Gorputzaren memoria

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-04-29=

Gernikak eta ondorengo berrogei urteko ilunaldiak utzi digun ondare nagusia beldurra da. Beldurra, eguneroko bizitzako eremu guztietan, barne eta kanpo munduetan. Besteek zer esango. Kontuz min hartuko duzu, ez igo hormara, ez begiratu zer dagoen harago, ez ukitu txakur hori hozka egingo dizu-eta, ez hitz egin ozen, ez egin barre modu deigarrian, ez egin negarrik gelako ilunetik kanpo, eseri zuzen, gurutzatu hankak, keinu nabarmenegik ez egin, ez adierazi maitasuna neurriz kanpo, ez eman musurik denen bistan, ez jo inor, ez minik eman, ez hitz egin ezezagunekin, ez hurbildu, gorde tartea, ez esan pentsatzen duzun guztia edozeinen aurrean, langile fina izan, ez egin protestarik, ezkutatu, gorde, ez agertu lehen lerroan, ez haizatu trapu zikinik, ez poztasunik, ez bizi-pozik, ez gozatu neurriz gain, ez kapritxorik izan, ez erosi auto handiegirik, ez egin bidaia garestiegirik, ez izan itxura bereziegirik, ez itxura zarpailik, ez ibili ipurdi bistan. Ez nabarmendu. Izan zuzen, izan zintzo, izan esaneko, izan jator, izan euskaldun. Izan hitzeko.

Apirilak 26, orain 74 urte, bonbardero eta kaza naziek Francoren aginduak betez Gernika suntsitu zuten. 1.654 hildako, eta 900 zauritu. Gertaera historikoa denok ezagutzen dugu. Nahiz gertatu eta berrogei urtera esan ahal izan zen etxeko zulotik kanpo. Orain hamalau urte Alemaniako Gobernuak eta Legebiltzarrak barkamena eskatu zioten Gernikako herriari, eta alemaniar izate hutsagatik sarraskian zuten ardura aitortu. Ez izan eurak bonbardaketa agindu zutenak, ez eta agindu zutenen oinordeko ideologiko ere. Alemaniarrak gara eta barkamena eskatzen dizuegu gure aurrekoek gure izenean egin zizuetenagatik. Espainiako Gobernuak eta Legebiltzarrak gaur da eguna hitzerdi bat esan ez dutena, ezta orduko gobernuaren gezurra gezurtatu ez dutena ere. Ez barkamenik, ez egiarik. Alemaniako ordezkari politikoen artean ez dakit baina Espainiakoen artean bada Francoren oinordeko ideologikorik eta are kolaboratzailerik ere oraindik. Orduko zauriak, gaurko injustiziak.

Gernika sutan herri antzerkia eman zuten asteartean, 150 gernikarrek, haur, heldu eta zahar, tartean bonbardaketatik bizi irten zenik ere bazela. Orain 74 urte gertatua antzeztu dute. Antzeztu baino areagoa bizi, ber-bizi esan baliteke, hau ez baita fikzio huts bat, ez bada norberak eta herriak bizitua baino. Memoria berreskuratu, osatu eta gorpuztu. Sarraskien aurrean esan ohi da bi aukera ditugula sendatzeko: suntsitu edo sortu. Suntsitzeko modu asko dago: Bonbardatuak izan zirenak euren buruari egin ziotena, isiltasunera kondenatuz. Edota egin ez zutena: bonbardaketa egin eta goraipatu zutenak suntsitzen saiatu. Eta sortu. Bildu eta sormena landuz, antzeztuz, dantzatuz, kantatuz, hitza erabiliz oinazea osatu, eta memoria gorputz -burutan berreskuratu. Isiltasuna hautsi. Baina sortu ahal izateko 74 urte igaro behar izan dira.

Gernikako sarraskiaren aurrean isiltzeko erabakia hartzea izan da normalena etxe eta familietan. Ondorengo belaunaldiei hitzerdirik ez esan, gorrotoaren haziak ongarririk topa ez dezan. Baina nago hitza ukatu daitekeela baina ez beste adierazpen sotilago batzuk. Badira gorputzaren bitartez, begiradak eta jarrerak medio gauza asko esaten dira. hitzak ukatu nahi duena gorputzak azalerazten du. Oinazea seme-alaba eta bilobei ezkutatu, eta trukean, eta nahi gabean, beldurra sustraietaraino sartu.

Gurean ere Picassoren Guernica koadroaren erreplika bat betitik ezagutu dugu jangelako horman, baina Gernikaz, gerraz eta frankismoaz oso hitz gutxi iritsi zaigu, apenas kontatu diguten. Gu babesteko, pentsatzen dut, eta ulertzen dut, baina beldurra kasik bizi jarrera modura jaso dugu. Gernikaren gaineko hitzezko memoria txikia da gurea, baina ikaragarria gorputzaren memoria .

Abizenak

Ismael Manterola Ispizua (Begia, 2011-05-30)

Demagun Gipuzkoako artista gaztea zarela. Demagun Ibai Arregi edo Enara Jauregi izena duzula. Demagun Artista Berrien Lehiaketara aurkeztu zarela eta erakusketan parte hartzeko aukeratu zaituztela.

Demagun erakusketako katalogorako aurkezpen testuan artisten izenak idatzita azaltzen direla, baina testua gaztelaniaz idatzita dagoelako Ibai Arregui eta Enara Jauregui irakurtzen ditugula. Demagun gaztelaniazko testua euskarara itzuli duenak ez diola galdetu bere buruari artisten benetako abizenak nola idazten diren eta, horren ordez gaztelaniazko jatorrizko testuari fidel izatearren, testuaren euskarazko bertsioan ere Arregui eta Jauregui idatzi dituela, nahiz eta erakusketako txarteletan Arregi eta Jauregi azaldu.

Demagun aurkezpen testua gaztelaniaz idatzi duenak Shakespeare idazle ingelesa aipatu duela, baina irakurtzeko gaztelaniazko ahoskerara moldatu duela eta