Ahoz aho

Iratxe Retolaza (Hirudia zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Kanon aldaketaz hitz egin zuen Iban Zalduak aurreko astean. Garai batean, Saizarbitoria, Izagirrre eta Atxaga omen ziren euskal letretako kanonaren erpina, eta gaur egun beste kanon bat errotzeko bidean egon litekeela aipatu zuen, Elorriagak, Uribek eta Jaiok osaturiko kanona. Azken aldian halako baieztapenak askotxo entzun ditut, eta antzeko izenak ere aipatu izan dira norabide baten aldaketa adierazteko. Hainbat literatura gunetan entzundako baieztapenak dira, ahoz egin ohi direnak, eta halako tonu etsitua dutenak. Esan beharra dago, bestalde, tonu etsitu hori adierazi ohi dutenek, eta garai baten amaiera iragartzen duten horiek, 80ko hamarkadan euskal letren esparruan lanean buru-belarri aritu ziren literaturazaleak izan ohi direla, idazleak, kritikariak edo irakasleak, baina, guztiek ere literaturaren esparruan behinola eragina izan zuten ahotsak. Edo garai hartan zaletu ziren irakurleak. Literaturazale hauen iritziei kasu eginda, badirudi orduan literatura eredu bat oso erroturik eta hedaturik egon zela, eta literatura eredu horrek izan bazuela adituen, literaturazaleen eta irakurle gehienen oniritzia. Badirudi adostasun literario bat egon bazela. Tentuz jaso behar diren iritziak dira, nire ustez. Iritzi horiek literaturazale horiek euskal letretan izan zuten lekuarekiko eta eragiteko gaitasunarekiko nostalgia biltzen dutela iruditzen zait, eta era berean, eragile modura aritzeko zuten indarraren oroimena. Izan ere, gaur egun ez al dira Saizarbitoria, Izagirre eta Atxaga euskal letretan eragin handiko izenak? Komunitate literarioaren barruan oraindik ere hiru idazle hauen ibilbide literarioa -gorabeherak gorabehera- estimutan da, irakurle askoren artean ere.

Bestalde, 80ko hamarkadan ez al zegoen literatura ereduen eta estetiken arteko tentsiorik? Ez al du gaurko begirada batek erabakitzen hiru horiek izan zirela eredu, eta ez besterik? Are gehiago, sei idazle horiek ez dute beti proposamen estetiko bertsua egin, beraz, haien obrak beharko kanon edo eredu, eta ez haien izenak.

Izango zen tentsiorik garai hartan, idatzian ez bada, ahoz ahoko iritzietan ziur. Gaur egun ere ahoz ahokoak ere badu pisurik euskal literaturaren inguruko diskurtsoak eta iritziak sortzean. Ez da egoera adierazi bezain sinplea, nik uste. Esango nuke joera, kanon eta korronte ezberdinek dutela eragina gaur egun. Prentsako oihartzunaren ondoan, eta iritzi idatzien ondoan, egon badaude beti ahoz ahoko sareak, iritzi askotarikoak. Ahoz ahoko hainbat saretan kanon berri horren alde egiten da, eta beste zenbaitetan kanon zaharraren alde, eta egongo da bi horien aldekorik ere. Ahoz ahoko horiek aztertzerik bagenu bestelako mapa genuke.

Babesgabe

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean maiatzaren 8an argitaratutako artikulua)

Kultura sailburuordeari BERRIA-k egindako azken elkarrizketan Praileaitz kobazuloari buruzko argibide interesgarriak azaltzen ziren.

Badirudi lehen mailako ondarea babesteko arazoak daudela. Lurjabeek beraien lurretan dauden eta guztiona den ondarearen gainean izan dezaketen ahalmena uste baino handiagoa dela ondoriozta daiteke sailburuordearen hitzetatik.

Babes eremua zabaltzeko oztopo handiena eman beharreko kalte-ordain handiak omen dira. Administrazioak guztiontzat onuragarriak omen diren lurrak desjabetzeko bideak ezin dira itxuraz ondarearen babeserako erabili.

Guztiok dakigu zein erraz aldatzen diren terrenoen izendapenak lan handiak egin behar direnean. AHTa edo autobideak egiteko erabiltzen diren kalte-ordainak handiak izango dira, baina hala ere aurrera egiten da, nahiz eta garbi ez izan zeinen alde egiten ari garen. Gauza bera eraikuntza enpresa handiek marrazten dituzten hirigintza proiektu handiak gure hiri eta herrietan, etxebizitzak behar direla eta horren aitzakiapean.

Baina ondarearen txanda iristen denean ezin da horrelakorik egin. Jabego pribatuak onura publikoak baino indar handiagoa du, eta ukiezina da, nahiz eta sailburuordearentzat Praileaitz