Hitzarmen autobiografikoak

Iratxe Retolaza (Hirudia zutabea)

Biografiak, autobiografiak, autofikzioak. Hainbatetan hiru hauen arteko mugak garbi adierazi izan dira, baina, muga hori oso lausoa ere izan daiteke, batik bat testu hauen harreraz ari garenean. Gutxi dira euskal idazleen artean autobiografia izendapena eman diotenak bere libururen bati. Salbuespen horietariko bat dugu Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan liburua, idazlearen biografia modura aurkeztu zena. Gainera, kontuan hartu behar da, euskal kulturan emakumeak autobiografiak kontatzeari lotu zaizkionean, gehientsuenetan senide baten bizitza gogoangarria edo aipagarria irudikatzeko izan dela. Alegia, senitarteko gizon baten bizitzaren lekukotza emateko. Horren adibide dugu Mikela Elizegi, Pello Errotaren alaba. Mikela Elizegik bere bizipenak kontatzeari ekin zion bertsolari handiaren bizitzaren berri emateko asmoz. Politikaren eremuan ere antzeko bideari lotu zitzaion Itziar Aizpurua Autobiongrafia liburuan, Jokin Gorostidiren ibilbide politiko eta pertsonalari protagonismoa emanez.

Festa aldameneko gelan autobiografia irakurri nuenean, iruditu zitzaidan idazle izateko grinak biltzen zuela autobiografiaren hari nagusietariko bat, erakutsi nahian edo, baietz, gaztetarik izandako grina izan dela idaztearena. Ibilbide propioa, hortaz. Halere, idazletza horri estuki begiratzearen ondorioz-edo, diskurtso autobiografiko hau irakurtzerakoan, tranpa handi bat egin zelako irudipena izan nuen. Printzipioz, diskurtso autobiografikoan, onartezina dirudien tranpa. Ez dira bereizi autobiografiaren narratzailea eta autobiografiaren bidez irudikatzen den pertsonaia. Hau da, diskurtsoan ez dira bereizirik agertzen gaur-gaurko Mariasun Landa emakume heldua eta 60ko hamarkadako Mariasun Landa neskatxa. Autobiografiaren hasieran Mariasun Landak aitortu egiten du, nondik hitz egiten duen, gaurtik hitz egiten duela, heldua den unetik. Baina, autobiografiak aurrera egin ahala, badirudi ahaztu egin zaiola ikuspuntu hori, eta neskatxaren begitik kontatzen dizkigu esperientzia guztiak, helduaren begiradaren galbahe, iruzkin edo kontrasterik gabe. Ez dago autobiografia osoan zehar Mariasun Landa helduaren eta Mariasun Landa neskatxaren arteko elkarrizketarik, ez ibilbide pertsonalaren inguruko gogoetarik. Ondorioz, liburuaren inguruko diskurtsoek adierazi ziguten autobiografia zela, eta halaxe irakurria behar zuela. Badirudi, bada, gero eta gehiago argitalpen eta promozio-kanpainaren esku uzten dela biografia, autobiografia eta autofikzioa irakurtzen ari garen erabakitzea, eta ez zaiola testuari edo idazketari eskatzen, bere horretan, irakurleoi ager diezagula, argiro, zein hitzarmen motaren arabera jaso behar dugun narrazioa.

Horma unibertsitatean

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabean larunbatean argitaratutako artikulua)

Gero eta harridura aurpegi handiagoarekin begiratzen diet egunkarietako berri txiki batzuei. Adibidez honi: Euskal Herriko Unibertsitateko zabaltze ekitaldian Alan Parkerrek zuzendutako eta Pink Floyden musika daraman The Wall filmaren zatiak erabili omen zituzten.

Agintariak artea interes politikoetarako erabiltzea ez da berria. Azken urteetan boterearen kontra egin diren edo zerbait salatzen duten artelanak nahierara erabiltzen ikustera ohituta egon arren, halako hipokrisiak harridura eragiten dit. Politikaren estetizazioa XX. mendeko 30eko hamarkadan hasitako ibilbidea izan zen, baina garai hartan propaganda egiteko erabiltzen zen, aldeko mezuak helarazteko alegia. Gaur egun, berriz, mezu iraultzaileak edo progresistak erabiltzea politika atzerakoia estaltzeko ohiko bihurtu da. Iberdrolaren energia berdearen adibidea izan daiteke lotsagabeena, edo erretzea debekatzen diguten bitartean etxe ondoan zakarren errauste planta eraikitzea zein ona den azaltzeko propaganda kanpainak.

Hala ere, EHUko zabaltze ekitaldiko antolatzaileen aukeraketan hezkuntza erakunde batek bere kontrako mezuak erabiltzeak harritu nau gehien. Alan Parkerren filmak eta Pink Floyden musikak heziketa tradizionalaren kontrako mezu ikaragarria zabaldu zuten orain dela 30en bat urte. EHUk hezkuntza tradizionalaren arrastorik ez duela sinetsita dagoela dirudi edo bestela ekitaldian bertan zegoen Patxi Lopezi bidalitako mezuaren bidez, zein hezkuntza klase behar ez dugun esateko erabilitako modu leuna izan zitekeela ere pentsatu dut, jakinda erkidego autonomoko gobernuko partaideen artean hezkuntzarik gabeko asko dagoela.

Gure unibertsitate publikoa eskola britainiar tradizional zorrotzetik urruti dagoela ez dago zalantzarik, baina Europako unibertsitate hezkuntza bateratzeko onartu den Bologna hiriaren izena daraman prozesuan The Wall-ek salatzen dituen gauza asko dago. Adreilua horman esaldia adibidez. Garbi dago bateratze prozesua egiteko modua ez dela hezkuntza mundutik abiatu eta politikoek, goi erakunde ekonomikoen aginduak jarraituta, egin dutela.

Artea beraz apaingarri hutsa dela ondoriozta dezakegu horrelako ekitaldiak ikusi ondoren. Ikuskizun ederra eman dezakeen zerbait eta gure kontzientzia aurrerazalea lasaituko duena. Arte Ederretako fakultatean Bolognaren kontrako itxialdia egin zutenean sortutako artelanak ez ziren gure agintarien hain gustukoak izan.

Beste hogei urtez

Agus Perez (Asteazkenean argitaraturiko analisia)

Igandean amaitu zen Miarritzeko Dantza Maitaldiaren 20. edizioa. Udazkena heldu baino lehen, berriz ere elkartu dira iparraldeko hiriaren edertasuna eta dantza emanaldien ugaritasuna, eta, hamar egunez, dantzak oso rol nabarmena hartu du hiriko toki askotan, ohiko aretoetan emateaz gain, lorategi publikoetan, plazetan eta hondartzetan ere izan baitira emanaldiak. Izan ere, jaialdiaren ezaugarrietako bat da emanaldiak ahalik eta leku egokienetan programatzea, lan bakoitzari tratamendu ona emateko eta kaleko ikusleak dantzaren bidean jartzeko, horretarako naturari aurre egin behar bazaio ere.

Jakina denez, jaialdiaren antolamendua eredugarria da alde askotatik, baina niri eskertzeko modukoa iruditzen zait arduradunek prentsarekin eta publiko arruntarekin duten harreman jarraitua eta hurbila, emanaldi bakoitzerako informazio aberasgarriak prestatuz eta adituen eta zaletuen arteko iritzi trukaketa informalak erraztuz.

Bide horretatik, berrikuntza ikusgarriago bat sortu dute aurten, orri bakarreko egunkari koloreduna argitaratuz eta jendartean doan banatuz. Aurreko orriko lau albisteen artean bat euskaraz izan da egunero

Autobiografia literarioak

Irati Jimenez (Hirudia zutabea)

Liburua gustatzen bazait, egilea ere bai. Umetan benetan pentsatzen nuen. Haurtzaroko pentsamendu zaloa, argi-ilunik gabea. Bene-benetan uste nuen: nolakoa lana, halakoa egilea. Badakit orain ezetz eta beti dela arriskutsua liburu kutunaren idazlearengana joatea, jakin-minak gosetuta. Arriskua tristura bihurtu daiteke eta gosea, urdaileko mina. Maite dezakezu liburua eta gorrotagarri begitandu idazlea.

Lagun batek politika zorrotza du: gizasemea ez badu atsegin, ez du harenik irakurtzen. Bizitza laburra dela dio, liburu gozagarri ugari utziko dituela irakurri gabe eta ez duela denbora galduko pertsona zatar eta baita zitalen lanak irakurtzen. Ez naiz ni hain zorrotz, zitalenaren orrialde ederrak ez ditut galdu nahi, orrialde eder aski baititugu barruan guztiok, gutariko gogaikarrienok ere bai.

Idazten duguna gara. Idazten dugunean gaude. Baina idazten dugunaz at ere bagara. Eta bagaude. Eta beraz arrazoi zuen Iratxe Retolazak joan den astean, nire ustez: norbaiten biografia aztertzea ez da beti bere lana ulertzeko biderik egokiena.

Ikonoak

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabea)

Gaur egun artelanak museoetan ikusten ditugunean zaila da ulertzea objektu horiek funtzio zehatzak betetzeko egin zirela, eta ez guk estetikoki disfrutatzeko. Hala ere, XIX. mendearen aurretik artelanen funtzio nagusia ez zen estetikoa, eta orokorrean zeregin praktikoak betetzen zituzten gizartean. Aldaketa horiek ondo ulertzen dira arte erlijiosoan. Museoetan erakusgai ditugun koadro eta eskultura erlijiosoak garai batean elizetan gurtu ziren. Museoetako aretoetan irudi hutsak dira, beste edozein irudiren antzera ikus eta analiza ditzakegunak, baina jatorrizko tokietan irudi sakratuak ziren, eta horrek ahalmen berezia ematen zien, botere eta ahalmen izugarriz betetakoak sinestunentzat behintzat.

Ez zaio erraza irudi sakratuen ahalmen horri buruz hitz egitea sinesten ez duenari. Nola azaldu irudi hutsalez, eta batez ere komertzialez, inguratuta bizi den norbaiti arteak botere izugarria izan zuela? Irudi batek hil, bizia eman, sendatu edo norbaiti kalte egin diezaiokeela?

Gure artean irudi erlijiosoen tradizioa galtzen ari bada ere, tarteka bilatu dezakegu jendearen fedea irudietan; ama birjina batzuei oraindik toki batzuetan zor zaion gurtza edo santuen erlikia batzuen eragin miragarria, adibidez. Hala ere, ez dago imajinatzerik nolakoa izango zen Aro Garaikidea baino lehenagoko irudi sakratuaren boterea ekialdera bidaia egin arte. Eliza ortodoxoa irudien eta erlikiaren kultuan oinarritzen da oraindik ere, lehen Eliza katolikoan gertatzen zen antzera. Kristo, Ama Birjina edo santuen irudiak, erlikiak bezalaxe, pertsonaia horien esentziaren parte dira, eta, beraz, ahalmen erlijiosoa dute, irudiari otoitz egiterakoan irudikatzen dutenari egiten zaio, eta erlikiek, pertsonaia haien parte direnez, santutasuna kutsa dezakete.

Eliza ortodoxoetan gurtzen diren ikonoak ez dira artelanak edo koadro hutsak, irudiaren teoria kristauaren bidez, irudikatzen dituzten pertsonen parte dira. Kristoren irudia, inoiz pertsona erreala izandakoaren antza duenez, Kristoren izatearen parte da, eta horrek miragarria egiten du, horregatik izan zen hain inportantea Kristoren benetako irudia zein zen jakitea. Baina guk irudi erlijiosoak museoetan sartu ditugu eta irudien ahalmena ulertzeko gero eta ekialderago jo behar dugu.

Urritasunaren gorreria

Xabier Erkizia (A cappella zutabea)

Onement kopia bakarrak argitaratzen dituen diskoetxea da. 2006an sortu zuen Sylvain Chaveau musikari eta konposatzaile lapurtarrak musika lanei margolanei ezartzen diegun estatus bera emateko intentzioarekin.

Haren hitzetan, mihise bat ezin da, musikarekin gertatzen den bezala, bikoiztu. Margo bat saltzen denean soilik erosleak izaten du koadroa, eta margolariak berak ere ez du hura ikusteko aukerarik normalean. Urritasun hori da, Chaveauren ustez, margoak duen indarraren ezaugarri nagusietako bat.

Hartara, musika margoaren estatus berean ezartzeko merkatu balio sistema berbera aplikatzea aski dela ondoriozta daiteke diskoetxe honen filosofiaren arabera, nahiz eta halako ariketa musikaren izaeraren kontrakoa izan.

Artearen merkatua beti oinarritu izan da urritasunean eta esklusibitatean. Komunikabideetan arteari eta bereziki arte enkanteen munduari eskaintzen zaizkion artikuluetan dantzatzen diren diru kopuru lotsagarriei erreparatzea bertzerik ez dago. Gero eta esklusiboago eta urriago, gero eta garestiago eta ondorioz garrantzitsuagoa dirudi artelanak. Edo hori da behintzat bere burua erregulatzen duen merkatu horrek etengabe azpimarratzen duen mezua.

Musikak aldiz, artearen merkatuaren arauen aldean, kontrako bidean topatzen du arrakasta. Gero eta entzuleria handiagoa eduki, gero eta balio ekonomiko handiagoa lortzen du. Zergatik orduan margoaren pare jarri? Ariketa kritiko bezala? Ariketa formal bezala? Eta are gehiago, posible litzateke halakorik imajinatzea musikaren industria eredu klasikoaren gainbeherarik gabe? Horiek dira, hain zuzen, Chaveauk proposatzen duen ariketaren zalantza handi eta kezkagarrienak, eta momentuz erantzunik gabekoak.

Onement diskoetxeak jada kopia bakarreko bortz disko eman ditu argitara, denak musikari esperimentalenak, alegia, soinu-artea etiketak sorturiko fenomeno bereziari esker, gaztetxe batean bezain erraz entzun daitezkeenak edozein museo garaikidetan. Beharbada fenomeno horren ondorioz, hainbertze saio ezberdin, ezusteko eta probokatzailetara ohitu den musika esperimentalaren eszenan inork ez du zalantzan jarri diskoetxe honen ariketa. Inork ez du kritikatu. Akaso musikari aunitz arte merkatuaren logika horrekin ados dagoelako, edo bertzerik gabe, gor.

Merkatuaren gurpila

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabea)

Oporretako bueltak bat-batean harrapatu nau, eta helbide elektronikoan berriz ere arteari buruzko artikulua idatzi behar nuela esateko mezua jasotzeari esker konturatu nintzen errealitatera itzuli behar nuela. Nire burua artearen munduaren errealitate gordinera bultzatzeko edo, inoiz irakurtzen ez dudan negozioei buruzko egunkari bateko gehigarrian, artearen negozioari buruzko artikulua topatu nuen. Kointzidentzia edo patua, artearen alde erromantikoena eta atseginena oporrekin batera bukatu balitz bezala, artearen merkatuan sartu ninduen egunkariko artikuluak. Arteak alderdi asko ditu, baina merkatuaren aldea hain gordin erakusteak aurreko asteko lasaitasunarekin eta isolamenduarekin berehala puskatzeko balio izan zuen.

Artikuluaren arabera, arteak negozioa izaten jarraitzen du krisi garaian ere. Bi potentziek, Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batuak, arte merkatuaren %75 kontrolatzen dute. Alemaniak, Italiak, Suitzak eta Txinak ehuneko puska txiki bat hartzen dute, eta munduko beste herrialde guztien artean %9 banatu behar dute.

Merkatuaren errealitate horri buruz aspaldian idatzi nuen, eta ordutik aldaketa gutxi gertatu direla dirudi, Txinaren parte-hartzea ez bada behintzat. Baina artikuluko atalik deigarriena artisten kotizazioei buruzkoa zen. Arteari buruzko artikuluetan ez bezala, negozioei buruzko gehigarrian lasai asko hitz egiten zen artisten lanen salneurriak altxatzeko galeriek eta enkante etxeek erabiltzen dituzten trikimailuak. Trikimailu hitza baino gehiago erak erabili beharko genuke, artikuluak artea beste edozein negozio bezala aztertzen zuelako. Enpresetan edo diruarekin erabiltzen den espekulazioa erabiltzen da artearen negozioan ere, eta artista baten balioak gora edo behera egin dezake burtsan banketxeek edo multinazionalek egiten duten modu berean.

Ezaguna da idatziak aipatzen zuen Damian Hirsten diamantezko burezurrarekin gertatutakoa. Artistaren galeristak eta artistak berak diru kopuru izugarri baten truke erosi zuten, artelanaren prezioa modu artifizialean igoarazteko. Orduan eskandalua izan bazen ere, badago artistaren performance moduan azaldu duenik ere, baina horrelako jokaerak ez omen dira hain arraroak artearen merkatu handietan.

Beraz, artistek artearen burtsan kotizatzen dute, balio artistikotik kanpo. Orduan azaltzen da gure zalantza arte garaikideko artista ezagunen aurrean. Izen handiek artelan garestiak saltzen dituzte, eta, horregatik, komunikabideek haizatzen dituzte. Ezagunak egin ondoren erosle guztiek nahi dute artista horien artelanen bat, eta ezaguna den eskaintza eta eskaera sistemak prezioak altxatzen ditu. Hortxe arte merkatuaren gurpila.

Biografia literarioak

Iratxe Retolaza (Hirudia zutabea)

Interes ezberdinek garamatzate idazle baten egunerokoa irakurtzera. Batzuetan idazle horren literaturak sorturiko liluraren bila goaz, idatzi horiekin sentitu dugun konplizitatearen iturria egunerokoak nolabait azalduko digulakoan. Beste batzuetan idazlearen zirrikiturik intimoenak ezagutzeko irrikak mugitzen gaitu, literaturan kontatzeko ausardiarik izan ez, eta egunerokoan bai, kontatu dituelakoan han bere samin eta beldurrik intimoenak. Eta beste zenbaitetan, idazlearen biografia bihurtu delako idatziak baino interesgarriago, edo entzutetsuago. Azken interes horrek eraman nau Katherine Mansfielden egunerokoa irakurtzera.

Entzundakoek eta irakurritakoek interesa piztu zidaten: nortasun errebeldeko idazlea izan omen zen, estereotipo ugari hautsi zituena; Txejoven imitatzaile huts izan bide zen, zenbaiten ustez. Iritzi kontraesankorrak, izan ere. Iritzi horiek argitzeko asmoz jo nuen egunerokoa irakurtzera, ez baitut Mansfielden narraziogintzan tamaina horretako errebeldiarik antzeman, ez eta Txejoven imitazio gordinik.

Bestelako ahots batekin egin dut topo egunerokoan. Ahots garratzagoa, askoz gordinagoa, eta bai, arrazoi, errebeldeagoa. Gordintasunez hitz egiten du giza harremanez. Gupidagabeki hitz egin ere, lehor.

Batetik, harturiko hainbat erabakitan argi ikusten da XX. mende hasierako genero rol askorekin hautsi zuela, ofizioari eman zion garrantziarengatik, eta bai emazte rola garatzeko moduarengatik ere. Egia da, errebeldia horren errepresentazio kartsurik ez dagoela bere idatzietan, baina, beharbada, horixe zelako errebeldiarik handiena garai hartan, ofiziotzat hartzea literatura, erabaki irmoz, heriotzara arte.

Bestetik, egunerokoan Txejovi eginiko erreferentziak etengabeak dira, Txejoven ipuinen interpretazioak dira gehientsuenak. Bestalde, Txejov gaixotasun luze baten ondorioz hil zen, eta egunerokoa gaixorik dela abiatu zuen Mansfieldek. Txejov zuen gaixoaldi luzean bidelagun, irakurketetan eta oinazean. Txejoven ikuskera literarioaz kutsatu zen Mansfield, hala da. Eragin literarioa argia da, baina, ez dirudi kasualitatea beste zenbait idazleren kasuan eraginaz hitz egin denean, Mansfielden kasuan imitazioaz hitz egitea, haren ekarpena gutxiesteko asmoz. Azken batean, errebeldea zen.

Egunerokoaren amaiera aldera Mansfieldek argi dio, oinazeari aurre egiteko modutzat duela idazketa, Txejoven modura.