Sariak

Ismael Manterola Ispizua (Begiz, 2011-07-02)

Patxi Zubizarretaren Joan liburuan, arte plastikoen sari banaketa istilutsu bat deskribatzen da. Saria jasotzera doanean, Joao izeneko fikziozko pertsonaiak pinturaz betetako globoak botatzen ditu jendearen kontra, tartean dagoen kultura ministroaren marka garestiko trajea zikin-zikin eginda lagatzen duelarik. Ordutik aurrera, Joao Artearen etsaia ezizenaren bidez ezaguna izango da Portugalgo kultura munduan.

Itxuraz, aurki Gure Artea sariak banatuko dira, eta gure artean goian deskribatutako egoeraren antzeko zerbait gerta zitekeen irudikatzen saiatu naiz. Ez dirudi horrelako ezustekorik gertatzeko arriskuan gaudenik; agian ezta nahi ere. Baina, aurtengo Gure Artean egon diren aldaketak kontuan izanda, sorpresaren bat edo performanceren bat eskertzekoa izango litzateke.

Perfektua ez zen sari sistema hobetu beharrean, sari askoz ere konbentzionalagoa bihurtu dute lehendik artisten artean ilusio gutxi eragiten zuen Gure Artea saria. Lehen, gutxienez, dirua hiru artistaren artean banatzen zen, eta horrek pizgarri moduan funtzionatzen zuen sarira aurkezterako orduan. Gaur egun, sarira aurkezterik ere ez dago. Horren ordez, Eusko Jaurlaritzako kultura sailak izendatutako bost epaimahaikideen artean saria jasotzeko gai izan daitezkeen hiru lagunen izenak proposatzen dira, hiru ataletan banatuta: ohorezko saria,