Artearen epaileak

Ismael Manterola Ispizua (Begia zutabea, 2010-12-31)

Artearen kontzeptuari buruzko eztabaidetan beti bukatzen dugu esaten ez dagoela lan, objektu edo ideia bat artea den edo ez erabakitzeko epaitegirik. Artistak gizarteari proposamena egiten dio, eta honek, adostasun sozial gutxieneko baten bidez, onartzen du edo ez (oro har arte mundutik datorren guztia artetzat onartzen du).

Baina, hara non, aurreko asteko berri baten bidez jakin dugunaren arabera, Europako Kontseiluak Dan Flavinen eta Bill Violaren lanak artea ez direla erabaki du. Harrigarria den erabakiak ez du zalantzan jartzen XX. mende bukaerako artista ezagunen lana edo prestigioa, arte mundukook aspalditik onartzen ditugulako Flavinen fluoreszenteak eta Violaren bideoak arte erakusketetan eta museoetan.

Beraz, ez da artearen gaineko eztabaida kontzeptuala, estetikoa edo filosofikoa Europako Kontseiluak erabaki duena. Artean sarritan indar handia duen diru kontuei buruzko arazoa konpontzera omen dator Europako estatuko epaitegien gainetik dagoen erakundea. Itxuraz, orain dela urte batzuk, arte galeria batek bi artisten lanak Ameriketako Estatu Batuetatik Erresuma Batura sartzerakoan, artelan moduan aurkeztu zituen aduana zergak ordaintzeko bulegoaren aurrean. Erresuma Batuan kanpotik eramandako artelanek % 5eko BEZ berezia omen dute, eta, beraz, zerga horrekin iritsi ziren aduana bulegora.

Baina fardelek barruan zeramatena begiratzerakoan, argi aparatu gisa sailkatzea erabaki zuten muga zaintzaile prestuek. Horren arabera, BEZa %20koa izan beharko zen, hau da, 36.000 librakoa.

Galeriakoak, konforme ez zeudenez, auzia epaitegietara eraman zuten, eta Erresuma Batuko epaileek arrazoia eman zieten. Auziak ibilbidea jarraitu du Europako Kontseilura iritsi arte, eta azken honek estatuari edo aduanako zerga biltzaileei eman die arrazoia.

Horren ondorioz, Europako Kontseiluak Flavinen artelanak

Garrantzirik gabeko galderak

Lorea Agirre (Katuajeak zutabea, 2010-12-31)

Aktore baten bakarrizketa ikusi nuen udazken bukaeran. Bakarrizketa hasi aurretik, begiak itxi, arnasa sakon hartu, kokotsa goratu eta geldi-geldi geratu zen aktorea. Minutu bat, bi minutu, lau. Sei. Zaratak, soinuak eta begiradak entzuten. Errealitatetik fikziora sartu aurreko ariketa. Eten hau egin eta gero, beste leku batean sartuko gara, esan nahiko balu bezala. Izan badena, baina berez ez dena. Bi munduren arteko pasabidea. Eta ikuslea, isiltasunaren pisuaz jabetuta, ordura arte entzun gabeko soinuak entzuten hasten da, gero eta ozenago. Non dagoen jabetzen. Eta horixe izan zen, arauak eta konbentzioak kontrakoa badio ere, bakarrizketaren zatirik eder eta adierazkorrena: atariko isilunea.

Urteko azken kontzertuan ere isiltasunak zaratak bezain ozen hitz egin du. Ornitorrinko baten jantziz etorri ziren Maialen Lujanbio, Judith Montero eta Xabi Erkizia: bertso-hitza, konpas kanpoko saxo soinua, eta hots-zarata manipulatuak. Zati desberdinekin osatutako musika baten arnasaldia.

Eta horretan ere isiluneak. Tarteka. Luzeegiak, deserosoegiak, agian. Isilpe, musika, hitza edo ozentasuna. Zaratarik txikiena egiteko beldurrez, baina zaratarik txikienean babesa bilatu nahian. Eztula. Aulkiaren kirrinka. Joan badoan kotxe baten bozina totela. Ume baten negar urruna. Itzali den berogailuak utzi duen isiltasun burrunba. Begi kliska baten danbada. Lepoaren hezur kraka. Bi pentsamenduren arteko talka. Hazkura besoan. Jertsearen igurtzia. Esku baten ukitua. Irribarre baten dilinda urduria. Listua eztarritik behera marranta. Euli bat sikiera, tipula azaleko hegotxoen zarata. Arnasa. Ornitorrinko baten arnasaldia. Arnasaldi zaratatsua.

Zer da ornitorrinko hori. Adabakika eraikitako animalia zantar hori. Barrerik eragiten ez duen txiste txar hori. Aldarean santurik ez duen eliza hori. Eboluzioaren bidean ez batera ez bestera erabakirik hartu ezinik geratu den izaki amorfo hori. Edo, okerrago dena, bide bakar bat aukeratu nahi ez eta guztiak bateratzen, zatika bada ere, saiatu den piztia hori. Zein kategoriatan sailkatu ezin asmatu uzten zaituen hori. Zoologo, soziologo, antropologo, kazetari, historialari, filosofo, politikari, polizia, irakasle, mediku, epaile eta auzokoen amets gaizto hori. Ezinezkoak diren baldintzak gorputz batean biltzera ausartzen den deabru hori. Sailkapen guztiak hausten dituen ez-gutar hori. Itolarriak jotako saxo baten gisan arnasa hartzen duen hori. Hitzak jaten, hausnartzen, konpost bihurtzen, eta jaulkitzen dabilen hori.

Ornitorrinko bat galdera ikur bat da: nor, non eta nola. Zu. Zu zeu. Kezka, zalantza, duda, muda, guda, ardura. Eta zu zer zara ba? Zalantza zaku bat ez bada? Arauak ez betetzeak eta desberdin izateak sortzen duen beldurraren beldurrez, zeure burua sailkatzen, lerrotzen, lerratzen, taldetzen, gutartzen, besterentzen, berdintzen, normaltzen dabilen ornitorrinko kamuflatu bat baino?

Isiltasunak galdera handiak, garrantzirik gabeko galderak, egin ditzake, arauz eta konbentzioz kanpo sortzen denean.