Kultur hiriburua

Ismael Manterola Ispizua (Begia, 2011-05-21)

Arretaz irakurri dut Donostia 2016 hautagaitzaren kultur programaren arduradunari egunkari honek egindako elkarrizketa maiatzaren 15ean.

Benetan zaila da ulertzea horrelako ekimen batek zer ekarriko dion 2016an Donostiako kulturari, eta, horregatik, elkarrizketatzailea galdera zuzenarekin hastea eskertzekoa da. Erantzuna, hala ere, ez dut hain argi ulertzen:

Marra gorriak

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-05-20)

Hauteskundeetan zer gertatuko den ikusteko badago ere, zer gerta daitekeen aurreratzea zilegi da. Prospekzioak, inkestak eta iruzkinak egin egin dira, eta han eta hemen irakur daitezke. Horietako bat emakumeen presentziari dagokiona da. Arantza San Sebastianek kalkuluak egin eta Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan orain lau urte baino emakume gutxiago izan daitekeela ondorioztatu du. Hala izango den edo ez ezin jakin, baina erabat posible dela argi dago. Izan ere, emakumeei leku bat gordetzea ez da nahikoa, behar-beharrezko izanda ere. Berdintasunerako Legeak agintzen du bost mila biztanletik gorako herri eta hirietako hauteskunde zerrenda guztietan erdiek gutxienez emakumezkoak behar dutela izan. Gutxien-gutxienez alegia, emakumeak izan daitezkeela erdiak baino gehiago. Horrelako zerrendak ez dira asko izango, eta nago edonori ere atentzioa emango ligukeela, gutxien-gutxienez. Bakarra dago emakumez osatua, ezagutzen dudala, Donostiako Udalera aurten bosgarrengoz aurkezten den Plazandreok plataforma politikoa.

Emakundek egin duen azterketa batek dio hauteskunde zerrenda horietan emakumeoi egokitzen zaizkigun postuak laugarrenetik atzerakoak direla. Horixe gure lekua. Alegia, kuota bete betetzen dela, eta horrekin legea, baina berdintasuna ez.

Alderdi guztiek aipatzen dute berdintasun hitza, baina gutxi batzuk ausartzen dira feminismo hitza idatzi eta ahoskatzera. Berdintasuna baino aukeratzen ez dutenek, nago, benetan kuota betetzearekin konformatzen direla, eta feminismoa ere barneratzen dutenak aldarrikapen politikoaren mailara igotzeko borondatea bederen badutela.

Izan ere, gutxieneko kuota bat betetzea behar-beharrezko dela argi badago ere, ez da nahikoa. Emakumeek gizonak adina kargu politiko izateak ez du bere horretan zertan ezer aldatu, alegia paisaiaren aldaketa hutsean geratzeko arriskua argia dela, benetako berdintasuna lortu gabe. Baita alkatea edo lehendakaria emakumea izanda ere. Berdin segi dezakegu benetako berdintasunezko politikak egin gabe. Baina zerk bermatzen du berdintasunak aurrera egiteak, menpekotasun egitura aldatzea, feminismoaren printzipioak aplikatzeak?

Emakumeak EITBko albistegietan ikusezinak direla ondorioztatu du Aztiker ikertetxe soziologikoak. Eta datu kezkagarriak azaleratu ditu: generoa modu estereotipatuan eta diskriminatzailean irudikatzen dela; protagonistak hamarretik zazpitan gizonezkoak direla, eta nagusi direla politika, ekonomia eta kirol albisteetan, alegia albiste nagusietan; emakumeak hamar albisteetatik bakarrean direla protagonista, eta ia beti ukitu sozialeko gaiekin lotuak agertzen direla; emakumea bigarren mailan agertzen dela sarritan, generoaren baldintza kontuan ez dela hartzen, eta beste. EITBko albistegiek errealitatea ez omen dute islatzen. Eta egia izango da, egia ere baden legez, askotan errealitatea albistegia bera dela, edo albistegi berak eraikitzen duela. Normalki, gizon eta emakume bikote batek aurkezten ditu albistegiak, kuota ondo betez, baina paisaiaren atzetik irudikari estereotipatua gainera etortzen bada, menpekotasun egiturak betikotzen baina ez gara ari.

Ezagutza, kontzientzia eta jarrera politikorik gabe ez dago benetako aldaketarik ez berdintasunik ez justiziarik.

Politizazioaren alde, nioen aurrekoan, eta nago horixe dela, genero desberdintasuna balio politikoz janztea eta politikeriaz eta alderdikeriaz eranztea. Eta emakumeon menderakuntza egoera politizatu behar den bezala, berdin-berdin politizatu behar da euskararen eta euskal kulturaren gutxiagotasuna egoera, euskal hiztun komunitatearen eskubide urraketak, injustizia sozialak, gizarte eredua, autodeterminazio eskubidea. Eta hartu plaza publikoa, eta haserretu, eta informazioa eta ezagutza zabaldu, eta eztabaida ireki, eta parte hartzea askatu, eta aldaketak exijitu, eta erabakitzeko eskubidea egikaritu. Marra gorriak margotu, ezker-eskuin.