Gizona zakur egin zen

Jon Eskisabel

Hala du izenburu Bitoriano Gandiagaren poema batek, duela urte batzuk Joseba Irazokik musikatu eta izenburu bereko disko batean grabatu zuena. Balio du Canino pelikularen muina laburbiltzeko. Film harrigarria da Giorgios Lanthimos greziarrak egin duena. Tamalez, une honetan Donostian bakarrik ikus daiteke.

Bi senar-emazte eta hiru seme-alabak hiritik aparte dagoen txalet handi batean bizi dira, palmondoak dituen lorategi zabala eta piszina barne. Pertsona bakarra ateratzen da etxetik, aita, eta kanpoko pertsona bakarra sartzen da, Cristine, seme bakarraren heziketa sexualaz arduratzen den zinpeko zaindaria. Kanpoko munduarekin ezein harremanik ez dute etxean -telebistan bideo familiarrak bakarrik ikusten dituzte, esaterako- eta aitak ezarritako heziketa arau zorrotzak eta zentzugabeak betetzen dituzte hala hiru seme-alabek nola emazteak. Ez zaigu jokaera horren jatorriari buruzko inolako informaziorik ematen. Sekta batekoak ote dira?

Ez da komeni gehiago kontatzea, baina igarri daiteke zertaz hitz egiten duen pelikulak: familiaz, heziketaz, seme-alabenganako gehiegizko protekzionismoaz… Kontua da oso modu berezian egiten duela: umore absurdoa, surrealista eta beltza, oso beltza, du filmak, baina aldi berean gogorra, biolentoa eta mingarria suertatzen da hainbat unetan. Ikuslearen barre algara irribarre izoztu bilakatzen da segundo gutxitan. Komediaren azalaren azpian munstrokeria gordetzen da.

Zientzia fikzioko filma dela adierazi du Lanthimos zuzendariak. Hain zuzen, Sitgeseko zinema fantastikoko jaialdian ikuslearen saria eraman zuen.

Leave a Comment.