Bestearen begia

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-01-21)

Gure burua definitu ezinak, are behin eta berriro definitu beharrak, definizioen munduan galtzera garamatza, eta galdu eta ibili eta bilatu eta aurkitu, eta batzuetan gure buruarentzako kapela egoki bat topatuko dugu, edo udako soineko bat, edo negurako bufanda bat.

Definizio asko indefinizioak dira gainera, asko nahierara. Aurrez definitua dena lanbrotzeko sortuak. Ez ote da posible definizio berriak sortzea aurreko definizioa (baldin eta nork jantzia badu oraindik) indefinizioan utzi gabe? Izan nahia eta ezin izana. Bai batarena eta bai bestearena: bere burua argi definitua duenarena, baina baita halaber bere burua egokitzen ez den kapelan sartu nahian, kapela bere neurrira ekartzen duenarena. Ez baita aski norbera zer den jakin eta esatea, gainontzekoek onartzen ez badute. Bestearen begiak egiten du baleko zure definizioa. Eta hor gabiltza bagara eta ez gara, bazara eta ez zara. Borrokan. Gorroto ditugunekin eta maite ditugunekin.

Eta gero badira, norbera, zu, hura hangoak, denak, definizio bakarraren esturara ekarri nahi dituztenak, norberaren gogoaren gainetik eta azpitik. Nor nor den esateko zilegitasuna duena. Botereak ez beste ezerk ematen duen hori.

Eta pentsa liteke, ez arrazoi faltaz, zertarako hainbeste definitu nahia? Zertarako berdinak bilatu beharra? Eta egia da: zertarako? Definizioak mugatu egiten gaitu, sailkatu, baita ‘sailkatu ezin’ sailkapenaren pean ere. Horixe da, agian, ezin duzu ukatu ez duzunik, aitortzen ez dizutenik. Zure burua zer den ezin aldarrikatu bazabiltza, aldez edo moldez ukatzen bazaituzte, nekez uzten diozu definitu behar horri. Ez daukanak ongi daki edukitzea zein den ona.

Definitu beti definitu behar du ukatuak. Bestearen ukatzaileak, edo bere burua definitzeko zilegitasuna eta onarpena duenak, erraz utziko dio bere taldekide izateari. Taldeak jarraituko duelako berak gabe ere. Agian, zure definizioa onartuko dizutenean, erabakiko duzu, aldatzea. Etiketa horrek ez dizula balio erabakitzeko aukera izango duzu, eta beste bat behar duzula.

Idazleak esan zuen, ez zuela gehiago euskal hitza agertuko zen nobelarik idatziko.

Euskal hitzaren inflazioa. Dena da euskal: euskal ekonomia, euskal meteorologia, euskal sukaldaritza, euskal txerria, euskal literatura. Dena da euskal, ezer ez delako zilegitasunez euskal. Dena delako kategorikoki erdal. Benetan euskal balitz ekonomia, meteorologia, sukaldaritza, txerria, literatura lirateke. Letra txikiz edo larriz, baina gainontzekoen pare.

Kontua da bestea izatea, desberdina izatea, gure gizartean, gutxiago izatea dela. Eta bestea ez den horren pare izateko haren berdinak behar duzu izan, definizio beraren pera makurtu beharra duzu. Nork nahi du aniztasuna, orduan?

Definizio batzuk orokorrak baitira, guztientzat balio behar dutenak, unibertsalak; norma dira, arau. Eta azpiratuak daudenak

Bi hitz miopiaz

Lander Garro (Hirudia, 2011-01-23)

Duela aste gutxi, hemen bertan, gaurko kanonak nobela iraultzailea baztertzeko, eta, aldiz, nobela kontserbadorea babesteko daukan joera aipatu nuen. Utzidazue gaia berreskuratzen. Gotzon Barandiaranen Errotik nobelari egin dizkioten kritikak tentuz irakurri ditut, eta guztietan ageri da salaketa bera: liburu politikoa dela. Ez dut esango liburu politikoa ez denik. Zorrotz ibili da kritika. Baina jar dezagun (kontrako) adibide gisa, Juanjo Olasagarreren lehen nobela, hura ere goitik behera liburu politikoa: Ezinezko maletak. Orduko kritikak begiratu ditut, eta politika hitza ez da bakarrean ere ageri: kasualitatea ote? Gogora dezagun Errotik-ek Euskalduna ontziolako langileen borrokaldia kontatzen duela, beti ere langileen ikuspegitik, eta, tarteka, irakurlea adoktrinatzeko xedez. Horixe esan dio kritikak, eta ez dut neuk ukatuko. Olasagarreren liburuan, ordea, gai nagusia guztiz zen politikoa, eta ez zuen falta, ez manikeismorik, ez eta pertsonaiak estereotipoen bidez eraikitzeko baldarkeriarik ere. Kritika, ordea, ez zen bekatu hauetaz ohartu. Gogoan izango duzue Ezinezko maletak-ek lau lagunen istorioa kontatzen zuela, herri berekoak laurak, eta, batez ere, ETAren komando berekoak. Denborak beste bide batzuetatik eraman ditu (lau lagunak), eta urte batzuren bueltan elkartu dira, lauetako baten heriotzaren karietara. Enkontru hark iraganean gertatua aletzen joateko parada emango dio idazleari. Eta, zer gertatu zen iraganean?: gazte zoro batzuk, burua nahasita, herria askatzeko borroka nerabean engaiatu zirela. Haietako baten emazteak ematen ditu liburuaren gako politikoak, Alizia izeneko pertsonaiak, zeinak, iritzi politikoa izateaz aparte, ezer gutxi ematen baition liburuari; bera ari zaigu:

Xiri

Ismael Manterola Ispizua (Begia, 2011-01-22)

Jende heldu asko dago arte ederrak ikasten. Batzuek, beste lanetan aritu arren, artea egitea bizitzako ilusioa zelako izena ematen dute fakultatean. Beste batzuek, berriz, bizitza guztia artea egiten pasatu dute, baina ez dute horri buruz era teorikoan gauza handirik ikasi, eta beren lanaren inguruko hausnarketa egiteko beharra sumatu ondoren sartzen dira unibertsitate ikasketetako abenturan.

Abentura da heldutasunean unibertsitate ikasketak egitea. Lan handia eskatzen du; burua beti ikasteko prest badago ere, zenbat eta helduago orduan eta gehiago kostatzen delako, eta finkatutako bizitza pribatuak, batez ere lanak baina baita familiak eta eguneroko errutinak ere, ikasketak egiteko trabak jartzen dituelako.

Horregatik, beti miretsi ditut lana, bestelako zereginak, eta ikasketak bateratzeko izugarrizko esfortzua egiten duten ikasle helduak. Horietako bat izan zen niretzat Mutrikuko Xiri Andonegi. Arte zaletasuna zuen norbait, artisau erara eskultura egiten zuen norbait, Arte Ederren fakultatean ikastera ausartu zena. Ez zen berarentzat erraza izango zama kontzeptual handia duen fakultatean moldatzea; esku trebetasuna baino gehiago, buru trebetasuna eta nazioarteko testuinguruko arte diskurtsoan sartuta dagoen fakultatean bizirik irautea. Baina beste askok bezala, Xirik ere egin zuen, Arte Ederretako ikasketak bukatu zituen, eta berriz ere Mutrikura, jaioterriaren babesera bueltatu zen.

Euskal Herria txikia da, baina askotan ez da erraza ikasle izan duzun norbait berriz ere topatzea. Horregatik, poz handia hartu nuen jakin nuenean Xirik Markinan egin behar zen eskultura baterako lehiaketa irabazi zuela. Xemeingo elizaren aurrean dagoen eskultura, Juan Antonio Mogelen omenez egindakoa da, eta, nire ustez, garai hartan (1998. urtea) egin zen eskultura publikorik interesgarrienetakoa.

Idazle bati egin diezaiokegun omenaldirik onena, idatzita laga zuena zabaltzea da, eta, horregatik, Xiriren harrizko hizkiek Mogelen testu ezagun bat betikotu dute: