Polemikatxoak

Leire Lopez Ziluaga (Bi ahotsetara, 2011-12-01)

John Maus pop musikariak kontzertuak egin zituen asteburuan Bartzelonan eta Madrilen, eta polemika sortu zuen. Berea ez da ohiko proposamena. Mikrofono eta sampler batekin azaltzen da agertokian. Bere diskoetako kantuak jarri eta gainetik kantatu eta oihu egiten du. Eta saltoak egiten ditu, kolpeak ematen dizkio buruari eskuekin. Intentsitate handiko kontzertuak dira bereak, ahituta bukatzen du. Kontzertu esaten ari naiz, baina han izandako askoren ustez, hura ez zen kontzertua izan. Batzuek mespretxuz diote, izatekotan, performancea izan zela; besteek, iruzurra izan zela

Literatur belaunaldiak

Mikel H. Abaitua (Hirudia, 2011-11-27)

Jende askok esango dizue belaunaldi literarioez hitz egiteak ez duela ezertarako balio, eta nik ere ez dut uste itzelezko garrantzia dutenik, baina badago zerbait. Hor dituzue, adibidez, Scott Fitzgeralden belaunaldi galdua, Garcia Lorcaren 27koa edo Lizardiren gerra aurrekoa. Sinplifikazio dira, baina zenbait kontu hobeto ulertzen laguntzen dute batzuetan.

Lander Garrok bere aurreko artikuluan esan zuen bezala, gure literaturan maiz aipatu da azken urteotan nire belaunaldia, Jon Alonsok tropel deitutakoa, aurreko eta ondorengo guztiak baino jendetsuagoa delako. Niri oso harrigarria egiten zait gure belaunaldiaren gaia hedabideetan zenbat aldiz agertzen den ikustea. Orain dela zortzi bat urte atera zen gaia indarrez lehen aldiz, eta harrezkero behin eta berriro ikusi ditut hari buruzko aipamenak. Lehengo astean, hain zuzen ere, ETB 1-eko Sautrela saiorako elkarrizketatxo bat egin zidan Lander Garrok berak, gure belaunaldiko hainbat idazleri bezala, monografiko bat burutzeko asmoz.

Orain dela hainbat urte gaia lehen aldiz plazaratu zenean jakin ez nekien gure belaunaldia oso jendetsua zenik ere. Orduan nolabaiteko ikerketatxo informal bat egin nuen XX. mendeko idazleez, jaiotze eta argitaratze datei begira. Eta, bai, egia zen, aurreko belaunaldi guztiak baino oparoagoa zirudien gureak kopuruz, eta garbi gelditzen da idazle boom baten antzeko zerbait gertatu zela 1958tik 1964ra bitartean jaio eta 80etan batez ere argitaratzen hasi ginenon artean. Alabaina, badirudi gure belaunaldia ez dela famatua egin bere kalitateagatik, kantitateagatik baizik. Eta hori bidegabekeria handitzat jotzen omen dute hainbatek, gure belaunaldikoak ez diren zenbait idazle eta kritikarik barne. Egia da gure belaunaldiarentzat bidea ez dela erraza izan, asko garelako agian. Baina ez digute orokorrean kalitatea ukatzen. Gutaz hitz egiten dutenean kritika onak eta salmentak txarrak nabarmentzen dituzte. Gehiegizko sinplifikazioa iruditzen zait.

Zenbat eta handiagoa izan pilatzen diren belaunaldien idazle kopurua, orduan eta zailagoa izango da guztientzat salmenta onak izatea, noski. Gu idazten hasi ginenean bost axola zitzaigun liburu gutxi saltzea. Seinale txarra zen ia. Orain, ordea, harrigarria da idazle bat salmentez batere ez arduratzea.

Tropel belaunaldiaren ondoren agertutakoa 70etan zehar jaiotakoa da, eta gurea bezain oparoa ez bada idazle kopuruari dagokionez, txikia ere ez da inondik inora. Minitropel belaunaldia deitu behar litzaioke. Hain zuzen ere, gure tropelarekin hasi baziren ere, gure belaunaldiak sortutako Susa aldizkaria haien zerbitzura jarriz adibidez, pelotoi nagusitik ihes egin zuten azkar, gu guztiz atzean utziz salmentei dagokienez, nahiz eta oso kritika txarrak jasotzen dituzten maiz. Beharbada ihesaldi belaunaldia deitu behar genieke, zenbait kontutan eskapista samarrak baitira gurekin konparatuta.

Niretzat pixka bat harrigarriak dira belaunaldien arteko haserreak eta liskarrak. Baina ulergarriak ere badira. Gogoratu nola negar egin zuen beat belaunaldiko Allen Ginsberg poetak (berak aitortua) Bob Dylanen abesti bat lehen aldiz entzun zuenean, zeren

Artista espainiarrak

Ismael Manterola Ispizua (Begiz, 2011-11-26)

Kopla operazioa deitu zion Xabier Etxanizek aurreko asteko ostegunean Espainiako kantari ospetsu batek telebista kate baterako Bilbon grabatu behar duen kontzertuari. Etxanizen arabera, Espainiako Barne Ministerioko bi funtzionariori grabatutako telefono elkarrizketatik aldaketa ondorioztatzen da espainiarrek Euskal Herria atxikitzeko estrategian. Guardia Zibilaren ordez (edo osagarri moduan), Espainiako goi mailako kultur ikurrak Euskal Herrira ekartzea litzateke helburua.

Horretarako, Barne Ministeriokoek Kultura Ministeriokoen laguntza eskatu omen dute, bi ministerioko funtzionarioei egindako legez kanpoko telefono entzuketan grabatuta geratu denaren arabera.

Hala ere, Kultura Ministerioko propaganda zerbitzuek Barne Ministeriokoei emandako erantzunak gogorarazi die aspalditik dabiltzala lan horietan eta ea ez ziren gogoratzen elkarlanean jardun zuten garaia.

Horrela, Kulturakoek egindako azken operazioaren berri eman diete beste ministeriokoei. Horren bidez, helburua Bilboko Museoan artista espainiarren presentzia indartzea da (gizonezkoak ahal izanez gero) eta erakusketak ahalik eta oihartzun handiena izateaz gainera, bildumarako zerbait erosten badiote hobeto.

Artista espainiarrak komunikabideak erakarri ditu. Madrilgo bista ahaztezinek Euskal Herriko egunkari eta telebista guztien lehen orriak bete dituzte. Errepikapenen bidez, Madrilgo Gran Via Bilbokoa baino ezagunagoa egitea da helburua. Komunikabideetan egindako propagandak jendea erakarriko du eta Museoan ilarak egingo dira, jaiegunetan. Guztiek ikusi nahi dute artista espainiar berezia, film bat egiteko erabili zuten gizon obsesiboaren lan zehatz eta perfekzio zalea.

Erakusketan hogei aldiz Tomelloso eta berrogei aldiz Madril jarri beharko du, berdin du zer azaltzen den edo zein kalitatezko maila duten erakutsitako koadroek. Zirriborroak ere onartzen dira; estaliko ditugu gero diskurtso kontzeptual baten bidez (artista modernoaren ezintasuna artelanei bukaera emateko, adibidez). Erakutsi ditzagun azken garaian pintatu (edo erdi pintatu) dituen lore sortak, beti dira ikuslearen gustukoak. Jarri ditzagun brontzezko eskultura esanahi gabeak, edo askoz ere hobeto, atera ditzagun kalera, erraldoi bihurtutako umeen buruhandiak. Horietako bat Bilboko Gran Vian jarriko dugu jende guztiak Madrilgo Gran Via pintatzen tematu den artistaren izena ikas dezan.

Funtzionarioen arabera, etortzear dagoenaren lagin txikia besterik ez omen da.