Ostrukarena egiten

Agus Perez (ANALISIA, 2011-02-20an argitaratua)

Samuel Becketten testu bateko argumentua etorri zait burura euskarazko antzerkiaren egoera penagarria ikustean. Gurean antzezten ari den antzezlanean, ordea, ez gaude Egun zoriontsuak obrako emakumearen egoera berean, kontrakoan baizik. Hark gorputz osoa zuen harean sartuta eta burua bakarrik geratzen zitzaion kanpoan errealitatea ikusteko. Kontrako erara, badirudi ostrukarena egiten egon garela, edo nahi gaituztela, burua zuloan sartuta, errealitatearen gordinari ez ikusiarena egiten.

EAEko antzoki publikoen sareak emandako datuek aspaldian susmatzen genuen egoera baieztatu dute: azken hiru urteotan izugarri jaitsi da euskarazko emanaldien kopurua, eta eskandaluzko minimoetara heldu gara. Bitxia da, ordea, azken hamar urteetako datuei erreparatzea, argi dagoelako urterik urte emanaldi kopurua gora zihoala etengabe, 2007an maximoa jo arte

Superman vs. Spider-man (bertsio luzea)

Iban Zaldua (Hirudia, 2011-02-20)

Literatura politikoaren inguruko eztabaidatik super-heroien komikiaren alorrera egin zuen aurrekoan jauzi Lander Garrok, Superman klasikoaren figura ardatz hartuta. Nahiz eta ni, aitor dezadan astirik galdu gabe, gehiago naizen Spider-manena, Supermanena baino: Krypton-eko erbesteratu hura urrunegia, perfektuegia iruditu zait beti. Izan ere, ez da planeta honetakoa ere! Eta bere alter egoa, Clark Kent herabea, horixe besterik ez da: bere benetako izaera

Loratu

Xabi Strubell (A cappella, 2011-02-17)

Hitz eta doinuetan, kantuetan, loratzen da gutasuna herri honetan. Bertsoetan ere bai. Musikagintzak eta bertsolaritzak tenkatzen dute bihotz kolektiboa, lotzen eta askatzen. Udaberriaren loraldiarekin pizten eta biziberritzen da dena, eta neguko ilunak isiltzen.

Inauteri garaia dugu. Musika alai eta biziek lagundu ohi dituzte inauteriak. Bizkortzen dira bazter guztiak, inauteriaren maskarada eta zalaparta alaiarekin. Barrikada guztiak txikitu, eta irrintzi ozenek ematen diote segida gaztediaren ereta builosoari. Ereta batean, liskar eta anabasa ederrean, berriztatzen dira indarrak, uxatzen zomorroak, mozorroak agertuta.

Subjektu-objektu ardatzean, inauterietan zomorroak uxatzen ditugu, mozorroz jantzita. Jose Antonio Urbeltzek dio nekazari gizartearen erritoak direla; ezpata, euli eta eltxoen kontra garai batean egiten ziren garbiketak. Ura egoten zen tokietan belar txarrak eta kanaberak moztu beharra zegoen, hurrengo urterako intsektuak jaio ez zitezen. Hortik letorke ere mairuaren ideia, kanpotarrarena.

Horrek guztiak badu bere musika. Musika tradizionalaren alor polit eta oparoa da inauteriekin harremana duena. Txarangak dira agian bertsio modernoena, baina, harago joanez gero, baditugu inauteri eta herri festen kalejiren kantu ederrak, Fanfarre Xut-ek bere garaian horren ederki grabatu zituenak. Jauziak eta kontradantzak ere, Iparraldean, musika iturri oparoa dira, doinu tradizionalei dagokienez.

Tradizioa eta gaurkotasunarena eztabaida zaharra da bertsolaritzan. Musikan gauzak intuizioz joan ohi dira. Izan ere, musikariok egun dauzkagun influentziak zabal-zabalak dira, mundu osotik iristen direnak. Oreka bilatzea gure tradizioaren eta mundu osoko eraginen artean ez da erraza, baina hortik sortu beharko dugu etorkizuneko euskal musika.

Udaberria loratzen, lurra esnatzen, kimu berriak jaiotzen. Eta horrek bere soinu dimentsioa duenez, joaldunek joareak astintzen dituzte, fanfarre eta txarangek gure gorputz txotxolduak mugiarazten, eta espero dezagun euskal musikariok ere aurten disko eta kantu ugari eta bizigarriak eskaintzea. Zurako lagunak behintzat hasi gara disko berria prestatzen, rock eta dantza- musikaren arteko lurralde askeetan sortuko duguna.

Supergizonaren mitoa

Lander Garro (Hirudia, 2011-02-13)

Txikitan neuk ere Superman izan nahi nuen. Eiffel dorrea eskuen indarrarekin mugi zezakeelako bainoago, Lois Lane anderea hegaz eramaten zuelako. Loisek Superman heltzeko zuen moduak txoratzen ninduen, neskatilaren eskuek super-heroiaren mozorroaren oihalaren leuntasuna senti zezaketelako usteak. Baina, nor zen zinez Superman? Umberto Ecok heroiari buruzko ikuspegi bitxia azaltzen du bere Apokaliptikoak eta integratuak liburuan. Beharbada, guztiok nolabait buruan ongi definitu gabe izan dugun pentsamenduari forma ematen dio, besterik gabe. Sarritan gertatzen da, gugan susmo lauso bat besterik ez zena norbaitek zehaztasunez izendatzen duela, eta horrexek argitzen digula zein zen benetan gai jakin bati buruz geneukan iritzia. Ecok Supermani buruz esaten dituenak oso egiten zaizkit interesgarri, bereziki fikziozko pertsonaia bat sortzeko prozesuan izan ohi ditugun zalantza inkontzienteak hitzez jartzen dituelako. Zerk eman zion Supermani aurrekaririk gabeko arrakasta hura? Alde batetik, gizarteak eta literaturak betikoa izan duten mitoak sortzeko beharra asetu zuen: heroi boteretsua zen, ordura arteko heroi guztiak irrigarri uzten zituena. Bestetik, dimentsio lurtarra zuen, arrunta, humanoa. Kalez jantzita zihoanean, izaki lotsatia eta ikaratia zen, moldakaitza, kazetari traketsa, otzana eta emakumeekin motza. Hain zen bikaina bi dimentsioen arteko oreka, ze zaleak milioika ugaldu baitziren; Supermanen arazoekin atsekabetzen ziren, eta arazoon konponbidearen aurrean, pozez txoratzen jartzen ziren:

Lekua

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-02-11)

Kultura besteari leku egitea da. Esaldi eder hori idatzi du bere azken liburuan Koldo Izagirrek. XXI. mendeko euskal kultura emakumeari leku egitea izan beharko duela gehitu dio Mari Luz Esteban antropologoak.

Dagoeneko atzerabiderik ez duen bidea da. Hala dirudi bederen. Emakume sortzaileen presentzia ezinbestekoa da. Ezin imajina dezakegu emakume idazlerik gabeko ez literaturarik ez bertsolaritzarik ez arterik ez musikarik. Orain hamarkada gutxi, bai. Hori zen araua, hain zuzen. Beraz, zerbait aldatu da. Besterik da nola aldatu den, edota zerbait aldatu den dena ez dadin alda.

Baina aldaketak ez dira eroso izaten guztientzat. Aulki-dantza jokoan bezala da: aulkiak lehengo berak dira, baina eseri nahi dutenak lehen baino gehiago emakumeak plazara irten direnetik. Eta irtenbidea, emakumeei lekua egitea da, jokoan sartzen uztea, eta horrenbestez, justuak izan nahi badugu bederen, gizonezko batzuk

Familia

Ismael Manterola Ispizua (Begia, 2011-02-05)

Tristea da gurasoek egindakoaz bizitzea. Aberastu badira eta hiltzean dirua laga baldin badigute primeran, baina aita, ama, aitona edo amama artista izan delako bizitza ateratzea ez da oso bidezkoa.

Sarritan artista hiltzen denean familiak bultzatzen du haren lana sustatzeko edo ezagutarazteko ekimena, baina gehiegitan artistaren oroimena bizibide egiten dute. Horrelakoetan, norbaiten seme, alaba edo biloba izateaz bizi direnetan, artistaren familiakoek mesfidantza baino ez dute sortzen.

Artea, beste giza ideia eta ekintza guztiak bezalaxe, guztiona dela pentsatzen dugunontzat, zaila egiten zaigu familiak artelanen gainean erabili nahi duen monopolioa. Jabego pribatuaren gizartean ez dut ukatuko familiakoen eskubidea beraien esku dauden artelanen gainean, baina horrek ez du onartzen interpretazioen gaineko eskubiderik.

Oteiza hildakoan bere iloba batek jasotako lanen gaineko eskubideak oztopatu ohi du artistaren borondatez sortutako fundazioaren ibilbidea, Oteizaren lana zabaltzeko orduan. Tamalez, horrelako adibide asko ezagutzen ditugu Euskal Herrian, baita hemendik kanpo ere.

Azken egunetan gehiegitan ikusten ditugu Txillidaren familiakoak aitaren borondatea betetzeko egoskortuta, batez ere Gasteizen berritu den Foru Plazan eta Tindayaren aferan. Kortesiaz artista izandakoaren familiakoak zabaltze ekitaldira gonbidatzea ondo iruditzen zait, baina komunikabide guztietan artelanari baino kasu handiagoa egitea artisten familiari harrigarria iruditzen zait. Ez dut uste artistaren semea, alaba edo biloba izateak inori iritzi kualifikatua eman diezaiokeenik, batez ere guztion intereserako edo eztabaidatsua den Tindaya bezalako gaietan.

Ez dakit zein den Txillidaren familiakoen interesa Tindayarako proiektuan, baina guztion ondare den natur eremua eta diru publikoz ordaindu behar den lanean ez dut uste artistaren familiaren iritziari garrantzi handia eman behar diogunik. Askotan artisten lanik interesgarrienak proiektuetan geratzen dira, eta ez dago maketa baino ezer ederragorik.

Familia artekoentzat artista jenioa da, eta artistaren borondatea betetzea ezinbestekoa iruditzen zaie. Gizarteak irizpide afektiboez gainera beste batzuk hartu behar ditu kontuan arte proposamenak aurrera eramateko orduan.

Antzinako memoria bat

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-01-04)

Kandelaria eguna izan aurretik, hartza esnatzen zen eguna izan ohi zen otsailaren 2a. Hartza neguko lozorrotik esnatu, leize-zulotik irten, eta gauez zerura begiratzen omen zuen: ilun bazegoen, kanpora irteten zen, udaberria bertan zela jakiten baitzuen; argitsu eta itzaltsu ikusten bazuen, berriro leizera erretiratzen zen, lotara, negua oraindik berrogei egunez luzatuko zela jakin bazekielako. Honezkero kandelaria eguna kandelaria eguna da, ez hartzaren eguna. Eta deskuidatuz gero, ezta kandelaria eguna ere aurki, errazago izango da marmotaren eguna izatea, Estatu Batuetan oro har, eta Pensilvaniako Punxsutaweny hirian ospatu ohi dena, Phil marmota (izena ere bai baitu) lozorrotik irten eta bere buruaren itzala ikusiz gero lotara itzultzen dena udaberria urrun dagoelako, eta eguzkirik ez bada kanpora irteten dena, udaberria bertan dagoenaren seinale. Hartzaren kontu antzekoa, baina ez bera.

Hartzaren kondairak atzerabide luzea du mendi herrietan. Txomin Peillenek kontatu zigun ez dela hainbeste, nola Santa-Grazin, Zuberoan, hartzaren inguruko kontuak jasotzen zebilela, hartza gizakiaren oso antzekotzat zuten bertako bi zaharrek. Horregatik hartza ez zen ehizatzen, halabeharrean hil behar izaten zen, hil aurretik otoitz bat zor zitzaiola zoritxarra ekarriko ez bazuen, eta hil eta gero hartzaren atzaparrak ganbaran zintzilikatzen ohi zirela, zoriona ekar zezaten. Bi hanken gainean zebilen animalia horretatik basagizona eratorri zela, eta basagizonetik gizakia, argi kontatu zion bertako zahar batek.

Peillenekin egon eta hilabetera Alaskaraino bidaiatu genuen. Han bai, han egunero zen hartzaren eguna. Beti zegoen erasoren baten albistea egunkarietan, kotxe txikituen argazkiak, etxeko zabor ontzian ustez aztarrika ibiliaren arrastoak, halako etxaldera gehiegi hurbildutako hartzaren kontua tabernan, hartzaren arriskuaz ohartarazten zuten kartelak nonahi, hartza uxatzeko motxilan zintzilik eramateko zintzarriak, hartz atzaparren itxurara egindako pasta zerbitzatzeko gailuak, hartza elastikoetan, saltoki handietan… Nonahi.

Bidezidor ondo zedarritutako batetik sartu ginen basora, turista esanekoen gisan, motxilan gure joaretxoak eta guzti. Eta hara non topatu genituen bi esku lokatz artean, bata bestearen ondoan, norbaiti erauzitako bi esku, ustelak erdi hartuxe. Alaska basan, zibilizazioa oraindik iritsi ez den Alaska mitikoan ginen inondik ere, lurralde basati urrunekoenean, konkistatu gabeko lurretan, turistentzako esku orritan aldarrikatzen den legez. Kontu kitatze bat, agian, armaz josita goizero ehizara joaten ikusten genituen ehiztarien arteko liskarren bat, beharbada. Kuatroporkuatroaren gurdian beste kuatroporkuatro txikiago bat baina gurpil zabalago eta koska handiagokoak zituena eta gure ustetan bazokak ere bazeramatzan ehiztari bat geratu zitzaigun alboan. Burlaz egin zigun irribarre, ezetz, ez zirela inoren eskuak, hartzarenak baizik. Halako deskuidorik nola izan genezakeen ezin sinetsita nengoela, ulertu nuen Santa-Graziko zaharrak, Peilleni hartza gizonaren berdina dela esan izana.

Zuberoan hartz atzaparrak etxean gordetzen ziren, hartza gizakiaren taldekoa izaki, gutarra zenez. Alaskan, basoan uzten dituzte, jateko balio ez dutela-eta, hartza animalia izaki, ez-gutartzat baitute.

Gurean dagoeneko ez dago hartzik, eta ez da gutarra, ez bada Zubietan, Iturenen, Arizkunen eta Au