Kontrastearen beharra

Gorka Erostarbe (15:30)

Filma: Leku hutsak, hitz beteak
Saila: Zinemira

Hitzez ondo betetako dokumentala da Joxeanjel Arbelaitzek zuzendu eta Bernardo Atxagak protagonizaturiko Leku hutsak, hitz beteak. Atxagaren unibertso literariora hurbiltzeko gakoak ematen ditu. Zer dela eta egin zen idazle, nola bizi izan duen herria/hiriaren arteko dikotomia, abangoardia eta errealismoaren artekoa, Etiopia eta Obabaren artekoa. Arin eta aise ikusten da ordubete eskas duen lana. Hitzezko diskurtsoan frexko eta argigarri ageri da Atxaga. Idazlea bera da gidoilaria eta haren ahotsa baino ez dugu entzuten elkarrizketa luze baten traza duen dokumentalean, garai eta geografia desberdinetako irudiez horniturik. Hitzez ongi betea, baina ez nau erabat bete. Kontrastea, beste zenbaiten ahotsa, besteen iritziak bota ditut faltan. Atxagaren arrakaletan gehiago sakontzeko beharra sentitu dut, bere barne nahiz kanpo gatazken berri jakiteko gogoz geratu naiz. Atsegina da, baina areago joatea eskatuko nioke. Izan liteke beste dokumental baterako ideia… Bi hitzetan, sinplea eta didaktikoa iruditu zait.

Puntuazioa: 6’5.

Eserlekura lotuta

Igor Susaeta

Filma: The Hypnotist
Saila: Ofiziala

Eserlekura lotuta eduki nau The Hypnotist-ek, Lars Keplerren eleberriaren egokitzapenak, tarteka hotzikarak sentitu ditudan arren. Pelikula potentea baita Lasse Hallstrom suediarrak filmatutakoa. Argumentuaren hariak maisuki mugitu ditu, eta irudi indartsuz zein argazki-tonu ederrez hornitu du 120 minutuko kontakizuna.

Intrigazko film bat da, thriller bat nahi baldin baduzue. Gabonak dira Estokolmon (Suedia), dena elurtuta dago, eta serial killer batek familia bat hilko du gupidagabe. Kide bat salbatu egingo da, ordea. Kasua aztertzen ari den poliziak prestigioa galdu duen hipnotizatzaile bati laguntza eskatuko dio, baina handik gutxira hipnotizatzailearen semea bahituko dute.

Itxuraz, korapilatsua da trama, baina Hallstromek sentimenduak jarri ditu polizia ikerketaren gainetik. Mintzo da bikote harremanen zailtasunez, lanarekiko mendekotasunaz, beldurraz, bakardadeaz, konfiantza faltaz, minaz, isolamenduaz… Sentimenduak korapiloari gailentzen zaizkio, eta beharbada horrek ematen dio sendotasuna, are originaltasuna, pelikulari.

Adi-adi eduki nau, eta gustuz jarraitu dut. Azkeneko hiruzpalau minutuak kenduko nizkioke. Horien aurreko sekuentzia beldurgarria da, egiazki angustiosoa.

Puntuazioa: 7.

Aurreko egunetako zenbait film

Gorka Erostarbe (14:20)

Labur bada ere, hona hemen aurreko egunetan ikusitako zenbait filmeren erreseinak.

Filma: ‘Fasle kargadan’
Saila: Ofiziala.

Bahman Ghobadiren Fasle kargadan filmak 30 urtez preso egon ostean bere emaztea bilatu bai baina harengana hurbiltzeko adorerik ez duen poeta kurduaren istorioa kontatzen du. Indar poetiko eta estetiko handiko filma da, baina, hain zuzen ere, akaso ezaugarri horrek berak ahultzen du, irudi bakoitza iradokitzaile eta poetiko izan beharrak (dordokak zerutik erortzen, zaldi baten burua auto barruan, errinozerontea desertuan…). Metaforikoegia izateak hoztu egiten du, nire ustean. Hala ere, gomendagarria.

Puntuazioa: 7.

Filma: ‘Bypass’
Saila: Zabaltegi Bereziak

Gidoi oso landua, umore sekuentzia ederrak (protagonista guztiak gabonetako afarian biltzen direnekoa, sublimea), aktoreen lan oso txukuna. Ezaugarri horiek guztiak ditu Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren bigarren filmak, Bypass-ek, euskaraz filmaturiko lehenengoak. Maitasun harremanen inguruko gogoeta ironikoa egiten du, gezurrak, nahasteak, mingostasunak eta komedia zantzuak uztartuz. Baina harremanen inguruko gogoetan areago joan zitezkeela iruditzen zait, maitasunarekiko eszeptizismoan nahiko ‘light’ geratu direla. Gainerakoan hasiera eta bukaera ere ahul samarrak zaizkit. Duina baino zerbait gehixeago, hala ere.

Puntuazioa: 6,5.

Filma: ‘Operacion E’.
Saila: Zabaltegi Perlak.

Ia dena zait sinesgarri Miguel Courtois Paternina zuzendariaren (aita paristarra eta ama donostiarra du)Operacion E filman. Hasieran beldur pixka bat banuen nola islatuko ote zuen Kolonbiako errealitatea. Oso ikuspegi partzialetik egindakoa ote zen. Erretratu gordina egiten du, benetan jazotako gertaera batetik abiatuta. Erabat sinesgarri Luis Tosar aktorea, FARC gerrilari, paramilitarrei eta eragozpen guztiei izkin eginez bere familia babestu nahi duen gizon xume, langile eta ‘pikaro’-aren papelean. Merezi du.

Puntuazioa: 7,5.

Bi aktore handi, film ertain batean

Gorka Erostarbe (14:00)
Filma: Hope Springs.
Saila: Zabaltegi Perlak.

Ez dugu deus berririk esaten Meryl Streep eta Tommy lee Jones aktore handiak direla esanda. Haien lanak sustengatzen du, ezerk sustengatzekotan, David Frankel estratubatuarraren Hope Springs filma. Maitasunaren arrakaletan habi egin nahi du istorioak, edo hobe esanda, bikote harremanetan. Edo, hobe esanda, urte luzez elkarrekin dauden bikoteen harremanetan. Edo hobe esanda, urte luzez elkarrekin ezkonduta daudenen harremanetan. Errutinak eta elkarbizitzak bikote harremanetan eragiten dituen kalteak, ezinak, ertz arantzatsuak azaltzen ditu. Baina deus berririk ez dakar horrek. Harremanen inguruko gogoeta oso axalekoa eta topikoen talaiatik egindakoa dela iruditu zait. Jendeak barre frango egin du prentsarako emanaldian. Baina umore aurreikusgarriegia behitandu zait. Musikaren erabilera enfatikoegia, eta amaiera azukretua. Erdi-purdikoa.

Puntuazioa: 5,5.

Zenbagarrena azken uretotan?

Igor Susaeta

Filma: Le Capital
Saila: Ofiziala

Orain, boteprontoan, uste dut azkeneko bi urteoetan goi finantzetako marrazo espekulatzaile eta gupidagabeei buruzko hiru film ikusi ditudala. Margin Call(2011), Arbitrage (2012) eta Le Capital (2012). Eta hirurak antzekoak iruditu zaizkit, igualak ez esatearren. Ziur nago, gainera, ikusi ez ditudan aleek mami eta estetika bera dutela. Protagonistak, esaterako, gizon arrakastatsuak dira, dirua alde batera eta bestera mugitzen dutenak eta inguruan emakumezko sexyak dituztenak. Elkarrizketak, azkarrak, zein baino zein ironikoagoak. Eta giroan luxua usaindu daiteke. Aipatutako filmetan ez dago sentimenduentzako tokirik. Beharbada, marrazo horiek ez dauzkatela esan nahi zaigu. Ez dakit. Tira, bada alderik marrazo eta marrazo artean. Richard Gerek badu nolabaiteko karisma Arbitrage-n, sikira bere ibiltzeko eragatik. Le Capital-eko protagonistarena egiten duen Gad Elmalehek, berriz… Lehen momentutik iruditu zait morroi nazkagarria…

Film horiek edukiko dute mezu bat, ziur baietz, baina nik ez dut harrapatzen. Gainera, hainbeste finantza operazio egiten dituzte, hainbeste gezur esan, hainbeste opa, hainbeste milioi, hainbeste traizio, hainbeste stockezdakitzer .. Stock-options, bai. Galdu egiten zara. Dena dela, hori ez da inportanteena filmean. Orduan, zerk du garrantzia? Tira, esan beharko dugu behintzat entretenigarria dela. Igual, zerbaiten esperoan zaudelako…

Puntuazioa: 5,5

Ezbeharretik zoritxarrera

Igor Susaeta

Filma: All Apologies.
Saila: Saila Ofiziala.

Txinako hego-ekialdeko herri batean, istripu batean hilko da Zhuang, Cheng eta Zhenen haurra. Man haien bizilagun txiroagoa ari zen motorra gidatzen. Konpentsazio gisa, Man eta Yu Cheng eta Zheni dirutza bat ordaintzera behartuko ditu alkateak. Baina Chengek ez du diru hori nahi, beste seme bat baizik. Zhenek ezin du haurdun geratu, ordea. Hortaz, Manek ia oharkabean iradokitako ideia bati jarraiki, haur hori Yuk eman diezaiokela pentsatuko du Chengek.

Istorio gordina da. Gertakizun amoral eta dramatiko bati bidea irekitzen diona. Irribarrerik oparitzen ez duena. Emily Tang-ek estridentziarik gabe kontatu du kontatu beharreko. Ezbeharrak zoritxarrera bultzauko dituen lau pertsonen patua. Hasi eta buka. Sinpletasunez. Eta eskertzen da ariketa estilistikorik gabeko kontakizun bat ikustea. Film bat, finean.

Puntuazioa: 7