idatzi nuen tarte honetan.

Ez dut askotan egiten, baina argitaratu zen egunean berriz irakurri nuen lau egun lehenago idatzitakoa. Esan beharrik ez dago artikulua hutsa iruditu zitzaidala errealitatean gertatzen ari zenarekin alderatuta. Beharbada, bidalitako artikulua hurrengo aste baterako gorde eta beste bat idatzi behar nuen pertsonen errugabetasunaren gaia hartuta edo norbait atxilotzera joaten direnean zergatik zaren zu zeu azkena jakiten, telebistako eta prentsako kamerak zure etxe aurrean daudela konturatzerakoan.

Hala ere, zertarako?, pentsatu nuen artikuluaren bukaerara iritsi baino lehen. Amorruak eragiten duen inpotentziak jota, ezkor begiratu nion urteetan egindako lanari. Eskubide gabezien aurrean zer egin daitekeen pentsatzen hasi, eta ez zitzaidan gauza handirik bururatu.

Orduan gogoratu nituen Israelek Gazan egindako sarraskiak jasotzen duen To Shoot an Elephant filmari buruz irakurri nuen artikuluan egindako gogoetak. Gogoratzen ez dudan artikuluaren egileak zioenaren arabera, horrelako film batek ezin badu palestinarren eta israeldarren gatazkan nazioarteko potentziek duten jarrera aldatu, arteak ez duela ezertarako balio ondoriozta daiteke.

Toki askotara iristen ari den film gogorraren eragina txikia bada, zer lortuko nuke nik euskaraz argitaratutako artikulu batekin? Onar dezagun, arteak ez du eragin handirik gizartean, ez egoera larriak salatzen dituenean, ez bestetan. Auschwitz ondorengo artea posible ote den behin eta berriz burura etortzen zaidan galdera da.

Baina ezkortasun egoera gainditu ondoren, agian salaketa helburu duen arteak edo, neurri apalagoan, nire balizko artikuluak zerbait lortzea baino gehiago gu lasaitzeko balio duela pentsa dezakegu; gu geu izaten jarraitzeko erabiltzen dugula, eta horrek artelan zintzoenak eta konprometituenak sortzen dituela.

Zer da bestela geratzen zaiguna? Fikzioaren ihes egite hutsa? Horrek errealitatea faltsutu egingo luke, eta gure tanta hauen bidez ere errealitatea eraikitzeko gai gara.

Beraz, errealitate ez zuzen bati duintasun pixka bat gehitzea ez da hain burugabea.

Entzulearen eskubideei buruz (8)

Xabi Erkizia (A capella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Musikaren garapenaren historia eta entzulearena pare-parekoak ez diren bezala, ezin da erran musika entzuteko ohituren eta musikaren soinu kalitatearen historiak nahitaez paraleloak direnik. Horren adibide garbienak musika entzuteko erabiltzen ditugun eta erabili izan ditugun gailuetan eta horien ustezko abantailetan topatuko ditugu.

Hamarkada gutxi batzuetan monotik estereoan eta estereotik surround moduan entzutera pasa gara. Horretarako binilozko diskoetatik kasetera, kasetetik disko konpaktura, gero minidiscera eta DVDra eta horretatik iada MP3, ogg, FLAC eta antzeko formatu digitaletara egin dugu salto, azkenik bere garaian baztertuta gelditu zen streaming-era iritsi arte. Soinuaren kalitateari dagokionez ordea, badirudi kontrako norabidea egin dugula, gure belaunaldiak ezagutu duen teknologia kate honen hastapenetako biniloak MP3 berriak baino kalitate handiagoa eskaintzen baitu oraindik. Anna Ramos kazetariak Formatua da erronka artikuluan (Zehar aldizkariaren 53. zenbakia, 2004) ederki laburbildu zuen banaketa honen ondorioa:

Kultur aldaketez

Iratxe Retolaza (Hirudia zutabean argitaratutako artikulua)

Erraztasunak ez omen du ezinbestean irakurzaletasuna bultzatzen. Edozer irakurtzea ez omen da, derrigor, ezer irakurtzea baino hobea. Iban Zalduaren baieztapen horiek Joseba Sarrionandiak Hitzen ondoeza liburuan idatziriko sarrera bat ekarri dit gogora,

Debekatutako fruta

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Fallen Fruit fruta arbola publikoen mapak egiten hasi zen arte kolektiboa da. Hiru lagunek osatutako taldea Los Angeles hirian kokatuta egon arren, munduan zehar dabil hiriaren baliabideen antolaketa aztertzen (www.fallenfruit.org). Fruta aitzakiatzat hartuta, hiriaren erretratua egiten ahalegintzen dira, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko banaketa ikertzeko eta alternatibak proposatzeko. Fruta arbolen mapak eginez hiriaren ikuspuntu berriak eskaintzen dizkigute eta zalantzan jartzen dute hirigintza planak, edo eraikuntzen eta gune berdeen arteko harremana. Gainera gune berde horien kudeaketa noranzko bakarrekoa kritikatzen dute, beti ikusteko edo begiei atsegin izateko helburuarekin antolatzen direlako, eta ez beste zentzuei plazer emateko, adibidez, dastamenari frutaren bidez egingo litzatekeen bezala.

Arte ekintzaile horien proposamenaren arabera, hirietan fruta arbolak landatuta, zuhaitzek emandakoa dastatuz gozatu egingo luke jendeak eta oroitzapen alaiak gogoraraziko lizkieke; artista kolektiboak dioenez, frutak oroitzapen gozoak dituelako eta haurtzarora itzultzeko ahalmena duelako (agian Ameriketako Estatu Batuetan izango da).

Taldearen ekintzetako bat kaleko zuhaitzetatik hartutako frutarekin marmelada egitea izan ohi da. Gure artean ez da ohikoa, baina, adibidez, Mediterraneoko hiri eta herri askotan, kaleko laranja arboletatik hartutako laranja txertatu gabekoekin, laranja garratzezko mermelada egitea gero eta gehiago zabaldutako ohitura da han bizi den ingeles komunitatearentzat batez ere.

Ez da ideia txarra, gure kaleetan landatzen diren zuhaitzei etekina ateratzea, baina lagun batek bidalitako informazioaren arabera, euskal hipermerkatu ezagun batek argitaratzen duen kontsumoari buruzko aldizkari zorrotzean kaleko frutaren arriskuaz ohartarazten zaigu. Itxuraz, kalean landatutako zuhaitzen frutak kutsadurak eragiten duen dioxido karbonoa xurgatzeko ahalmen handia du, eta, fruta hori erabiliz gero, gorputzean amaitzeko arrisku handia egongo litzateke. Laranja garratzezko mermelada izateaz gain, pozoiduna izango litzateke. Kolpe gogorra Fallen Fruit kolektibo sinpatikoarentzat.

Giza-kupelak

Fermin Etxegoien (A capella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Hobe musikarekin ala musikarik gabe? Norbera gimnasioan dela, zehaztu beharko nizueke galdera, nire gimnasioan musika ez baita inoiz isiltzen, eta perpetuum mobile bat da, bertan argaldu nahian gabiltzan giza-kupelok izan nahi genukeenaren antzera.

Behin batean, ordea, musika isildu egin zen gimnasioan, eta goitik behera ulertu nuen musika etengabe entzutea beharrezkoa dela bertan. Nahiz eta, zuzen imajina dezakezuenez, nire gimnasioko musika ere oso lazgarria izaten den, gimnasio guztietakoa bezalakoa.

Halako techno-disco faltsu bat, bere osagai guztietan gezurrezkoa dena; ez aita ez ama ezagunik ezin eduki lezakeen B saileko sasikume sonoroa.

Halere, gertatu egin zitzaidan: musikarik gabe utzi gintuzten gimnasioan, eta orduan ulertu nuen musika beharrezkoa dela bertan, eta, gainera, -hau da politena- musika hori dela, hain zuzen, beharrezkoena.

To errebelazioa.

Aipatu techno-disco lazgarria entzuten ari garen bitartean, lagunok, konparazioz irabazi egiten baitu gimnasioan argaldu guran gabiltzan giza-kupelon koreografia baldarrak… Musika gelditu zen aldi hartan, ordea, zera ematen genuen bertan bildutakook: udaberriaren kontsakrazioaren negatiboa.

Hau da: musikarik gabe, ezin ezkutagarriago ageri zitzaidan gimnasioko errealitatea. Gure mugimendu harrigarriki astunak, hasteko. Zer esanik ez batzuon kopetak zein besteen aldakak inguratzen zituzten zinta, gerriko eta pololo indisimulatuki arrosak.

Zorionez, gezurrezko techno-disco doinuak berehala berrabiatu ziren gimnasioan.

Adiera artistiko guztiek edertzen dute unibertsoa, ulertu nuen bat-batean.

Gazte literaturaren aurka

Iban Zaldua (Hirudia zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Nire aurreko zutabean, duela hiru aste, gazte literatura behin betiko abolitzeko proposamena botatzen nuen, euskararako itzulpenak bultzatzeko neurri gisa alegia, baina leku faltaren kausaz beste baterako utzi nuen azalpena; egun hartan bezain apokaliptiko altxatu naizenez ohetik -ez zait, badaezpada aitortzen dizuet, beti gertatzen-, zor hura kitatzeko abagune ona izan daiteke gaurkoa.

Ez dut ukatuko normalean Haur eta Gazte Literaturaren baitan kamuflatu ohi den letren segmentu horretan denetik egon daitekeela, ona, erdipurdikoa eta txarra -helduen literaturan bezala, hain zuzen ere-, ezta kulturaren ondare unibertsalari obra nagusirik eman ez dionik: Robert L. Stevensonen Altxor uhartea gazteentzako nobela bezala sortu zen, berez, nahiz eta bere jatorriko asmoa transzenditu eta heldu batek interesez ez ezik probetxuz irakur dezakeen -hain ohikoa ez dena, bide batez esanda-. Baina irudipena daukat, oro har, eta salbuespenak salbuespen, gazte literaturak eta haren garapen metastasikoak kalte egin diola literaturaren harrerari gaztediaren artean. Haur literatura -hamabi edo hamahiru urte arteko neska-mutikoentzako ekoizten dena, uler gaitezen- justifikatuta ikusten dut arrazoi pedagogiko hutsengatik, irakurketa bera baita txikiek menderatu behar duten lehenengo gauza. Baina hamabi eta hamasei -edo are hemezortzi- urte artekoentzat propio idazten den horri gero eta erabilgarritasun gutxiago ikusten diot, ez bada, jakina, idazlearen karreraren ikuspuntu hutsetik.

Lehen, gazte literaturatzat hartzen zena -Emilio Salgari edo Jules Verne haiek, esaterako- printzipioz publiko helduarentzat idatzitako eleberriak ziren, zeinak une batetik aurrera egoki ikusten hasi baitziren gaztetxoentzat… baina ez zioten horregatik beren jatorrizko izaerari uko egiten. Gauzak okertzen hasi ziren gazteentzako propio ekoiztutako gauza erraz eta -ez gutxitan- mengel horiek nagusitzen hasi zirenean, gero eta gehiago: inpresioa daukat haien baitan gustu literarioa larriki kaltetzeko arriskua ezkutatzeaz gain, irakurketaren esfortzua eta benetako plazera estaltzen dituztela eta, okerrago dena, gero eta gehiago erabiltzen direla, garai bateko literaturaren

‘Bilbao song’

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Kurt Weill musikariak eta Bertolt Brecht poetak Happy End izeneko pieza musikala sortu zuten 1929an. Kurt Weillek Brechten poesia sorta eder bati musika jarri zion, sarritan egin zuen bezala. Musikalaren azken poesiak Bilbao Song izena zuen, eta ordutik askotan antzeztu eta kantatu den pieza da. Bertolt Brechtek Bilbo ezagutzen ez zuelako edo, alegiazko hiria azaltzen da poeman: Bill izeneko norbaiten dantzalekuko dirua eta alkohola eta amodioa pizteko moduko ilargia.

80 urte pasatu ondoren, Bilboko Rekalde aretoan Peter Friedl artistak Bilbao Song izeneko bideoa aurkeztu du. Weillen musikari Euskal Herriarekin harremana duten irudiak gehitu dizkio, eta Brechtek amestutako Bilbo alai eta erromantiko hartatik urrun dagoen egoera azaltzen du.

Aktoreen bidez arte historiako koadroak berrosatzen ditu, antzerki ez mugikorra erakusteko. Bideoa Ingresen koadro historiko batekin hasten da, Frantziako Henrike IV.a Espainiako enbaxadorea hartzen duenekoa hain zuzen. Beste guztiak XX. mende hasierako

Musika.Soina.Askatasuna

Xabi Strubell (A capella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Mendebaldeko kulturak gorputza ukatu izan du. Errepresio hori giharretan, hezurretan, ibilkeran nabaritu da, gorpuztu egin da. Bai gizonengan bai emakumeengan, baino agian emakumeengan bortitzago eta latzago. Mentalitate elizkoia, gure soinetik urruntzen gaituen hotz horrena, ukapenarena, gogo-bihotzen errepresioarena. Azken batean, oso mentalak eta burukoiak egiten gaituen kultura mendebaldar baldar honena.

Baina gerora, eta poliki-poliki, kultura berri bat jaiotzen joan da. Kultura hau musika erritmikoarena da, bluesarena, rockarena, sanbarena, beltz jendeek ez dutena inoiz galdu. Euren kultura tradizionalaren parte izan da beti, baina esan ahalko genuke euskaldunok ere hein handi batean gorde dugula, garaiak garai.

Eurek esklaboak izan zirela esaten dute, baina hara: esklaboa ez da esklabo