Gure bideak aurkitzen

Agus Perez (Analisia, 2011-05-03)

Barka nazatela Dejabu konpainiako lagunek beren azken lanaren izenburua eraldatzeagatik testu honetan jartzeko, baina geure bideak aurkitzearen ideia buruan dabilkit Aulestiko Antzerki Topaketen kontura.

Artedrama Euskal Laborategiaren ekimenez eta Aulestiko udalaren erabateko laguntzarekin antolatzen diren topaketok sei urte bete dute aurten eta beren ezaugarriak aztertuz gero, honako hauek nagusitzen dira: erdal eraginetik kanpo aritzea; antzezle eskarmentudunen eta hasi berrien arteko hartu-emanak bultzatzea; Euskal Herri osoko ikuspegitik jardutea, loturak Iparraldekoekin bereziki sendotuz; herri-antzerkia babestea eta aro garaikidean kokatzea… Ez da gutxi, gero!

Lanaldi osoko ikaste eta trukatze jardunaren ostean, iluntzeko guztietan izan dira antzerki emanaldiak udal aretoan eta frontoian. Apirilaren 25ean Urki Muguruzaren Munstroa taularatu zen, baina aitortu behar dut seguruenik gauza interesgarri bat galdu nuela, lanaren gaia eta berau tratatzeko era kontuan izanda. Hurrengo egunean zinemak hartu zuen lekukoa