San Tomasen osatzea

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Bilboko Guggenheim museoak Anish Kapoor artistari eskainitako erakusketa ikusten ari nintzela sentsazio gazi-gozoa izan nuen: erakusketaz gozatzen ari nintzen eta horrek beldurra ematen zidan.

Artearen azterketa ogibide dugunok erakusketak deformazio profesionalak jota ikusten ditugu; hau da, zaila egiten zaigu aurreiritzirik gabe edo burua alde batera lagata erakusketaz disfrutatzea. Sarritan artearen aurreko ariketa intelektualak beste modukoak diren esperientziak eragozten dizkigu. Horregatik, erakusketa ludikoagoetan edo buruarekin batera beste gauzak mugitzen dituzten erakusketetan deseroso sentitzen gara. Kapoorren erakusketaren zenbait artelanen aurrean gehiegizko jolasa ez ote dagoen pentsatu nuen aretoetara iritsi bezain laster, batez ere ispiluen gelara sartu nintzenean.

Jendearen barreak eta keinuak ikusita jolas-parkearekin alde handirik ez zegoela pentsatu nuen eta horrek mesfidantza eragin zidan. Baina ispiluen aurrean jarri orduko sumatu nuen espazioaren aldaketarekin batera, artistaren gainontzeko lanekin harreman handia zutela eta artelanak harrapatzen zaituenean jolasak hausnarketa intelektualari atea zabal diezaiokeela konturatu nintzen.

Baina horretarako artelana bizi egin behar da, ez da nahikoa argazkietan ikustea edo kanpotik begiratzea. Aliziaren ispiluen modura, aldakorra den espazioaren munduan sartzeko gaitasuna dute Kapoorren ispilu handiek. Ez da jolas hutsa, errealitatearen hautematea aldatzea lortzen duen lana dela iruditzen zait. Erakusketan dagoen lan finenaren eta delikatuenaren izenburuak dioen bezala, San Tomasen sendatzea bezalakoa izan zen konturatzea begiak eta buruak, sinesteak eta zalantzak bat egin dezaketela.

Berehala, Kapoorren erakusketaren gaineko hausnarketa orokorrago bihurtu zen eta artearen profesionalen joera masokistez ohartu nintzen. Eliza katolikoko erritoekin gertatzen den bezala, badirudi erakusketetan disfrutatzea eta onak izatea ezin dutela elkarrekin lotuta egon, hau da, erakusketa ona izateko sakona eta zaila izan behar duela, bestela ez da hain ona izango.

Artelanak irakurketa maila ezberdinak izatea interesgarria da eta Kapoorrena horretarako adibide ona da. Edozeinek ikus dezake zerbait, atera dezake zerbait, baina baita ikasi eta hausnartu ere. Literaturan eta zineman tarteka gertatzen den bezala, ondo pasatzeak eta esperientzia intelektualak ez dute elkar ukatzen.