Naufragoaren kontakizuna

Lander Garro (Hirudia, 2011-05-08)

Kritikaren beharraz ziharduen lehengo astean Idurrek, eta, hain justu, aste hauetan kritikari buruzko erreportaje bat egiten aritu naiz, aste gutxi barru Sautrela-n emititzeko. Baten batek esango du, eta ez arrazoi gutxirekin, idazleak eta kritikoak gertuegi ibili ohi garela. Epaile eta politikariena bezala, ezkontza lizuna da idazle eta kritikariona. Hondartzako larru-jotze publiko horien tankera dauka gureak: han urrunean ikusten da ipurdi zurixka bat biloz betea gora eta behera. Ez da, ez, ikuskizun ederra. Kritikoak idazle zapuztuak izango dira, akaso, edo geu, idazleok, kritiko ezkutuko. Pentsatzen jarrita, ordea, elkarrekiko lilura guztiz da ulergarria: kritikoak idazlearen burua nahi luke ulertu, horrek literatura bera ulertzen lagunduko diolakoan; idazleak, berriz, kritikariaren burua ulertu nahiko luke, haren mesedea eskuratzeko, lehenik, haren miresmena piztea komenigarri izaten baita (ez beti).

Idazlearen kezka betierekoa da: non dago edertasunaren giltza? Sinetsita baitago badela modu bat, bide bat, kritikari zein irakurle, kazetari zein komentarista, den-denak aho batez liluratzeko, eta horrek gorespen erabatekoaren bidean ipiniko luke, idazle handien erreinu txikian: bere ahotsa entzungo litzateke, azkenik. Baina ez da hori bakarrik. Idazleak beste idazle handiak irakurri eta miretsi ditu, eta miretsia izateko trantzea zeremonia baten gisakoa da, taberna batean sartzea eta han aurkitzea Cortazar eta McCarthy, Salinger eta Coetzee, Bukowski eta Voltaire, eta denak buelta ematea eta, garagardoak altxatuta, esatea:

Emakumeak

Ismael Manterola Ispizua (Begia, 2011-05-07)

Bitxia da egun hauetan Bilboko Arte Eder museoan ixtear dagoen Gehiago dago zugan izenburuko erakusketa. Emakumeari buruzko irudiak Erdi Aroan (XIII-XV. mendeak) du azpiko izenburutzat, eta horrela hobeto ulertzen dugu erakusketaren asmoa, izenburu hutsarekin ez baitago oso argi zein den erakusketaren gaia.

48 objektu jarri omen dituzte museoko aretoetan emakumeek Erdi Aroan zuten egoera erakusteko; batzuk arte objektuak dira, beste batzuk dokumentu idatziak. Guztien bidez ondo erakusten da, bi topikotik kanpo (hau da, Ama Birjina eta bekaturako bidea izatearena), emakumeak XIII. mendetik XV. mendera Europan bete zuen rol konplexua.

Mota horretako erakusketak beharrezkoak dira, oraindik emakumeak mendebaldeko historian izan duen garrantzia bigarren mailan dagoelako. Nahiz eta ikerketak egin, nahiz eta historia ofiziala aspalditik zalantzan egon, nahiz eta guztiok teorian historia ulertzeko beste moduak daudela onartu, ez baita oraindik praktikara iritsi teorian pentsatzen duguna. Gizartean zabaltzea falta da ikerketaren bidez dakiguna. Eskoletako testuliburuetara eta unibertsitateko apunteetara iristea falta da teorian onartu duguna.

Baina erakusketaren helburuekin ados egonda ere eta erakusketa interesgarria iruditu arren, faltan bota ditut emakumeek egindako lanak edo emakumeak parte aktibo moduan azaltzea.

Gero eta argiago dago Erdi Aroan emakumeak artean eta bizitzako beste esparru askotan aktibo izan zirela. Alde horretara begira, Arte Eder museoko erakusketa emakumearen irudiak azaltzera mugatu da, eta agian, interesgarriagoa izango zen emakumearen parte hartzea gehiago azpimarratzea. Adibidez, badakigu anonimotzat dauzkagun miniaturen egile asko emakumeak izan zirela, nahiz eta jendearen buruan oraindik monje ilustratzailea egon. Zergatik ez moja ilustratzaileak?

Bestalde, Erdi Aroan emakumeak idatzitako liburuak, konposatutako musika, ehungintzan edo beste hainbat eta hainbat objektutan egin zuten lana, irudietan bakarrik ikusten ditugu, baina ez erakutsitako gauzen egiletzan.

Gainera, Erdi Aroaren bukaeran artearen produkzioan nagusi ziren gremioen egituren oinarrian zeuden tailerretan emakumearen lana ohikoa zen gizasemeenarekin batera. Tailerraren jabe izatea salbuespena bazen ere, tailerrean famili osoak egin behar izaten zuen lan, emakumeak barne.

Oraindik asko dago egiteko ez bakarrik artearen bidez emakumearen irudia nolakoa zen jakiteko, baita aurreiritziak baztertzerako orduan emakumeak berak artea egitean izan duen rolaren inguruan ere. Horregatik aipatu behar dira erakusketaren katalogoan dauden testu bikainak, gaiari buruz jakin nahi duen edozeinentzat ezinbestekoak baitira.

Gure bideak aurkitzen

Agus Perez (Analisia, 2011-05-03)

Barka nazatela Dejabu konpainiako lagunek beren azken lanaren izenburua eraldatzeagatik testu honetan jartzeko, baina geure bideak aurkitzearen ideia buruan dabilkit Aulestiko Antzerki Topaketen kontura.

Artedrama Euskal Laborategiaren ekimenez eta Aulestiko udalaren erabateko laguntzarekin antolatzen diren topaketok sei urte bete dute aurten eta beren ezaugarriak aztertuz gero, honako hauek nagusitzen dira: erdal eraginetik kanpo aritzea; antzezle eskarmentudunen eta hasi berrien arteko hartu-emanak bultzatzea; Euskal Herri osoko ikuspegitik jardutea, loturak Iparraldekoekin bereziki sendotuz; herri-antzerkia babestea eta aro garaikidean kokatzea… Ez da gutxi, gero!

Lanaldi osoko ikaste eta trukatze jardunaren ostean, iluntzeko guztietan izan dira antzerki emanaldiak udal aretoan eta frontoian. Apirilaren 25ean Urki Muguruzaren Munstroa taularatu zen, baina aitortu behar dut seguruenik gauza interesgarri bat galdu nuela, lanaren gaia eta berau tratatzeko era kontuan izanda. Hurrengo egunean zinemak hartu zuen lekukoa

Gorputzaren memoria

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-04-29=

Gernikak eta ondorengo berrogei urteko ilunaldiak utzi digun ondare nagusia beldurra da. Beldurra, eguneroko bizitzako eremu guztietan, barne eta kanpo munduetan. Besteek zer esango. Kontuz min hartuko duzu, ez igo hormara, ez begiratu zer dagoen harago, ez ukitu txakur hori hozka egingo dizu-eta, ez hitz egin ozen, ez egin barre modu deigarrian, ez egin negarrik gelako ilunetik kanpo, eseri zuzen, gurutzatu hankak, keinu nabarmenegik ez egin, ez adierazi maitasuna neurriz kanpo, ez eman musurik denen bistan, ez jo inor, ez minik eman, ez hitz egin ezezagunekin, ez hurbildu, gorde tartea, ez esan pentsatzen duzun guztia edozeinen aurrean, langile fina izan, ez egin protestarik, ezkutatu, gorde, ez agertu lehen lerroan, ez haizatu trapu zikinik, ez poztasunik, ez bizi-pozik, ez gozatu neurriz gain, ez kapritxorik izan, ez erosi auto handiegirik, ez egin bidaia garestiegirik, ez izan itxura bereziegirik, ez itxura zarpailik, ez ibili ipurdi bistan. Ez nabarmendu. Izan zuzen, izan zintzo, izan esaneko, izan jator, izan euskaldun. Izan hitzeko.

Apirilak 26, orain 74 urte, bonbardero eta kaza naziek Francoren aginduak betez Gernika suntsitu zuten. 1.654 hildako, eta 900 zauritu. Gertaera historikoa denok ezagutzen dugu. Nahiz gertatu eta berrogei urtera esan ahal izan zen etxeko zulotik kanpo. Orain hamalau urte Alemaniako Gobernuak eta Legebiltzarrak barkamena eskatu zioten Gernikako herriari, eta alemaniar izate hutsagatik sarraskian zuten ardura aitortu. Ez izan eurak bonbardaketa agindu zutenak, ez eta agindu zutenen oinordeko ideologiko ere. Alemaniarrak gara eta barkamena eskatzen dizuegu gure aurrekoek gure izenean egin zizuetenagatik. Espainiako Gobernuak eta Legebiltzarrak gaur da eguna hitzerdi bat esan ez dutena, ezta orduko gobernuaren gezurra gezurtatu ez dutena ere. Ez barkamenik, ez egiarik. Alemaniako ordezkari politikoen artean ez dakit baina Espainiakoen artean bada Francoren oinordeko ideologikorik eta are kolaboratzailerik ere oraindik. Orduko zauriak, gaurko injustiziak.

Gernika sutan herri antzerkia eman zuten asteartean, 150 gernikarrek, haur, heldu eta zahar, tartean bonbardaketatik bizi irten zenik ere bazela. Orain 74 urte gertatua antzeztu dute. Antzeztu baino areagoa bizi, ber-bizi esan baliteke, hau ez baita fikzio huts bat, ez bada norberak eta herriak bizitua baino. Memoria berreskuratu, osatu eta gorpuztu. Sarraskien aurrean esan ohi da bi aukera ditugula sendatzeko: suntsitu edo sortu. Suntsitzeko modu asko dago: Bonbardatuak izan zirenak euren buruari egin ziotena, isiltasunera kondenatuz. Edota egin ez zutena: bonbardaketa egin eta goraipatu zutenak suntsitzen saiatu. Eta sortu. Bildu eta sormena landuz, antzeztuz, dantzatuz, kantatuz, hitza erabiliz oinazea osatu, eta memoria gorputz -burutan berreskuratu. Isiltasuna hautsi. Baina sortu ahal izateko 74 urte igaro behar izan dira.

Gernikako sarraskiaren aurrean isiltzeko erabakia hartzea izan da normalena etxe eta familietan. Ondorengo belaunaldiei hitzerdirik ez esan, gorrotoaren haziak ongarririk topa ez dezan. Baina nago hitza ukatu daitekeela baina ez beste adierazpen sotilago batzuk. Badira gorputzaren bitartez, begiradak eta jarrerak medio gauza asko esaten dira. hitzak ukatu nahi duena gorputzak azalerazten du. Oinazea seme-alaba eta bilobei ezkutatu, eta trukean, eta nahi gabean, beldurra sustraietaraino sartu.

Gurean ere Picassoren Guernica koadroaren erreplika bat betitik ezagutu dugu jangelako horman, baina Gernikaz, gerraz eta frankismoaz oso hitz gutxi iritsi zaigu, apenas kontatu diguten. Gu babesteko, pentsatzen dut, eta ulertzen dut, baina beldurra kasik bizi jarrera modura jaso dugu. Gernikaren gaineko hitzezko memoria txikia da gurea, baina ikaragarria gorputzaren memoria .

Abizenak

Ismael Manterola Ispizua (Begia, 2011-05-30)

Demagun Gipuzkoako artista gaztea zarela. Demagun Ibai Arregi edo Enara Jauregi izena duzula. Demagun Artista Berrien Lehiaketara aurkeztu zarela eta erakusketan parte hartzeko aukeratu zaituztela.

Demagun erakusketako katalogorako aurkezpen testuan artisten izenak idatzita azaltzen direla, baina testua gaztelaniaz idatzita dagoelako Ibai Arregui eta Enara Jauregui irakurtzen ditugula. Demagun gaztelaniazko testua euskarara itzuli duenak ez diola galdetu bere buruari artisten benetako abizenak nola idazten diren eta, horren ordez gaztelaniazko jatorrizko testuari fidel izatearren, testuaren euskarazko bertsioan ere Arregui eta Jauregui idatzi dituela, nahiz eta erakusketako txarteletan Arregi eta Jauregi azaldu.

Demagun aurkezpen testua gaztelaniaz idatzi duenak Shakespeare idazle ingelesa aipatu duela, baina irakurtzeko gaztelaniazko ahoskerara moldatu duela eta