Nostalgiaren musikak

Xabier Erkizia (A cappella, 2011-07-28)

Ez da denbora aunitz pasa kazetari bati, ia profezia modura, hamarkada hau aspaldikoen artean musikalki aspergarriena izango zela irakurri nionetik. Ausardia behar da, edo probokatzeko grina bestela, halako baieztapen bat egiteko, bereziki hamarkada hasi bertzerik ez denean egin, eta seguru aski ez da hori sinesten duen ez kazetari ez musikazale bakarra. Ongi pentsatzen hasita, gaitzespen mota hau belaunaldiz belaunaldi gertatzen den fenomenoa da. Gaztetan kosta egiten zaigu ulertzea gu baino zaharragoak diren musikazaleek zergatik gutxiesten duten edo zergatik ez duten entzuten gure musika, baina zahartuz goazen heinean, poliki-poliki gauza berbera egiten dugu guk ere ondotik heldu zaizkigunekin. Prentsak edo kritikak ikaragarriak direla errepikatzen diguten arren, entzuten ditugun musika berriak, talde berriak, aspaldian entzun genituela iruditzen zaigu, gure garaian jada hori baino talde hoberik bazegoela sentitzen dugu, eta musika hori bera hobeto egiten zutenak, gainera.

Azken urteotan 90eko urteetan Ipar Amerikan sortu eta garai hartan rock alternatiboa deitu zitzaion mugimendu hartako talde zenbait ikusi dugu berriz agertoki gainean. Eta kasu aunitzetan, bueltatze horiek ez dira, (itzalitako) izarrekin gertatzen den bezala, industriaren revival gosearen ondorioz sortutako fenomenoak, gure nostalgia kolektiboek sortutako behar asegaitzen aztarnak baizik.

Joan den asteburuan Mulatu Astatkek Elorrion eman zuen kontzertua entzun zutenek akaso ulertuko dute zeri buruz ari naizen. Sentsazio arraroak sortzen baititu Astatke bezalako musikari eskarmentudun bat bere kantuak Broken Flowers pelikularekin edo Bill Murray aipatuz aurkezten entzuteak. Ez bada, behintzat, bere musikan erretrataturik ageri den Etiopia, garai eta momentu hartako musikariek sortu zuten iraultzatxo harekin batera bukatu zela gogorarazteko. Harrigarria da zeinen erraz sortzen ditugun lurrunezko paradisuak musikaren bidez, faltsuak aunitzetan, idealizatuak gehienetan. Eta harrigarriago zein gogorekin eta grinarekin gordetzen ditugun, urteak aurrera joan ahala, gure nostalgiak elikatzeko.

Litxarrerietatik libra gaitzala

Lander Garro (Hirudia, 2011-07-31)

Irakur zaletasuna bultzatzeko moduez dihardu Idurre Alonsok azken idatzian. Irakurle zaletasunarena literaturaren kontinentea betitik zeharkatu duen mamua da, kate herdoilduen zarata sortuz. Nolabait esan, gazteak litxarreria dendetatik, drogetatik eta pedofiloetatik aldentzeko nahiaren bultzada bertsua ikusten diot neuk ideia horri: egin ditzagun gazte sanoagoak, gosaldu ditzatela fruituak, soinketa egin dezatela, eta irakur ditzatela Stevensonen liburuak (euskaraturik)… eta, ahal izanez gero, lagun dezatela etxean (mahaia jartzen), eta garbitu ditzatela hortzak geu haien atzetik ibili behar izan gabe.

Ironia alde batera utzita, Idurreren kezka horiek ulertzen ditut, eta ez Idurrerenak bakarrik, komunitate akademiko osoarenak ere. Niri, ordea, duela hiru aste esan nuen bezala, gai horiek arrotzak egiten zaizkit oso. Literatura ekintza minoritarioa iruditu zait beti, eta, literaturarekin batera, beste hainbat jarduera interesgarri asko ere bai, hala nola xakea, pintura, eskultura, musika, edota astronomia. Minoritarioak izanagatik, irautea lortu dute, eta, tira, bada zer edo zer. Akaso kezka edo pena handiagoa beharko nuke izan, baina, zer nahi duzue, ez daukat! Ez dakit jarduerok jendetsuagoak nahi ote nituzkeen, egia esateko. Betikoa da: joaten zara 60 urteko izar bat ikustera, adibidez Cyndi Lauper, zeina Jazzaldira etorri den jazza egin ez arren, zeinak hedabideen babesa, eta bultzada osoa izan duen, eta hantxe ikusiko dituzu milaka lagun sartu ezinik, etsituta, hura ikusi nahi eta ezin. Ostera, jar ezazu Urko Menaiaren kontzertu bat handik hogei metrora, eta turista jakin zaleak besterik ez dituzu kausituko hari begira. Hobea ote da Cyndi Lauper bikain, historiko eta apartekoa? Nire ustez ez. Urko Menaiak arima gehiago dauka, atrebentzia zilegi bazait, baina arima ez da garrantzitsuena, arima baloratzeko subjektua masa bada. Masak ez ditu kontsiderazio horiek egiten. Etxeko sofan esertzen da, eta nora joan behar duen esan diezaioten itxaroten du, patxadaz, harik eta, (ETB2k) nora joan behar duen agindu ondoren, botak jarri eta korrika abiatuko den kutxazain batera, sarrerak sortaka erostera. Ez naiz haiek kritikatzen hasiko. Egin dezatela nahi dutena, haiena izango da gaitza, askatasuna hain merke saldu izanagatik. Idurreren galdera, seguruen, hori ekiditeko bideak non ote dauden izango da. Sor ditzagun aukeratzeko askatasuna izango duten izaki pentsalariak, gustudunak, eta abar. Bego. Nik ez dakit nola egiten den.

Idazle naizen aldetik, nire kezka izan beharko luke liburu hobeak nola idatzi. Ez dakit, ostera, nire kezka, eta nire kideena, zinez ote den hori. Zinez ote gaude literaturaren maila igotzeko zereginari lotuta? Ezezkoan nago. Urtero berrehun orriko liburutxoak plazaratzen dituen idazle gehiegi ikusten dut, kanoniko izan, prentsan agertu, kritikaren lausenguak jaso, gogoratua izan eta halako obsesio sasi-literarioei begira bizi dena, haien zamaz ezin libratu, antsiak jota, premiak itsututa. Eta horiek idazten duten txatarra ere irakurritakoa naiz. Literaturak literaturari egin diezaiokeen mesederik onena liburu onak plazaratzea da. Argudioak, pertsonaiak, elkarrizketak… gure bizitzaz, gure munduaz hitz egingo duten liburuak, irakurlearen ispilu bilakatuko direnak, afizioa egingo dutenak, liburu potenteak, ahaztezinak… Gu, izan gaitezen zintzo, ez gara horretara iritsi.

Maxpe

Ismael Manterola Ispizua (Begiz, 2011-07-30)

Deba ibai ertzean dago, eta Maxpe izena du. Etxe txikia eta berezia da, errepideak eta trenbideak isolatuta. Horregatik ibaira okertu dela dirudi. Lorategi txiki batez inguratutako ipuinetako etxe berezi honen lehenbiziko aipamenak XIV. mendekoak dira. Loja omen zen: barnealdeko gaiak itsasoratu baino lehen gordetzeko eta itsasontziek ekarritako gaiak barnealdera garraiatzeko zain edukitzeko tokia.

Maxpeko behealdea XIV. mendean bezala kontserbatu da, beti familia berearena izan delako, batez ere. Ez da ondare artistiko izugarria, ez da arkitektura lan ikusgarria, baina txikitasunean eta kanpoko itxura ez oso txukunaren barruan, izandako garrantziaren eta duintasunaren maila gorde du.

Ibaitik igotzen den hezetasuna sumatzen da biltegi zabalera iritsi orduko: harrizko hormak, egurrezko egitura tradizionala (Mendibururen eskultura gogorarazten diguna) eta lurreko lauza tzarrak (Historiaurreko har batek lagatako arrasto fosila eta guzti). XV. edo XVI. mendeko ate handia zabalduz gero, ibaira doan eskailera eta Deba ibaia itsasoratzen denean egiten duen meandroaren padura aberatsa ikusten dira, lainoek lausotutako Kalbario mendiko baserriekin batera. Kokapen ederra benetan Maxpe etxearena, bai naturari begira, bai estrategikoki.

Udako etxekoandreak betetzen du bere istorioekin eta xarmarekin urtean zehar itxita egoten den eraikina; eta, lehen esan bezala, maila handiko ondare artistikoa ez bada ere, historiak eta oroitzapenek osatzen dute arkitekturak ematen ez duena. Euskal Herrian etxeak garrantzi handia izan du; lurrari lotu gaitu eta sustraiak mantentzeko aukera eman digu mendez mende. Hain zuzen, horixe da Maxpek duen erakargarritasuna: bizirik dagoen etxea da. Ondare fisikoa gordetzearen beharra begi bistakoa izaten da, baina gutxitan erreparatzen diegu ondare horiek gordetzen dituzten bestelako ondareei: historikoak, antropologiakoak, etnografikoak, kondairak, oroimenak, eta abar.

Maxpen konturatu nintzen zenbat galdu dugun ondarearen azterketa mekanikoetan. Euskarriari edo edukiontziari garrantzia eman diogu, edukiari ia kasurik egin gabe. Maxpen ondarearen teknikoak sartuko dira berehala, arkitektoak batez ere, eta arte historialariak, zorte pixka batekin. Proiektuak egingo dituzte etxea beste zereginetara egokitzeko; baina gutxik galdetuko diote Sokori (etxekoandreari) zer idazten zuen bere amamak ibaira ematen duen balkoiaren argitara. Hori ere, Maxperen ondarea da, nahiz eta guretzat ikusezina izan.