Sinopsiak

Harrigarria da sinopsiena. Arbitrage-k irekiko du bihar Donostiako 60. Zinemaldiko Sail Ofiziala, eta antolakuntzak bidalitako liburuxkako sinopsiak zera dio filmari buruz: “Nicholas Jarecki idazleak zineman egin duen lehenengo lan hau suspensez eta tentsioz beteriko thriller erakargarria da, eta goi-finantzen munduan maitasunak eta leialtasunak duten lekuari buruz hitz egingo du”. Tim Roth, Susan Sarandon, Richard Gere eta Laetitia Casta jarri dituzte aktoreen zerrendan. Itxura ona dauka pelikulak, ezta? Kontua da, a priori behintzat, film guztiek edo ia guztiek dutela itxura erakargarria promozio liburuxketan. Hortaz, desilusioa handiagoa izateko aukerak daude. Ea norantz egiten duen balantzak…

Igor Susaeta