Goierri Donostia Goierri

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-07-01)

Aitor dezadan, halako hozki bat sortzen dit Donostia hiritxo burges garbi atsegin txepel paristxikiak, jakitun izanik ere ez dela erabat irudi erreala, ez behintzat Donostiako auzo eta jende askori egotzi diezaiokeguna, baina hori da dudarik gabe hiriak saltzen duen irudia. Aurreiritziak ere badira, badakit. Goierritarra naiz, zer nahi duzue.

Eta Goierri donostiarrentzat ere bada aurreiritziz eta topikoz betetzeko probintzia barren barreneko eremu egoki bat. Askorentzat bai behintzat. Nekazari giroko euskaltasunaren gunea. Baserritarren Goierri. Probintzianoena. Eta Goierri ez da hori, Goierri izatekotan buzo urdineko langileak dira. Ez dio alferrik trengintzak, fundizioak, garabigintzak eta industriarako makinagintzak ematen jaten. Batzuetan justuan, baina horrexek elikatzen du. Burdinak. Besterik da burges izatera jokatzen dugula aspaldi honetan. Trena joan den mendea hasterako iritsia zen, eta harekin lehen etorkinak, Espainiako langile jendea, anarkista eta komunista asko tartean. Eta heroina ere etorri zen 80ko hamarkadan, eta salerosketan gamelu euskaldunak ibiltzen zirela, baina ondorioak ez ziren hargatik arinagoak izan. Eta Europako ibairik kutsatuena izan dugu urtetan Oria ibaia