Eraiki, baina zer

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-11-18)

Antxon Ezeiza hil da. Euskal zinema izango bada euskarazkoa, euskal estetika duena eta askapenezkoa izango dela, edo ez dela izango, aldarri egin zuen zinemagilea. Euskal Zinematografia Nazionala, horrela, letra larriz, eraiki nahi bada beste modurik ez dagoela zioen. Baina, ez esan soilik, egin ere egin zuen. Besteak beste, euskaraz eta Euskal Herriko errealitatea islatzen zuten hogei dokumentaleko sorta zuzendu zuen, Ikuska saila, Euskal Zinematografia Nazional horren aurrendari, eta bereziki, nabarmendu liteke haren Ke arteko egunak filma, euskal zinemak izan behar duen hori pantaila handira ekartzen duelako. Euskal zinemagintzak zer izan behar zuen gehien teorizatu zuen zinemagilea izan da Ezeiza ziurrenik. Besterik da bere ideiek ze lur eta ze sustrai hartu duten urteak aurrera. Eta bestea, oraindik ere, euskal zinema ezin definituz gabiltzala.

Ezeiza joan da, eta bere filmak geratu zaizkigu, eta baita aho-bilorik gabe osatutako bere pentsamendua utzi ere. Galdera datorkit burura, ea zer geratzen den gaur egun zineman dabilen jendearen pentsamendu eta praktikan, Ezeizak, 80ko hamarkada hasieran, euskal zinema zer den argitzeko osatu zuen hizkuntza, estetika eta etika hirukia oinarri duen diskurtsotik. Alegia, euskara, euskal dramaturgia, eta Euskal Herriaren menderakuntza betikotuko ez duten gaien lanketa ezaugarritzat duen euskal zinemaren gaineko teoriak ze oihartzun duen gaur eta hemen.

Bere azkenekoetakoa behar duen elkarrizketa Mikel Garcia Idiakez kazetariak egin zion, aurten bertan argitaratu duen Zeluloidezko begiradak. Euskal Herriko 13 zuzendarirekin hizketan libururako. Liburu benetan interesgarria da, besteak beste, Ezeizak berak mahai gainean jarri zuen euskal zinemaren definizioa eztabaida gai delako liburuak biltzen dituen beste hainbat zinema zuzendariren ahotsetan. Garciak berak laburbiltzen du liburuan behin eta berriz azaleratzen den kezka: ba al dugu euskal zinemarik? Zer da, baina, euskal zinema?

Liburuan bertan gazteleraz eta euskaraz jarduten duten zinemagileak daude. Gazteleraz jarduten dutenek euskal zinema gehiago lotzen dute euskal estetika batekin, hizkuntzarekin baino. Ulergarria da, noski, bestela nola izan euskal. Esan beharrik ez herrigintza burujabe baten ideiarekin ere ez datozela bat, ez behintzat Ezeizak buruan zuen herriarenarekin. Euskarak ezin omen du zinematografia bat ezaugarritu, diote, Euskal Herrian hizkuntza gehiago ere badirelako. Alegia, gaztelera nagusi delako, ulertzen dut esan nahi dutela. Baina euskal zera hori gorde denek gorde nahi dugu, arrazoi komertzial eta diru-laguntzak ere tarteko direlako, seguruenik. Zerbait euskaraz edo ez den objektiboki zalantzarik gabea den bezala, euskal zera hori, estetika hori (deitu dramaturgia, deitu paisaia, deitu begirada, izpiritua, idiosinkrasia…) erabat subjektibo, atzeman gaitz eta kriptikoa egiten zait.

Liburuan ageri diren euskaraz diharduten zinemagileak ere diskurtsoan ez daude Ezeizaren pentsamendutik oso gertu. Bai praktikan, jakina, euskarazko zinema egiten dutelako. Baina euskararen zentraltasunaren diskurtsoaz nekatuta sumatzen zaie. Are, definitu behar horretaz ahituta. Behingoz gainditu beharreko eztabaidak balira bezala. Zinema ona egitea dela erronka bakarra diote gehienek. Eta ezin esan ados ez gaudenik. Baina zinema ona izateko hizkuntzak, estetikak eta etikak badute zeresana, dudarik gabe, nork bere modura ulertuta ere. Eta etikak hizkuntza bat agindu dezake, eta baita estetika bat ere, eta alderantziz.

Eta baldin eta euskal estetikarik egon baldin badago, eta demagun baietz, Basterretxea eta Larrukert-en Ama Lur pelikula hartzen da horren adierazgarri garbiena. Kurioski, film horren amaierako hitzek ezin definituz gabiltzan eremu honetan argi pixka bat egin dezakete:

Leave a Comment.