Ume jolasak

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean argitaratutako artikulua)

Gure politikariak gizarte zerbitzuak eta kultura diru publikorik gabe lagatzeko komenigarritasunari buruz konbentzitzen ahaleginak egiten ari direnean, futbolerako beherapenik ez dagoela argi eta garbi azaldu dute egun hauetan Donostiako Real Sociedadi euskarari zegokion dirutza eman ondoren eta Bilboko San Mames futbol zelaiko lehendabiziko harria jarri ondoren.

Lehendabiziko erabakiaren bidez Gipuzkoako Aldundia tranpa egiten ari dela alderdi politiko gutxik salatu dute, futbolzale boto-emaileen beldur seguru asko. Bigarrenaren aurrean ere ez da hirian kritika handirik sumatu, nahiz eta guztiok jakin ez dela presazko gaia. Athleticek urte gehiago futbol zelai berean jokatzeko inongo arazorik ez badauka ere, Gasteizko sukurtsalera iritsi berriek, komunikabide nagusien laguntzaz, propaganda nola erabili ondo ikasi dute.

Baina erabakitzeko ahalmena duten politikariek ez dituzte egunkarietako kultur orriak irakurtzen, eta horregatik ez zaizkie gure iritziak batere axola. Aldiz, kirol nagusiaren jarraitzaileen bihotz bultzadak gehiago kezkatzen ditu, eta gustura lagatzeko prest daude nahiz eta zentzu minimoa duen edozeinek lotsagabe hutsak direla pentsatu.

Realari dirua ematea eztabaidagarria izan daiteke, baina diru hori euskara bultzatzeko kutxatik irteteak adarjotzetik gehiago du erabaki eztabaidagarritik baino. Gutxienez isilik egingo balute, lotsa gutxi dutela pentsatuko genuke; baina gainera justifikatzeko futbolariek euskararen aldeko mezua zabalduko dutela esatea, guztiok tontotzat hartzea da.

Diru falta dela-eta Gipuzkoako azpiegitura indartsu eta oinarrizkoa izan behar zuen Tabako Fabrikako proiektua kolokan dagoenean, nola justifikatu futbolzaleei egindako oparia? Orain ez omen da hain garrantzitsua, eta zain egon beharko du edo proiektu merkeago bat pentsatu; bitartean, gastatutakoak -Bartomeu Mariren soldatak, zenbait kontsultorari eskatutako hainbat proiektu, oraingo lan taldea, arkitektura lehiaketa, eta abar- nor kezkatzen du?

Politikariei arduratsuago jokatzeko eskatzea ez da demagogia egitea. Odon Elorzak Bartzelonako CCCBren antzeko jostailua nahi zuen, hori zen Tabakalera alkatearentzat. Orain, jostailu berria duela, Donostia Europako kultur hiriburua izatea, bazterrean laga du, eta konfiantza eman dion zuzendariari atzetik emandako telefono mezu bidezko labankadaz bukatu da jolasa. Bilboko alkateari, ordea, bere jostailua eman diogu, ea San Mamesekin konformatzen den!