Titiriteroarena

Lander Garro (Hirudia zutabea, 2011-01-02)

Ezagutzen dut tipo bat titiritero izateko bokazioa izan duena betitik. Beti zen kexu, umeen aurrean bere bertuteak erakusteko aukera ematen ez ziotelako. Eguna iritsi zenean, teatro eramangarria hartu eta plazan paratu zen. Parean, dozenaka ume, istorio eder bat ikusteko irrikitan. Ikuskizuna hasi zenean, nire lagunak txotxongilo parea irten zuen oholtzara, eta hizketan jarri zituen, bakoitzari ahots bat emanez. Baina segituan antzeman zen bi pertsonaia horien arteko hizketaldia kalaka hutsa zela, helbururik gabea. Umeak aspertzen hasi ziren derrepente, eta berehala iritsi zen matxinada. Neu inguruan nenbilen, argazki kamera sorbaldan, eta, oharkabean, bizkarzain lanetan hasi behar izan nuen, umeak teatroa amiltzeko imintzioak egiten hasi baitziren. Batzuk teatroaren atzera abiatu ziren, piztia gosetiak, gezurrezko pertsonaia horien atzean nor zegoen jakiteko irrikaz, iruzurtiari aurpegia ikusteko xede errukigabean. Une batez nire laguna ikusi nuen, lurrean belauniko, gortinen atzean sartutako umeei zeharka begira, kopeta izerdituta, txotxongiloak dantzatzeari utzi gabe, falsete barregarri hura oihukatuz, egoskortuta. Zer egin behar zuen? Korrika alde egitea ez zen itsuroso, baina oldarraldi hari eustea ezinezkoa zen… Azkenean, ez bata ez bestea, ikuskizuna kaos bilakatu zen; hura han belauniko, umeak trufaka, eta argazkilaria umeak gortinen atzetik ateratzeko zeregin gogaikarrian. Ez didazue sinetsiko, baina hala gertatu zen zinez.

Fikzioaren magia da, amerikarrek lehen 30 segunduen froga deitzen dutena: lehen begi kolpean ikuslearen sinesgarritasuna irabazten baduzu, erraz konta dezakezu elefanteek hegan egiten dutela, balea handi batek ontzi bat irentsi duela, edota igela printze bilakatu zela, musu bati esker. Dena da sinesgarri, sinesgarri denean. Zerbait esentziala esateko