Geure erakusleihoa

Agus Perez (dFeriaren gaineko analisia, 2010eko ekainaren 27an argitaratua)

Amaitu egin da aurtengo dFeria. Atzean geratu dira emanaldiz beteriko hiru egunak, eta beraiekin batera ahaztu egin ditugu hasierako aurreikuspen ezkorrak. Izan ere, krisiaren eraginez, denbora batez uste izan genuen iazko dFeria azkena izango zela, baina, alde guztien inplikazioa tarteko, saihestu egin da Euskal Herriko arte eszenikoen ekimen pisutsuena betiko desagertzeko arriskua, denok dakigunez oso zaila baita ahanzturan utzitako gauzak ostera ere berpiztea.

Aurten Euskal Herriko konpainiak eta lanak bakarrik aurkeztea adabaki moduan ikusi zuen baten batek, baina azkenean horrek ere mesede egin digu, eta dFeriako giza ekipo dinamiko eta gogotsuaren eskutik aurtengo edizioa gurean sortutakoaren erakusleiho bihurtu da. Hemengo sortzaile, banatzaile eta programatzaileen artean aurreko urteetako aurpegi berberak ikusi ditut, eta horrek esan nahi du dFeriak hitzordu garrantzitsua izaten jarraitzen duela, hainbat sektoretako bilera eta batzarretarako. Kanpotik etorritako lagunei, berriz, balio erantsia eman behar zaie, beren presentziak argi utzi duelako gurean egiten denak interesa pizten duela Euskal Herritik kanpoko profesional askorengan.

Zaila da egun hauetako zurrunbilotik bertatik gure arte eszenikoen deskribapen orokorra egitea, distantzia minimo bat behar baita zeregin horretarako, baina urgentziazko analisi bat eginez gero, nik esango nuke sendotasuna eta aniztasuna erakutsi direla programatutako lanen artean. Izan ere, konpainia bakoitzak bere ildoari eutsi dio aurkeztutako produktuan eta, produktuok gustukoak izan ala ez izan, denek eduki dute etxean nahiz kanpoan aurkezteko behar den gutxieneko kalitatea.

Hala ere, emanaldien ildo artistikoari begira, desberdintasun handiak izan dira batzuen eta besteen artean, eta hori baliagarria izan da bakoitza bere lekuan kokatzeko. Ballet Biarritzen Magnifique-n, adibidez, bere betiko karta ezagunak jokatu ditu Malandain koreografoak, dantzarien maila bikaina eta irudien dotorezia publiko zabala liluratzeko baliatuz nahiz eta, aldi berean, gutako batzuengan asperdura eragin duen. 19:30 izeneko muntaia handian, berriz, komertzialtasuna eta diskurtso erraza elkartu dira, baina horrek ez dio eragozpenik ekarriko arrakastaren bidean. Azoka batean, ordea, denetarik egoten da, eta kontrako platerean Tanttakaren La mujer justa-ren gaztelaniazko estreinaldiak

Futbola

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean gaur argitaratutako zutabea)

Non dago gaur egun urtetan hainbeste errepikatu ziguten donostiarren berezko dotoretasuna?

Realaren ez dakit oso ondo zer kirol lorpenaren aitzakiarekin hiri guztia bufanda, balkoiko bandera eta propaganda kamiseta itsusiz josita egon da eta dago.

Aspaldian esaten zen Donostiako jendeak berezko dotoretasuna zuela, marino urdina eta zuriaren erabilpena arropetan aspergarria eta kontserbadorea izan arren, sinpletasunaren dotoretasuna zuela esaten genuen. Sinpletasunean oinarritutako gustua omen zegoen Donostian eta, oro har, Gipuzkoa osoan.

Topikoak beti du egiatik pixka bat, eta horregatik harrituta nago gustu txar futbolzalea nola zabaldu den

‘You Really Got Me’

Saioa (A cappella zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Ezaguna egiten al zaizue esaldi hori? 60-70eko hamarkadan The Kinks talde ingelesak sortutako abesti baten izenburua da. Abestia oraintxe entzungo bazenute, berehala ezagutuko zenukete, ziur nago.

Baina ni ez naiz abesti bakar horretaz hitz egiteko gogoarekin etorri. The Kinks talde bikainaz hitz egin nahi dizuet; izan ere, ez baitzait iruditzen behar bezainbesteko oihartzuna izan zuenik -eta duenik-, eta ez zait bidezkoa iruditzen. Sortu zen garaian, belarri guztiak The Beatles eta The Rolling Stones-en aginduetara zeudela dirudi. Egia dena zera da: The Kinks aurreko bi taldeen itzalean gelditu zela, abesti bakan batzuek izan zuten fama kenduta -adibidez, lehen aipatutako You Really Got Me eta Lola-.

Oro har, gogoan izan behar dugu The Kinks-en sortzaileak Ray eta Dave Davies anaiak izan zirela; musika munduan hain ezaguna den egoen arteko borrokaren adibide garbia dira. The Beatlesen antzekoa gertatzen zen McCartney eta Lennonen artean. Dena den, abesti gehienak -eta hoberenak- Rayk idatzi zituen.

Ez dut ulertzen nola The Kinks-ek ez zuen Beatlesen eta Rollingen bezainbesteko garrantzia izan; izan ere, egia bada Beatles-ek poparekin zuela lotura estua, eta Rolling-ek rockarekin, The Kinksek folk-pop-rock pastoral moduko bat sortu zuela ere egia da -eta beharbada, hiru taldeetan musika estilo eklektikoena sortu zuela ere bai-. Horrekin zera esan nahi dut: aurreko bi talde horietako bakoitzaren musika estiloa bakarra, berezia eta ederra zela, baina baita The Kinksena ere.

The Kinks-en musikak urrezko aro bat izan zuen, 1966tik 1972ra bitarteko garaia. Epe horretan, nagusiki, sei disko bikain eman zituen argitara: Face to Face, Something Else, Arthur, Village Green, Lola eta Muswell Hillbillies. Hainbeste izen irakurrita, segur aski The Kinksen abestiak ezagutzen hasteko alferkeria sortuko zaizue. Ulergarria da. Baina, lasai, hemen nago nondik has zaitezketen esateko. Beharbada ez dut asmatuko, baina, tira, behintzat neronen egoa elikatuko dut. Nire ustez, The Kinksen diskorik borobilena Arthur da (1969). Hasierako abestitik (Victoria) azkenera arte (Arthur) hain da ederra, berau entzutea gomendatzen dizuet.

Batzuek gogoan izango duzue 90eko hamarkadan Ingalaterran sortutako brit-pop izeneko mugimendu musikala, Oasis, Blur, Suede eta beste talde handi batzuek osatu zutena. Brit-pop-aren oinarri musikalean The Kinksen eragina dago. Blur-en abesti askotan nabaria da The Kinks-en ukitu pastoral hori -adibide gisa, hor daude abesti eder batzuk: Parklife, Country House…-.

Ea, bada, animatzen zareten The Kinks ezagutzera. Hain handiak dira…

Izen irakiarrak

Aritz Galarraga

Pasa den igandean, Pius Alibek idazle irakiarraren elkarrizketa berrirakurtzen, izenak falta zirela iruditu zitzaidan. Izenak, idazle izenak, egon baitziren pare bat galdera horiek eskatzen zituztenak. Baina, auskalo, akaso elkarrizketatzailearen abildade eskasa usaindurik, ez zizkidan eman Alibek jaunak. Izenak falta ziren, ordea, eta eskatu dizkiot. Galdetu diot zer idazle irakiar garaikide nabarmenduko lukeen:

Nazik Al-Malaika: Bagdaden jaioa, 1922an, poeta irakiar garaikide nagusia da askorentzat. 47an kaleratu zuen lehen poema bilduma Ashiqat al-Layl (Gaueko maitalea). Irak utzi zuen 70ean, senarrarekin, Baas alderdiak boterea hartu zuenean. Egipton bizi izan zituen azken urteak, 2007an hil zen arte.

Abdul Rahman Munif: Jordanian sortu zen, 1933an. Saudia zuen aita eta irakiarra ama. Politikoki oso aktiboa, Baas alderdiko militante izan zen lehenik eta kritikoa gero. 73an argitaratu zuen bere lehen nobela, Al-ashjar wa-ightiyal Marzuq (Zuhaitzak eta Marzuq-eko hilketa). 80etatik aurrera literaturari emana bizi izan zen. 2004an zendu zen.

Saadi Youssef: Basora inguruan jaio zen 1934an eta hogeita hamar poema bildumatik gora idatzi ditu gaur egunera arte. Prosa ere landu du. Herrialdea utzi behar izan zuen Saddam Husseinek boterea eskuratu zuenean, 79an. Federico Garcia Lorca, Yiannis Ritsos, Walt Whitman eta beste itzuli ditu arabierara. Londresen bizi da egun.

Beste erantzun batean, irakiar eleberrigile bat itzultzeko aukera aipatzen zuen Alibekek:

Inaam Kachachi: Bagdaden jaioa, 1952. urtean, Parisen bizi da. Kazetaritza ikasi zuen eta kronika eta erreportajeak idatzi izan ditu urte luzeetan, bai eta dokumentalak zuzendu ere. Frantsesez irakur daitezke bere hainbat liburu, adibidez, Paroles d’Irakiennes (2003) edota Si je t’oublie Bagdad (2009).

Saadi Youssefen poema:

Ustekabeko erasoa

Dardar dagi gelak
leherketa ugariekin
dardar dagi errezelak
bihotzak gero
eta zu, non zinen zu dardararen erdian?

Parodiak eta egile eskubideak

Iratxe Retolaza (Hirudia zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Iban Zalduaren azken hexalogo volgatarrak auzi zahar bat ekarri dit gogora. Alice Randallen nobela bati salaketa jarri zion Margaret Mitchell Fundazioak, Margaret Mitchellen Gone with The Wind (1936) nobela entzutetsuaren egile eskubideak urratzen zituelakoan. Alice Randallek The Wind Done Gone nobelan emakume mulato bat du pertsonaia nagusi, Escarlata O’Hararen sasiko ahizpa izan zitekeena, eta pertsonaia horren begiradatik -komunitate afroamerikarraren begiradatik- berrirakurri egin ditu Georgian Sezesio gerraren ondoren gertaturikoak. Zorionez, epaiak Randallen alde egin zuen. Bi eremuen arteko norgehiagokak ekarri zuen auzia: alde batetik, parodiatzeko eskubidea aldarrikatzen zuen Randallek, eta bestetik, egile eskubideen alde egiten zuten Mitchellen jarraitzaileek. Azken batean, obra baten interpretazioa egiteko legitimitatea eta eskumena nori zegokion zegoen auzitan. Margaret Mitchell Fundazioak obraren interpretazioa kontrolatzeko eskubidea eskatzen ari zen, ez besterik.

Gertaera hark, dena den, parodiaren erabilera erregulatzeko beharra ere ekarri du. Gaur egun jada egile eskubideez hitz egiterakoan arauturik agertzen da parodiaren erabilera. Adibidez, CEDRO elkarteak, egile eskubideak definitu eta arautzean parodiaz honako hau dio:

Kalea

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean argitaratutako artikulua)

Ikasart, Nazioarteko Arte Ederren Fakultateetako erakusketa, egiten ari da Barakaldoko BEC erakustazokan asteburuan.

Sartu eta berehala, EHUko erakusmahaian, Our Fucking Public Landscape esaldia duen kartoizko publizitate panel handia ikus daiteke. Azpian beltz bat CDak saltzen topatuko dugu, edozein hiri edo herritako kaleetan aurki dezakegun modukoa.

Mawa izeneko artistarena da lehendabiziko artelana, Igor Rezolarena bestea. Bietan espazio publikoaren gaineko hausnarketa iluna egiten da. Eskaleek lotarako erabiltzen dituzten kartoiak gainjarriz eginda dago publizitaterako erabiltzen den panelen antza duen artelana. Gure espazio publikoaren degradazioa noraino iritsi den gogorarazten digu artista gazteak.

Igor Rezolak, berriz, kaleko legearen mugan jartzen gaitu. Testuinguruaren arabera zerbait legezkoa-edo gutxienez egin daitekeela dirudi. Gauza bera beste testuinguru batean ezinezkoa edo legez kanpokoa da. Etorkin beltz batek kalean musika edo filmak saltzea debekatuta dago, bai legez kanpoko etorkina delako, bai legez kanpoko jarduera egiten ari delako, bai legez kanpoko produktuak saltzen ari delako.

Gero eta zailago da espazio publikoa zer den edo espazio publikoaren eta pribatuaren arteko muga non dagoen jakitea. Kalea gero eta arautuago dago eta herritarren aukera kalean zerbait egiteko gero eta murritzagoa da. Adibidez, inork ezin du alkohola kalean edan, ez bada behintzat taberna batek alokatutako terraza eremuan. Itxuraz, kalean edatea ez da kaltegarria, betiere edaria saltzen duenak zergak udalari ordaintzen badizkio.

Kalean saltzearekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Etorkinek ezin dute kalean saldu, baina gero eta gehiago udalak tematuta daude azoka tematiko irrigarri xamarrak antolatzen guztiok kalean eros dezagun.

Jarduera ekonomikoak alde batera lagata, aisiari buruz ere antzeko zerbait sumatzen dugu. Festak antolatzea bidezkoa da betiere udalak egiten badu edo udalak azpikontratatutako enpresa batek bideratzen badu; bestela ez dago hain garbi, orain dela asteburu gutxi Bilbon egin zen festa topaketetan hausnartu zutenaren arabera.

Azkenik, artearekin ere gauza bera gertatzen dela iruditzen zait. Adibidez, ezin da kalean grafitirik egin, baina gero eta grafiti ikastaro gehiago dago udalek edo erakunde publikoek antolatuta. Kaleko artea egiteagatik isuna jarri daiteke, nahiz eta artelan bera gero galeria batean saldu edo museo batean ikusi. Artista gazteek Ikasart bezalako azokan nahi dutena egin dezakete, nahiz eta gero errealitatean ezingo duten halakorik egin.

Entzulearen eskubideei buruz (10)

Xabi Erkizia (A cappella zutabean argitaratutako artikulua)

Norbaitek imajinatu al du nolakoa izango litzatekeen gure egunerokoa arkitektoek, bereziki rock izar modukoak diren edo izan nahi luketen horiek, entzumenari eta akustikari arreta pixar bat eskainiko baliete?

Azken urteotan ezagutu dugun arkitektura erraldoi eta harroa, botere estamentuei (gobernu, enpresa, fundazio eta hiriei) propaganda lan faraonikoa egiteaz gain, erakutsi duen gorreriarengatik pasako da historiara. Gizakiaren ibilbidean ez da behin ere horrenbertze diru inbertitu arkitekturan eta ez dugu behin ere hain akustika txarreko eraikinik ezagutu. Gizarte indibidualista eta entzungor bati zuzendutako azken monumentu handiak dira eraikuntza hauek, kapitalismo klasiko eta inperialistaren dinosauroak. Elkar komunikatzea ia ezinezko egiten duten eraikinak dira, eroso baina kontrolik gabeko oihartzunen bidez deseroso sentiarazten gaituztenak; eduki interesgarriekin beterik egon beharrean panteoi erraldoien modura hutsik ageri direnak.

Norbaitek imajinatzen al du boterea praktikan jartzeko, erakusteko eta bere apologia egiteko modu hoberik?

Zorionez, azken urteotan joera horrek bertzelako norabideak dituela dirudi. Beharbada nekearengatik izango da, beharbada jada eredu hori higatzen hasi delako (Bilbon izan ezik, bistan da…) edo boteredunek beren metodoak praktikan jartzeko alternatiba hobeak topatu dituztelako. Modu batera edo bertzera, badirudi arkitekto eta konpainia anitzek soinu eta entzumenarekiko arreta hori areagotu dutela, bertze moduko arkitektura jasangarri eta entzungarriagoak proposatuz.

Horren adibide da Bartzelonako aireportuko terminal berria. Etengabe jendez beterik egon arren bereziki isila, erosoa eta belarrientzako goxoa baita aireportua. Horrenbertze, non bidaiaria arraro sentitzen baita pasabideetan ibiltzerakoan, erosoegi. Izan ere, jakina da arkitektura akustiko deserosoek gehiago kontsumitzera bultzatzen gaituztela, gu apenas konturatu gabe sortzen diguten estres efektuaren ondorioz.

Kontua, beraz, isiltasun berri eta orain arte ezezagun honek gure jokaeran zein ondorio dituen jakitea da. Beharbada goizegi da horretarako, baina ez da horregatik fidagarriagoa. Isiltasun berriak edo zarata zaharrak, hara hor dilema. Aireportu isiletik low cost konpainia ezagun baten hegazkin zaratatsuan sartu bezain laster topa daiteke lehen susmoa: