Europako hizkuntza gutxituen kantu jaialdia

Jon Eskisabel

Bretainian, An Orient hirian (Lorient, frantsesez), jokatuko da azaroan Liet International jaialdiaren zazpigarren ekitaldia. Europako hizkuntza gutxituetan abesturiko kantuen jaialdia izan arren, euskaldun gehienoi ezezaguna gertatzen zaigula esango nuke. Frisian (Herbehereak) sortu zen Liet International, Eurovisionek tokian tokiko hizkuntzan abesteko baldintza bertan behera utzi ondoren herrialde gehienetako kantarien artean ingelesa nagusitzen hasi zenean. Urterik urte indarra hartu du jaialdiak, eta gaur egun Europako hizkuntza gutxituak bultzatzeko ekimen garrantzitsuenetako bat da. Horren lekuko da BBC, CNN, SVT (Suedia), MDR (Alemania), Nederland 2 (Herbehereak) edota NRK (Norvegia) telebistek jaialdiari eskaini dioten arreta.

Liet Internationalen aurreko urteetan izan da euskal ordezkaririk lehian, baina azaroaren 27an jokatuko den ekitaldirako ez da oraingoz inor aurkeztu. Baten bat

Zezenketak

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean atzo argitaratutako artikulua)

Harrituta nago zezenketa zale batzuek artearen inguruan dituzten ezagupenak direla eta. Zezenketak legez debekatzearen aldeko edo kontrako eztabaidaren erdian, toreatzaile batek zezenketak artea direla egindako adierazpenak oraindik gizartean dagoen arteari buruzko kontzeptua zein den konturatzeko balio du. Zezenketa artea omen da eta horregatik ez litzateke debekatu behar, pintura debekatzea bezalako zerbait izango litzatekeelako, Vicente Barrera izeneko toreatzaileak esandakoaren arabera. Adierazpen hauetan bi gauza desberdindu beharko genituzke: bata, zerbait artea delako ezingo litzatekeela legez debekatu eta, bestea, zezenketak artea direla.

Lehendabizikoari buruz guztiok ados egongo ginateke giza ekimena artea izendatzeak ez diola inmunitatea ematen esatean. Badirudi toreatzailearentzat, beste askorentzat bezala, artea ongiaren eta gaizkiaren gainetik dagoen zerbait dela eta giza legeak ez luke ukitu beharrik. Baina, artea diren gauza asko dira legez kanpokoak, adibidez, kaleko grafittiak eta, gainera, animaliak torturatzea eta hiltzea ikuskizun bihurtzen duen zerbait artea izanda ere, debekatzeko aukera aztertzea gizarte garatu baten ibilbidearen barruan oso logikoa dela iruditzen zait.

Hala ere, Barreraren buruan, gizarteko beste askoren buruan bezala, dagoen beste aurreiritziak kezkatzen nau gehiago: zezenketak artea dira, egiaztapena alegia. Gutxi gorabehera XV. mendean hasi zen mendebaldeko kulturak artearen kontzeptua aldatzen eta, batez ere, XVIII. mendeari zor diogu arteari buruz dugun kontzeptua. Mendeetako ibilbidearen ondorioz, greziarren artean trebetasunari lotuta jaio zen artearen kontzeptua arte plastikoei mugatuta iritsi da XXI. mendera.

Egia da, Antzinako eta Erdi Aroko arte kontzeptuaren arabera, trebakuntza eskatzen zuen giza ekimen gehienak artearen barruan sartzen zituztela, adibidez zapatak egitea edo guda egitea; baina Errenazimenduan zerbait aldatu zen eta arte plastikoak kulturaren munduan lerratzeko gogoa piztu zen. Horren arabera, artea ez litzateke eskulan hutsa eta buru trebetasuna ere beharko litzateke; horregatik pixkanaka, artea trebetasun teknikotik hausnarketa intelektualera aldatu zen, XVIII. mendean egindako ezagupenaren banaketarekin.

Beraz, gaur egun arteari buruz hitz egiten dugunean, ez dugu trebetasunari buruz hitz egiten, nahiz eta oraindik jendearen artean toreatzearen arteari edo sukaldaritzaren arteari buruz hitz egiten dugun. Garai bateko hizkuntz fosila izango litzateke eta askotan hizkuntzak ondo gogorarazten digu esanahien jatorria. Baina gaur egun artea hitza aipatzen dugunean, ariketa intelektualari buruz hitz egiten ari gara, kulturaren munduan kokatutako zeregin bati buruz. Ikuspuntu honek zeharo baztertzen du zezenketak artearen munduan sailkatzeko ahalegina. Ez dut uste gure pertzepzioa zabaltzen duenik edo gure buruan hausnartzeko aukera ematen duenik.

Kultura dela? Ahuntza kanpandorretik botatzea, ahari jokoak edo oilar borrokak bezain beste. Datu kultural antropologikotzat hartu dezakegu, beste asko bezala, baina horrek ez du esan nahi babestu behar denik edo debekatu ezin denik.