Bukatu da garizuma

Agus Perez (Analisia, 2011-04-21)

Garai batean, garizumaren amaiera berri pozgarria zen: berrogei eguneko penitentzia giroko sasoiaren ostean, bizimodu normala berreskuratzeko ordua ailegatzen zen. Eibarko Antzerki Jardunaldiak ere garizumaren aroan izaten dira, baina, paradoxikoki, haren kontrako funtzioa betetzen dute. Izan ere, Hausterre-egunetik Aste Santuraino urtero-urtero berpizten da antzerkiaren liturgia, eta berari esker arinagoak izaten dira negu sakoneko arratsaldeak eta udaberri hasierako ilunabarrak.

Dudarik gabe, jardunaldiok erreferente nagusienetariko bat dira gure antzerki-panoraman, hiru arrazoi nagusi direla kausa. Hiruren arteko lehena urteetan eta hamarkadetan zehar irauten jakin izana da. Aurtengo edizioa 34.a izan dela pentsatze hutsak ikara moduko txiki bat eragiten du, horrek esan nahi baitu Franco hil osteko borroka-urteetan jaio zirela. Eta harrez geroztik gizarte-aldaketa guztien gainetik ibili dira, antzerkiak bere zeregin sozialean jasandako aldaketa itzelak gaindituz eta garaian garaiko gizartearen beharrizanei erantzun egokia emanez.

Esandako iraupen luzea lotuta dago, ezinbestean, jardunaldiek Eibarren duten errotze sendoarekin. Urte askoan, bertako Unibertsitate-esparruko aretoan antolatu ziren emanaldiak, beraren inguruan sortutako Narruzko zezen talde antolatzailearen laguntzaz, eta denboraren poderioz herriko beste egitura batzuekin ere sortu dira kolaborazio emankorrak. Horren adibide dira inguruko ikastetxeekin antolatzen den antzerki gidoi eta artikulu lehiaketa