Esperimentala

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean atzo argitaratutako zutabea)

Orain pasilloetan sakabanatutako erakusketari esperimentala deitzen zaio. Bilboko Arte Ederren Museoak Cristobal Balentziaga arropa diseinatzaile getariarrari buruzko erakusketa zabaldu zuen astelehenean eta jantziak erakusketa aretoan jarri beharrean sarreran eta museoko pasabideetan erakutsi dituzte.

Horrek ez du berez kontrako ezer (arrisku uneetan museoa husteko oztopoa ez bada behintzat), baina horri esperimentala deitzea, aitzakia errazegia iruditu zait behar bezalako erakusketa bat ez antolatzeko. Jakina da eskatu gabeko azalpenak bekatua ezkutatzen duela.

Hala ere, ez da izenburu poetikoen bidez sakabanatuta egoteari esperimentala deitzearen arrazoi bakarra, muntaketa ere ausarta omen da, arropa erakusteko modu ezberdinari deitu diezaiokegu esperimentala. Baina arropa ikusteko enbarazu egiten dituen neoizko uztaiak, kablez betetako bonbillak edo soinekoak argiaren kontra ikusteko aukera gutxi ematen duten argi hormak, esperimentalak izango dira, baina esperimentua ondo irten daiteke edo ez, eta kasu honetan ez dut uste muntaketa hain sofistikatua egin dutenek asmatu dutenik. Getarian datorren urtean zabaltzekoa den museoaren erakusketa proiektuaren arduradunak direla da okerrena.

Erakusketan moda munduko bi profesionalekin egin nuen topo eta bakoitzak bere aldetik gauza bera esan zidan: erakusketan arropa objektutzat hartuta zegoela eta ezinezkoa zela jakitea jantzita nola geratuko litzatekeen. Batek zioen maniki baten lepoa eta besoak ezinbestekoak direla soinekoak ondo ulertzeko, eta besteak garai hartako diseinatzaileek garrantzi handia ematen ziotela soinekoak lurretik zuen altuerari. Baina Bilboko erakusketa hain esperimentalean, arropa objektu artistiko bihurtu dute eta espazioan flotatzen duen zerbaiten modura aurkeztuta daude, berdin da soinekoa izan edo eskultura izan, nahiz eta Balentziagak beti arropa josten jardun.

Ez dut ulertzen garestia dirudien erakusketak zergatik ez duen museoko aretoren bat betetzen eta zergatik arropak ez diren behar bezala erakusten. Agian muntaketa esperimentala egin duten arkitektoei moda munduko norbaiten aholkua gehitu balitzaio, Balentziagaren asmoak eta lanak hobeto ulertuko genituzke.