Gene baten erruz

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-05-06)

Giza genoma dekodetu zela hamar urte bete berri dira. Orduan esandako asko ez dira bete, minbizia edo alzheimerra sendagarri bilakatuko zirela laster batean, esate batera. Ez dira bete, gehiegikeriak zirelako, baina genomaren proiektua saldu egin behar zen, eta horretarako errealitateak titulu deigarri bat gezurtatu dezan uztea ez da komenigarria izaten. Eta proiektuak bere burua saltzen segitzen du hedabide gehienetan. Zientzia da saltzen dena, oro har. Gaur egun gutxi izango dira zientzia sailik ez duten argitalpenak. Zientziaz informatu beharra dago. Beste kontu bat da zer eta zertarako esaten diren esaten direnak. Orain hamar bat urte, demagun, zientzia apenas zen inoren interesekoa, eta gaur egun ez dugu topatuko zientzia atalik ez duen argitalpenik.

Izan ere, zientzia fede berri bat bihurtu zaigu, erlijio bat kasik. Bihurtu digutela esan beharko da, kasualitate gutxi baitago mundu honetan. Eguneroko bizitzaren gertaera on eta txarren azalpena ematen digu zientziak gaur herenegun erlijioak bezala. Filosofiaren eta antropologiaren eta, oro har, giza zientzien azalpenak atzokoan ez ote diren geratzen ari beldur naiz. Gaur zientziak azaltzen digu zergatik maitemintzen garen edota zergatik jasotzen dugun kateko alboko morroiak baino soldata txikiagoa.

Genomaren aurkikuntza aurkeztu zenetik karpetak bete ditut zientziaren inguruko gaiekin, bereziki medikuntza alorreko aurrerapenekin. Ez miresmena sortzen didatelako, ez bada errealitatea sortu eta inposatzeko, eta gizarte bizitza eta harremanak antolatzeko duten gaitasunagatik baizik.

Zer ez dago karpeta horretan, zer ez da idatzi eta esan. Harribitxi batzuk: euskarak burmuinean duen leku zehatza aurkitu dela, depresioaren genea identifikatu dela, ezkerreko eta eskumako ideologia izatearen geneak topatu direla, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko diferentzia neurologikoak badirela. Horiek tituluak, ondoren gizarte arazoei azalpen zentzugabeenak emateko. Noski, zientzia ere ez dago interes ideologiko, ekonomiko eta politikoetatik libre. Argitaratzen direnak ez dira izango laborategian topatzen dutenaren agerpen zuzena, baina esan eta idatzi egiten dira. Alegia, zientziak behar dituela kirtenkeria horiek eta hedabideek ere bai, baina baita zientzia proiektuak diruz laguntzen dituztenek ere. Diru kontua, hemen ere, eta beharbada horregatik lehenengo galderetako batek izan beharko luke zergatik, nork eta non erabakitzen duen, esate batera, giza genomaren deskodetzea finantzatzea eta ez, demagun, hezkuntza sistemaren hobetze erradikal bat finantzatzea.

Izan ere, gaur egun zientziak ustez esaten dituenaren argitan justifikatzen zaizkigu gizarteko injustiziak: depresioa baduzu gene batengatik da, ez langabezian zaudelako; eskolako martxa jarraitzeko gai ez bazara arazo neurologiko bat duzulako da, ez eskola sistema okerra delako; lan berdina eginagatik gizonezkoek baino soldata txikiagoa jasotzen baduzu, emakumea izateagatik gaitasun neurologiko desberdinak dituzulako da, ez sistemak behin eta berriro gutxiesten zaituelako. Eta, ados, agian gene eta burmuin desberdintasunak izan badira, baina horrek berez ez luke arazo izan behar. Desberdina izatea gutxiago izatea dela pentsatzen denean sortzen da arazoa.

Eta gainera, gutxiago izatea zeure buruari egotzi behar diozula pentsarazten denean. Jaiotzezko kontuak dituzu, adiskide, geneetan dakarzu, burmuin hori egokitu zaizu. Zure kontua da depresibo, langabe, eskizofreniko, emakume, ikasle frakasatu, ezkertiar edo baztertu bat bazara. Zorte txarra, lagun. Jaiotzezko zure akatsak ezin dizkiozu sekula gizarteari egotzi, ezin duzu konturik eskatu. Ez dago ardura kolektiborik horretan, ez politikorik, ez sozialik, ez ekonomikorik, ez eta inongo injustiziarik ere.

Kuriosoa baita zientziaren dibulgazioak ideologia eskumatar eta atzerakoienen tesiei indar ematea. Eta hori, hori bai ez dela kasualitatea. Emakumea eta gizonak, azkarrak eta motelak, onak eta gaiztoak, ezkertiarrak eta eskumatarrak, arrakasta dutenak eta baztertuak zientziaren izenean zaku banatan sartzeko tema ez da inondik inora inozoa. Michel Foucault antropologoaren bio-boterea da, alegia, medikuntza zientziak kontrol soziala ezartzeko duen boterea da. Zientzia boterearen beste tresna bat ere bada, laborategiko ikerketa arduratsua izateaz gainera: gizartea egituratzeko tresna da, inor ez dadin sistemak markatzen dion eremutik kanpo egon. Terroristak eta demokratak, legezkoak eta legez kanpokoak bereizten dituen sistema judiziala bezain politikoa eta interesatua da.

Leave a Comment.