Definizio bila

ANALISIA (2001ko azaroaren 8an argitaratua)

Agus Perez

Amaitu berri den aurtengo BAD jaialdiak hainbat sentsazio kontrajarri utzi digu, eta, balorapenen ordua heldu denez, espero dut oraingo hau baliagarria izatea Bilboko Antzerki eta Dantza festibalaren ildoa birdefinitzen laguntzeko. Izan ere, orain arte igarotako urte gehienak inertzia hutsaren bidetik joan dira, baina badirudi oraingo arduradun berria

Liburu digitalak

Mikel H. Abaitua (Hirudia, 2011-11-06)

Interneteko Amazon denda handiak gaztelaniazko saila zabaldu berri du udazken honetan. Aldez aurretik Amazon frantsesean ere euskarazko liburuak eros zitezkeen arren, badirudi, euskal kultura Frantziari bainoago Espainiari lotzeko ohiko joerarekin, oso saltoki digital eraginkorra ireki zaiola euskarazko literaturari. Paperezko euskarri tradizionalean soilik salduko ditu oraingoz euskarazko liburuak Amazonek, baina, dirudienez, luze gabe sal litzake liburu digitalak ere. Horien prezioa paperezkoenaren erdia izan ohi da denda birtual horretan, eta, horregatik, oztopo handiak aurkitu omen ditu hemengo editoreen aldetik, beren liburuak hain merke saldu nahi ez dituztelako. Ez dakit egia izango denetz. Susa argitaletxeak, badaezpada ere, inteligenteki hartu dio aurrea, eta bere poesia eta narrazio liburuak formatu digitalean 3,5 euroan salduko dituela iragarri berri du.

Hilabete askotan duda-mudatan ibili nintzen merkatuan zeuden liburu-irakurgailu digital guztien artean egokiena aukeratu ezinik, formatuak ugariak direlako. Ez nekien zeinek emango zidan liburu gehien irakurtzeko aukera. Azkenean garbi ikusi nuen gaur egun ia dena asmatuta dagoela eta liburu bat edozein formatutan erosiz gero, erraz aurki daitezkeela Interneten batetik bestera egokitzeko programa informatikoak, eta ez nuela, beraz, arazo teknologikorik izango edozer gauza edozein aparatutan irakurtzeko.

Formatu anitz asmatu dira liburuak digitalizatzeko, eta hamaika dira horiek irakurtzeko gailuak fabrikatzen dituzten markak, baina nire gusturako ez dago Amazonek asmatutako Kindle irakurgailu digitala baino hoberik. Badakit irakurle askok nik baino dezente gehiago dakitela gai hauetaz, baina esan dezadan, teknologia berriez nik bezain gutxi dakitenentzat, biziki txundituta utzi nauen tramankulua dela. 3G sistemaduna erosiz gero, erraztasun osoz jaits daitezke liburuak edozein lekutan zaudela, kalean edo etxean, wifi konexiorik gabe ere. Maiz ez da minutura iristen liburu bat jaisteko behar den denbora. Gainera, ingelesezko Wikipedia eskura dago une oro, entziklopedia tradizionalagoa bezala. Liburu klasiko asko batere ordaindu gabe jaits daitezke (edo dolar pare batengatik), hala nola liburu berrien lagin aski luzeak (60 orrialde); hasi naiz imajinatzen zenbatek egingo dituzten liburu berrien kritika-artikuluak hasierako lehen orrialde horiek soilik irakurriz. Horrez gain, aparatu horrekin, beste hainbatekin bezala, Interneten nabiga daiteke ordenagailu batekin bezala (teklatuduna da), baita wifi konexiorik gabe ere zenbait herrialdetan (horretarako trauskil samarra den arren), udan Kroazian konprobatu ahal izan nuenez.

Gainera, tabletetan leituz baino gutxiago nekatzen da bista liburu digitaletan, eta oso ondo irakur daitezke eguzkitan ere. Dena dela, bista nekatuz gero, trasteak berak irakurtzen du liburua Kindlerako prestatutako artxiboak baldin badira, gizon edo emakume ahotsarekin. Horrez gain, gauza jakina da tramankulu horiekin letra mota eta lerro arteko tartea norberaren gustura alda daitezkeela.

Euskal Herrian ez dira asko saltzen ari oraingoz, baina ziur nago azkenean hemen ere, leku askotan bezala, asko igoko direla salmentak, batez ere denboraren poderioz traste horiek nabarmen merkatzen badira.

Argitaletxeak beldurrez dardarka hasi omen dira jadanik, eta ez da harritzekoa, e-mule bezalako programen bidez musika bezain erraz jaits baitaitezke pirateatutako liburuak ere. Alabaina, oraingo inkesten arabera, musikaren alorreko bezeroak ez bezala, liburu digitalak irakurtzen dituzten pertsonak prestago bide daude horiek ordaintzeko eta ez pirateatzeko.

Agian egunen batean, teknologia berrien bitartez, idazleak ez ditu argitaletxeak ezertarako behar izango. Liburuak ordenagailuan idatzi eta bertatik salduko ditu Interneten bidez etxetik atera beharrik gabe ere.

Multzoen teoria

Ismael Manterola Ispizua (Begiz, 2011-11-05)

Itxuraz, Argentinako diktadura garaian, Venn delako multzoen teoria debekatu zuten eskoletan.

Harrigarria bada ere, guk txikitan ikasi genuen matematika teoria sinple hark subertsiorako ereduak emateko arriskua omen zuen, eta horregatik debekuaren zergatia. Hauxe da Amalia Pica Londresen bizi den artista argentinarrak dioena Venn diagrams (under the spotlight) izeneko artelanean.

Picaren lanak zalantzan jartzen du jakintzaren izaera neutroa. Teoria zientifiko edo matematiko objektiboak testuinguruaren arabera argitu edo ilundu daitezkeela erakusten digu. Bestalde, hezkuntzaren ideologizazioaren gaia ukitzen duela iruditzen zait, umeek ikasten dutena heldu garaiko ohituretan izan dezakeen eragin okerrak edo osasuntsuak azpimarratuta. Vennen multzoen teoriak elkar hartzearen gaia edo talde ezberdinek komunean dutena erakuts dezake, nahiz eta agian zail xamarra den horrek gizartera eramateko aukerak dituela pentsatzea. Hala ere, badaezpada, Argentinako diktadurak debekatu egin zuen. Gustatuko litzaidake pentsatzea Francoren diktadura bukaeran eskolan ikasi nituen matematika moderno haiek batzuengan eragina izan zutela diktaduraren kontra ekiteko, baina aritmetika eta geometria ariketek ere eraginen bat izango zuten aurreko belaunaldi erreboltaria ezagututa.

Picaren artelanera bueltatuz, Venezian ikusitako instalazioak bazuen beste

Kristalezko memoria

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-11-04)

Nire lehen hildakoa izan zen amona Estefania. Ez nuen hilotz ikusi, baina lehenengo hildakoa izan zen nire bizitzan. Ama gabe etxean egon nintzen nire lehenengo eguna izan zen amona Estefania hil zenekoa. Bazen zerbait sei urteko umearentzat. Argala, txikia, hezur eta azal, ximurra, gardena, kasik izpiritu. Bizitzak behar baino gehiago makildua. Senarra kartzelan eta seme zaharrena erbestean, gerra ondorenean. Igandero, baserriko atera joaten zitzaion meza nagusitik bueltan zetozen herritar multzo bat, eskuak luza goratuta, Cara al sol kantatzera.

Mantala beti soinean, mototsa buruan. Eskuak magalean bilduta. Baserriko atarian. Atariko harrizko eserlekuan eserita. Kala zurien alboan. Errekarte Haundi-n. Errekarte baserrian hil zen Araiztik Goierrira ezkon berritan etorritako amona. Ohean, gaixo, azken garaietan. Ahots hari bat, eta kristalezko hezurren kraskak entzun uste nituen, ohetik altxatzen saiatu eta mesanotxeko tiraderatik txanpon bat hartu ezinik eskua luzatzen zuenean. Halako samurtasun triste bat. Ahizpa eta biok, lore sorta bana bularraren kontra estutuz, ohe ondoan, hautsiko zen beldurrez. Berrogeita hamar pezetako txanpon handia. Biharamunean, bueltan ginen amonaren logelan, txanpona eskutan, amak aginduta.

Apenas aldatu den Errekarte baserria ordudanik. Ingurua, berriz, goitik behera. Soro, baratz eta belardiak, etxe, kale eta errepidez bete dira. Jendez. Kiroldegi, futbol zelai, eskola, lantegi. Abiadura handiko trenaren eraikuntza lanak, azkena, mendiari hozkaka.

Umetako paisaia eta oraingoa ez dira bera batere. Beste mundu bat. Errekarte baino ez, auzoz erratu ez naizela ohartzeko. Errekarteri eta inguruan utzi dizkioten baratza, soro eta sagastiei begiratu bat eman, eta beste bat pareko etxe, errepide, nazional, eraikin eta plazei, eta bostehun urte igarotzen zaizkizu begien aurretik segundo bakarrean. Nekazal mundutik industriara, eta menditik kalera, zangoa hamar pausutan luzatuta. Hortxe historia lezio bizi bat. Ondare ukigarria, gorpuztua, libururik eta museorik batere beharrik gabe.

Errekarte eta alboan duen Telleri dira herri kaskoan bota ez dituzten baserri bakarrak. XV-XVI. mendeetan eraikiak, biak. Herrian dena da berriaren berri eraikia. Errekarte eta Telleriren etorkizuna ere idatzita dago. Bi baserrien artean, Errekarte bizi letra larriz duen kartel handi bat jarri du eraikuntza enpresa batek etorkizuneko etxeen irudi birtual batekin: 145 etxebizitzako hiru eraikin.

Errekarte, Telleri, Zapatari, Usategi, Errementari, Piparrene. Orain hiruzpalau urte, Udalak atera zuen egutegiko argazkietan. Txikitu dugun guztiaren notario agiria. Memoria ez da argazki bat egutegian. Memoriak baditu nahi adina labirinto: zulo, belaze, leize eta tontor; usain eta sentimen, beldur eta poz. Gorputz eta izpiritu. Samurtasun eta bortizkeri.

Adituek diote iraganak oraina baldintzatzen duela ondarearen izendapen beti partzialean. Iraganik nahi ez izateak, izan garena ez onartzeak, ez ote du gehiago baldintzatzen gure gaurko desmemoria.