Wilcoren (eta Primal Screamen) astea

Mikel Lizarralde

Wilco (the album)-ekin egin zuten bezala, Jeff Tweedy eta bere lagunak Donostiako Kursaalera datoz disko berria (The Whole Love) aurkeztera. Diskoa entzun eta entzun azken egunotan, eta harrigarria egiten da ze erraztasunarekin egiten duten salto krautrock esperimentalismoetatik (Art of Almost) power-popera (Born Alone); new wave errimoetatik (I Might) pasarte ia narkotikoetara (Sunloathe). Beste askori ez bezala, aurreko diskoa ere asko gustatu zitzaigun batzuoi

‘Rapport de police’

Lander Garro (Hirudia, 2011-10-30)
Plagioari buruz Marie Darrieussecq-ek idatzi zuen testu eder bat, Rapport de police izenekoa, geurean oihartzun berezirik izan ez duena, akaso gaztelaniara itzulita oraino ez dagoelako. Plagioaren ideia hankaz goratzen zuen Darrieussecq-ek, egiletzaren ideia bera auzitan jarriz. Noiz eta nola bilakatzen da ideia bat inorena, eta, areago, zergatik bilakatzen da ustezko ideia hori jabego? Zein zen ideia singular eta banaezin haren jatorria? Ezerezetik sortu, idazlearen buruan instalatu eta hala atera ote zen, bidean bestelako laguntzarik izan gabe? Ez ote zuen parerik gabeko ideia hark bestelako eraginik izan? Alegia, plagioaren kontzeptua ez ote da, berez, absurdoaren muga gainditzen duen gehiegizko jelosia eta zuhurkeriaren emaitza? Neu baino lehen mundua mundua bazen, izendatuta bazegoen, eta munduak niri hizkuntza eskaini bazidan, zein eskubide daukat ideia bat edo beste neurea dela esateko? Ideiak eta hitzak neurtzeko anemometrorik, plubiometrorik edo sismograforik ez dago: horregatik maite dugu literatura.

Halako azterketa filosofikoaren ondoren, Darrieussecq-ek, umore handiz, plagiatua izateko desiraz hitz egiten zuen. Plagiatua izatea ei da idazle asko eta askoren fantasia. Plagiatua naiz, beraz, banaiz. Eta plagiatua izateko desira hartatik sortzen omen dira plagio salaketa gehienak. Zeren hain da itsusia plagio hitza, bota orduko dena kutsatzen baitu. Esan plagio, eta hantxe agertuko dira eskandalua, lotsa eta desprestigioa. Akabo podium gaineko garai handiosak. Salaketak berak, infernura eramango zaitu zu, eta zerura plagiatua.

Bi arrazoi ditugu, beraz, plagioa zalantzan jartzeko: plagioa identifikatzeko zailtasuna eta plagio salaketa (askotan) gezurrezkoak. Zailtasuna onartuta, ordea, ez dugu ukatuko plagioaren mamuak geure buruen gainean hegaka jarraituko duela liburu bat eskuetan hartzen dugun bakoitzean, bai baitakigu, gu etorri aurretik mundua mundu izan arren, eta hitzen jabegoa librea izanagatik, idazle askok trikimailu itsusiak erabiltzen dituztela besteek idatzitakoa norberak idatzitakoa dela sinestarazteko. Alegia, liburu bat aldamenean hartu eta, hitzez hitz, testua kopiatzeko. Ez da harritzekoa: mundua, izan ere, liburuan agertzen den bezala ikusten dugu, eta badakigu, testua idazle harena izanagatik ere, geure burua ordezkatzen duela, ia guk idatziko genituzkeen lerro eskasek baino hobekiago ordezkatu ere. Izan ere, zer da idaztea, geure burua ordezkatzen duen hori hitzez azaltzea ez bada? Zertarako denigratu gure sentimenduak gure hizkuntza mugatuarekin, hori bera beste batek hobekiago esan badu?

Idazlea, beste batzuek (hobeto) esandakoagatik setiatuta eta jazarria bizi da. Hitz horiek, edo forma horiek, buruan ditu idazleak, eta berdin idazten saiatuko da, baina inor konturatuko ez den modu batez, mundua ez ezik, bere burua engainatuz. Zinez izan nahiko lukeenaren bariazio txikia da, beraz, idazlea. Bene-benetan nahiko lukeena izateko, plagiatzailea izan beharko luke, baina badakigu plagioa zein itsusia den! Hobe disimulatzea, eta disimulu horretan, ia oharkabean, geure ahots propioa sortzea… beste batzuek haren bariazioa egin dezaten.

Venezia

Ismael Manterola Ispizua (Begiz, 2011-10-29)

Veneziara bueltatzen naizen bakoitzean, bertan denboraldi luzeagoa pasatzeko gogoa sartzen zait.

Hiri ezerosoa izan behar du: turistaz beteta egonik urte guztian, edozein tokitara joateko bide luzea hartu behar da, kanalek bide zuzena oztopatzen dutelako; hezetasuna etxeetako hezurretaraino sartuta dago; irlek bakartze sindromea izaten dute, eta abar. Hala eta guztiz ere, bertan bizitzea nolakoa izango den jakiteko jakin-mina sartzen zait han.

Hiria baino gehiago, parke tematikoa dirudi, eta ez du bizitzeko gogo handirik ematen; baina artearen parke tematikoa dela kontuan hartzen badugu, artea gustuko dugunontzat bertan bizitzea ez litzateke sufrimendu handia izango.

Hala ere, parke tematikoetan gertatzen denaren aldean, artea bizirik dago Venezian. Hirian sakabanatutako museo ugari dago, baina harrigarria iruditzen zait oraindik zenbat artelan dauden egin ziren tokietatik mugitu gabe. Artista handien lan asko, Carpaccio, Bellini, Tiziano, Tintoretto, Veronese, Tiepolo eta abarrenak, elizetan eta eraikuntza ofizialetan ikus daitezke, eta ez museotan.

Artelanak garai batean bete zuen funtzioa ezagutzea ezinbestekoa da hobeto gozatzeko eta ezagutzeko; beraz, Venezian konturatzen gara artelan asko ez zirela izan hormetan eskegitzeko koadro hutsak; aitzitik, funtzio erlijioso eta zibil garrantzitsua betetzen zuten, eta betetzen dute, uretan itotzen ari den hiri horretan.

Veneziako bisitariak goi mailako artea ikusi nahi badu, elizetara sartzea gomendatzen diot, kalez kale dabilenean. San Markoren urrezko mosaikoak, Belliniren Madonna San Zaccaria elizan eta triptikoa Frarikoan, Tizianoren Frariko igokundea eta Pesaro pala eliza berean, Tintorettok San Rocco eskolarako pintatu zituen koadro serieak, Veroneseren San Sebastianoko freskoak eta Tiepoloren Carmini eskolako sabaia… Esperientzia estetiko gozagarriaz gainera, zertarako eta orduan nola ikusten zituzten ulertzen laguntzen digute.

Arte garaikidea ikustera joan ginen Veneziara, baina biurtekoaren aitzakiarekin, garai askotako artearekin topo egiteko aukera ematen digu kanaletako hiriak.

Teknikariaren azken txosten etsia

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-10-28)

Kultur teknikariak joan den astean Eusko Jaurlaritzaren Kulturkaria webgunean eskegi zuen txostena azkena eta definitiboa zen. Azkena, eta amestua. Errealitate triste temosoari iskin egiten saiatu da teknikaria. Behingoz, kontuak izatea nahiko lukeen moduan jaso ditu txostenean, ez benetan diren moduan. 31 urte euskal kulturari emana, erkidego estatutu aro oso bat, eta ezin etsi herri honen kulturaren diagnosiak argazki eder bat agertu dezan arte. Idatzian gutxienez, txostenean. 31 urtetan egindako lanak eman ez baina eman beharko lituzkeen edo zitzakeen emaitzak paperean bederen jasoak geratu dira.

Entzule perfektua

Xabier Erkizia (Bi ahotsetara, 2011-10-27)

Ia bizitza osoa ematen dugu hizlari onak, onenak izateko ikasten. Ikastolan eta etxean hala irakatsi ziguten: ahoskera landu behar dugu, hizkera hobetu, hitz egokiak topatzeko hiztegi aberatsa landu, hizkuntza zuzen, garbi eta elegante erabili… Solasean ikasi genuenetik erakutsi digute hor gordetzen dela arrakastaren sekretu garrantzitsuena, ingurukoen arreta jasotzeko giltza, boterearen abilezia.

Arauak nahikoa argiak dira. Lehendabizi, erabaki zein den zure helburua, eta ez baduzu ere, ez onartu inoiz helbururik ez duzunik. Gero, erabaki entzulea informatu, emozionatu edo engainatu nahi duzun. Hartu arnasa sakon, erlaxatu giharrak. Ezagutu zure entzuleria, erabaki nori zuzendu nahi dizkiozun hitzak, nola, zergatik. Edozein modutan, ez urduritu, hitz egin lasai, izan zu zeu eta ez saiatu ez zaren inor izaten. Ez luzatu gehiegi azalpenetan, ez erabili behar baino hitz gehiago eta azaldu zure ideiak ahalik eta modu zehatzenean. Saia zaitez beti egia erraten, inoiz ez gezurrik, eta horretarako arriskurik dagoela uste baduzu, egin arin salto bertze gai batera, baina ez zaitzala inork inoiz zalantzan harrapatu! Eta bereziki, ez inprobisatu, inprobisatzen duenak ez baitu zertan ari den pentsatzeko betarik, eta, gainera, pasioek eramaten uzteko arrisku handiegia du.

Entzuten, aldiz, inor gutxik irakasten digu, eta erakutsi izan digutenean ere, gehienetan indarrez edo behartuta ikasi dugu. Instrukzio orririk gabe, soilik agindupean. Eta hizlariak ongi daki hori.

Entzuleak, ez. Hark ez daki ze helbururekin entzuten duen, ez daki zehazki nor den, urduri dago, eta, gainera, ez duenez ongi ahoskatzen, bere buruaz lotsatu egiten da. Entzulea beti da gezurretan noiz harrapatuko duten beldur. Beti zalantzan, beti arriskuan. Entzutea etengabeko inprobisazio ariketa delako, eta bereziki pasioen eskutik eramaten uzteko modua. Eta gu, oraindik, hizlaririk onenak izateko ametsetan.

Txile, presente

ANALISIA (2011ko urriaren 25ean argitaratua)
Agus Perez

Txile izan da aurtengo gonbidatua Translatines festibalean, eta Salvador Allenderen garaian askotan errepikatu zen leloari kasu eginez, ugariak izan dira Pinocheten herentzia astunari buruzko aipamenak eta gogoetak: La amante fascista-ren irakurketa, Afasia, los olvidados de la dictadura dokumentala, izen bereko antzezlana

Gorazarreko lapurreta txiki horiek

Idurre Alonso (Hirudia, 2011-10-23)

Mikel H. Abaitua Borgesen hilobiraino joan zitzaigun maisuak bere obraren remake-ari buruz (eta, oro har, plagioari buruz) zeukan iritzia galdetzera. Ez zuen jaso, ordea, eskatzen zuen erantzunik.

Duela mende eta erdi ere, Dante Gabriel Rossetti margolariak ez zuen kritikaren aldetik espero zuen erantzunik jaso, urte batzuk lehenago emaztearekin lurperatutako poemak lurpetik atera eta argitara eman zituenean (Poems, 1870). Kritikak gogor egin zuen poema haien aurka, eta Rossettiren bizitzako azken urteak ilunak izan ziren, drogomendekotasunak eta desoreka mentalak jotakoak.

Baina, artearen munduan, hilezkor bihurtzen da, sarritan, artista. Borges bera hilezkor bihurtzeko ahaleginean ulertu behar litzateke, beharbada, Alfaguara argitaletxearen El hacedor (de Borges), Remake liburua (edo, apika, merkatuaren eta irabazien logikan kokatu behar genuke). Artistaren lanak berrargitaratzea, berridaztea edota haien pasarteak ekartzea delako artista denon memorietan mantentzeko modu bat da.

Saizarbitoriak ere hilezkorrago bihurtu zuen Rossetti, haren izena daraman Rossettiren obsesioa liburu zoragarrian. Rossettiren bizitzako hainbat datuz baliatuz,

Balentziaga

Ismael Manterola Ispizua (Begiz, 2011-10-22)

Etxe ondoan dudan museora aurreko asteburuan iritsi nintzen, azkenean. Zabaldu berriko eta udako jende uholdea baretuta egongo zelakoan, Getariako Balentziaga museo berrira hurbildu nintzen igande goizean. Ez genuen arropa egokia aukeratu moda diseinatzailearen omenez eraikitako museoa bisitatzeko, baina kirola (mendi buelta txikia) eta kultura bateratzeko aukera ematen du aldameneko herrian museoa izateak. Beraz, izerdi pixka bat xurgatutako kamiseta eta zapatila arruntekin sartu ginen glamour-aren sortzailetako baten tenplura.

Aspalditik nenbilen joateko asmoz, baina mesfidati. Proiektua berak, inguruan izan dituen iruzurrak eta abarrek errezelo handiz joateko arrazoi franko eskaintzen zidaten; hala ere, joan egin behar, eta udazkeneko igande egun zoragarria aitzakia ona izan zitekeen moda munduan murgiltzeko.

Museoaren kanpoko itxurak eta sarreran alferrik galdutako gehiegizko metroek ez zuten gauza onik iragartzen, baina erakusketa aretoko ibilbidea hasi bezain laster, Balentziagaren munduan sartzen hasi nintzen. Ez naiz ni oso moda zalea; ez dakit gauza handirik modaren diseinuari buruz, eta horregatik harrituta irten nintzen egindako bidaia interesgarri eta gozagarriarekin.

Sei aretotan banatutako erakusketak aukera ederra ematen du modarentzat punta-puntakoa izan zen diseinatzailearen lana ezagutzeko eta gozatzeko. Erakusteko era txukuna du, sinplea eta gehiegikeriarik gabea; areto bakoitzean dagoen ikus-entzunezkoa neurrikoa ikusi behar duguna ulertzeko; soineko bakoitzak duen azalpen laburra eta zehatza; azken aretoan ordenagailuaren aukerei ematen zaien erabilpen zentzuzkoa eta ulergarria (ikusten dugun soinekoaren egite prozesua erakusten dute); arrazoi nahikoak dira nekatzen eta asetzen ez duen ibilbidean laguntzeko: beraz, museoa neurrian dagoela iruditzen zait (gehiago gehiegi izango litzateke eta gutxiago gutxiegi).

Bisitaldia bukatu ondoren, Balentziagari buruz gehiago nekiela esateaz gainera, orokorrean, modari buruz asko ikasi nuela esan behar dut. Horrelako herri txiki batek neurri horretako proiektua behar zuen edo ez, eztabaidagarria da. Sei aretotan dagoen bilduma, mantenurako aretoak, biltegia eta bulegoak toki gutxiago hartuko lukeen eraikuntza batean hobeto egokituko lirateke Getaria bezalako herriari eta orain ditugun aurrekontuei.

.

Teknikariaren azken txosten amestua

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-10-21)

Euskal Herrian sortutako euskarazko kultura-industriek urtean 30.000 milioi eurotik gorako ekarpena egiten dute batez beste, hau da, Euskal Herriko BPGaren % 2,8, Manuel Santos Redondo irakasleak koordinatutako eta Fundacion Telefonica/Ariel Bilduman argitaratutako Euskaraz diharduten industria kulturalen ekonomia liburuaren arabera.

Euskara hizkuntza global gisa lantzen duen azterlan zabal hori kultura-industriek Euskal Herriko ekonomian duten indarra eta, halaber, industria horiek hizkuntza eta kultura euskaldunaren nazioartekotzea errazten duen tresna gisa nazioartean duen hedapenean duten eragina zehazten duen lehen lana da.

Liburuak islatzen duenez, gure hizkuntza indar handiko motorra da gure kultura arte eszenikoen (antzerkia, musikalak eta opera), musika grabatuaren eta zuzeneko musikaren, zinemaren eta bideoaren, telebistaren eta irratiaren, liburuen, prentsaren eta aldizkarien, artxiboen eta liburutegien, hizkuntza-turismoaren, jostailuen eta bideo jokoen, publizitatearen eta informatikaren kontsumo masiboaren aroan garatzeko. Euskara eremu geolinguistiko garrantzitsua da, eta argitalpen-industriako produktuak eta euskaraz sortutako eta zabaldutako ikus-entzunezko edukiak trukatzen dira bertan. Hori, gainera, bat dator sortzeko talentuaren eta zabalkunde profesionalaren eskaintza handiarekin.

Krisialdi ekonomikoa gorabehera, Euskal Herriko kultura-kontsumoak eutsi egin dio. Emaitzek berresten dutenez, teknologia berriak kultura zabaltzeko tresna gisa ezarri dira. Kulturaren eta aisia aktiboaren inguruko jardueren artean, arte plastikoei lotutakoak nabarmentzen dira, hala nola argazkigintza edo pintura.

Kultura Sailak Euskal Herriko kultura-ohiturei eta jarduerei buruzko 2010-2011ko inkesta landu du. Estatistika Plan Nazionalaren barnean hartuta dagoen estatistika ofizial bat da, eta euskaldunen kultura-eskaintzaren inguruko ohiturei eta jarduerei eta, azken batean, kontsumoari buruzko azterketa xehatu bat osatzen du.

Inkestaren barruan, 15 urtetik gorako 16.000 laguni egin zaizkie elkarrizketak, eta, horietatik ondoriozta daitekeenez, Euskal Herriko herritarrentzat interesik handiena duten kultura-jarduerak musika entzutea, irakurtzea eta zinemara joatea dira. Azpimarratu beharra dago egindako azken inkestatik (2006-2007ko datuekin) gora egin dutela erakusketa, monumentu, aztarnategi eta artxiboetara joan direnen urteko tasek.

Era berean, liburutegietara joan direnen kopuruak nabarmen egin du gora