Euria (I)

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-03-25)

Zaparrada ez da inoiz arazo. Inoiz ez dago jende gehiegi hitzaldi bat entzuten, baita aretoa gainezka egonda ere. Baina arduradun politiko zintzo eta ezkertiarrenak ere esango dizu jende gehiegi etorri dela. Ez ote zen aretoa txikiegi. Inoiz ez dago musika kontzertu gehiegi, edo soberako bertso saiorik, edo antzerki emanaldi gehitxo edo ezin jarraituzko liburu berrien zerrendarik. Ugaritasuna ez da inoiz akats. Hain zuzen hori du kulturak eder: egunero hamar liburu irakurrita, hamar kanta entzunda ere, jakitun izatea ez zarela irakurri nahiko zenukeenaren milioigarren zatitxoa irakurtzera edo entzutera ere inoiz iritsiko. Agian, inor urduritu egin liteke hori pentsatuta, baina sosegatu ere egiten du.

Beste kontu bat antolatzen diren kultur ekimen guzti horietatik bi baino ez direla bistaratzen, ezagutzen, belarrietara iristen, eta horrenbestez jendea ez doala, jendeak baitu eskubiderik ezta ez noa esateko ere. Ez doa eta kitto. Ez dakielako. Ados, ez du bilatzen. Bilatuko balu aurkituko luke. Bale.

Kontua da kultura bat (kultura normal bat, jakina, erran nahi baita bere eremu geografiko eta eremu funtzionaletan nagusi eta bakar dena) ez bada jendearengana infiltrazioz iristen nola iristen da? Alegia, euria bezala harrapatu behar zaitu, nahi edo ez nahi busti behar zaitu. Horrela ez bada, makinariari begiratu bat bota beharko zaio. Zerbait ez dabil ondo.

Badakit bainak badirela. Kultura normaldu horretan bustitzen zaituena kultura horren emaitza banalizatuena dela? Arrazoi. Baina errekatxoak ere badira, eta topatuko dituzu lan handirik gabe, baita erreka nagusitik bertatik gehiegi alboratu gabe ere. Egin froga: saiatu, musika, literatura eta zinema iparramerikar independenteena topatzen. Orain saiatu euskarazko musika, literatura, zinema arruntena topatzen. Bietarik non topatzen duzu gehiago, eta garrantzitsuena dena, errazago? Gaztelaniazkoa hegoaldean eta frantsesezkoa iparraldean, frogatu beharrik ere ez duzu. Blai gaude. Estandarrena, arinena, kalitate eskasenekoa, politikoki zuzenena dela bustitzen gaituen kultura espainiar-frantziar hori? Bai, baina hori beste albo kontu bat da, kultura guztiei eta kultura berari gaitz bihurtu zaiona, gizarte guztiei bezalaxe.

Galdera da nolatan lortzen da hizkuntz-kultur euria sortzea? Orain artean ezagutzen den biderik eraginkorrena estatu baten hizkuntz eta kultura ofiziala izatea da. Horrek bermatzen dizkizu egiturak, laguntzak, hizkuntza eta kulturaren aldeko lege eta dekretuak, babesak, zabalkundea, sortzaileen mintegiak eta industriaren bideragarritasuna. Horrek guztiak bermatzen du, eta horiez gainera eta bereziki hedabide sare oso batek.

Bermatzen edo bermatu izan du. Norabide eta pentsamendu bakarreko globalizazio garaiotan jada ez baita nahikoa zure geografian eta zure funtzioetan nagusi izatea. Galdetu bestela, ez bakarrik Frantziako Kultura eta Komunikazio ministroari, baita azken gobernuak sortu duen Identitate ministerioko buruari ere, nondik datozen frantses kulturarekiko euren kezkak. Gaur egun, kasik munduan ere hizkuntza nagusietako bat izatea eskatzen du zurean zure kulturak, inor bustiko badu.

Desoreka da kontua. Normal ezin bizi izana. Zuretik euririk ez badator, errekak beste isuri bat badakar, iturria agorra bada, nola jabetzen zara zure kultura badenik? Eta honekin lotuta, bazarenik, kolono bat edo kolonizatu bat baino areago?

Estatua izateko arrisku handirik ez dugu, eta izanda ere gure kultura, gizarte, pentsakera eta bizikera kolonizatuak zer ekar lezakeen begitantzea ez da zaila. Oraingoaren hain desberdin jokatuko al genuke kultur eta hizkuntz politiketan? Nork jartzen du lepoa?

Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako Sailburuordeak egin du galdera: zenbat hedabide dira beharrezkoak euskararen normalizazioan aurrera egiteko?

Azken arnasa

Lander Garro (Hirudia, 2011-03-27)

Zerk ekarri gaitu hona? Galdera izugarria da, dudarik gabe, garaile garenean geure buruari nekez egiten dioguna, baina porrotean orduroko kanpai hotsen moduan agertuko zaiguna, beti tenoreko, beti zaratatsu. Gure literaturan mugarri izan diren une, idazle eta obrak identifikatu, eta haien baitan aldaketaren bat ezarri, aldaketa txiki hark zein eragin izan zezakeen aztertzearren. Non geundekeen erabakitzeko, ordea, komeni non gauden jakitea. Non ote gaude? Sautrela-n behin eta berriz egiten diegu idazle eta idazle munduko lagunei ditxosozko galdera hori, eta beti jasotzen ditugu erantzun lausoak, askotan koldar xamarrak (esan dezadan errespetuz). Duela gutxi eskarmentu handiko poeta bat izan genuen geurean, eta, eredu gisa, nor eta Axular aipatu zigun. Penizilinaren aurreko aroan sentitu nintzen bat-batean, zientziak prentsaurreko erraldoi batean medikuntza oro fartsa bat dela esaten atera izan balitz bezala. Imajina dezagun kaosa, imajina dezagun jendea bazter guztietan korrika, panikoak jota, jainkoari otoitz egiten (ze berriz jainkodun bilakatuko baikinatekeen). Axular, beraz. Non ote gauden galdetu, eta Axular bueltaka. Zaila da halako egoera kafkiarrean ondorio (gaiztorik) ez ateratzea. Zilborra begiratu, eta, ipuinean bezala, hauts bolatxo bat ez aurkitzea, madarikazio baten modukoa. Zer egin dugu gaizki? Zein bidegurutzetan tronpatu ote gara? Kendu iezaiozue euskal literaturari Francoren garaiko krionizazio luzeegia. Kendu ondorengo urteetako aitakeria autonomista guztia: oso ezberdin al ginatekeen? Seguruenik bai. Literatura anglosaxoia hartzen badugu, adibidez, pasa den mendean seguruenik gehien handitu zen literatura alegia, ikusiko dugu gurean Francoren ergelkeria kulturala pairatzen genuen garaian gauza on asko pasatu zela, hain onak, ze, akaso, erabakigarri bilakatu baitziren. Gauza on horien artean aipatu daitezke Faulkner, Hemingway, Steinbeck edo pixka bat aurrerago, Capote edo Kerouac. Alegia, garaian garaiko idazleak izan zituztela, garaiko kezka eta zalantzekin, eta horrek bere garaira lotu zituela, biak uztarri berean: oraina eta literatura, eta handik aurrera orainak egiten zuela literatura, eta literaturak oraina. Geu, beharbada, ezdenbora batean geratu ginen, trenaren atzetik korrika, muntaia-kate bateko makina apurtua bezala, zeinak, pieza bat gaizki eginez gero, den-denak egingo dituen gaizki. Baten batek esango dit, ordea, Franco ez zela osasunez betetako zezen handi bat akabatzera etorri, kukuxuek jandako zakur mehar bat baizik. Sotana kiratsa lehenagokoa duela gure literaturak. Oroitaraziko dit Edgar Allan Poe eta Iparragirre garaikideak direla. Baina espainiarrek, badaezpada ere, Lauaxeta hormara bidali zuten, haren sabela berunez bete zuten gero, eta, azkenik, bere ahotsa lurperatu zuten. Bazekiten zer egiten zuten. Beraz, galderak egiten hasi orduko, eta gure literatura zer bilakatu zen ikusita, nik ez nuke Unai Elorriaga Ixiar Rozasengatik aldatuko, nik, behingoagatik, Franco akabatuko nuke. Berpiztu, eta burukia ahoan jarrita, poliki, zeremoniatsu, patxadaz, unea ongi dastatuz, generalari azken hatsa kenduko nioke. Eta badut errezeloa, horrek gure literatura errotik aldatuko lukeela.

Artearen ikerketa

Ismael Manterola Ispizua (Begia, 2011-03-26)

Non egiten da zientziari buruzko ikerketa euskaraz? EHUn batez ere. Non egiten da arteari buruzko ikerketa euskaraz? Inon ez.

Badakit zientzialari euskaldunak ez direla guztiz konforme egongo aurreko esaldiarekin. Badakit zientzian euskaraz lan egitea ez dela erraza, ez dagoela gauza handirik, baina dagoen gutxi hori Euskal Herriko Unibertsitatean dago.

Gure kasuan aldiz, artearen ikerketarik ez dago, ez EHUn ez beste inon. Badakit zaila dela, badakit erakundeek (unibertsitatea barne) ez dutela laguntzen, unibertsitateko irakasleen ibilbide funtzionarialean euskarak ez duela garrantzi handirik, lan bikoitza dela euskaraz argitaratu nahi izatea edo ikerketa taldeak osatzea, tesinak eta tesiak euskaraz egitea ia ezinezkoa dela; hala ere, askotan pentsatzen dut geure buruetan dagoela oztoporik handiena.

Egun hauetan Paisaia Kritikoak. Urdaibaitik abiatuta: arte, natura eta pentsamendua nazioarteko mintegia antolatu da. Lan izugarria egin dute egitarau interesgarria osatzeko eta, agian horregatik, antolatzaileei gaurko artikulu honetako hausnarketa kritikoegia irudituko zaie, baina egitaraua irakurtzeak artearen ikerketaren gaineko gaia aztertzeko aitzakia eman dit. Alde batetik, ez dagoelako euskaraz hitz egingo duen hizlaririk, eta, bestetik, hitz egitera gonbidatutako artista euskaldunek gaztelaniaz hitz egingo dutelako.

Askotan euskaldunok ditugun mugak geure buruetan daude eta ez zaigu bururatu ere egiten arteari buruzko goi mailako hitzaldia (hau da, dibulgaziorako ez dena) euskaraz izan daitekeenik. Antolatzailea EHUko lau irakaslez osatutako ikerketa taldea izanda, lau irakasle horietatik hiru euskaraz lan egiteko kontratatuta egonda eta besteak, nahiz eta euskaraz ez hitz egin ulertzen duela jakinda, harrigarria da horrelako txikikeriatan ez erreparatzea.

Unibertsitateko irakasle baten zereginen artean, eskolak emateaz gainera, ikerketa dago. Hala ere, gutako askok euskara eskoletara mugatzen dela pentsatzen dugu (oinarrizko zikloetan gainera) edo beste erremediorik ez daukagu. Erakundeak ez duela gehiegi laguntzen onartuta ere, guk geuk ere ez dugu gauza handirik egiten egoera aldatzeko, errazegi onartzen dugu ikerketa gaztelaniaz izan behar duela. Arte diskurtsoa gaztelaniaz errazago egiten zaigulako izango da? Pixkanaka, gauza txikietatik hasita, egoera aldatzen hasteko unea dela iruditzen zait.

Balizka

Iratxe Retolaza (Hirudia, 2001-03-20)

Euskal letren balizko ibilbideak irudikatzeko galdera-multzoa egin zigun Iban Zalduak azken Hirudia-n. Balizko ibilbidearen ariketa egina zuen Zalduak Euskaldun guztion aberria (2008) liburuan. Beste idazle batzuek ere euskal letren historiaren gainean balizka arituz sortu dituzte mundu literarioak. Esaterako, bi nobela hauetan: Jon Alonsoren Katebegi galdua (1995) edo Itxaro Bordaren Jalgi hadi plazara (2007). Bi thriller hauek euskal letren ibilbidean mugarri izan den balizko lekukotasun baten (des)agerpena dute oinarri.

Jakina denez, gertakari batek historia literarioan oihartzuna izan dezan, beharrezkoa da gertakari horren dimentsio sozial eta sinbolikoa garatuko duen komunitatea egotea. Adibide bi. Lazarragaren artzain nobela argitaratu izanak aldatuko luke euskal letren historia, baldin eta nobela hori historiaren katebegitzat identifikatuko lukeen diskurtso historiko-literariorik egon izan balitz. Edota Axular abadesa izateak euskal letren historian aldaketarik ekar zezakeen, baldin eta komunitate literario edo sozial batek Axularren ‘abadesa’ nortasunaren balio sinbolikoa aldarrikatu izan balu, eta balio sinboliko hori ikur bihurtu izan balu.

Bide horretatik, aipaturiko nobela horietan eskuizkribu (des)agertuen inguruko auziak ez du testuaren balio literarioak eragiten, baizik eta balio sinbolikoak. Are gehiago, karga sinboliko horren neurrigabeko erabilera politiko eta ekonomikoa da nobela hauetan salatzen dena, besteak beste. Literatur eskuizkribuak edo margolanak bereganatzeko azkenaldian egon diren ika-mikek ere horixe islatzen dute. Ika-mika horiek ez dute zerikusirik eskuratu nahi diren artelanen objektu izaerarekin, ez eta haien balio artistikoarekin. Haien balio sinbolikoa da desiratzen. Balio sinbolikoa da aldarrikatzen Picassoren Gernika Gernikaratzeko eskatzean; edota Eusko Jaurlaritzak Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua erakusleihoan jartzean.

Balio sinbolikoen hedatzea literaturaren funtzio sozialetariko bat da. Kontua da, azkenaldian balio sinboliko horiek gehiegitan bihurtu direla balio ekonomiko, edota alderdikerietarako ikur. Zalduak adierazi bezala, ziur asko, horrek eragiten du bertigoa. Gertaerak gertaera, historiak historia

Epikoak

Saioa (A cappella, 2011-03-24)

Ez dakit zergatik baina gaur ezkerreko hankarekin altxatu naiz. Barkatuko didazue, baina pixka bat sasifilosofo natorkizue, ohi dudan modura, sentimenduen eta musikaren arteko erlazioari buruz hausnarketa etengabean.

Gaur goizean euriak logelako pertsianaren kontra gogor jotzen zuen, eta segituan, pertsiana igo aurretik, egun gris eta lainotsu baten irudia etorri zait burura. Gristasun horrek badu nolabait nire gorputzean ezinegon malenkoniatsu bat sortzeko ahalmena, eta egoera pasibo eta negatibo batera eramaten nau… Eta momentu horietan ez naiz nire sentimendu nahiz pentsamenduekin gustura sentitzen; gristasuna nire gogoaren kontra, parasito bat bezala sentitzen baitut barnean.

Seguru nago zuetariko askok izan dituzuela horrelako egunak. Ez nuke diskurtso katedratikorik eman nahi (nire gaitasunetik at dagoen zerbait da), baina egun grisek (zuengan agian hego haizea edota, zergatik ez, eguzkia bera izango da) nire gaitasun intelektual eta kreatiboa indargabetzen dute.

Musika aldizkarietan askotan irakurri dut egun grisek artista-sortzaile batzuk inspiratu egiten dituztela, burura arrapaladan etortzen zaizkiela hitzak, melodiak, teoriak

Entzun nahi ezko lurrikarak

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-03-18)

Lurrikararen zarata ozeanoaren barrenetik entzutea gauza harrigarria da. Miresgarria, eta ederra. Burrunba ito bat, indar bete-betean. Sarean dago entzungai Japoniako lurrikara gertatu zen unean berean Fukushima inguruko itsasoak bota zuen orroa. Bartzelonako soinu laborategi baten egitasmoa da munduko itsasoetan mikrofonoak jarri eta itsasoaren ahotsekin soinu artxibo bat osatzea.

Harrigarri da Fukushimako zentral nuklearrak sortu duen sarraskiaren ondotik energia nuklearraren aldeko aldarriak entzuten jarraitzea. Aldarri zentzudun eta arrazoituak, jakina. Zer den kasualitatea gertuen dugun zentral nuklearra eta Japonian lehertu den hori bera, zentral bikiak dira: adin bereko, teknologia bereko, sistema bereko eta ekoizle bereko. Garo

Laborategia

Ismael Manterola Ispizua (Begia, 2011-03-12)

Lau artista gaztek ekimen interesgarri bati eutsi diote. Artearen ohiko hedapen-bideei uko egin eta ekoitzitakoa bere kasa erakustea erabaki dute. Ekoizpen toki bera zabaldu dute bertan egindako lanak jendeari erakusteko eta beste ekimenen testuinguru izateko.

Lorea Alfaro, David Martinez, Jon Otamendi eta Manu Urangak (MLDJ) egitasmo ezberdin hori aurrera eramateko dirua eskatu zioten Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari: lantokia ordaintzeko, erakusketa eta beste ekimen paralelo batzuk antolatzeko. Ez da ohikoa artistek horrelako lana hartzea eta gogoz eustea artearen katean dauden urrats ezberdinei; baina gaur egun sistemak hartu duen bidea ikusita horrelako ekimenak gero eta ohikoagoak izango direla dirudi.

Alde batetik, gure inguruko museoek ez diote arreta berezirik eskaintzen gazteek sortutakoari, salbuespenak salbuespen. Bestalde, krisi ekonomikoko garaietan, galeriak nekez arriskatzen dira gazteen lanak erakustera, saltzeko errazagoak diren artisten lanek ematen duten babesa alde batera lagata

Forbesen errautsak

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-03-11)

Donostia sariaren aurtengo irabazlea da Errautsak antzezlana. Ausardia aitortu behar zaio epaimahaiari, saria irabazteko aukera zutenen artean proposamen abangoardistena, zailena eta, agian, deserosoena aukeratu duelako. Ausardia oroz gain akuilu hartuta, bi antzerki molde batu dituzte Manex eta Ximun Fuchs anaiek eta Ander Lipusek antzezlan horretan. Bi moldeek antzekotasunik badute horixe da, ausardiaz jarduten dutela, eta baita antzezpena berarekiko halako egiatasun kasik fisiko bat isurtzen dutela ere. Barrenetik pasako balitzaie bezala, hitzetik adina, gorpuztu beharreko pertsonaia. Pertsonaiari eta jokalariari pertsona berak bizia ematen dien heinean bereizi ezinezko balira legez. Zintzotasun batetik, esango balute legez, pertsonaia hori ez da pertsonaia bat, pertsonaia hori ni naiz. Norberetik sortua eta osatua, elikatua, kutsatua eta pozoitua.

Berrogei urteren bueltan dauden sei lagun dira protagonista, adiskide baten hiletan aspaldiko partez elkartzen direnak. Eta hor agertzen dute euren gurasoek eurentzat nahi izan zuten mundu libre baten ameskerien errautsak baino ez direla, nor bere miseriekin, nor bere frakasoen zakuari ezin eutsi eta ezin iskin egin. Zeinen zoriontsu izan behar ginen eta zeinen ez-gauza garen. Gutxi egindako gizon-emakumeak, mundua aldatuko zutela uste zutenen kumeak. Beldurraren semeak. Inoiz izan omen zen suaren errautsak.

Ez eszenaratzeak ez mezuak ez interpretazioak ez elkarrizketek ez euskalkien ugaritasunak ematen dute arnasbiderik. Ez dago ihesbiderik, ez dago kontzesiorik. Gordina baino gordinago. Guztia ganberrokeria basati baten forman emana da Kortatu, Itoiz, La Polla eta besteren musikarekin zartatua, drogez lausotua, eta okaka kritika sozial latza dariona. Diruaren erregetza, bakardadea sari, sentimenduen ezin adierazia, bizialdiaren alferrik galtzea. Erraustegi bat martxan. Eta harrigarri badirudi ere, giro ganberro, irreberenteak eta neurriz paseak egiten du irensgarriago mezua. Zakartasunak gozatu egiten du. Lagunak esango lukeen bezala, hori oso euskaldunona baita.

Belaunaldi baten erretratua bederen bada. Eta hori baino zabalago ere jotzen du seguruenik. Gure gaur egungo mundutxo globalizatuaren argazkia.

Denak ez dira galtzaile halere mundu globalizatu honetan. Mila milioi dolarretik gora dituztenak 1.210 dira mundu osoan, inoiz baino gehiago. Hala dio Forbes aldizkariaren aberatsenen zerrendak, jakinda benetako dirudunenak ez direla zerrenda horretan agertuko.