Zergatik egiten du kalte Sarrionandiak?

Lorea Agirre (Katuajeak, 2011-11-25)

Joseba Sarrionandiari eman diote eman nahi ez zioten saria. Sarritan esaten da erakunde publikoek antolatutako lehiaketetan saritu sari-emailea saritzen dela saritua bera baino gehiago. Alegia, mesede sariaren antolatzaileari egiten diola. Berdin Sarrionandiak irabazi duen Euskadi Literatura sarien kasuan ere: zenbat balio du lehendakari eta sailburuak kultur munduko jendez inguratuta hedabide guztietan agertzeak? Beti desio izan du politikoak, itxuran bederen, kulturaren edo kultutasunaren igurtzi hori tarteka sentitu, horrek legitimitatea eta prestigioa ematen diolakoan gizartearen begietara.

Azkenean, egia da, erabilera politikorako antolatzen dira sariketa publikoak. Ze sariarenak ez dira idazlearen kontu korrontean diru-saria ingresatuta bukatzen, garrantzitsuena kazetarien aurreko ekitaldia da. Hain justu, hainbestetan auzitan jarri izan diren Euskadi sari hauen krisietako bat saritua ekitaldira nahi edo ez nahi agertuko beharrak ekarri zuen. Dirua idazlearentzat, baina argazkia boterearentzat.

Hala ere, ez da beti betetzen arau hori. Euskadi sarien aldi honetan, Urgell Kultura sailburuak, agian, nahiago izango zuen sari banaketarik izan ez balitz, Sarrionandiari eman nahi ez zion saria ematen hedabideek argitaratu ez zezaten. Sarrionandiaren arrebari egin beharreko irribarre lazgarri hori argazkilariek jaso ez balute hobe. Eusko Jaurlaritzak ez zuen Sarrionandia saritu nahi, horrelaxe esan zuten epaimahaiak haren izena aitatu orduko eta horren haritik etorri ziren mamuak astintze, damutze eskaera, birgizarteratze eta justiziarekin zor kitatze inguruko espantu guztiak, azkenean guztiak eta denak gezur iruzur eta irain izan direnak. Ez zuten saritu nahi eta saiatu ziren, baita sari banaketa ekitaldia hauteskunde ondorenera atzeratuta ere. Are, sari ekitaldi ondorenean Eusko Jaurlaritzako kideek jarraitzen dute esaten ez dutela Sarrionandia saritu nahi. Hau guztia eta gero, barkamenik ez, inondik ere. Bakarmen hitza Sarrionandiaren ahotik baino ez zen entzun herenegungo sari banaketan.

Baina zergatik egiten du kalte Sarrionandiak?

Roland Barthes semiologo eta pentsalariak zioen literaturari eskatzen ziona irekia eta interpretazio anitzei bide egingo ziena izatea zela. Irekitasun horrek egiten zuela testu bat on, hortxe dagoela literatura ona eta txarraren arteko muga. Eta horren harira, testu irakurgarriak eta testu idazgarriak daudela. Irakurgarria testu itxia da, ez dio irakurleari ez interpretazio ez gogoetarako zirrikiturik uzten, idatzia dagoen moduan irakurri eta ulertu behar du. Idazgarriak, aldiz, irakurle bakoitzaren baitan leiho bat edo gehiago zabaltzen ditu, eta irakurleak bere modura ulertzeko bideak ematen ditu. Nago, Barthesek berak Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? lana bigarren taldean sartuko zukeela. Epaimahaiak berak ere saiakera saritzeko arrazoi nagusietakoa horixe izan du, interpretazio anitzen kabi dela. Itxitasunaren justu kontrakoa baita saiakera hori. Eta, hain justu, horixe da Sarrionandiaren literaturaren ezaugarri nagusienetako bat: dogmatismoaren kontra eta dogmatismorik egin gabe idazten duela, irakurleak irakurri eta horren gainean bere gogoeta idatzi dezan.

Deabrua belarrietan

Xabier Erkizia (Bi ahotsetara, 2011-11-24)

Musika deabruaren tronpeta dela irakurri dut berripaperean. Hizki larriz eta fondo beltzean. Atentzioa emateko moduan, alegia. Ez da inongo berria, ez luke izan behar (ez balitz egunkari sentsazionalista ingeles hauetako baten azalean…), baina onartu behar dut zabalpen handiko egunkari bateko lerroburuan irakurtzea harrigarri xamar ere egiten dela. Zalantzarik gabe, funtzionatzen du. Beldurtzen du. Hizki ttikiagoei jarraituz, ulertu dut Melillako salafista talde baten muturreko sineskerak salatzeko idatzi duela kazetariak esaldia. Haiek (salafistak, ez kazetariak, tira, hauetako batzuk seguruaski ere bai) ez omen dira fio musikaz. Beraien seme-alabei debekatu egin diete musika klasetara joatea. Nahiago omen dute inongo musikarik ez entzun, gauza txarretarako bertzerik ez duelako balio musikak… eta tira, nagusiki beraien irakurketen arabera, Koranak hala agintzen duelako.

Momentu batez, salafista ez naizela konturatzeak lasaitu nau, baina zer pentsatu ere eman dit. Denok entzun izan dugu noiz edo noiz musikak pizten dituela gure barreneko intentzio txar, tentazio eta gaiztakerietako gogoak. Denok entzun dugu (baita sentitu ere) musikak pizten duela guregan lizuntasunaren txispa eta, bidenabar, arrazoitik urrun dauden bertze hainbertze sentsazio eta sentimendu. Gure izatearen barren-barrenean dagoen zer edo zer da.

Rock musikaren historia, adibidez, deabruen arrastoz beterik dago: Robert Johnsonek eta harekin batera bluesman anitzek deabruarekin sinatu hitzarmenak, heavy metala eta bere aldaera anitzen deabrua gurtzeko ariketak, pop musikak eragiten duen adikzio susmagarria… eta urrun joan gabe, elizaren hitzetan trikitiaren hauspoa haizatzen duen indar berean ere, deabrua ageri zaigu. Hala kontatu digute eta hala beldurtu gaituzte.

Botereak, edonolakoa izanik ere, beti izan baitio beldur musikari. Musikak, zalantzan jartzen duelako boterea bera, musika bera delako boterea, batzuetan errepresentatzen duen botere hori bera baino indartsuagoa.