Kirolaren presa

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabea, 2010-12-24)

Ez nago ni Urdaibain Guggenheim Museo berria eraikitzearen alde, horretan behintzat Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin ados nago. Baina aurreko astean BERRIAn argitaratu zen kirol azpiegiturei buruzko erreportajea irakurri nuenean, harrituta geratu nintzen zenbat diru gastatzen ari garen premia handirik ez duten kirol instalakuntza erraldoietan

Bazterreko logikarik ote?

Iratxe Retolaza (Hirudia zutabea, 2010-12-26)

Ideologia kutxa bat da hizkuntza. Ideologiak oro, hizkuntza kutxa. Zail da, bada, ikuspegi politikorik gordetzen ez duen testu literario bat topatzea, edozein hizkuntza-aukera edo adierazpide-aukera hautu estetikoa izateaz gain hautu politiko ere badelako

Kartografiak

Lorea Agirre (Katuajeak zutabea, 2010-12-17)

Gure etxeko patioa zen gure aberria, geure-geurea. Egunen joan-etorri etenik gabeko hartan, dena zen gaur, dena zen orain, baita gure aitona-amona eta arbasoen mundualdiak ere. Mendea eta segundoa gurutzatzen diren leku hori zen gure etxeko patioa. Bertan zegoen beharrezko dena: lagunak, jolasak, abenturak, gozamenak, borrokak eta negarrak.

Aitaren jaiotetxearen lurretan eraikitako etxea zen gurea. Etxe aurre eta atzeko pasadizo, eskailera eta jolaslekua. Baserrirako aldapa, hariztia, gaztainadia eta sagastia. Eta gorago, bukaera ezagutzen ez genion beste baso bat. Reader’s Digest aldizkariko argazki batean basoa ikusi genuenetik, bagenekien ondoren Txina zegoela. Hantxe. Ez zegoen urruti, baina ezta gertu ere. Sekula ez genuen azal horiko eta begi urratuko inor basoan behera etortzen ikusi, inoiz zalantza egin bagenuen ere.

Zalantzarako zirrikiturik uzten ez zutenak deiturak ziren. Agerre zen baserria, Agirre-berri gure etxea, eta Agirre gure abizena. Eta horrekin ia dena esana zegoen. Kirkil bila ibiltzen ginen belardian mendeetan bizi zen zuhaitz imaginario baten adaxkak ginen.

Baina, udan herrira, al pueblo joaten ziren auzoak genituen. Besteak ziren. Erdaldunak. Beste mundu batekoak. Eta gu harrituta, hura pagotxa: oporretan joateko herri bat, beste herri bat, beste etxe bat, patio bat ere izango dute eder askoa. Eta gu miraz, espaloiaren ertzean eserita, kotxean maleta, traste, ume eta amona, denak nola sartzen ziren eta kamio nazionalerantz nola egiten zuten ikusten. Saninazio egunean izaten zen gehienetan, fundizioko langileen lehen opor egunean.

Auzoa hustu egiten zen. Gu han, herria zaintzen. Zer ote zen pueblo hori. Palentzia, Burgos, Galizia, Extremadura. Mila abenturarekin etorriko ziren gero. Dena kontatzeko. Guk, gutxiago. Bazkalondoan, telebistaren aurrean Ameriketako irudiak: etxetxoak lerroz lerro ordenatuak, zein bere lorategi apainarekin; autobus horiek umeak etxez etxe jasotzen eskolara eramateko. Uda hartan oporrak Ameriketan pasa nituen, hori izan zen nire pueblo.

Kartografia osatzen zihoan. Auzoa zegoen maparen bihotzean. Txina, Palentzia, Burgos eta Amerika kanpo eremuak ziren. Eta auzoa erdi-erdian harrapatzen zuen berdez pintaturiko piku baten itxurako eremu bat errotulagailu beltz lodiz ondo markatua: Euskal Herria.

Horixe zen gure umetako mapa: geografia bat, hizkera batekin, musika eta soinu batekin, istorio batekin, berezkotasun batekin. Eta hori oinarri joan da urteetan zabaltzen, mugak mugitzen, neurriak aldatzen, itxuraldatzen. Eta bidearen zati handi batean besteekin konpartitzen. Horra eraikitako kartografia bat, imaginarioa bezain erreala. Birtuala eta benetakoa. Edozein kartografia bezala, munduko edozein leku bezain.
Imaginarioa eta eraikitakoa, eta hori ederrena. Ez hutsetik, hala ere, hala izatea posible balitz ere. Zer den non hori, eta nondik begiratzen diogun. Nondik. Ze puntutik, ze distantziatik, ze erdigunetik.

Kromo trukaketa

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabea, 2010-12-18)

Wikileakseko filtrazioak arte mundura ere ailegatu dira. Badirudi diplomatikoek artea eta ondarea sarritan erabiltzen dutela estatuen arteko harremanak leuntzeko. Horren adibidea da Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadetako paperen artean Odyssey izeneko auziaren inguruko konponketa ahalegina.

2007. urtean, Odyssey izeneko altxorrak bilatzeko enpresak urrezko eta zilarrezko txanponez betetako ondoratutako itsasontzi bat topatu zuen Atlantiko Ozeanoan Portugalgo kostatik hurre. Itxuraz, ingelesek 1804an hondoratutako itsasontzi espainiarra zen, eta horregatik Espainiako Gobernuak altxorraren jabetza aldarrikatu zuen. Ordurako, Odyssey enpresak altxorra Floridan zeukan, eta horregatik Espainiako Gobernuak AEBetako epaitegietara jo behar izan zuen, jabegoaren gaineko eztabaida argitzeko.

Azken hilean Wikileaksek sarean jarri dituen paperei esker jakin dugu AEBetako enbaxadak arazoa konpontzeko proposamena egin ziola Espainiako Gobernuari. Horren arabera estatubatuar diplomaziak ondare eta auzi trukaketa proposatu zien espainiarrei, azken horien kontrako auzia zabalduta baitzeukan estatubatuar hiritar batek Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan gordeta dagoen koadro baten inguruan.

Thyssen baroiak 1992an Saint Honor

Medikua banintz

“Kazetari izan beharrean medikua banintz, zenbat gaixo izango nituzkeen honezkero neure eskuekin erailak!” Askotan egokitzen zait galdera hori kaskoaren barruan, eta orain arteko azkena gaurkoa izan da. Xabier Leteren hiletaren kronikan, Joxean Goikoetxeak egindako joalditxoa aipatzean, oinarritzat Izotz-ondoko eguzki doinua hartu zuela idatzi dut; oker, Errota zahar maitea izan baitzen benetan jo zuena. Neuk akatsa egiteaz gain, beste medio bateko lankideari ere eginarazi diot akatsa. Ez naiz medikua, ez dut inor hil, baina neure buruarekiko amorrazioa ez zait oraindik pasa.

Euskaldun bat, kitxua bat eta joruba bat

Lorea Agirre (Katuajeak zutabea, 2010-12-03)

Zabaldu, ez txokoketan ibili, irten mundura, besteen itxurara egokitu, izan erakargarri, izan faxion, izan mundutar, homologatu. Izan tolerante, izan bizikidetza zale, izan jendetasuna, ez ibili bazterrak nahasten, jendea masiatzen, edonon eta edonoiz garagardoa edo azalpena euskaraz eske, ez izorra lanean dabilen jendea, mesedez. Izan zibiko.

Euskarak aurrera edo atzera egitea jendearen esku dago, zu bezala oinez doazen horiek dira erantzule. Ez dagoenetik ezin atera, eta erabiltzen ez badute bada… Hau babel bat da, portzentaiak portzentaia dira, datu soziolinguistikoak, gehiengo eta gutxiengo, eta zentzuz jokatu behar da.

Egia da, esan genuen, baskotasunak min egiten digula, hezurretaraino sartu baitigu bere gezurra. Eta guk sinetsi. Guk gure buruei bagarela justifikatu behar, eta aspalditik bagarela gainera, froga frogaren gainean, frogatuago gera dadin.

Ikasgelan euskaraz egin behar da, udaletxeko plenoan ez. Ume parkean euskaraz egin daiteke, justizia epaitegian ez. Herri Urratsen komeni da euskaraz hitz egitea, bulegoan hobe ez. Hizkuntzaren zonifikazioa ez baita Nafarroara mugatzen, Koldo Izagirre idazleak berriki ohartarazi digunez.

Bilbon gaztelera jakin gabe bizi diren afrikarrak ba omen dira. Beraz, ez da beharrezko gaztelera jakitea Euskal Herriko guneren batean. Baina gune hori ez da euskalduna. Hala ere, euskararentzako problema ez da bizilagun afrikar hori bere hizkuntza eta guzti. Arazoa litzateke yorubadun elebakar auzo hori erietxeko mediku balitz, edo epaile, edo polizia. Orduan hobe izango genuke joruba ikasi. Hizkuntz ordezkapena eta galera ez dator hizkuntza aniztasunetik, goitik behera inposatutako botere elebakarretik baizik.

Boliviako aimaradun Eulogiok eta Ekuadorko kitxuadun Manuelek, atzo, euskararen historia berritu ziguten aimara eta kitxua hizkuntza eta kulturen historia iluna kontatuta. Gu orain 70 urte. Gehiengoaren mespretxua eta nor bere buruaren lotsa, hizkuntza aztarnak ezabatu nahia, norbere hizkuntzaren ukazioa, kitxuaz mintzatzeagatiko zigorrak, transmisioan etena, etxeko lau hormetan itotzen diren hizkuntzak. Bost urtetik bost urtera bostehun mila hiztun galtzen ari direnak. Eskola elebiduna bagenu, sikiera, diote. Agonia luzatzea baino ez ote da hori.

Durango behar-beharrezko eremua da. Bere horretan, bere muga geografiko, sinboliko, sozial eta politikoen baitan nahikoa buruaski eta burujabe, elebakar gehien bat. Arnasgune. Osotasunaren talaiatik begiratuta baina zonifikazioaren logikari erantzuten dio.