San Isidoro ‘revisited’

Fermin Etxegoien (A cappella, 2011-04-28)

Bigarrengoz nagoela margo erromanikoei begira, zerk lotzen nauen hiri honetara galdetzen diot nire buruari. Ezerk ez, ia ezerk ez; Plaza Nagusian, ezustekoa izan da bertako abertzaleen ekitaldia; Gaztela gorrotatzen dute, itxuraz, guk baino gehiago.

Alex Cooper eta Javier Sun; beste lotura posible bat. Lehenak, Los Flechazos mod taldea sortu zuen. Bigarrenak, Los Scooters. Mod taldea ere, donostiarra. Gogoan daukat, gerora, kantu kriptiko samar bat idatzi zuela Cooperrek. Tira; ez zen kriptikoa, ETAri buruzkoa baizik. Egia esan, ez nago seguru. Ulertzen nionaren arabera, Alejandro Javierrekin ari da

Argazkia

Ismael Manterola Ispizua (Begia, 2011-04-22)

Askotan egunkarietako argazkiak arreta pizteko modukoak izaten dira. Berria gehiegi interesatu gabe ere, argazkitan idatzitakoan baino hobeto jasotzen da gertatu denaren lekukoa.

Apirilaren hasieran BERRIA egunkari honek Pasaiako kanpoko portua eraikitzeko erakunde ezberdinek Espainiako Sustapen Ministerioan sinatutako itunaren berria argitaratu zuen argazki eta guzti. Agintariak bi koadroen bidez babestuta daude, eskuinaldekoan Alfontso XII.a Espainiako erregearen erretratua irudikatzen da, besoa kainoi baten gainean duela. Argazkiaren ezkerreko ertzean, Alfontso XIII.aren erretratu ofiziala, militarrez jantzita eta ezpata Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua eta Gasco sailburuordearen artean duela.

Bi erregeen koadroen artean gainontzeko agintariak Jose Blanco ministroarekin, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Garraio diputatu Arantxa Tapia barne.

Agintarien atzean Sustapen Ministerioa dioen kartela ikusi ez bagenu, Gerra Ministerioan sinatutako akordioa dela pentsatuko genuke. Alfontso XII.aren kanoiak Espainiako Lehenbiziko Errepublikaren kontra egindako altxamendua eta karlismoaren kontrako guden garaipenak gogoratzeko pintatuko zirela pentsatzen dugu, Borbondarren lehenbiziko buelta armetan oinarrituta egon baitzen, bigarrena bezalaxe. Bestalde, Alfontso XIII.ak koadroan azaltzen duen nerabe itxurak ez dio eraginkortasun handirik ematen eskutan duen ezpatari, eta dakigun bezala, ez zen aitak kanoiekin lortutakoa gordetzeko gai izan, eta bigarren errepublikaren aldarrikapenak agintetik kendu zuen.

Eszenatoki militarra ikusita, zera galdetu beharko genuke, Pasaiako kanpoko portua eraikitzeko ituna sinatzeko ekitaldiak halako mezu erasokorra eman behar al zuen? Boterearen eszenografia, hala kasualitate hutsa da? Markel Olano eta Arantxa Tapia, kanoi eta sableen bidez inposatu nahi al digute edozein buru arrazionalean kabituko ez litzatekeen azpiegitura proiektu erraldoia, interes pribatu batzuek gizentzeko?

Botereak nahi duena adierazteko irudiak hain ondo erabiltzen dituen garaian, ez dut uste apirilaren 6an argitaratutako argazkia kasualitatea izan zenik. Beraz, mezua argi dago: nahi edo nahi ez, atzean ditugun kanoien bidezko botereak lagunduta (nahi dugunean erraz legitimatzen ditugu borbondarren erregimena), Pasaiako portua eta beste edozein gauza egingo dugu.

Prozesio ateo bat eta bi kantu

Lorea Agirre (Katuajea, 2011-04-22)

Gizartearen lasaitasunerako, botereak edozer jan, ordaindu, artxibatu eta museo bihurtzen duela, baita gauzarik eta kontrakulturalena ere, idatzi genuen aurreko batean. Gaur boterea eta askatasuna diruak ematen duela. Baina ez, sistema ez da den-dena irensteko gai. Berea ez den indarkeria, izan hitzezko izan ekintzazko izan sinboliko, ez dago prest jateko. Kontrakultura eraginkor bat egitea ez da erraza gaur egun. Asko jota gustu txarreko ekintza bat egin duzula egotziko dizute edertasuna bilatzea beste helbururik ez duela izan behar kulturak pentsatzen dutenen artetik. Zakarra eta zabarra, edukazio txarrekoa.

Gaur egun edertasun bila jardutea jarrera etiko bakarra izango balitz bezala: paisaia eder bat, argazki bikain bat, eskultura harmoniko bat, pelikula atsegin bat… Minduko ez duen arantza bako arrosa hau, itsustasuna agertuko ez duen argazki hori, barrenak nahastuko ez dizkizun fikzio hura, aurpegira tu egingo ez dizun kantu haragokoa. Baina hori dena ere etikoa da, tu egitea, salatzea, mintzea, odoletan jartzea. Edertasunari kantatze hutsa onargarri ote da hurbileko eta urrutiko mundu krudel injustu eta hiltzaile honetan? Agian bai. Agian, inozentzia inozoena izan liteke mezurik mingarriena, baldin eta horrelakorik inon bada, ez bada zinismoz mozorrotutako inozentzia. Denak du muga bat, esango dizute, esango dugu, esango diogu geure buruari.

Balkanetako gerran garaian, Veneziako bienalean haragi meta handi bat jarri zuen artistak batek. Usteltzen eta kirasten zihoan egunak aurrera. Usteltzen, ez konpost bihurtzen. Kendu arazi egin zioten. Izan ere gerran hildakoak horrela muturren aurrean jarri nahi izatea oso gustu txarrekoa behar du izan, inondik ere. Ez ez, hala ere, giza haragia, arte ekintzak eskatzen zuen bezala, behi haragia baizik. Gehitxo izango ote zen Europaren bihotzean barreiatuta zeuden gorpuak bienaleko erakusketara ekartzea? Zer da Auschwitzeko eremuan pilatutako azal eta hezur hutsezko gorpu guzti horien argazki bat? Artea al da? Kontrakultura al da ? Zerbait salatzen al du dagoeneko? Auschwitz eta gero posible al da irudi ederren peskizan ibiltzea? Auschwitzeko argazkiak museotan sartu direnez geroztik ez al dugu Auschwitz bera neutralizatu? Hutsaldu? Merchandising bihurtu?

Arteak zer behar duen izan. Zer uzten ote zaion izaten. Edota noiz bihurtzen dugun arte zentzu eraginkorrenean ez bada debekatzen dugunean. Eta hemen debekatu, debekatu, beti sistemaren ez beste indarkeria debekatu da, izan hitzezko izan ekintzazko izan sinboliko. Hori da sistemarentzat jangarri ez dena. Edozer, beste indarkeria bat izan ezik. Zer izango litzateke emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko emakumeak indarkeria erabiltzen hasiko balira? Terrorismoa? Auto-defentsa? Kontrakultura? Ekintza artistiko bat? Urrutiegi joatea ote da idatziz jartzea bera? Non dago muga?

Barrutira etor gaitezen. Zer da prozesio ateo bat debeka dezaten? Eta zer prozesio katoliko bat debekatu ez dezaten? Zer da Julieta Itoiz raperoaren kantu bat Iru

Bukatu da garizuma

Agus Perez (Analisia, 2011-04-21)

Garai batean, garizumaren amaiera berri pozgarria zen: berrogei eguneko penitentzia giroko sasoiaren ostean, bizimodu normala berreskuratzeko ordua ailegatzen zen. Eibarko Antzerki Jardunaldiak ere garizumaren aroan izaten dira, baina, paradoxikoki, haren kontrako funtzioa betetzen dute. Izan ere, Hausterre-egunetik Aste Santuraino urtero-urtero berpizten da antzerkiaren liturgia, eta berari esker arinagoak izaten dira negu sakoneko arratsaldeak eta udaberri hasierako ilunabarrak.

Dudarik gabe, jardunaldiok erreferente nagusienetariko bat dira gure antzerki-panoraman, hiru arrazoi nagusi direla kausa. Hiruren arteko lehena urteetan eta hamarkadetan zehar irauten jakin izana da. Aurtengo edizioa 34.a izan dela pentsatze hutsak ikara moduko txiki bat eragiten du, horrek esan nahi baitu Franco hil osteko borroka-urteetan jaio zirela. Eta harrez geroztik gizarte-aldaketa guztien gainetik ibili dira, antzerkiak bere zeregin sozialean jasandako aldaketa itzelak gaindituz eta garaian garaiko gizartearen beharrizanei erantzun egokia emanez.

Esandako iraupen luzea lotuta dago, ezinbestean, jardunaldiek Eibarren duten errotze sendoarekin. Urte askoan, bertako Unibertsitate-esparruko aretoan antolatu ziren emanaldiak, beraren inguruan sortutako Narruzko zezen talde antolatzailearen laguntzaz, eta denboraren poderioz herriko beste egitura batzuekin ere sortu dira kolaborazio emankorrak. Horren adibide dira inguruko ikastetxeekin antolatzen den antzerki gidoi eta artikulu lehiaketa

Stockholmgo sindromea

Lander Garro (Hirudia, 2011-04-17)

Ez dakigu, beraz, gure hizkuntzaren eta, ondorioz, geure literaturaren osasuna hobea edo okerragoa litzatekeen frankismoaren komatik igaro izan ez balitz. Nekez sinetsiko luke gure jeneral ttattarrak, terrorea ereinda poemak loraraziko zituela, baina, hara non, horixe onartu diogu, ezarian eta, nahiago nuke, oharkabean.

Bitxia da diktadoreek, joan den mendekoek eta gaur egungoek, kulturarekin daukaten harremana: beti saiatu dira zapaltzen, isilarazten, iluntasunera eta mututasunera kondenatzen, eta, trukean, beti lortu dute halako onespen stockholmdar bat, txikia akaso, nekez onartzen dena, baina hazka eginez gero beti azaleratzen dena.

Poetak aitaren zaplaztekoak oroitzen ditu, eta min hartatik sortzen dituen testuek itzularazten dioten auto-estimuak, aitarekin bakea egiten lagunduko diote. Gerriko zafladak behar ditu poetak poeta izateko, antza. Edo, nor litzateke, zer litzateke Primo Levi, naziek gosera kondenatu izan ez balute, alegia, gizonari bere gizontasuna auzitan jartzen lagundu izan ez baliote? Kimiko kaskar bat!

Berdin Mauricio Rosenkof, Uruguaiko milikoek 11 urtez zulo batean (zulo esan dut eta hau ez da metafora bat) bizitzera zigortua, lagunekin morse kodean mintzatzera ohitua, gatibutzan hortzak ere galdu zituena… nor litzateke Rosenkof Uruguaiko milikoek makilaren graziaz batailatu izan ez balute: terrorista bat!

Miguel Bonasso argentinarrak Videlaren estatu kolpea pairatu zuen. Militarrek beste hainbat Montonerorekin atxilotu zuten, Ford Falcon horietako batean sartu, eta sei hilabetez torturatu, gaur eta hemen poliziak erabili ohi dituen metodoekin antzekotasun handiak dituzten metodoak erabiliz. Sei hilabetez. Kolpeak ere ez omen zituen sentitzen amaieran. Hainbeste izen eman zituen, hainbeste lagun salatu zituen, ze bere burua estutzen zuen, ahaztutakoren bat noiz agertuko, han, memoriaren eremu lauso hartan, militarrek gehiago jipoitu ez zezaten. Baina ez zeukan lagun gehiagorik (zorionez), ez zitzaion gogora ekartzeko deus gelditzen: berdin jipoitzen segitu zuten. Zer litzateke Bonasso, Videlaren menpekoen laguntzarik gabe? Estatistika hutsa!

Eta euskaldunok ere, geure koadroetako idiek bezala, geure idi bikotea makilaz ziztatuko duen norbait behar izan dugu beti, estimulu gabe azukrea kafean bezala baikara urtzen. Bere kasa uzten baduzu, euskaldunak erdara egingo du, gaztelania ez bada, frantsesa, eta, baleki, baita txinera ere. Eta idatzi ere, nekez idatziko luke, eta gutxi. Artzai istorioak, asko jota. Akaso arrantzale konturen bat, euskaldunok itsasoarekin izan dugun lotura horrenbestekoa izan baita, hain emankorra, ze itzuliko lizkiguke olerkitxo batzuk, kresalaz edertuak. Imajina ezazue gerra aurreko (hemen gerrarik gabeko garairik inoiz egon bada) euskaldun bat, itxi begiak eta egizue ariketa sano hori: hantxe agertuko zaigu bere txapelarekin, sudur luzea, zintzur zorrotza, sorbalda zabalak, aire xaloa, zintzoa, haizeak eta lanak zaildua, beti leial.

Munduko arma saltzaileok, batu zaitezte, literaturak zuen beharra dauka!

Dirua da gaur askatasuna

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-04-08)

Berlingo bihotzean dagoen Kunsthaus Tacheles etxe okupatuarenak egitear du. Bertako okupen erdiek, laurogei bat lagunek, baiezkoa eman diote bertan luxuzko hotel bat egiteko orubea erosi nahi duenari milioi bat euroren truke. Dirutza hori nork jarri duen ez da jakitera eman. Berlingo harresia erori ondoko mugimendu anarkista eta okuparen lorpen ezagunena da Tacheles etxea, arte alternatiboaren gune nagusietako bat. Orain 21 urte hainbat artistak okupatu egin zuten, bertan lan egin, bizi eta artea erakusteko leku bat moldatzeko asmoz. Baita lortu ere. Bertatik ehunka lagun igaro izan da, artista eta zale. Eta baita milaka turista ere. Berlingo postal tipiko bihurtu da erakinaren aurrea. Berlinera doan guztiak bisitatu beharreko lekua du Tacheles etxea.

Orubea salduta, hondeamakinak hasi omen dira baratzea eta beste eraisten. Hirurogeita hamar bat artista geratu dira bertan, eta ez dutela etsiko eta Tacheles masa turismotik berreskuratuko dutela egin dute aldarri.

Joan direnak eta geratu direnak aspaldi banandu ziren bi taldetan. Diruak jan du azkenean arte librearen gune hori. Tim Africa joan direnen bozeramaile ibili da, dirua jaso eta taldea desegin duten arte. Beste inon Tacheles berri bat egingo dutela dio, hastapenetako filosofia eta asmoak berrartuta. Eta horretarako dela dirua. Honela laburbildu du gertatua, eta, aldez, baita gizarte honen azken hamarkadetako aldaketa ere: