‘Susa’-ren lehen ‘perfomance’-a

Juan Luis Zabala

Duela pare bat aste egin nion elkarrizketaren harira, argazki hau erakutsi zidan Mikel Hernandez Abaituak, esanez bere adiskide Xabier Aramendi Batxiler Zalakain-ek eman berri ziola, baina zoritxarrez beranduegi jaso zuela Azukre xehea gatz larria oroitzapen liburuan sartu ahal izateko.

Chomskyren festa EUTGn

Susa aldizkariak antolatutako lehen perfomance-a jasotzen du argazkiak, 1980an egina Hernandez Abaituaren ustez, aldizkariaren 2. zenbakia atera ondoren, Donostiako EUTGn, Deustuko Unibertsitatearen campus horretako Euskal Filologiako fakultatean ikasle baitziren orduan Susa-ren sortzaileak.

Chomskyren festa edo antzeko zerbait antolatu zuten egun hartan, Noam Chomsky hizkuntzalari eta analista politikoaren omenez. 2-CV autoen karabana antolatu zuten, eta haietako batetik irten zen Mikel Hernandez Abaitua bera, Chomskyren rolean.

Argazkian, ezkerretik eskuinera ageri direnak honako hauek dira: Josu Landa (ideiaren sortzaile nagusia), Kike Amonarriz (benda bat buruan duela, kazetariaren rolean), Mikel Hernandez Abaitua (Chomskyrena egiten), Xabier Aramendi Batxiler Zalakain (bizkarra emanda) eta I

Monumentua

Ismael Manterola Ispizua (Begiz zutabea, 2011-01-08)

Gutxitan erreparatzen diogu hurren daukagunari. Aste honetan eskultura publikoan lanean jardun dut gida bat osatzeko asmoarekin. Hain zuzen Donostiako eskultura batzuen fitxa betetzea tokatu zaidanez, hirira jo behar izan dut hainbat aldiz pasatutako tokian ez nuelako oroitzen bertan eskulturarik ikusi izana.

Gipuzkoako plazako lorategietan egon behar zuen Jose Maria Usandizaga musika konposatzaileari eskainitako monumentuaren bila ibili ondoren, azkenean zuhaitz batzuen atzean aurkitu nuen komentatu behar nuen eskultura multzoa.

Egia esanda, zerbait gogoratzen nuen, baina ez nintzen batere harritu azken urteetan oroimenean galduta egotea, oihaneko landareen artean ezkutatuta geratzen diren garai bateko zibilizazioen arrastoen modura topatu bainuen eskultura.

1916an eraikitako monumentua oroitzen nuena eta argazkietan ikusitakoa baino interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Araukaria baten atzetik azaldu zenean gustatu zitzaidan Josep Llimona egileak diseinatu zuen oinarriko bankua. Garaian monumentu publikoaren gaineko aldaketen artean hiri apaingarri edo altzairu modukoak omenaldiko monumentuetan integratzea ohikoa zen, XIX.mendetik zetorren monumentuaren tradizio akademikoarekin puskatzeko.

Baina ez du arrakasta handirik izan eskultore katalanaren asmoak, gaur egun eskultura erabiltzea ezinezkoa delako. Lanerako argazki sinple bat ateratzeko, gaizkile moduan sentitu banintzen Gipuzkoako Plazan jartzen duten jaiotzaren hesia zeharkatu eta ondo zaindutako belarra zapaldu nuelako, nola disfrutatu monumentua atseden hartzeko Donostiara erosketak egitera joaten garenean?

XX. mendearen hasieran pentsatzen zen monumentu publikoek giza eta gizarte bailoak transmititzen zituztela. XIX. mendearen jende ospetsuen omenaldiak —politikoak eta militarrak batez ere— eta gertakari aipagarriak —militarrak batez ere— alde batera laga eta hiritarraren heziketarako ereduak sustatu behar zituen eskultura publikoak. Horregatik hasi ziren kultura jendeari monumentuak eskaintzen, eta musikariz eta artistaz bete zitzaizkigun kaleak.

Balio burgesak zalantzan jarri behar badira ere, pena pixka bat ematen du kultura jendeari eskainitako omenaldiak zapaldu ezin diren lorategi itxuraz ederrak irentsita ikusteak.