Ume jolasak

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean argitaratutako artikulua)

Gure politikariak gizarte zerbitzuak eta kultura diru publikorik gabe lagatzeko komenigarritasunari buruz konbentzitzen ahaleginak egiten ari direnean, futbolerako beherapenik ez dagoela argi eta garbi azaldu dute egun hauetan Donostiako Real Sociedadi euskarari zegokion dirutza eman ondoren eta Bilboko San Mames futbol zelaiko lehendabiziko harria jarri ondoren.

Lehendabiziko erabakiaren bidez Gipuzkoako Aldundia tranpa egiten ari dela alderdi politiko gutxik salatu dute, futbolzale boto-emaileen beldur seguru asko. Bigarrenaren aurrean ere ez da hirian kritika handirik sumatu, nahiz eta guztiok jakin ez dela presazko gaia. Athleticek urte gehiago futbol zelai berean jokatzeko inongo arazorik ez badauka ere, Gasteizko sukurtsalera iritsi berriek, komunikabide nagusien laguntzaz, propaganda nola erabili ondo ikasi dute.

Baina erabakitzeko ahalmena duten politikariek ez dituzte egunkarietako kultur orriak irakurtzen, eta horregatik ez zaizkie gure iritziak batere axola. Aldiz, kirol nagusiaren jarraitzaileen bihotz bultzadak gehiago kezkatzen ditu, eta gustura lagatzeko prest daude nahiz eta zentzu minimoa duen edozeinek lotsagabe hutsak direla pentsatu.

Realari dirua ematea eztabaidagarria izan daiteke, baina diru hori euskara bultzatzeko kutxatik irteteak adarjotzetik gehiago du erabaki eztabaidagarritik baino. Gutxienez isilik egingo balute, lotsa gutxi dutela pentsatuko genuke; baina gainera justifikatzeko futbolariek euskararen aldeko mezua zabalduko dutela esatea, guztiok tontotzat hartzea da.

Diru falta dela-eta Gipuzkoako azpiegitura indartsu eta oinarrizkoa izan behar zuen Tabako Fabrikako proiektua kolokan dagoenean, nola justifikatu futbolzaleei egindako oparia? Orain ez omen da hain garrantzitsua, eta zain egon beharko du edo proiektu merkeago bat pentsatu; bitartean, gastatutakoak -Bartomeu Mariren soldatak, zenbait kontsultorari eskatutako hainbat proiektu, oraingo lan taldea, arkitektura lehiaketa, eta abar- nor kezkatzen du?

Politikariei arduratsuago jokatzeko eskatzea ez da demagogia egitea. Odon Elorzak Bartzelonako CCCBren antzeko jostailua nahi zuen, hori zen Tabakalera alkatearentzat. Orain, jostailu berria duela, Donostia Europako kultur hiriburua izatea, bazterrean laga du, eta konfiantza eman dion zuzendariari atzetik emandako telefono mezu bidezko labankadaz bukatu da jolasa. Bilboko alkateari, ordea, bere jostailua eman diogu, ea San Mamesekin konformatzen den!

Ezkutuko loreak

Saioa (A cappella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Gaurkoan MySpace Music-eko sare birtualean aurkitu daitezkeen ezkutuko loreez hitz egin nahi dizuet. Baina has gaitezen lehenbizi MySpace Music zer den azaltzen: oro har, edozein pertsonak musika ezagutzera emateko sor dezakeen modu birtuala da. Kontuan izan behar dugu egungo diskoetxeek talde askoren abestiak argitaratzeko erabakia ez dutela erraz hartzen; hainbeste musikari daude, eta hain onak, denentzat dirurik ez dago. Ondorioz, musikari horietako asko ezkutuan gelditzen da, MySpaceko belardi zabalean. Nik ezkutuko loreak deitzen diet, ez baita erraza MySpacen dauden lore guztien musika ezagutzea.

Baina esan nahi dizuedana zera da: benetan musika maite baduzue, ez ahaztu MySpacen barrena artista on ugari existitzen direla: batzuek diskoetxe txiki baten laguntzaz diskoren bat atera duten, baina beste asko oraindik ezkutuan daude. Batzuetan ibiltzen naiz lore horien bila. Eta gehienetan aurkitzen dut gustukoa den artistaren bat. Horrela, badut ezkutuko lore sekretu batzuen berri.

Lore polit askoren berri eman ahal dut hemen, baina egokiagoa iruditzen zait bakarren bat aipatzea, izen asko ikusteak, askotan, bilaketa birtualari ekiteko alferkeria sortzen baitu.

Bada neska gazte alemaniar bat; bere izen erreala ez dakit -ezkutuko lore bat da, badakizue-, baina haren musikak erabat txundituta utzi ninduen aurkitu nuenean. Bere musika adierazten duen izen artistikoa Entertainment for the Braindead da; hau da,

San Tomasen osatzea

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Bilboko Guggenheim museoak Anish Kapoor artistari eskainitako erakusketa ikusten ari nintzela sentsazio gazi-gozoa izan nuen: erakusketaz gozatzen ari nintzen eta horrek beldurra ematen zidan.

Artearen azterketa ogibide dugunok erakusketak deformazio profesionalak jota ikusten ditugu; hau da, zaila egiten zaigu aurreiritzirik gabe edo burua alde batera lagata erakusketaz disfrutatzea. Sarritan artearen aurreko ariketa intelektualak beste modukoak diren esperientziak eragozten dizkigu. Horregatik, erakusketa ludikoagoetan edo buruarekin batera beste gauzak mugitzen dituzten erakusketetan deseroso sentitzen gara. Kapoorren erakusketaren zenbait artelanen aurrean gehiegizko jolasa ez ote dagoen pentsatu nuen aretoetara iritsi bezain laster, batez ere ispiluen gelara sartu nintzenean.

Jendearen barreak eta keinuak ikusita jolas-parkearekin alde handirik ez zegoela pentsatu nuen eta horrek mesfidantza eragin zidan. Baina ispiluen aurrean jarri orduko sumatu nuen espazioaren aldaketarekin batera, artistaren gainontzeko lanekin harreman handia zutela eta artelanak harrapatzen zaituenean jolasak hausnarketa intelektualari atea zabal diezaiokeela konturatu nintzen.

Baina horretarako artelana bizi egin behar da, ez da nahikoa argazkietan ikustea edo kanpotik begiratzea. Aliziaren ispiluen modura, aldakorra den espazioaren munduan sartzeko gaitasuna dute Kapoorren ispilu handiek. Ez da jolas hutsa, errealitatearen hautematea aldatzea lortzen duen lana dela iruditzen zait. Erakusketan dagoen lan finenaren eta delikatuenaren izenburuak dioen bezala, San Tomasen sendatzea bezalakoa izan zen konturatzea begiak eta buruak, sinesteak eta zalantzak bat egin dezaketela.

Berehala, Kapoorren erakusketaren gaineko hausnarketa orokorrago bihurtu zen eta artearen profesionalen joera masokistez ohartu nintzen. Eliza katolikoko erritoekin gertatzen den bezala, badirudi erakusketetan disfrutatzea eta onak izatea ezin dutela elkarrekin lotuta egon, hau da, erakusketa ona izateko sakona eta zaila izan behar duela, bestela ez da hain ona izango.

Artelanak irakurketa maila ezberdinak izatea interesgarria da eta Kapoorrena horretarako adibide ona da. Edozeinek ikus dezake zerbait, atera dezake zerbait, baina baita ikasi eta hausnartu ere. Literaturan eta zineman tarteka gertatzen den bezala, ondo pasatzeak eta esperientzia intelektualak ez dute elkar ukatzen.

Sinesgarritasuna airean

Jon Eskisabel

Tabakalerako egitasmoa bizirik dago, oraingoz. Gertatutakoa gertatu eta gero ez baita erraza Donostian egin nahi duten kultura garaikideko zentroaren etorkizuna igartzea. Are gutxiago, itxaropentsu agertzea. Obra arkitektonikoak hastear zirela Odon Elorza alkateak diru inbertsioa berriz aztertzeko moratoria bat eskatuz egindako adierazpenek ataka larrian utzi zuten proiektua -hamar urteko ibilbide gorabeheratsuaren ostean nolabaiteko definizioa eta sinesgarritasuna lortuak zituela zirudien proiektu bera-, eta esan daiteke atzoko bileran erabakitakoarekin egitasmoari azkena eman diotela Gipuzkoako Diputazioak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak. Berriz buelta hasierara, eta ez da lehen aldia…

Urtea bukatu bitartean diseinatuko duten proiektua beste bat izango da, izen berekoa,

Entzulearen eskubideei buruz (9)

Xabier Erkizia (A cappella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Nork erabakitzen du zein soinu, musika edo hots den gure belarrientzako ona? Nork pentsatzen eta diseinatzen ditu gure herri eta hirietako soinuak eta haien garrantzia? Arartekoak ote du horretan eskumenik? Alkateek? Beharbada, teorian gai honetan iritzi eta irizpide -gerora ordenantza- egokiagoak dituzten ingurugiro zinegotziek? Edo udaltzainen belarri entrenatuek?

Horrelako galderak egiteak gehiegikeria eman dezakeen arren, ezin dugu ahantzi gure inguruan topa ditzakegun soinu gehienak, nagusiki artifizialak diren horiek, diseinatuak izan direla gure belarrietara iritsi aitzin. Janzten ditugun arropak eta gidatzen ditugun autoak bezala. No Sound is Innocent idatzi zuen Eddie Prevost musikariak inprobisazio askeari buruz teorizatzerakoan, eta orain zilegi zait premisa hori inguruneko soinuei buruz mintzatzeko berreskuratzea: ez dugu soinu inuzenterik gure inguruan. Eta, ondorioz, arduradun inuzenterik ere ez. Hasieran aipatutakoek, bertze hainbertzerekin batera, egunero gure belarriak zizelkatzen dituzten soinu horiek erabakitzeko ahalmena dute, bakoitzak bere modura. Baina Arartekoak soilik iradokitzen duen bitartean, alkateek -eta haien neurrigabeko egoek nahiz berandu eta estropezuka hartutako neurri populistek- inoiz baino zarata handiagoa ateratzen dutenean, ingurumen gaiei buruzko zinegotziek karrikak baino gehiago aurpegiak garbitzen dituztenean eta udaltzainek motorzale diruditenean, zaila da soinu edo zarata politiken nondik norakoa jakitea.

Orain urte guti Erresuma Batuan Peter Cusackek zuzendutako artista eta zientzialari talde batek, zarataren inguruko politika eraginkorragoak eta eguneratuagoak pentsatzeko eta proposatzeko asmoz, inguruneko soinuen ebaluaketa berriak egiteko balio izan zuen egitasmoa jarri zuen martxan: The Positive Soundscape Project. Agintariek ezarritako irizpideak itsu-itsuan onartu beharrean, herritarrei galdetuta ikuspegi berri bat proposatu zuen. Sistemak txartzat edo ontzat eman dituen soinuen balore eskala kolokan jarriz, azken urteotan zaratari buruzko balioak eta iritziak aldatu direla erakutsi zuen. Eta zaratatzat daukagun soinu aunitz gustuko ditugula ondorioztatu zuen. Bertze modu batean erranda: hirietako biztanle-entzuleek zarata zenbait ez soilik gustuko baizik eta beharrezko -ekonomikoki eta psikologikoki- dituztela ondorioztatu zuen. Erran bezala, ez baita soinu inuzenterik… gure belarriontzat.

Gizona zakur egin zen

Jon Eskisabel

Hala du izenburu Bitoriano Gandiagaren poema batek, duela urte batzuk Joseba Irazokik musikatu eta izenburu bereko disko batean grabatu zuena. Balio du Canino pelikularen muina laburbiltzeko. Film harrigarria da Giorgios Lanthimos greziarrak egin duena. Tamalez, une honetan Donostian bakarrik ikus daiteke.

Bi senar-emazte eta hiru seme-alabak hiritik aparte dagoen txalet handi batean bizi dira, palmondoak dituen lorategi zabala eta piszina barne. Pertsona bakarra ateratzen da etxetik, aita, eta kanpoko pertsona bakarra sartzen da, Cristine, seme bakarraren heziketa sexualaz arduratzen den zinpeko zaindaria. Kanpoko munduarekin ezein harremanik ez dute etxean -telebistan bideo familiarrak bakarrik ikusten dituzte, esaterako- eta aitak ezarritako heziketa arau zorrotzak eta zentzugabeak betetzen dituzte hala hiru seme-alabek nola emazteak. Ez zaigu jokaera horren jatorriari buruzko inolako informaziorik ematen. Sekta batekoak ote dira?

Ez da komeni gehiago kontatzea, baina igarri daiteke zertaz hitz egiten duen pelikulak: familiaz, heziketaz, seme-alabenganako gehiegizko protekzionismoaz… Kontua da oso modu berezian egiten duela: umore absurdoa, surrealista eta beltza, oso beltza, du filmak, baina aldi berean gogorra, biolentoa eta mingarria suertatzen da hainbat unetan. Ikuslearen barre algara irribarre izoztu bilakatzen da segundo gutxitan. Komediaren azalaren azpian munstrokeria gordetzen da.

Zientzia fikzioko filma dela adierazi du Lanthimos zuzendariak. Hain zuzen, Sitgeseko zinema fantastikoko jaialdian ikuslearen saria eraman zuen.

Esperimentala

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean atzo argitaratutako zutabea)

Orain pasilloetan sakabanatutako erakusketari esperimentala deitzen zaio. Bilboko Arte Ederren Museoak Cristobal Balentziaga arropa diseinatzaile getariarrari buruzko erakusketa zabaldu zuen astelehenean eta jantziak erakusketa aretoan jarri beharrean sarreran eta museoko pasabideetan erakutsi dituzte.

Horrek ez du berez kontrako ezer (arrisku uneetan museoa husteko oztopoa ez bada behintzat), baina horri esperimentala deitzea, aitzakia errazegia iruditu zait behar bezalako erakusketa bat ez antolatzeko. Jakina da eskatu gabeko azalpenak bekatua ezkutatzen duela.

Hala ere, ez da izenburu poetikoen bidez sakabanatuta egoteari esperimentala deitzearen arrazoi bakarra, muntaketa ere ausarta omen da, arropa erakusteko modu ezberdinari deitu diezaiokegu esperimentala. Baina arropa ikusteko enbarazu egiten dituen neoizko uztaiak, kablez betetako bonbillak edo soinekoak argiaren kontra ikusteko aukera gutxi ematen duten argi hormak, esperimentalak izango dira, baina esperimentua ondo irten daiteke edo ez, eta kasu honetan ez dut uste muntaketa hain sofistikatua egin dutenek asmatu dutenik. Getarian datorren urtean zabaltzekoa den museoaren erakusketa proiektuaren arduradunak direla da okerrena.

Erakusketan moda munduko bi profesionalekin egin nuen topo eta bakoitzak bere aldetik gauza bera esan zidan: erakusketan arropa objektutzat hartuta zegoela eta ezinezkoa zela jakitea jantzita nola geratuko litzatekeen. Batek zioen maniki baten lepoa eta besoak ezinbestekoak direla soinekoak ondo ulertzeko, eta besteak garai hartako diseinatzaileek garrantzi handia ematen ziotela soinekoak lurretik zuen altuerari. Baina Bilboko erakusketa hain esperimentalean, arropa objektu artistiko bihurtu dute eta espazioan flotatzen duen zerbaiten modura aurkeztuta daude, berdin da soinekoa izan edo eskultura izan, nahiz eta Balentziagak beti arropa josten jardun.

Ez dut ulertzen garestia dirudien erakusketak zergatik ez duen museoko aretoren bat betetzen eta zergatik arropak ez diren behar bezala erakusten. Agian muntaketa esperimentala egin duten arkitektoei moda munduko norbaiten aholkua gehitu balitzaio, Balentziagaren asmoak eta lanak hobeto ulertuko genituzke.