Literaturaren matxinada

Lander Garro (Hirudia, 2011-05-29)

Txillardegik existentzialismoa ekarri zuen, beraz, eta akaso atzerriarekiko liluraren kontaketa ere bai; Atxagak, boxeolariak, bus txoferrak, herdoila; Saizarbitoriak amoralitatea ekarri zuen, sotana erantzi zion gure literaturari; Sarrionandiak, berriz, kartzelako irudi gaurkotua eskaini zigun. Ordutik, dena izan da ahazteko modukoa, salbu eta pieza eder solteren bat (bi dozena edo). Elurteen antzeko maiztasuna dauka gure literaturak, egiazko literaturak esan nahi dut, tarteka erortzen da, eta beti ezustean harrapatzen gaitu. Ez naiz, noski, elur bustiaz ari, hura gehiagotan erortzen da, baina erori orduko desagertzen da, liburu txarrak bezala.

Seguruen, liburugintza eta literatura biak ohe berean lo egiteak gure literaturaren arnas faltarekin zerikusirik izan du. Ze liburugintzak berezkoa baitu marketina, eta marketinak gezurra, eta gezurrak ez dakar sekula onik. Saltzea hobestu dugu, eta orain Amsterdameko kale gorriko prostituta itxusiak bezalakoak gara, badakigu gure lana egiten, badakigu bezeroa urrez bustitzen, baina denek nahi dituzte ederrenak.

Horri, bestetik, gure neurosi dosi apartekoa erantsi beharko genioke. Alegia, hain gara itxusiak, ze gure artean txortan amaitu baitugu, eta mahai berean eserita gero, gure mamuez hizketan. Gure etxeko hormak zuriak dira, leihoetan burdinak jarri ditugu, inork ez dezan ihes egiteko tentaziorik izan, Ken Keseyren liburu hartan bezala.

Edozein sektatako guruak nahiko luke beretzat, bai, gure zurruntasuna. Hain gara zurrunak, ze meiestatikoa erabiltzen baitugu beti, gu eta ez ni, nahiz eta nork bere kezkak eta ezinak dituen, eta ez gutxi, besteez kezkatzen hasteko. Baina ez dugu esaten. Nor bere liburuen bide laburraz kezkatzen da, baina liburuak pluralean ditu aipatzen, liburuak oro har, gaitz orokorra balitz bezala eta ez norberarena. Nork bere kezkez hitz egitea ez da itxuroso. Kendu eredu horretatik Edorta Jimenez, nitasunetik hitz egiten askotan ikusi duguna, eta hortxe izango duzu euskal idazlearen patroia: isila, otzana, eta maiestatiko txuteak zainetatik sartzen dituena. Geurea konposturaren literatura da. Ez da beti hala izan, edo ez beti horrenbeste, baina formalismoak eta itxurakeriak aspaldi garaitu gintuen: beste porrot bat gehiago gure bitrinetan jartzeko.

Literaturak, edozein tokitakoa dela ere, aurrera egin nahi badu, gizakia maitatu behar du, gizakiarekiko konpromisoa izan behar du, ze konpromiso horretatik etorriko zaio ulermena, eta ulermen horretatik bizitza kontatzeko gaitasuna. Hemingwayk aipatzen zuen egiantzekotasun sakratu hura. Gure literatura, ordea, ez da gizakiari begira bizi, gure literatura bizi da bere zilborrari eta bere mamuei begira. Sintaxiaren uzki-aroan bizi gara oraindik.

Literaturaren iraultza aipatu dut hasieran. Horretan gabiltza, beraz. Hori dugu xede. Metxari su eman, eta letrak eztandarazi. Aldamiotik higiezinen burbuilaren haize-galtzearen eraginez jaitsitako peoiak ere leitzen jarriko ditugu, geure prosa zirtalariarekin. Beren etxeak kentzen dizkietenean, kontsolatzerik izango dute, idazten duen herri bateko kide desjabetuak izango baitira. Inork ere ezingo die plazer txiki hori kendu.

Leave a Comment.